AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Desfasatua da fisikaren esparruan maiztasun berarekin baina fase desberdinarekin oszilatzen duten bi fenomenoren arteko harremana. Fisikaren terminologiari ez dagokionean, desfasatu deritzo bi objekturen arteko elkarrekikotasun harremanik ezari; soineko bat desfasatua da garaiko modari ez badagokio, adibidez. Ikama («Ikasleria Martxan»-en akronimoa) antolakundearen ustez, hasi berri den ikasturtea desfasatua da, bizi dugun momentuarekiko, ulertzen dut. Nire ustez, berriz, hasi berri den ikasturteak gaurkotasun osoa du, eta Ikamaren baieztapenak gehiago du borondate adierazpenetik analisitik baino; gehiago nahi luketenetik denetik baino. Horixe azaltzen saiatuko naiz hurrengo lerroetan, baita hezkuntzaren funtzio estrukturala kontuan ez izateak praktika politikoan eragina duela ere, eta Ikamaren lurreratzeari erreparatuko diot bukatzeko.

Hezkuntzaren eta garaiko gizartean nagusi diren ekoizpen harremanen arteko lotura izan behar da perspektiba estrategikoz egindako analisi ororen abiapuntu, ezin bestela. Krisi kapitalista garaian, lotura hau ez da hausten, ezpada inoiz baino nabarmenago agertzen. Izan ere, krisiak berekin dakar gizarteko esparru guztiak metaketa ziklo berri baterako egokitzea. Hala, ez da harritzekoa lanaren konposizioa aldatzea balioa sortu eta erreproduzitzeko aukera emango duten esparru produktiboen bila. Lanaren konposizioan ematen den aldaketa horrek, ezinbestean, lan indarraren kualifikazioaren moldaketa eskatuko du, lanpostu berri horiek bete ahal izango dituzten langileak egon daitezen merkatuan.

Hor sartuko da hezkuntza ekuazioan. Ziklo berri hori irekitzen laguntze aldera, estatuen interbentziorako eremu egokia da hezkuntza. Ez bakarrik lan indarraren kualifikazio ezaugarrietan aldaketak ematea ahalbidetzen duelako (ikasketa programa eta curriculumetako aldaketak direla medio ikasleriak gaitasun zehatz batzuk garatuz, adibidez), baita orokorrean ikasleriaren adin tartea kontuan izanik, horien bizi eredu eta ohituretan aldaketak emateko garai oso aproposa delako ere. Interbentzio horren nolakotasuna aztertzea ariketa interesgarria da, maiz ez baita begiratu hutsez nabaritzen: arazo koiunturalei emandako erantzunak izaten dira, ezinbestekotasun natural baten itxuraz aurkeztuak. Burgesia, klase gisa, gai da horien bidez klase dominazioan sakontzeko.

Krisi kapitalistaren testuinguruan ulertu beharrekoak dira ikasturte hasieran hezkuntzan emandako aldaketak, eta bi elementu nagusiri erreparatuko diegu: digitalizazioari eta kontrol sozialaren areagotzeari. Hezkuntzan sortu diren bi arazoren erantzun nahitaezko gisa planteatu dira bi berrikuntzak. Izan ere, beharrezkoa da ikasketek aurrera jarraitzea hezkuntzaren kalitatea gorabehera eta modu telematikoan bada ere, eta beharrezkoa da, era berean, osasun neurriak errespetatzea, horrek ikaslelangileen eskubide politikoak urratu arren.

Bi arazo horien soluzio neutral gisa aurkeztutakoak, baina, erabilgarri zaizkio burgesiari: batetik, hezkuntzaren digitalizazioarekin, besteak beste, metaketa ziklo berri batean lan indarrak izan beharko dituen gaitasun digital eta teknologikoak garatuko dituzte ikasleek, ondoren espezializatu daitezen. Bestetik, krisi kapitalistan eta honek ekar lezakeen proletarizazio orokortuaren aurrean, langile belaunaldi berriak sumisio zorrotzenean heztea beharrezkoa izango da.

Ofentsiba burgesa hezkuntzan ardazten duten neurriak dira, beraz, aipatutako biak. Alegia, hezkuntzan dominazioa gaurko koiunturara ekarria eta sakondua da neurri horien bidez, eta hein horretan dira gaurkotasun osoko neurriak.

Hasierara itzuliz, Ikamak ikasturte berria desfasatutzat jotzeak, anekdota hutsa izatetik haratago, hezkuntzaren funtzio estrukturalaren ulerkera bat azaleratzen duela uste dut. Hain zuzen ere, ikasturte berrian hartutako neurriek krisi kapitalistak eragindako dinamika ekonomikoarekin duen lotura ulertzeko ezintasuna erakusten du, eta horrek inplikazio politiko sakonak ditu. Hezkuntzan, erdi mailako klasearen proiektu politikoaren oinarrian dago aipatutako disoziazioa.

Erdi mailako klasearen programa politikoa ongizate estatuan sakontzea da, eta hezkuntza esparruan nola, gainontzeko esparruetan ere norabide horretan sortutako mugimendu politiko eta sozial, jardun politiko eta militante oro, kanpo-abangoardia burokratiko batek kapitalizatuz eta kapitalizatzeko egiten da. Sortutako energia jokozelai instituzionaleko proposamena indartzeko erabiltzen da, hauteskunde garaian boto forman, orokorrean. Ezarritako helburuak lortzeko proposamen organizatiborik ezean, aldarrikapenaren indarra alderdi instituzionalek erreforma bidez kapitalizatzea da helburua.

Erdi mailako klaseaz ari naizenean, eta ManexGurrutxagak kazeta honetan ongi azaldu zuenez, demokrazia burgesaren baitan, ongizate estatuan sakontzea helburu duen bloke politikoaz ari naiz, langile aristokraziak eta burgesia txikiak osatutakoaz. Baldintza historiko jakin batzuen produktua da aliantza hori: zentro inperialistan kapitalismoak izandako garapenaren ondorioz, eta periferiako lurraldeetan lan indarraren muturreko esplotazioari esker, burgesiak kapital metaketaren dimentsio jakin bat lortu zuenean, burgesiak langileriari zenbait kontzesio egiteko aukera sortu zen. Gainera, langile mugimenduaren borrokari esker, langile klaseak burgesiari irabazi kuotak kendu eta hobekuntzak erdietsi zituen, baita sarri garaipen horietako asko kulturalki hegemonizatu ere.

Krisi kapitalista lehertuta, ongizate estatuaren desegitea ezinbestekoa da bloke politiko hori sostengatzen zuten baldintza historikoak agortzean. Gaur egun, haren programaren helburuak erdi mailako klasearen deskonposizioari desesperatuki aurre egitea eta lehengo baldintza ekonomiko eta sozialetara itzultzea dira.

Ikamaren aurrekari izan diren forma organizatiboek (Ikasleok Zorrotz, Ernai eta Gora Ikasleon Borroka) egindakoa gogora ekarrita, Ikamak aurkeztu duen Izpia dokumentua irakurrita eta lehen aste hauetako jardunari erreparatuta, badirudi Ikama antolakunde berria Euskal Herrian aipatutako proiektu politikoaren baitan Ezker Abertzale Ofizialistak (EAO) ordezkatzen duen sektorean hezkuntzako frontea egituratzen hasteko sortu dela. Zenbaitek, ebidentzia ororen aurka, EHko ikasle mugimenduaren itzaltzearen erreakzio gisa aurkeztu nahi izan dute antolakunde berri hau, eta, hala, Ikasle Abertzaleok utzitako balizko hutsune bat betetzera letorke Ikama. Ordea, nire ustez eta kazeta honen irailaren13ko editorialean ongi seinalatu zenez, «IAk EAOren politika-egituran utzi zuen hutsunea da bete duena eta hezkuntza- eta heziketa-zentroetan, halaber, EAOren programa politikoaren zabalpen lanena».

Sutan jartzean probatzen omen da eltzea. Irailaren 15eko greban EAEn eta irailaren24ko manifestazioan Nafarroan, hezkuntzaren langile kontrola aldarrikatu genuen kalean milaka ikasle langilek Ikasle Abertzaleok deitu eta Unibertsitateko Indar Batasunak babestutako mobilizazioetan. Ez dirudi hor hutsunerik dagoenik; are gutxiago Ikama eta Ernaik sindikatuekin egindako deialdiak bete zuenik.

Akaso, delako hutsune hori betetzeko gai izango da aurrerago eta erdi mailako klasearen defentsan lan egiten duten sektore espainolistekin indarrak batuta. Ikamak aurtengo Gudari Eguna aipatu ere egin ez izana eta aurreko borroka zikloarekin lotura oro ezabatu izana, batetik, eta EH Bilduk hauteskunde bezperan Sindicato de Estudiantes-ekin egin zuen akordioa, bestetik, zentzu horretan bidea egiten hasi diren zantzuak izan daitezke.