AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Iruñeko manifestazioarekin batera jaso genuen Estatu Batuen bake-akordioaren berria. Badirudi Hamasek Trumpen akordioa eztabaidatzeko prestutasuna agertzea beste aukerarik ez duela izan, Mendebaldeko politikarien txalo artean. Argi dugu Palestinak bizi duen aurrekaririk gabeko anabasa gelditu beharra dutela, eta horrek elkarlotuta doazen baina ezberdinak diren bi auzi mahaigaineratzea dakar. Lehena: nola gelditu genozidio hau Palestinako herria berehalako desagerpenera kondenatu aurretik? Eta bigarrena: nola eraiki Palestina libre bat, bere desagerpen progresibora kondenatu aurretik?

Trumpen bake-itunak Israelek irabazitako posizioak eta, beraz, Palestinak galdutakoak egonkortzea dakar; maila internazionalean, Israel entitate sionista bezala legitimatzen du, eta inola ere ez dakar Palestinaren bakerako bermerik. Ez baitago bake posiblerik printzipio kolonizatzailean eratutako estatu baten eta zapaldua den bestearen artean, baten biziraupenak bestea ukatzen duenean. Gatazka honetan, behintzat, bakea ez da su-etenaren eskutik etorriko, baizik eta estatu terroristaren desegitetik; Israelen desegitetik.  

Palestinak ia 80 urte daramatza Israelgo Estatu kolonizatzaile eta espantsionistaren menpe bizirauten eta erresistentzia egiten. Ia 80 urte daramatza Palestinak herri bezala errekonozitua izan gabe Mendebaldeko herrialde askoren partetik, eta ia 80 urte zapalkuntzapean; baina askorentzat ez da nahikoa izan erresistentzia antolatua legitimoa izan dadin. Gatazka horrekiko Mendebaldeko herrialdeen utzikeriak eta Israelekiko baldintzarik gabeko babesak ahalbidetu dute, azken bi urteetan, gerra biziagotu izana. Ordutik, Israelgo azken ofentsibako bonbardaketetan esnatzen da Palestina egun bat bai eta bestea ere bai. Setiora, gosetera eta heriotzera, finean desagerpenera, kondenatu nahi duten herria baita Palestina.

Horiek horrela, Mendebaldetik, Palestinaren eta Israelen arteko indar-korrelazioa palestinarren aldera biratu dadin saiatu behar gara, eta bide horretan egiten du ekarpena, adibidez, larunbateko Iruñeko manifestaldiak. Herritar andanak aldarrikatu genuen Israelen desegitearen eskutik datorrela Palestinarentzako aterabide posible bakarra. Desegite hori gauzatzeak ekarri ahalko lituzkeen zailtasunak albo batera utzita, ideia horrek Palestinako herriaren borroka historikoa indartzen du. Termino ideologiko eta sinbolikoetan Israelen aurkako mezua gailentzeak, Palestinako herriak borrokarako izan ditzakeen posizioak hobetzen ditu, Israelen aurkako marko ideologikoa zabaltzen baitu. Horrek palestinar erresistentziari urteetan kendu zaion legitimitatea ematen dio, eta, alderantziz, Israeli Mendebaldetik eman zaion legitimitatea kentzen dio. Palestinarrei dena lortzea posible izango zaien marko kultural eta ideologiko bat egonkortu behar dugu.

Guk argi dugu Trumpen bake-akordioa txalotzen duten politikariek, aurpegiak lixibaz zurituta ere, ez luketela daukaten ardura sekula garbituko, eta ez dutela inola ere sortuko Palestina libre baterako baldintzarik. Gauden tokitik, Israel ahultzeko edo seinalatzeko balio duen boikota sustatzea eta borroka ideologikoa indartzea dagokigu; erantzuleen seinalamendu argiarekin, Mendebaldeko konplizitatea argitara ateraz, aterabide faltsuak seinalatuz, erresistentziarako eskubidea defendatuz eta Israelen desegitea eskatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK