Kezkagarria da azken egunotan hainbat komunikabide, alderdi eta abarretan kosta ahala kosta Poliziaren legitimitatea babesteko egiten ari den ahalegina ikustea. Segurtasun sailburuak adibidez, elkarrizketa batean, Gasteizen egindako kanpaldi aldarrikatzaileari buruz galdetzerakoan gaia gainetik kendu du, baimenik gabeko kanpaldi bat zela esanez. Baimenik gabekoa, eta kitto! Lau atxilotu, are identifikatu gehiago, zaurituak, kargak, dozenaka poliziako operazio bat plaza osoa hartzen eta jendea indarrez botatzen… Baimen baten faltak hori guztia justifikatzea erokeria galanta da. Are gehiago, baimen santua lortuta ere, horra joan da Polizia greban dauden lorezainen sinadura-bilketa postu bat kenduaraztera aste honetan bertan. Baimena eskatuta edo eskatu gabe, lortuta edo lortu gabe, unean uneko poliziaren edo administrazioaren arbitrariotasunaren menpe gaude.
Izan ere, zeinena da plazetan enpresek beren produktuen promozioa egiteko postuak baimendu baina protestaldi bat debekatzeko irizpidea? Inork imajinatzen du espazio publikoa baimenik gabe hartu duen taberna bateko terraza bat 60 bat ertzainek ostiaka desmuntatua izaten? Unean une administrazioa kontrolatzen duen alderdiak edo polizia-agintaritzak baimentzen ez duen edozein mobilizazioren edo ekimenen aurka halako erantzun poliziala normalizatzeak arrisku argiak ditu.
Txikikeria formal bategatik bortizkeria eta zigorra era indiskriminatuan erabiltzea eta hori horren erraz legitimatzea biziki arriskutsua da kritika eta manifestazio askatasun ororentzat. Hain zuzen ere, irrigarria da Zupiriari elkarrizketa batean GKSren kanpaldiagatik galdetu eta, lerro gutxira, ETAri buruz hitz egiten ibiltzea. Erridikulua da, era berean, hainbat egunkari "Poliziaren aurkako erasoen" inguruko erreportajeak egiten aritzea, non erasotzaile sexistek edo arrazistek Poliziarekin izandako liskarrak errepresio polizialak eragindakoen zaku berberean sartzen dituzten. Hala ere, halako trikimailuek edozein protesta kriminalizatzeko eta atxiloketak zein kargak legitimatzeko balio badute, kargu egin egoera beltza dela edozein militante, sindikalista, mugimendu edo talderentzako.
Politikari horiek Poliziaren inpunitatea horren sutsuki defendatzen badute, eurekin duten sinbiosiagatik da; ez baitago politikari profesional burokratiko eta autoritariorik Poliziarik gabe. Haiek egiten dute lan zikina: grebalariak lanera itzularazi, pertsona migrante eta arrazializatuei beldurra sartu, protesta ez baimenduak zigortu… Batzuk segurtasunaren izenean inpunitatea babesten eta besteak, polizia-ereduaz hizketan, polizien botoa bilatzen ari diren bitartean, egoera hau baimendu dute, haiek ez baitute arazorik nahi dutena egiteko oniritzi ofiziala jasotzeko. Aldiz, gainerakoontzat aurrekari arriskutsua da kanpaldi ziztrin bat ere kriminalizatzea eta inpunitatea legitimatzen uztea.