ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2024/10/01

Pertsona batzuk datuen atzean ezkutatzen dira beren ikuspegi propioetatik eratorritako ondorioak saihesteko. Gauzak horrela dira, eta ni informatzaile bat baino ez naiz, datuen tresna bat, haiek baitira benetako subiranoak.

Baina egia esateko, datuak ez daude hor besterik gabe. Errealitatearen sintesi oso espezifikoa dira, prozesatzen dituen subjektuaren ideologiak esku hartzen baitu haietan. Eta datu horiek bere horretan onartzeak honakoa esan nahi: datu horiek prozesatzea eta sortzea garrantzitsutzat jo duen jarrera politikoa onartzea.

Jar dezagun adibide bat. Egoera gatazkatsu bat gertatzen denean, lapurreta bat adibidez, hainbat modutan joka daiteke. Kontuan har daiteke zer lapurreta portzentaje egiten duten gizonek eta zer portzentaje emakumeek, zenbat garaiera jakin bateko pertsonek, zenbat lana duten pertsonek, familia duten pertsonek... Datuak hainbat kategoria interesgarriren arabera prozesatu daitezke. Hala ere, modu batera edo bestera egitea ez da hainbeste egintzaren beraren araberakoa, baizik eta hartaz egiten den interpretazioaren araberakoa.

Datuak ez dira ideologia jakin bat, mundua ikusteko modu bat, sortzen dutenak. Oso kontrara, errealitatea modu estatistikoan, datu multzo batean alegia, aurrez ezarritako ikuspegi batetik soilik antolatu daiteke, gizabanakoaren egoera errealari lotutako ikuspegi batetik; azken batean, klase-ikuspegi batetik. Argi dago gizabanakoak ez duela beti dagokion klase-posizioa hartzen; klase-borrokak zerikusia du klase-posizio bat hegemoniko bihurtzearekin, inposatzearekin. Nolanahi ere, gizabanakoa eta bere egoera indibiduala edozein izanda ere, klase-ikuspegi bat hartzen du beti, errealitate sozialari eta gertakariei aurre egiteko aukera ematen diona.

Horregatik, erratzeko beldurrik gabe baiezta dezakegu: datuak jatorriaren arabera prozesatzea eta gertakari jakin batzuk migrazioarekin lotzea, kontuan harturik migrazio hori arrazarekin ere lotzen dela –izan ere, migratzailea zentzu arrazistan gutxietsitako herrialde batetik datorrena baino ez da, eta hala ulertzen da–; modu horretan jokatzea, bai, arrazakeria da, eta arrazista da horrela jokatzen duena. Are nabarmenagoa da egitate objektibo gisa ematen den datuak ez dienean inolako argitasunik ematen egitateei eurei, eta ez denean haiek azaltzeko gai.

Datuak jatorriaren arabera prozesatzea eta gertakari jakin batzuk migrazioarekin lotzea, kontuan harturik migrazio hori arrazarekin ere lotzen dela –izan ere, migratzailea zentzu arrazistan gutxietsitako herrialde batetik datorrena baino ez da, eta hala ulertzen da–; modu horretan jokatzea, bai, arrazakeria da, eta arrazista da horrela jokatzen duena

Lapurretak, hilketak edo bestelako istiluak modu orokorrean gertatuko balira eta estatistikaren arabera masiboki migratzaileek sortuko balituzte ere, ezin izango genituzke gertakariak azaldu migrazioaren edo gertakari horiek egiten dituenaren jatorriaren arabera. Eta hori horrela bada, datua prozesatzeko erabili den kategoria ez bada gai egitatea azaltzeko, hain zuzen ere, kategoria hori ez da erabakigarria errealitatea ulertzeko, eta baztertu egin daiteke, edo, gutxienez, egitateak antolatzeko kategoria-ordenan beheratu.

Berriro diogu: gaitz sozial guztiak migratzaileei lotuta daudela onartuko bagenu ere, migrazioaren kategoria ez litzateke nahikoa gaitz horiek azaltzeko; gehienez ere, pertsona horiek geografikoki zergatik mugitu diren azalduko luke –zergatik migratu duten gaitzek–. Baina, kasu horretan, gure jarrera arrazista litzateke argi eta garbi. Izan ere, gure inguruan gaitza ekiditea baldin bada kontua, lurralde jakin batera mugatuta egon behar duela onartuz, orduan horrek esan nahi du Mendebaldearen nagusitasuna onartu behar dela periferia osoaren eta bertan bizi direnen gainetik. Herrialde pobreenetako proletarioen gaineko gaitza onartzea izango litzateke, eta haien esplotazioa ontzat ematea.

Gaitz sozial guztiak migratzaileei lotuta daudela onartuko bagenu ere, migrazioaren kategoria ez litzateke nahikoa gaitz horiek azaltzeko; gehienez ere, pertsona horiek geografikoki zergatik mugitu diren azalduko luke –zergatik migratu duten gaitzek–. Baina, kasu horretan, gure jarrera arrazista litzateke argi eta garbi

Gainera, gatazka hori migrazioaren bidez azaltzen bada, eta aldi berean migrazio hori identifikatzen bada herrialde pobretu jakin batzuetako eta arrazari dagokionez gutxietsiak diren pertsonekin, zeinak behartuta baitaude lekualdatzera, orduan, arrazari berezkoa zaion zerbait bezala azaltzen da gatazka, eta horren konponbidea arrazista baino ezin da izan: mugak ixtea, immigrantea ehizatzeko talde faxistak antolatzea, immigranteei eskubideak ukatzea... Azken batean, behe-mailako arraza bateko izaki gisa katalogatzea immigrantea, zeina kontrolpean eduki edo zuzenean garbitu behar den.

Jarrera horiek erraz ikus daitezke arku parlamentario burgeseko alderdi guzti-guztien proposamenetan. Batzuek argi eta garbi eskatzen dute; beste batzuek, diote arazoa ez dela immigrazioa, estatu independente baten falta baizik, baina, migratzaileei mugak ixteko horrekin, demostratzen dute immigrazioa dela beren benetako kezka. Erraz ondorioztatzen da nola aurre egin nahi dioten arazoari.

Hala ere, immigrazioaren arazotzat jotzen dutena ezin da bereizi pobreziaren eta proletarizazioaren arazotik. Inolako ekarpenik egiten ez duen eufemismo bat erabiltzen bada (immigrazioa, adibidez), errealitatea ezkutatu nahi delako egiten da, hari aurre ez egiteko. Haientzat, kontua ez da klasetan banatutako gizartea deuseztatzea, zeinak pobrezia eta gatazka soziala sortzen baititu, baizik eta haren ondorioak arintzea, eta, bestela, pertsona horiek norberaren mugetatik urruntzea. Horretarako, kategoria erabilgarria da immigrazioa. Eta hala da, gertaeren logikari buelta ematen diolako. Lehenik datuak eskaintzen dizkigu, eta gero bere ondorio logikoa aurkezten digu: immigrazioa handitzen bada, gatazka soziala handitzen da. Hala ere, gertaerak oso desberdinak dira ikuspegi komunista batetik aztertzen badira, hau da, arrazista ez den ikuspegi batetik, eta nazioa eta nazionalismoa subjektu politiko gisa mugatzen dituen ikuspegi batetik kanpo.

Immigrazioa handitzen bada, gatazka soziala areagotzen delako da, eta gatazka soziala handitzen bada, klase-antagonismoa tentsio eutsiezineko mailetara igotzen delako da. Eta ez bakarrik migratzaileen jatorrizko herrialdean edo migratzaileengan eurengan. Mendebaldeko gizarteak, klase-gatazkari berezkoak zaizkion barne-tentsioen ondorioz, gero eta gaitasun txikiagoa du kontraesan horiek kudeatzeko; gero eta gehiago ari da urratzen, eta immigrazioan aurkitzen du motelgailua, bere lur-hartzea. Kontua ez da migratzaileek eragindako lapurretak eta gatazkak areagotu egin direla, beste behin ere, estatistika ofizialaren arabera. Kontua da Mendebaldeko gizarte kapitalistak klase-gatazkari eusteko gaitasuna galdu duela, eta, horregatik, adierazpen gatazkatsuak areagotu egiten direla, edo, handitzen ez badira, irauten dutenek arrakala handiagoak sortzen dituztela.

Immigrazioa handitzen bada, gatazka soziala areagotzen delako da, eta gatazka soziala handitzen bada, klase-antagonismoa tentsio eutsiezineko mailetara igotzen delako da. Eta ez bakarrik migratzaileen jatorrizko herrialdean edo migratzaileengan eurengan. Mendebaldeko gizarteak, klase-gatazkari berezkoak zaizkion barne-tentsioen ondorioz, gero eta gaitasun txikiagoa du kontraesan horiek kudeatzeko; gero eta gehiago ari da urratzen, eta immigrazioan aurkitzen du motelgailua, bere lur-hartzea

Polarizazioa handiagoa da, hazten ari den etsai berri baten aurkako –proletariotzaren aurkako– kausa komunak etsai hori immigrante gisa identifikatzean hartzen du gorputza, eta horrela proletariotza nazionalaren zati bat aktibatu nahi da, proletarizazio-prozesuan dagoen erdi-mailako klasearen mesederako. Baina, egia esan, proletariotzaren aurkako borroka bat da, immigrantearekin erlazionatzen dituzten ezaugarriak, izatez, desegiten ari den gizarte kapitalista baten barruan klase sozial zapaldu, esplotatu eta pobretu batek dituen ezaugarriak baitira.

Jarrera arrazista bat hartzea da sistema kapitalistaren arazoari aurre ez egitea, klase-gatazka muga-politiken eta estatu-politiken bidez geldiarazten saiatzea, eta beti errudun beraren aurka jardutea, hau da, proletario immigrantearen aurka. Jarrera arrazista horrek ez du arazoaren erantzukizuna bere gain hartzen, kanpotik baitator arazo hori, eta, halaber, kontra egiten dio internazionalismo proletarioari, zeinak burgesiaren dominazioari eta horrek sortzen duen miseriari eraso nahi dien horiek iristen diren toki guztietan; senide proletario bat dagoen toki guztietan.

EZ DAGO IRUZKINIK