Txikitan, bankuko kamerak eta jasotzen ari ziren irudia erakusten zuen pantailatxoa nobedadea ziren guretzat. Jolas moduan ikusten genituen orduan, eta ez genuen ulertzen jolasa zapuzteko gurasoen mania hura. Koskortu ahala, toki gehiagotan ikustera ohitu ginen: kaleetan, plazetan, tabernetan. Bideo-zaintza, ustez, interes komun batzuei erantzunez ezarri izan dute beti: segurtasuna, babesa... Baina klase-gizartean interes komunik ez dagoenez, galdera da: zeren segurtasuna? Zeren babesa? Kamera, mikro, lokalizatzaile bat ezartzen duenak nolabaiteko kontrola bilatzen du; arau batzuk betetzea bermatu eta, hala gertatzen ez denean, neurri errepresiboak hartu ahal izatea.
Urte gutxian, erabat kendu digute gure informazioarekiko dugun kontrola. Guri buruzko datu-pilaketa erabat opakua da: ez dakigu zer datu jasotzen duen nork, non, zertarako. Dagoeneko ezagutzen ditugu datu pertsonalen babes faltaren arriskuak: cyberbullyinga, adingabeen irudiak grabatu dituzten pedofiloak, norberaren mugikorreko kamera Poliziarekin konektatzeko aukera emango duten txibatoentzako aplikazioak, neska-lagunen mugimendu guztiak kontrolatzen dituzten abusatzaileak, militante politikoak jazartzen dituzten polizien xantaiak…
Orain ikastetxeetan, edo zehatzago, adingabeak eta langileok egunean 6-7 orduz egoten garen ikasgeletan ezarri nahi dituzte kamerak eta mikrofonoak. Ohi bezala, interes komunari erantzuteko aitzakiapean egin nahi dute hori: bideo-konferentziak egin ahal izateko baliabideak omen dira, urruneko irakaskuntza ahalbidetzeko. Ez gaitzatela engaina! Plazetako kamerak ez ziren "herritarron" segurtasunerako, eta kamera eta mikrofonoak ez datoz ikasgeletan behar direlako.
Kontu hau Next Generation funtsekin finantzatutako Hezkuntzaren Eraldaketa Digitalaren baitako erabaki bat da, zeina Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan txertatzen den. Alegia, alderdi politikoen babesarekin izaten ari den hezkuntza-erreformaren aurpegi bat da. Eta ez, milaka milioi euroko inbertsioa diren "eraldaketa plan" horien helburua ez da guztion ongizatea bermatzea; krisian murgilduta dagoen Europan "Esplotatu eta Esplotatzaileen Next Generation-a" sortzea baizik. Langileon lan- eta bizi-baldintzen kaskartzea, kontrol-mekanismoen gorakada eta eskubide politikoen murrizketa dakartzan ofentsiba da plana, Europako burgesiak bere botere ekonomiko eta politikoa mantendu ditzan. Urrunago joan gabe, tresna horien ezarpenaren aitzakiarekin, Europatik datorren diru kantitate handi bat poltsikoratuko dute parte hartuko duten enpresek.
Krisi-testuinguruan, belaunaldi berriak etengabeko kontrolpera ohitzeko aldaketa kulturala ari da bultzatzen burgesia esparru guztietan, kameraz eta mikrofonoz inguratuta egotea normaltzat jo dezaten, eta eskola ere normalizazio horretarako baliatu nahi dute. Bost axola Hezkuntza Sailari langileok, familiek eta ikasleek tresna digitalen erabileraren inguruan etengabe ditugun buruhausteek eta eztabaidek; ikasleen ongizatea bermatzeko, arriskuetatik babesteko, helburu pedagogikoetarako, ikastetxeetan giro osasungarria bermatzeko. Mugarik gabe inposatzen dizkigute, sortutako arazoen edo gatazken kudeaketa eta ardura ikastetxeen gain jarrita eta euren erantzukizuna alde batera utzita. Hori gutxi ez, eta kamerak eta mikrofonoak instalatu ezean, bestelako baliabideei uko egitearekin xantaia egiten ari da Hezkuntza.
Urrruti daude kamerak jostailu onberatzat genituen garaiak. Noraino utziko diegu begiluze horiei sartzen? Atzerapauso bakoitza onartu ezin dugun aurrekari arriskutsua da; ez dezagun irentsi burgesiak "berrikuntza", "eraldaketa" eta bestelako hitz politekin ezkutatuta sartu nahi digun amua.