AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Aldizka iritzi-artikuluak izaten ari dira Naiz-en, bata bestearen atzetik, Mugimendu Sozialistari buruzko jarraibideak ematen saiatzeko. Sortu/Bilduren aparatuko militanteek (Iñaki Egaña, Floren Aoiz, Alberto Matxain...) idatzitako iritzi-zutabeak dira, eta alderdiaren diskurtso ofiziala erakusten dute. Hala ere, iritzi xume eta inpartzialak bailiran mozorrotzen saiatzen dira artikuluok, gaurkoan hizpide dugun Igor Estarellasena bezala. Bere testua "langile-klase" gisa sinatu nahi izan du; ez gutxiago, aizue.

Kritika horiek oso positiboak izango lirateke jarrera eta proposamen estrategikoen arteko eztabaida politiko bat ekarriko balute, irakurleak bakoitzaren bertuteak eta kritikak epaitu ahal izan ditzan. Zutabe horien ohiko tonuak, baina, gehiago du aurreiritzitik eta deskalifikazio ez oso oinarritutik. Ezker Abertzalearen zirkulu jakin batzuetan gorroto itsua elikatzen dute, baina gutxi balio dute ondorioztatzeko ea EH Bilduri egiten diogun kritika legitimoa ote den, ea gure praktika politikoa eraginkorra ote den, ea txosnetan parte hartzeko eskubidea ote dugun, edo, oro har, edozein auzi garrantzitsu argitzeko. Ikus ditzagun Ezker Abertzalearen artean errepikatzen den mantraren bi topiko eta toki komun:

1. Mugimendu Sozialista sektarioa da.

Agerikoa da hori gezurra dela, MS Euskal Herrian gehien hazi den mugimendua izan delako sei urteko bere ibilbidean, eztabaidarako zabalik egonik eta, jakina, proselitismoa eginez. Era berean, begi-bistakoa da antolakunde sozialistak beste batzuekin elkarlanean aritzen direla proiektu eta ekimen askotan, nahiz eta elkarren artean erabat ados ez egon; baina, noski, gutxieneko akordio batzuk erdiesten dituzte elkarrekin lan egiteko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak, adibidez, talde ugari biltzen ditu, Palestinaren askapena Israelen suntsipenaren eskutik datorrelako ideia eta erresistentzia palestinarraren defentsa oinarritzat hartuta. Gauza bera gertatzen da lurraren defentsarako EH Bizirik sarean edo etxebizitzaren arloan. Baita eskualde mailako edo lekuan lekuko hamaika espaziotan eta dinamikatan ere.

Beste kontu bat da gutxieneko akordio horiek onartezinak izatea Sortu/Bilduk nahi dituen aliantzei begira: hain zuzen ere, EAJrekin edo PSOErekin (Israeli armak eta dirua ematen dizkiona) dituen aliantzei Gernika-Palestina plataforman, parke eolikoen proiektuei lotutako enpresekin, eta abar. Dena den, horiekin aliantzak egin nahi ez izateak ez gaitu gu sektario bihurtzen: bataren eta bestearen proiektu politikoak bereizten ditu.

Sektarismoaz hitz egin nahi izanez gero, ondokoa ekar dezakegu gogora: Fermin Muguruzak Gasteizko txosnetan MSri beto politikoa kentzearen alde hitz egin ondoren, musikariaren izena nonbaiten idatzi zuen militanteren batek, arma-mira baten barruan. Oso itxia den kultura politiko baten erakusle da hori, nahiz eta ez den zatia osoa bailitzan epaitu behar.

Estarellasen artikulua bera Ferminen aurkako alegatu bat da, betoa merezi dugula adieraztearekin batera. Eta gauza bera joan den astean Iñaki Egañak argitaratutakoarekin. Kontua ez da MSrekin ados egotea edo ez egotea, baizik eta Ezker Abertzalearekin kritikoak izateagatik beste edozein mugimenduk bezala parte hartzeko eskubidea ukatzea, eta hori bidegabea dela esatera ausartzen den edonori erasotzea. Hori bai dela, nolanahi ere, sektarismoa.

2. MSk kritika baino ez du egiten, eta egiten duen kritika ez da legitimoa; zatitzea besterik ez du lortzen.

Kritikak, kasu honetan MStik Ezker Abertzaleari egindakoak, "klase-borroka ordezkatzen duten ego-borrokak" edo "fakzioen arteko borroka abstraktua" dira, ezkerra zatitu eta benetako etsaiarekiko nahasmena eragiten dutenak. Oso kontakizun tentagarria da, batez ere ezkerrean porrot asko bizi izan dituzten belaunaldietan, esatea porroten jatorria dela txikikerien ondorioz elkartzeko gai ez izatea.

Baina, haien gogoz kontra bada ere, egiten zaizkien kritikak (ez bakarrik MStik) oso urrun daude txikikeriak izatetik. Gainera, haiek sektarismoa, espainolismoa edo modu guztiz fantasiosoan CNIk orkestratutako mugimendu bat garela leporatzen digutenean ez bezala (inolako frogarik eman gabe esaten baitituzte halakoak, jakina), haiei egiten zaizkien kritikak nabarmenak dira.

Bildu PSOEren sostengua baldin bada; ustelkerien alderdiarena, Espainiaren batasunaren defentsarena, Ibexen defendatzaile nekaezinarena, GALena, NATOrena... justifikatuta dago Estatuan sartu dela esatea. Autodeterminazio-eskubidea alde batera uzten bada estatutuaren erreformagatik (edo hori lortzeko itxaropenagatik) eta EAJrengana hurbiltzeagatik, justifikatuta dago esatea fartsa autonomistari laguntzen diola. Poliziak herri-mugimenduaren guneetan egoteko duen eskubidea defendatzen badu (MSri eskubide hori ukatzen zaion bitartean, gainera), eta bere militantzia munipa edo ertzaina izatera animatzen badu, justifikatuta dago Polizia zuritzen duela egoztea. Otegi edo Otxandiano patronalarekin biltzen badira elkarrekin ondo konpontzeko, justifikatuta dago esatea klase-interes antagonikoak adiskidetzen saiatzen direla. Kritika horiek ez dira batasuna eragozten duten txikikeriak, baizik eta Gara-ko zutabeetan azaleratzea hainbeste gustatzen ez zaien oinarrizko desadostasun politikoak.

Egiten dizkiegun kritikak, ordea, ez dira koherentzia handiagoa erakusteko edo geure buruarekin alderatu eta gu hobeto sentitzeko. Izan ere, Bilduk borroka-komunitatea eta borroka-kultura desegitearen lehenengo kaltetuak gara borroka horiek berpizten saiatzen garen talde eta antolakunde guztiak (Poliziaren aurka, PSOEren aurka, autodeterminazioaren alde, patronalaren aurka...).

Haiek kritikatu besterik ez dugula egiten? Norbaitek egiten duguna berrikusi nahi badu, Gedar-ek Kontseilu Sozialisten, Etxebizitza Sindikatuen, GKSren, IAren eta Itaiaren mobilizazioei eta jarduerei buruz dituen albisteak begira ditzake. Beste gauza bat da guri buruz Vocento irakurriz bakarrik informatzen den jendea egotea. Harpidetuta egongo dira beharbada. Ikusi behar lukete, orduan, haiek jarritako beto politikoaren aurkako borrokak gutxieneko lekua hartzen duela gure ekintzetan. Are gehiago, gu gara egoera horrekin amaitu nahi duten lehenak. Horrela, denbora gehiago eman dezakegu udan jarduera garrantzitsuagoetan; hala nola sionismoaren aurkako mobilizazioak eta ekintzak antolatzen, Gasteizko lorezainen greba eta hainbeste langile kaleratzeen eta itxieren aurka egiten ari diren borrokak babesten, Bilboko manteroen aurkako jazarpena salatzen, herrietako eta auzoetako arrazakeriaren aurkako kanpainarekin jarraitzen, eraso matxistak indar handiagoz salatzen... Behin eta berriz esaten duten bezala "biktimizaziotik" bizi bagara, betoa altxatuz konpon dezakete arazoa beti ere, eta horrela denok pozik. Hori bai: ez dezatela pentsatu gure eskubide politikoen alde borrokatzeari utziko diogunik; dela Andre Maria Zuriaren Plazan, EAJren zipaioen aurka; edo dela Txosna Batzordean, momentuko liberatu burokrataren aurka.

Laburbilduz, zain jarraitzen dut, ea egunen batean zutaberen bat ateratzen duten azalduz zein den Euskal Bideak eta eduki apurtzaile guztiari uko eginez EAJri sorpassoa egiteak independentziarekin eta sozialismoarekin duen lotura. Irrikaz itxaroten dugun egun horretan eztabaidatuko dugu ea aurrekontu militarra handitzeak eta NATOri laguntzeak (Ukrainan, adibidez) balio duen Euskal Herriko proletariotzaren autodeterminazio-eskubiderako; edo, aldiz, hura apaingarri bat izatera baztertu duten. Bitartean, gezurra eta intoxikazioa aukeratzen badute, gu itotzen saiatzeagatik finantziazioa ukatzen badigute, gezurra esatearen eta gezurtatzearen arteko ping-pong partida honek jarraitu egingo du. Gu ez gara nekatuko.

EZ DAGO IRUZKINIK