Pasa den ostegunean Vito Quiles agitatzaile faxista Hego Euskal Herrira bertaratu zen, Espainiako Estatuan egiten ari den itzuliaren baitan. Itzuli hori arriskutsua izaten ari zen, faxismoa normalizatzen eta hauspotzen ari baitzen ordura arte. Erantzun antifaxista zabala egoten ari bazen ere, Quilesen jarraitzaileak presentzia irabazten eta adorez handitzen ari ziren bertaratzen zen hiri bakoitzean. Frenesi faxista horretan Iruñera joatea otu zitzaien, Nafarroan indar-erakustaldi bat eginda, kolpe sinboliko bat eman zezaketela sinetsita. Baina kontrakoa gertatu zen, gertaera horretatik desmoralizatuta atera baitira eta, aldiz, antifaxismoa indartuta. Vitoren harrokeriazko diskurtso hori erakargarritasuna ari zen erakusten, baina Iruñeko gertaerak eta gero, biktimizaziora jo dute, eta erregistro horrek ez du hainbeste erakartzen.
Aldagai soziologikoa garrantzitsua da, Quiles eta antzerakoak aktibatzen ari diren gazteak ez baitira antolakunde faxista tradizionaletatik datozenak bakarrik. Espazio soziologikoa zabaltzeko egiten duten ahalegina begibistakoa da, eta faxista tradizionalen babesa topatzen dute norabide horretan, beren artean kontraesanak egon badaude ere. Faxismoaren gorakada militanteari oztopoak jartzea beharrezkoa da, eta Iruñeko gertakariek, gertatu zen guztiarekin, kontrajoera garrantzitsu bat dakarte. Faxistak atzera botatzen direlako eta antifaxistak hauspotzen garelako. Sadar futbol-zelaiaren kanpoaldean Quilesek ikaratuta grabatutako bideoak hori guztia adibidez adierazteko balio du. Joera horri jarraipena ematea izango da Euskal Herritik kanpoko burkideen ardura eta ahalegina.
Antifaxismoa aldarrikatzen dutenen artean ere eztabaida piztu dute Iruñeko gertakariek. Bai gertatutakoaren inguruan, bai antifaxismoaren nolakotasunaren inguruan. PSOE eta EAJ antzeko logikan mugitzen dira: antifaxistatzat daukate beren burua, baina praktikan, edozein erantzun antifaxista kontsekuente salatzen edo kriminalizatzen dute. Iruñeko alkateak, bere aldetik, gertatutakoa "probokazioetan erortzea" izan zela esan zuen, eta Iruñean "denek tokia dutela". Dirudienez, faxismoa gelditzeko aurrekari bat jartzea "probokazioetan erortzea" da.
Gauza bat ari dira frogatzen azkenaldian: alderdi parlamentarioek ez dute fitsik egiten faxismoa gelditzeko, eta egiten badute, borroka horien emaitzak positiboak izatekotan, eurenganatu eta distortsionatu soilik egiten dute. Igande goizean Naiz-ek argitaratutako editoriala horren adierazlea da, Iruñeko antifaxistei egurra eman baitzieten; edo hor dugu PSOEren ildoko Malas Lenguas telebista-programa ere, ustez antifaxista izan arren, praktikan, antifaxismo militantearen aurka egin baitzuen.
Antolakuntza iraultzaileak jartzen ditu baldintzak faxismoari aurre egiteko, antolakunde horiek soilik baitauzkate independentzia, argitasun ideologikoa, konpromiso militantea eta eskuzabaltasuna horrelako egoeretan pauso bat aurrera emateko. Oso garrantzitsua da ideia hori presente edukitzea, alderdi sozialdemokraten kontakizun faltsuaren aurrean. Boto-makina elikatzea baino, langileon fronte antifaxista hedatzea da antolakunde iraultzaileon ardura. Faxismoa kapitalismoaren erreforma autoritarioaren azpifenomeno bat da, eta faxismoa borrokatzeko, horren oinarrian dagoen estatuen erreforma autoritarioaren eta kapitalismoaren aurka egin behar dugu. Herri-mugimendutik langileon eskubide politikoen aldeko fronte bat eraiki behar dugu, estatuetatik datozen neurri antiproletarioei eta faxismoari aurre eginez.
Euskal Herrian gure alea jarri behar dugu Europan zehar zabaltzen ari den faxismoa gelditzeko, datorren lekutik datorrela. Lehen lerroan egon behar dugu faxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurka.