AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/09/16 09:51

Greba eguna izan zen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza arloan. %65eko jarraipena izan zuen soldatapeko langileen artean, eta ikasle langileek ere grebara jo zuten. Jendetsuak izan ziren Ikasle Abertzaleak antolakundeak Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu lelopean deitutako mobilizazioak: manifestazioak izan ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta elkarretaratzea Iruñean (Nafarroa). GEDAR LANGILE KAZETAri jakinarazi diotenez, guztira, 2.500 gazte inguru elkartu ziren deialdi horietan, hezkuntzaren gaineko langile kontrola aldarrikatzeko.

Unibertsitateko, lanbide heziketako nahiz bigarren hezkuntzako ikasleak zeuden grebara deituta. Unibertsitateko ikasleen kasuan, pikete informatiboak eginez ekin zioten grebari, eta "oso txikia" izan zen ikasleen presentzia EAEko campusetan. 11:00etan ziren hastekoak hiru manifestazioak, eta ordua gerturatu ahala, irteera puntuetan elkartu ziren bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikasleak. Babes handia izan zuten deialdiek.

IA, ANTOLATZERA DEI EGINEZ

IAko kideek azaldu dutenez, "azpimarragarria da ikasle antolakundeko kide orok egindako lana". Izan ere, ikasturte akademiko eta politiko berezi honen hasieran "hezkuntzan ezartzen ari diren neurri eta aldaketa guztiek" lan politikoa egiteko zailtasunak sortu dituztela adierazi dute, eta gainera, IAren tokian tokiko taldeak oraindik egonkortzen ari direla.

"Esfera mediatikoan tokia izan ez duen greba deialdia izan arren, oztopo guztien gainetik, greba deitzera eraman gaituen testuinguruaren analisia sozializatzen jardun dugu", diote IAko kideek. "Ikasle langileei, mobilizazioetara batzeaz harago, dei egin nahi diegu hurrengo hilabeteetan nabarmentzen joango diren oldarraldi burgesaren eta krisi kapitalistaren ondorioen aurrean antolatzera".

UIB, BORROKAN JARRAITZEKO PREST

Unibertsitateko hainbat eragile batu ziren atzoko grebara, tartean, Unibertsitateko Indar Batasuna. Kidek egindako lana nabarmendu du UIBk ere, eta atzokoa, "COVID-19ren testuinguruan egindako eskakizunak aldarrikatzeko" eguna izan zela azaldu du. "COVID-19aren aitzakiapean ezartzen ari diren erreformen aurrean (hezkuntzaren digitalizazioa, kontrol soziala edota hezkuntza kalitatearen degradazioa, besteak beste), hainbat eskakizun zehatz egin ditu UIBk.

Aldarrikapen horiek "hezkuntzaren gaineko langile kontrola eraikitzeari eta, beraz, hezkuntza kapitalista gainditzeko eguneroko antolakuntza indartzeari erantzuten diote", UIBren esanetan. "Langile klaseko sektore ezberdinen baldintza materialen defentsan jarraituko dugu borrokan, eta bide horretan, aipagarria izan da unibertsitateko langile sektore ezberdinetatik jasotako babesa", gaineratu du.