Harrotasunez zioen Pedrosak hezkuntzako akordio historikoarekin ikasleen beharrak erdigunean jarri direla. Azken egunetan jakin dugu modu kuriosoa topatu duela horretarako: antza, irakasleoi murriztu dizkiguten ordu lektiboak betetzeko irakasle gehiago kontratatu ordez, ikastetxeko orduak berrantolatu beharko dira. Kasu gehienetan, ikasleen arreta hobetzeko baliabideak gutxitu beharko dira: desdobleak, bigarren irakaslea gelan, hizkuntza indartzeko proiektuak…
Egia esan, ohituta behar genuke honezkero. Hezkuntzan mantra baten moduan errepikatzen da "ikasleen beharrak erdigunean", kontrakoa egiten den bitartean. Akaso jarri al gara pentsatzen zer den gure ikasleek behar dutena?
Krisialdi betean jaiotako belaunaldia dugu gure ikaslegoa; gehiengoak ezin du amestu ere egin kalitatezko bizi-baldintzekin. Inoiz izango ez duten bizimodua erakusten dieten edo izango duten bizimoduaren erantzule direla esaten dieten influencer-ak dituzte erreferente. Horiei begira pasatzen dituzten orduetan, askotariko indarkeria iristen zaie une oro begi parera: genozidio baten zuzeneko irudiak, talde-bortxaketa bat. Desokupazio-enpresek familiak euren etxeetatik botatzen dituzten eta hainbat pailazok segurtasun ezaren izenean pertsona migratuak seinalatzen dituzten garaian ari dira hazten eta hezten gure ikasleak.
Ez, gure ikasleek behar dutena ez da ikastetxean ere pantailez inguratuta egotea. Ez da eskolak enpresarien ekintzailetzara bultzatzea. Ikasleek behar dutena ez da komunera joan ahal izateko baimena eskatu behar izatea. Ez da hezkuntza-sistemak sortutako arazoak salatzeko propaganda politikoa egiten dutenean Poliziari deitzea. Ez, ikasleek ez dute behar eskoletan segurtasuna indartzeko aitzakiarekin kamerak jartzea. Belaunaldi honek behar duena ez da eskarmentua. Ez da errealitate gordina samurtzeko purpurina jasangarria ere. Eskoletan egiten dugunetik gutxi, gutxiegi da ikasle langileek behar dutena.
Langile-klaseko ikasleriak zerbait behar izatekotan, errealitatea kritikoki aztertzeko tresnak emango dizkion eta bere bizitzaren kontrola hartu ahal izaten lagunduko dion heziketa-prozesua da. Eta ez erabakiak kontrako norabidean hartzen dituztenen hitzontzikeria. Aurpegia behar da horrelakoak botatzeko, ikasleen beharrak erdigunean jartzetik urrun, ikasleei arreta eskaintzea ere ezinezko egiten diguten neurriak inposatzen dizkiguten bitartean.