XX. mendeko faxismoaren igoera garaiari begiratuta, bi mugimenduren konplizitatea edo itsukeria nabarmendu ditzakegu. Zentro-eskuinaren konplizitatea, batetik, eta sozialdemokraziarena bestetik. Biek ala biek jokoa egin zioten faxismoaren igoerari, agintean egonda estatuaren bilakaera autoritarioan sakondu baitzuten, eta ez baitzuten ezer egin faxismoari ateak ixteko. Gaur egun, desberdintasun historikoak nabarmenak badira ere, antzekotasunak ikusten dira.
Gabriel Rufian ERCko bozeramailearen eta EAJren azken adierazpenetan eta mugimenduetan arreta jarrita, ikusten dugu nola faxismoaren markoa eurenganatzeko pausoak eman dituzten. Lehenengoak, segurtasun eza eta immigrazioa lotzen zituen diskurtso bat eman zuen Espainiako Kongresuan, ezkerraren ustezko itsukeriaren aurka. EAJ, bere aldetik, delituak egiten dituzten pertsonen jatorria argitaratzen hasi da Voxen eskaeraren ondotik, arrazakeriari bide emanez. Biek ala biek erdi-mailako klasearen joera erreakzionarioak aintzat hartuta darabilte honako diskurtsoa, joera horiek borrokatu ordez, horietan sakonduz. Eta biek ala biek bilatzen dute ultraeskuineko alderdiekin lehiatzea honako diskurtsoen bitartez. Horrela, jendartearen eskuineranzko joeran sakontzen dute eta faxismoari jokoa egiten diote, azken hori baita gehien indartzen dena diskurtso horien orokortzearekin. Horrek guztiak ez gintuzke harritu behar, bai EAJ eta bai ERC baitira interes kapitalistak ordezkatzen dituzten alderdiak. Nabarmentzekoa da, bestalde, aurreko astean Isabel Diaz Ayusoren adierazpen arrazistek sortu zuten haserrea eta Otegik pareko adierazpenak egin zituenean ("Nork aterako dizkigu kafeak terrazetan, etorkinak ez badira?") ezkerreko hainbat sektoreren partetik egon zen pasibitatea. Era berean, horrek guztiak agerian uzten du ezker zein eskuin burgesak etorkinen auzia tratatzeko dituzten antzekotasunak.
Guk jendartearen ezkerreranzko joeran eta batasun iraultzailean sakontzen duten problematikak jarri behar ditugu erdigunean. Langile-klasearentzat segurtasun eza etxebizitzarako sarbidea bermatu gabe edukitzea da, edo soldata baxuak eta zerbitzu sozial guztien kaskartzea jasan behar izatea. Horiek dira hilaren amaierara langile-klasea itota heldu dadin eragiten duten arazoak. Problematika horiek jarri behar ditugu guk erdigunean, langile-klasearen batasuna ardazten baitute, eta klase kapitalistaren izateko arrazoia jartzen baitute jopuntuan. Baita beste auzi batzuk ere, inperialismoa eta estatuen izaera autoritarioa seinalatzen dituztenak: Palestinako genozidioa eta inperialismoaren ardura, edo faxismoaren gorakada eta horren izaera kapitalista eta diktatoriala. Lumpen jarrerak eta langileok gure artean etsaitzen gaituzten jokamoldeak ontzat eman gabe, pultsio eta problematika iraultzaileetan sakontzea dagokigu. Eta presente izan behar dugu jarrera horiek ere lehen aipatutako arazoetatik, hau da, langile-klasearen pobretze orokorretik datozela.
Ikusten ari gara zertan datzan antifaxismo instituzionala: faxismoari ateak irekitzean eta horri ondoen etortzen zaizkion auziak bere egitean. Horretan, eta kale-mailako erantzun antifaxista behin eta berriz kriminalizatzean. Ikusi dugun bezala, eskuinetik hasi eta ezkerreraino, arku parlamentario osoa ari da sakontzen estatuen joera autoritarioan. Baina egoera horretan ez dugu esperantzarik galdu behar. Izan ere, milaka eta milaka gara antifaxismo kontsekuente bat gure egiten dugunak, etorkinak, etsaiak baino, aliatu iraultzaile gisara ikusi nahi ditugunak eta iruzur instituzionaletik kanpo eskubide sozial eta politikoen aldeko fronte zabal baten alde gaudenak.
Klase-batasuna eraikitzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Ekin diezaiogun, beraz.