Txiki eta Otaegiren inguruko propaganda politikoa egiten ari da Sortu, eta polemika askoren iturburu izaten ari da; azkena, Mendillorriko jaietan bi gudarien irudiekin jarritako pankarta baten harira. Segidan atera dira UPN, PP edo Geroa Bai pankarta kentzeko eskatzen, baina ezin zitekeen besterik espero bizi guztian edozein ikuspegi askatzaile eta borrokalariren arerio eta errepresioaren lagun izan direnen partetik. Batzarrek edo PSNk ere ez dute zalantzarik egin pankartak gaitzesteko. Euren burua ezkerrekotzat duten alderdi horiek Txiki eta Otaegiren borroka kriminalizatzera eta haien eginkizun askatzailea ukatzera atera dira berehala. Garai batean tarteka gudarien figurak baliatzen zituztenek ere, borreroa eta haren kontra borrokatzen duena berdintzen dituzte, behin etekin elektorala galtzen dutenean.
Gaurko edozein militante iraultzailek goraipatu beharreko izenak dira erregimen frankistak fusilatutako azkenak. Euskal Herriaren askatasunaren eta sozialismoaren alde borrokatzeagatik erail zituztenak. Baina, haien aurretik eta gero, asko dira Estatu kapitalistarekin apurtzeagatik bidean gelditu direnak, eta langileria iraultzaileak ezin du horien guztien oroimena albo batera utzi. Haien bidez gogoratzen du bere borroka-tradizioa. Soilik haien lanaren aitorpenarekin ulertu daiteke bakoitzak duen eginkizun historikoa. Eta borroka-ikurrak ezin erreibindikatzea borrokarako baldintzen galeraren adierazgarri da.
Horrexegatik errefusatzen dituzte alderdi politikoek borroka-figurak. Frankismo osteko erregimena baita alderdi horiek posible egiten dituena, eta horiek dira 78ko erregimenaren funtsezko zutabea. Estatuarekiko eta frankismo makilatuaren erregimenarekiko haustura gorpuztu eta bultzatu dezaketen irudiak onartezinak zaizkie, eta ez dute sekula haustura jarreran den mugimendu eta militanterik toleratuko.
Mendillorrin sortutako polemikarekin, gudari horien borroka-testigua daraman alderdi gisa agertzen da Sortu, eta bere hautesleen parte batek ondo hartzen du hori. Baina 70eko hamarkadako militante iraultzaileen funtsezko eginkizun historikoa proiektu askatzaile oso baten aldeko borroka izan zen, Estatuarekiko haustura-koordenatuetan. Frankismo betearekin haustura bai, baina itxuraldatutako frankismoaren erregimenarekin ere bai. Eta, azken polemiketan, eztabaidatik erabat baztertu da egungo sistema politiko eta ekonomikoari Estatuarekiko haustura perspektibatik aurre egiteko aukera. Sortu, beste alderdiekin batera, azken erregimen horretan integratu da, eta bere estrategia haren gestio-kuotak handitzen jarraitzea dela argi adierazten du. Nork pentsa dezake halako alderdi batek haustura-posiziorik onartu dezakeenik?
Zilegia, garrantzitsua eta ezinbestekoa da, asko isilik zeuden bitartean, erregimen faxistari aurre egin ziotenen gorazarre egitea, haren erreforma onartu ez zutenak goraipatzea, eta haustura-posizioak baztertu ez dituzten guztiak gogoan izatea. Gudari antifaxista horiek ez zutelako bakarrik frankismoaren kontra borrokatu, Estatuaren kontra eta Euskal Herriko langileriaren askatasunaren alde baizik. 78ko erregimenarekin eta kapitalarekin apurtzea da borrokaren hariari jarraipena ematea, eta haren parte izan diren guztiak omentzea.