AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Zenbait ikasle eta ordezkari-politiko zein -sindikalen eskutik, Ikama («Ikasleria martxan» enuntziatuaren akronimoa) ikasle antolakundea eman zuten ezagutzera larunbatean (irailak 12) Elizondon. Bat edo besterentzat agerraldia eta ospakizuna izan zen larunbatekoa, izan ere, ikasle antolakundea aurkeztu eta Ezker Abertzale Ofiziala berriz osorik dela jakinarazi ziguten, nolabait, bertara hurbildutakoek. Erraz igarri zaio Ezker Abertzale Ofizialari hankamotz ibilitakoa dela azken urteotan, hezkuntza- eta heziketa-zentroetan, ikasleriaren aldetik, ez du-eta lotura organizatibo zuzenik ukan. Ikasle Abertzaleak-ekin, esate baterako, aspaldi hautsi zituen harremanak EAO-ak; bada, Ernai gazte antolakundearen prentsaurreko hura, hau da, aurretiaz eragindako hausturaren aitorpen publikoa, larunbatean Elizondon gertatutakoaren iragarpen hutsa besterik ez zen izan. EAO-ak gaur-gaurkoz, Ikama dela-eta orain ikasleriaren balizko borroka-komunitateari gogorrago heldu diezaiokeenez, bere politika-egituraketa akritikoa egonkortzeko ahaleginetan dihardu: zuzendaritza edo Estatuan integratutako alderdia (Sortu); haren adar sindikala (LAB); EAOren legitimaziorako  komunikabideak (Gara/Naiz); praktikan «alderdiaren gazteria» soila den gazte antolakundea (Ernai); eta, honenbestez, Ikama edo alderdiaren ikasle-frontea. Soilik politikagintza parlamentarioari erreparatzen baitio deritzogu akritiko EAOren politika-egituraketari; hain zuzen ere, gerora estatu-politikagintza ofizialean Sortu alderdiaren parte-hartzea indartu dezaketen ekimenak hartzen baitituzte euren kargu, orohar, aipatu antolakundeek.

Bada Ikama sortu eta zera esan duenik: hutsune bat bete asmoz jaio da Ikama. Baina zer hutsune bete du honek? Ikasleok Zorrotz dinamikak utzitakoa? Ez balitz halaxe, zer beste hutsune? Erantzun zuzena honako hau da: Ikasle Abertzaleak-en lekua hartu du Ikama-k. Hala ere, Ikasle Abertzaleak-ek ez du hezkuntza esparrua sekula deskuidatu; azken urteetan gogor jardun du lanean (Euskal Estatu Sozialista eta Euskal Eskola Nazionala helburu estrategikotzat harturik) eta bizi dugun testuinguru larri honetan, unean-uneko premiei ere heldu die indartsu (errepara diezaiogun, adibidez, irailak 15eko greba dela-eta egindako lanari). Ikasle Abertzaleak ez da hezkuntza esparrutik aldendu eta ez dio inoiz politika-lana egiteari utzi; alabaina, hutsune nabarmen bat eragin zion EAO-ren politika-egituraketari, ez baitzion honek azken hamarkadan muturreraino eraman duen integrazio prozesuari men egin. Hau da, IA-k ez du politikagintza burgesa bere egin eta, hautu hori dela medio, ikasle antolakunde berri baten beharra eragin zuen EAO-rengan. Ikamak hutsunerik bete badu, IA-k EAO-ren politika-egituran utzi zuen hutsunea da bete duena eta hezkuntza- eta heziketa-zentroetan, halaber, EAO-ren programa politikoaren zabalpen lanena. Ezberdinak dira zeharo, aitzitik, Ikasle Abertzaleak eta Ikama: IA antolakunde independentea da eta bere borroka-zelaia hezkuntza- eta heziketa-zentroak dira (ikasleek zentro horietan dituzten baldintza ekonomiko, sozial eta politikoei zuzenean eragin nahi die); Ikama, berriz, propaganda eta hedapen-ideologikorako tresna legez sortu da, bere subordinazio organizatibo eta jatorri estrategikoak ez diote-eta bestelako ekinbiderik baimenduko. Ikama-ren logika burokratikoa agerian utzi zuten larunbateko aurkezpenean eta, horrez gain, Ikama EAO-ren estrategia «populistaren» parte dela aditzera eman zuten disimulu handirik gabe. Honen adierazle da, adibidez, Ikama-ren estetika eta diskurtsoari propio zaien infantilismoa (ikasleen ahalduntze politikoari ez diona mesederik egiten, baina lan-eredu otzanari aproposa zaiona), edo EH-Bilduk aurkezpenera bi ordezkari bidali izana. Gure kritikak, artean, ebidentzia berriei itxarongo die.