NATOk bere otso belarriak erakusten ditu haren txakur leialak, Israelek, Ekialde Hurbilean eskaintzen dion irabazien banketea usaintzean. Mandatu mesianikoen eta Iran edo Siriaren demokratizazioari buruzko diskurtsoen atzean, burtsaren aginduak eta inflazioa daude. Munduko merkatuaren lehia gupidagabeak krisian dagoen Mendebaldea muga-zergen guduetan murgildu du, eta bere finantza-artilleria muturrera eramatera behartu du. Horregatik ez du zalantza izpirik inperialismoak Lur Santua lurreko infernu bihurtu behar badu negozioa egiteko. Izan ere, harentzat sakratuak diren bakarrak lehengaien prezioa eta esportatutako kapitalaren errentagarritasuna dira.
Siria zatituta, azken gobernu baaz-a desagerrarazi du Israelek, eta jihadistekin eta Turkiarekin elkarbanatu du lurraldea. Damaskoko botere berriak alauitena bezalako kredoak sarraskitzen dituen bitartean, EBk kendu egin ditu siriarrak hamabost urteko gerra zibilean zehar ito dituzten zigor komertzial guztiak. Gaza, bestalde, aire zabaleko hiltegi bihurtu da; izan ere, sionistek ezin zuten onartu 2,26 milioi arabiar kontzentratuta bizitzea 365 km2-ko erresistentzia armatuko haztegi batean. Lanerako indar esklabo eta otzan gisa nahi dituzte soilik, hori bai.
Puzzle makabroa osatzen dute begira dauden gobernuen isiltasunak (izan Saudi Arabia bezalako wahabiak, Egipto bezalako militarrak zein Jordania bezalako monarkia klientelarrak), martxan dagoen itun abrahamikoak, kaosean murgilduta dagoen Libanok, Yemengo huthien aurkako gerra odoltsu eta betierekoak... Horrek guztiak baimendu du Israelek denbora errekorrean lortu duen eskualde-berrantolaketa.
Merkataritza baketsu askearen eta berreraikuntzaren abantaila unibertsalei buruz hitz egiten duen erretorika entzun bitartean, kapital handiak militarismoa astintzen du, odolez eta suz sar dadin, brent upelaren prezioa baxu mantentzeko eta Hormuzetik Bab el-Mandeb-era bitarteko kanal komertzialak irekita mantentzeko.
Iran setiatu zuten hamabi egunak arabiar eta pertsiarrei juridikoki libreak diren koloniak baino ez direla gogorarazteko azken oroigarria izan ziren. Hori da inperialismoak herri horiei eskaintzen dien erabaki bakarra: beren gobernuek nazioarteko lan-banaketaren bahitu bat izatea edo gerra-ekonomiara behartzea. Azken hori, baina, armagintzaren eta kredituaren bedeinkapena duten inperialismoaren lekaioak (Tel Aviv, Kiev) ez direnentzat beste miseria mota bat besterik ez da. Pakistanek 70eko hamarkadan esan zuen bezala: "Indiak bonba nuklearra eraikitzen badu, belarra edo zuhaitzetako hostoak jango ditugu, edo gosea pasatuko dugu, baina guk ere bat lortuko dugu; ez dugu beste aukerarik".