AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Justifika ezinaren justifikazioa, kezko hesiak eraikitzea edo hatzari begiratzea ilargira seinalatzen ari garenean; dena, zera estaltzeko: udal poliziak eta bere jardunak erantzule politikoak dituela eta horiek direla, azken beltzean, Poliziaren jardunaren azken tutore, kasu honetan, Iruñeko Udala. Hori da salatu duguna egunotan.

Batzuen zein besteen isiltasunak zarata handiegia egiten du egunotan. Baina Poliziaren gehiegikeriaren irudi zein albisteak bolo-bolo ibili dira eta zamatik heltzen duten gaztearen agoniak haien ordez hitz egin du. Isiltasun instituzionalak eta sektore politiko batzuen partetik ikusten ari garenak poliziaren inpunitatean eta jardun askean baino ez dute sakontzen. Gehiegikeriak ez salatzeak eta, are gehiago, bortizkeria pairatu dutenen bizkar egozteak (sareetan ikusi ditugun justifikazio penagarrietan ikusi ahal izan dugun modura), jokabide horiek normalizatzea dakar, eta beraz, kalean politika egiteak dakarren ohiko erantzun bezala arautzen du. Badago poliziaren jardunaren gaineko erantzukizuna, baina badago horien gehiegikeriaren gainean hartzen dugun posizioaren gaineko erantzukizun bat ere.

Poliziaren funtzio estrukturalaren eztabaidatik harago (ezinbestekoa dena), bada beste eztabaida bat mahai gainean:  Euskal Herrian ere instituzioetatik kanpo politika egiteko baldintza objektiboak eta subjektiboak txarrerantz doazela, eta horrek errudunak dituela. Ezin dugu ulertu gizartearen despolitizazioa, borrokarako grinaren galera edo ideologien eskumaranzko joera, joera horien aurkako militantzia eta hori baimentzen duten baldintzak etengabe erasotuak direla ulertzen ez bada.

Jardun politikorako aukerak nabarmen ari dira mugatzen azken urteotan. Behintzat, instituzioen logikatik kanpo politika egin nahi dugun guztiontzat. Beraz, sanferminetan gertatutakoaren salaketa ez da kritika soil bat, baizik eta oinarrizko eskubide politikoen defentsa bat. Oinarrizko eskubide politikoen erregresioak euste-horma bat behar baitu, kartelak jartzen, aldarrikapenak zabaltzen edo jotak abesten jarraitzeko asmoa dugulako. Eta hortik hasita, dena dugulako borrokatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK