«La parte consciente de la clase obrera comprende que el futuro de esta clase, y también el futuro de la humanidad, dependen en gran medida de la educación dada a la generación obrera en desarrollo»
Karl Marx eta Friedrich Engels
Nire aurrekoen lanari jarraipena emanez, Langile Kazetan hezkuntzari buruzko ikuspuntua plazaratzeko aukera eman didate. Maiatzaren Lehena heltzear den honetan, eskainitako tartea baliatu nahiko nuke hezkuntzak langileriaren askapen-prozesuan bete dezakeen eginkizunaz hausnartzeko[i].
Langile mugimenduaren baitan, eztabaida askoren iturri izan da hezkuntzaren auzia. Gizarte kapitalistaren erreprodukzioan betetzen duen funtzioaz gain, pentsalari eta militante iraultzaile askok hausnartu izan dute hezkuntza eredu sozialistaz eta hori eraikitzeko moduez. Hari horri jarraituz, hezkuntza esparruan antolatzen garenoi funtsezko galdera bat aurkezten zaigu: zer egin hezkuntzatik sozialismoaren eraikuntzari ekarpena egiteko?
Kapitalismoaren baitan, hezkuntza klase dominatzailearen interesak defendatzen dituen tresna da, ekoizpenaren beharretara egokitutako lan-indar merke eta otzana ekoiztea helburu duena. Langileriak, berriz, klase desjabetua denez, ez du hezkuntzaren gaineko inolako kontrolik. Horrez gain, ideologia burgesa transmititu eta gizarte kapitalista betikotzeko aparaturik garrantzitsuenetakoa ere bada hezkuntza; izan ere, biztanleriaren zati handi batek eskolan igarotzen ditu haurtzaroko eta nerabezaroko ordu asko, ideologia eta balio burgesak barneratzen.
Horrek, ordea, ez du esan nahi kapitalismoa gaindiezina denik, errealitatea aldatu ezin daitekeenik; izan ere, Marxek azaldu moduan, hezkuntzak esanahi bikoitza du: batetik, egungo esplotazio harremanetara egokitzeko funtzioa betetzen du, baina, bestetik, zapalkuntzaren aurkako tresna ere bada. Zehatzago esanda, klase zapalduarentzat, hezkuntza gizarte sozialistaren oinarriak ezarriko dituen tresna moral eta intelektuala bilakatu daiteke. Hori horrela, langile mugimenduak historikoki garrantzia eman dio emantzipazioaren aldeko borrokan hezkuntzan ere antolatzeari.
Dena dela, zintzoak izanda, hezkuntza ezin daiteke modu partzial eta isolatuan eraldatu. Horretarako, beharrezkoa da gizartea osoki aldatuko duen mugimendu iraultzaileari lotzea; izan ere, egungo gizartea bere osotasunean gaindituz soilik suntsituko da hezkuntza burgesa. Bestela esanda, baldintza sozialak aldatu behar dira hezkuntza berri bat eraikitzeko; eta alderantziz, baldintza sozialak aldatzeko bestelako hezkuntza sistema bat beharrezkoa da.
Horretan datza, nire ustez, hezkuntzaren eginkizunei buruzko gako nagusia: langileriaren masa zabalengan klase-kontzientzia hedatzea eta mundua aldatzeko ekintzara bideratzea. Horrela, burgesiaren dominaziorako tresna izatetik, langileriaren eta sozialismoaren lanabes izatera igaroko litzateke, ordena kapitalistaren aurkako borrokan erabiltzeko.
Egungo zereginak hezkuntzan: langileriaren interesen defentsa eta instituzio propioen sorrera
Orain arte landutakoak eragin zuzena du jardun politikoan. Sozialismoaren eraikuntza badugu ortzi-muga, hezkuntza esparruan eginiko lan politikoak bide horretan ekarpena egin behar du halabeharrez. Hortaz, egungo zeregin politikoen artean, aipaturiko xedearen araberako bi lerro nagusi azaltzen saiatuko naiz.
Batetik, ezinbestekoa da hezkuntza esparruan langileriaren ikas- eta bizi-baldintzen hobekuntzaren alde antolatzea, krisi testuinguruan batez ere. Ez aldaketa edo erreforma partzial batzuk lortzeko helburu hutsez, progresiboki langileriaren antolakuntza politikoa indartzeko eta hezkuntza prozesuaren gaineko langile-kontrola handitzeko baizik. Izan ere, hezkuntza sozialista ez da egun batetik bestera sortuko den zerbait, eguneroko borrokaren bidez eraikitzen dena baizik. Bide horretan, erabateko lehentasuna du indarrak gero eta maila handiagoan metatzeak eta masa zabalengan antolakuntzaren kultura hedatzeak.
Horren baitan ulertu behar dira, besteak beste, IKASek hainbat ikastetxetan egindako borroka eta mobilizazioak, UIBk Ibaetako campusean lan politikoa egiteko espazioa lortzeko martxan jarritako prozesua edota ikas-baldintzen defentsarako borrokak. Guztiek erantzuten diote arrazionalitate politiko berari: langileriaren interesen defentsarako mekanismoak garatzea eta hezkuntzaren gaineko burgesiaren kontrol-kuotak murriztea. Hori da, finean, klase-borroka hezkuntzara ekarria.
Bestetik, langileriaren hezkuntza-instituzio propioak gaurdanik eraikitzen hasi beharra dago. Hezkuntza sozialista izan daitekeenaren haziez ari naiz, heziketa eta formakuntza espazio ezberdinen sorreraz eta garapenaz. Bide horretan, Eskola Kolektiboek, Herri Unibertsitateak, Herri Eskolek edota mintegi politikoek, besteak beste, ekarpen nabarmena egiten diote hezkuntza sozialistaren eraikuntzari.
Nadia Perezek kazeta honetan «prozesu iraultzailearen palanka» gisa definitu zuen Herri Unibertsitatea. Hala zioen, zuzen eta zorrotz: «klaserik gabeko gizartea eraikitzera bidean zentrala den klase kontzientzia garatzen eta zabaltzen joateko oinarrizko bilakatzen da teoriaren garapenerako espazioa, teoria indar material bilakatzen baitu»[ii]. Ildo beretik, instituzio edo espazio hauek, gizarte kapitalista gainditzeko helburua duen mugimendu politikoari lotuta, langileria burgesiaren aurkako borrokarako prestatzeko potentziala dute. Horien garapenaren bitartez lor daiteke, hain zuzen ere, langileriaren beharrei erantzungo dien hezkuntza eraikitzea.
Hasierako Marx eta Engelsen aipura itzuliz, langileriaren etorkizuna, hein handi batean, hura osatuko duten belaunaldi gazteen heziketaren araberakoa izango da. Hori dela eta, esplotazio kapitalistara egokitzeko hezkuntzaren ordez, gizakion garapen osoa ahalbidetuko duen hezkuntza sozialistaren aldeko borroka lehentasunezko eginbehar politikoa da komunistontzat. Jarrai dezagun, beraz, langile-boterea hezkuntzan ere artikulatzen; arian-arian sozialismoaren eskola eraikitzen.
[i] Inork sakondu nahiko balu, Bogdan Suchodolski-ren Teoría marxista de la educación (1966) liburutik abiatuta landuak dira hainbat ideia.
[ii] Nadia Perez: «Herri Unibertsitatea, prozesu iraultzailearen palanka». Gedar Langile Kazeta: https://gedar.eus/koiuntura/Nadia-Perez/herri-unibertsitatea-prozesu-iraultzailearen-palanka