Sirtwood Cotton lantokian 129 emakume jostunek 1908ko martxoaren 8an hasitako greba gogoratuz (guztiak erail zituzten), Clara Zetkin militante komunistak 1910ean aurkeztu zuen egun hori Emakume Langileon Nazioarteko Egun izendatzeko proposamena, Emakume Langilearen Nazioarteko Konferentzian. Horrekin aldarri nagusi bat eraman zuten erdira, langile-mugimendua (eta, konkretuki, emakume langileak) egiten ari ziren borroka ugarien eskutik: emakumeak subjektu politiko gisa ukatzen zituen debeku bati, botoa emateko debekuari, aurre egin nahi zioten. Sozialismoaren aldeko borrokari lotuta, emakumeon eskubide politikoak aldarrikatzeko data bat finkatu zuten horrela, emakume komunisten ekimenez. Justiziaren kontrakoa da, 115 urte beranduago, jatorrian zuen zentzu politikoa kentzea Martxoaren 8ari.
Gaur egun ere, sistematikoak eta egiturazkoak dira emakume langileok gure bizi-baldintzen alde borroka egiteko ditugun traba gehigarriak, baita gu bizitza politikotik baztertzeko mekanismoak ere. Hamaika aurpegi ditu horrek: lan-sektore feminizatuetan eskubide politikoak erabat ukatzea edo antolaketa politikoa zailtzen duten sektoreetara bideratuta egotea sarri; etxean eta gertukoen zaintza-lanetan zokoratzea eta bakartzea; gutxiespen soziala…
Hori gutxi balitz, aparteko oztopo batzuekin ere egiten dugu topo sozialismoaren alde lerratzea erabaki dugun emakume militanteok: adibidez, joera sozial misoginoenak erreproduzituz, askotariko figurek gure hautu politikoaren balioa zalantzan jartzea eta gutxiestea. "Komunisten neska-lagunak", zenbatetan deitu ote digute horrela zenbait sektoretan; emakume komunistok gure kabuz ideia politikoak izateko, hausnartzeko, garatzeko eta hautu politiko bat egiteko gaitasunik izango ez bagenu bezala. Edo, ingurunerik hurbilenean ere, norbaiten bultzada, laguntza edo onarpena behar dituen kide gisa ikustea eta auto-erreproduzitzea gure burua. Emakume langileok subjektu politiko gai gisa ikusgai egiteko eta aitortuak izateko borrokak uste baino alderdi gehiago ditu oraindik.
Ederra da Martxoaren 8aren errai historikoak gogoratzea. Eta ederra izango da, aurten ere, kalera ateratzea eta emakume langileon artean borrokarako dei argi bat zabaltzea: matxismoaren aurka, gorakada erreakzionarioaren eta faxistaren aurka, emakume langileok azpiratuta mantentzen gaituen sistema kapitalistaren aurka, zapalkuntza guztiekin amaitzeko gizarte-eredu berri baten alde. Horixe bera aldarrikatuko dugu bihar, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak antolatu dituen mobilizazioetan. Emakume langile, lehen lerrora!