AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Txoko honetan duela gutxi mintzatu naiz emakume komunistok subjektu politiko gisa jasaten dugun gutxiespenaz. Eta hara non atera den Gara-ko zuzendari Iñaki Soto horixe bera (eta gauza gehiago) berrestera. Aipamenengatik: Faktoria saioan hartu du hitza Sotok. Hitz egin genezake klase-ikuspegi batetik oinarrizkoenak diren ideia politikoak ulertzeko erakutsi duen ezintasunaz, edo Mugimendu Sozialistaren jarduna modu zintzoan konprenitzen saiatzeko duen borondate ezaz. Baina bereziki salagarria da Mugimendu Sozialistaren lanaren eta, konkretuki, Itaiaren aurka erabili duen paternalismoa.

Eskola magistralak ematen saiatu da Soto. Esan du sozialismoaren eraikuntza askapen-bide politiko gisa aldarrikatzean ez diogula "historiari begiratzen", eta "etorkizuneko historiak" erakutsiko digula berak duela arrazoi. Edo Mugimendu Sozialistako kideok ez dugula "lan egiten ere", kasu askotan "lan egiteko adinik" ere ez omen dugulako; eta beraz, zuzenean, ez garela "langileak". Agian ahaztu egin du Marxek berak zioela langile-izaera ez dela soldatapeko lan bat izatera mugatzen. Baina ez naiz horretan sartuko.

Finean, Sotok proiektu politiko komunistaren aurkako zabor-propaganda egin du berriz, erreferenterik erreakzionarioenen estiloan; eta militante komunistok, bereziki emakume komunistok, erabat infantilizatu gaitu, jarrerarik matxistenak eta paternalistenak jarraituz. "Klase-kritika" egiteko aukeraz aritu da baina, aldi berean, kritika horiekin kontsekuentea den lan politiko bat eraiki nahian ari diren mugimendu bat eta militanteak barregarri uzten saiatu da. Estimatuta daude lezioak, Soto jauna, baina aipatzen duzun historiak zerbait erakutsi badu honakoa da, Itaiak Martxoaren 8an gogora ekarri zuen bezala: emakume langileon askapenerako bidea, dudarik gabe, ez da etorriko zuk ordezkatzen duzuna bezalako alderdi instituzionalen eta horiek oinarritzat duten ulermen-markoaren eskutik.

Zenbait kontutan ados nago Sotorekin: "hitzek esanahi bat izan behar dute" eta "gauzek aldaketa behar dute; errealismoa". Aldaketaz eta errealismoaz hitz egin dezagun, orduan: mundu osoan zehar milioika emakume langile miseriara kondenatzen dituen sistemaren aurka egiteko, aukera erreal bakarra da klase-analisi zorrotzak egitea, analisi horiekin kontsekuente izatea eta borroka-tresna indartsuak antolatzea; eta, horretan, ezinbestekoa da klase-independentzia ideologikoa ere, Sotoren azken adierazpenek gogora ekarri diguten modura. Zalantzarik ez dago zein zailak diren parez pare ditugun egitekoak eta erronkak, baina ez gaitzatela irentsi berea bezalako diskurtso ezkorrek, eta jarrai dezagun determinazioz iraultza sozialista posible egingo duten oinarriei eusten eta horiek jartzen. "Historiak erantzungo dio" bakoitzari.

EZ DAGO IRUZKINIK