Alemaniako hauteskundeetan CDUren eta SPDren arteko koalizio handiak gobernatzeko aukera nagusitu da, ultraeskuina gobernutik kanpo utziz ziurrenik. Azkar batean atera dira politikariak, kazetariak eta era guztietako demokrata liberalak hori zentro politikoaren, moderazioaren eta "osasun-kordoiaren" garaipen bat dela ospatzera. Nola ez, denek aipatzen dute protokoloz "autokritika" egin beharra dagoela (sozialdemokraten familiakoek bereziki, eta orokorrean ezkerrak), ultraeskuinak indar izugarria hartu duelako. Dena den, orokortua da lasaitua hartzea JD Vancek Munichen aldarrikatu zuen osasun-kordoiaren amaiera nahiz europar trumpismoaren iritsiera saihestu izanagatik.
Kontrara, ikuspegia hauteskundeetatik haratago zertxobait zabalduz gero, ultraeskuinaren porrota oso erlatiboa da: CDUk adibidez, lege proposamen batean, migranteen aurkako neurri diktatorialak proposatu ditu AfDrekin batera; eta gobernu sozialdemokratak %60 handitu ditu deportazioak, asilo politikoaren sistema berrikusi du edo muga-kontrolak gogortu ditu normaltasun osoz. Zentzu horretan, migrazioaren gaia adibide bikaina da gobernuan egon gabe ultraeskuinaren marko ideologikoak irabazi ditzakeen eragina eta boterea ikusteko; gobernutik kanpo geratuta ere, denek onartu dute migrantea eskubide gabeko izaki bihurtzeko markoa.
Benetako porrota, baina, ezkerrarena izan da. Borroka kulturalaren bidez gerraren eta esplotazioaren aurkako klase-batasunaren defentsa hedatu ordez, erreakzio berrira moldatzen saiatu da botoak ez galtzeko, eta itzulipurdiak egiten ibili da hori justifikatzeko: Berdeak NATO zein gastu militarra defendatzen, Die Linke (ezkerretik igo den bakarra) Israel babesten edo semaforo koalizioa kapitalaren gerra-erregimenaren kudeatzaile izaten. Zertarako bozkatuko du jendeak aberastasunaren banaketaren alde kanpaina egiten duen baina, gero, gerra-ekonomiako austeritaterik gogorrena indarrez inposatzen duen ezkerra?
Kasurik argiena da zentroa ordezkatu nahi izan duen alderdi liberalarena, orain desagertzear baitago. Gainerakoek zentroa eskuinerantz mugitu dute, bizirauteko. Alemaniako gobernu berriari lankidetza eskaini berri dion Meloni ere fenomeno berberaren adibide garbia da: urte gutxian, ultraeskuin izatetik, Europar Batasuneko politikak diseinatzeko aliatu izatera pasatu da. Baina ez da bera moderatu dena: gainerako espektro politikoa mugitu da eskuinerantz.
Euskal Herrian irakaspen ugari atera ditzakegu hortik, ultraeskuina hauteskunde-terminoetan hutsaren hurrengoa izatearen konplazentziak jota baikaude. Izan ere, salbuespen elektoral horrek ez gaitu erdi-mailako klase nazionalen arrazismotik eta nazionalismotik salbuesten. Ultraeskuinekoak ez diren alderdien eta horien oinarrien baitan ernaltzen ari dira politika antimigrante, gerrazale eta polizialak ezartzeko baldintzak.