Europa gerrarako prestatzen ari da, eta hala erakusten du Espainiako Kongresuan aurrekontu militarra hain modu kezkagarrian handitu izanak. Izan ere, ez dira alferrikakoak Mark Rutte NATOko idazkari nagusiaren hitzak, esplizituki esan baitu "gastu sozialaren zati txiki bat baino ez dugula behar defentsa gehiago indartzeko". Ildo beretik, Pedro Sanchezek, histeria horren alde kontratatzailea izanik Espainiako Estatuan, gastu militarraren igoerari buruzko adierazpenak egin berri ditu, eta azaldu du "aurrekontu sozialean zentimo bat ere murriztu gabe" arituko dela. Baina puntu honetan galdetzen diogu geure buruari ea zer gertatuko den osasungintzarekin datozen hilabeteetan.
Rutteren hitzetan, ez gaude "gerran, baina ezta bakean ere". Eta badirudi lehentasunak argi daudela: agenda belikoa indartu behar dugu. Baina, bitartean, osasungintza, Europako Ongizate Estatuaren eraikuntza zaharkituaren zutabe bat, testuinguru berri horretarako berregituratzen ari dira, osasun-arreta are gehiago okertzea ekarriko duten austeritate-politikek baldintzatuta.
Horretarako lehen urratsa da oinarri juridikoa lantzea, eraistea makillatu dezaketen formulei bide emateko. Zentzu horretan ulertu behar ditugu, adibidez, Nafarroako Osasun Legearen Foru Aurreproiektua eta EAEko Euskal Osasun Ituna. Erreforma horiek mahai gainean daude jada, eta administrazioen maniobrak dira osasun-krisiaren arazo nagusiari irtenbidea ematen saiatzeko: langile eta baliabide faltari, alegia. Neurri horiek, beraz, hasiera batean kontraesankorrak izan daitezkeen baina elkar elikatzen duten bi elementu nagusi dituen prozesurantz jotzen dute: baliabideen zentralizazioa eta "lan-malgutasuna" (langileak leku batetik bestera mugitzea izango litzatekeena, finean, hutsuneak adabakiz estaltzeko). Argi hitz eginda, horrek guztiak ekarriko duena da, batetik, osasun-arreta okertzea, kostuak eta langileak murrizten ari direlako baliabideak bateratzeagatik; eta, bestetik, langileen lan-baldintzak okertzea.
Horren ondorio orokor gisa, osasun-arretaren okerragotzea normalizatu nahi dute kulturalki, eta, horrekin batera, erantzun-esparrua mugatu, politikari profesionalek fokua gerran edo Europaren erabakietan jartzen duten bitartean. Aldaketa horien bidez, gainbeheran dagoen osasun-eredu bat ezartzen ari dira, testuinguruak gero eta gehiago pobretzen dituen biztanleentzat. Izan ere, gerra ez da hasi, eta dagoeneko osasun-arloaren desegitearen ondorioak bizitzen ari gara. Pedro Sanchez etorkizun gogor bat iragartzen baino ez da ari.