AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaurko egunez 1986an, NATOn jarraitzearen inguruko erreferenduma egin zen Espainiako Estatuan, eta Hego Euskal Herrian, Kataluniarekin eta Kanariekin batera, kontrako botoa nagusitu zen. Hamarretik seik baino gehiagok ezetz bozkatu izana garaiko Euskal Herriko giro mobilizatzailearen erakusgarri da, sektore apurtzaileen indarraren eta iniziatibaren ondorio. NATO Mendebaldeko inperialismoaren tresna militar gisa ikusten zen, ezer gutxi zuena eskaintzeko Euskal Herriko eta Europako langile-klasearentzat, 78ko Erregimena, Gladioren gisako jardun terrorista, interbentzio militarrak eta inteligentzia antikomunista ez baziren. Asko eskaintzen zuen, ordea, Mendebaldeko burgesiaren irabazi gosearentzat. Ezezko hori ez zen nahikoa izan, hala ere, eta Felipe Gonzalezek ondo bete zuen bere enkargua. Aliantzako kide fidela da ordutik Espainia.

Efemeridea Europaren berrarmatzearen gaineko adierazpen eta polemika sasoian etorri zaigu. Baina politikarien artean ezbaian dagoena ez da berrarmatzea bera, berau zein terminotan eta zeinen lidergopean egingo den baino. Trumpek denok genekiena modu lotsagabean adierazi ostean azkartu da eztabaida: aliantza eta interbentzio militarrak burgesiaren interes ekonomikoen konbenientziaz egiten dira, eta plan berriak dauzkate esku artean. Ukrainako taktika-aldaketak, eta Europarekin duen aliantza birfundatu nahiak, administrazio yanki berriak munduko gatazken ardatza beste norabait enfokatzeko duen asmoari erantzuten diote. "Ekialde Hurbileko" azken hilabeteotako aldaketek ere fokua Asiarantz eta Pazifikorantz begira jartzeko beharrari erantzuten diote (The American Pivot to Asia).

Izan ere, pax americana hankaz gora jartzen ari da, potentzia berriak indartzen ari dira eta gatazken eta tentsioen areagotzea eragiten. Horrek dakar munduko gastu militarra azken urtean %6,8 hazi izana, eta gure kontinente zaharra datu horren gainetik dago: %13. Hartz errusiarrak irentsiko gaituelako pelikula oso erabilgarria ari da izaten berrarmatzea indartzeko, batez ere, prozesu horrek ez duelako oposiziorik.

Beti-betiko atlantistek, kasurik onenean, isiltasunez adierazten dute beraien konplizitatea. Txarrenean, adierazpen militarista gordinak egiten dituzte. Behinola NATOri "lehenik eta behin EZ" esan ziotenek, aspaldi eman zuten "Espainiaren intereserako" hura babesteko pausoa, eta antzeko bidetik doaz beste batzuk ere. Kamaleoi moreek, beren zerrendetan NATOko jeneralak jarri ostean eta "zerua asaltatu" bezain pronto programa politikotik Aliantzaren kontrako aipamenak kendu ostean, ez dute inor engainatuko orain. Eta zer esan 86an NATOri ezetz esan zioten sektore apurtzaileen ondorengo ofizialtzat agertzen diren horiez. Geroz eta gertuago daukate ezezkotik baiezkorako bira kopernikarra. Egia esan, gaurko testuinguruan "Europak segurtasun eta autonomia politiko eta militarreko proiektu bat behar" duela esatea ez dakit jada baiezko argi bat ez ote den.

Europaren subiranotasuna aldarrikatzea Mendebaldeko herrialdeetako agintarien plaza komun bilakatzen ari dela dirudi, eta subiranotasun horrek gauza bakarra esan nahi du: berrarmatzea eta militarizazioa. Horrek Europako burgesiak bere pisu ekonomikoa eta posizio inperialista galtzeko prozesua galgatzeko nahia du atzetik, baina badakigu nola den hemen kontua: gutxiengo pribilegiatuaren interesak guztion interes komuntzat saltzen dira. Errealitatea, ordea, gordinagoa da. Aliantza militarraren terminoak egokitzeak edo "NATO europarra" sortzeak langileon zuzeneko eta zeharkako soldataren gutxitzea dakar, eskubide politiko eta sozialen murriztea, indarrezko errekrutamendua eta heriotza. Von der Leyenek bezala, denok dakigulako nortzuen seme-alabak diren gerrarako bazka eta nortzuenek egingo duten negozioa gerratik.

EZ DAGO IRUZKINIK