Metafora bat otu zait hezkuntzako egoera deskribatzeko: hezkuntza goitibeheran doa; maldan behera eta frenorik gabe. Baina azal dezadan metafora.
1: Hezkuntza maldan behera doa. Hezkuntzaren kalitatea behera doa, beste hainbat fenomeno gorantz doazen neurrian: irakasleok ikasleei behar duten arreta eskaintzeko ditugun zailtasunak, enpresek hezkuntzan duten esku-hartzea, tresna digitalen erabilera masiboa, hezigune baino haurtzaindegi edo diziplinamendu-zentro izaera duten makroikastetxeen areagotzea, muturreko burokratizazioa… Spoiler: betikoak dira ondorioei aurre egiteko tresna gutxien dutenak. Ekonomikoki eta sozialki kolpatuen dauden familientzat, ikasketak trabaz jositako ibilbideak dira. Klase-posizioak hezkuntza-prozesuaren kalitatea determinatzen du.
Izena jarriko diot aldaparen metaforari: hezkuntza-erreforma, enpresariek eta euren menera dauden alderdi politikoek gidatua. Lehenengoek, hezkuntzaren kontura negozioa egiteaz gain, etorkizunean esplotatu ahalko dituzten belaunaldiak profilatzen dituzte. Bigarrenek nahikoa dute euren erdi-mailako klaseko boto-emaileentzat burbuila mantentzearekin, diru publikoa ikastetxe kontzertatuetara bideratuz. Hala ere, ez dute lotsarik aukera berdintasunaz, inklusioaz edo garai berrietara egokitutako hezkuntzaz aritzeko.
2: Frenorik gabe. Oraingoan ere, ez naiz aske eta ausart ibiltzeaz ari, goitibehera gelditzeko ezintasunaz baizik; ez baitut uste balaztatze-sistema egokirik prestatzen ari garenik. Erreforma ia kontrakotasunik gabe ezartzen ari direnean, gure lan-baldintzen defentsan mobilizatzera deitu gaituzte sindikatuek. Bada, ez dut uste panorama honetan hezkuntzako langileok gure lan-baldintzak jarri behar genituzkeenik erdigunean. Horien hobekuntzak, zeharka, ikas-baldintzetan eragin positiboa izan badezake ere, oker gaude uste badugu horrekin bakarrik posible izango dela kalitatezko hezkuntza bermatzea.
Gaitasun ekonomikoak jaso daitekeen hezkuntzaren kalitatea determinatzen duen bitartean, ez da aukera-berdintasunik egongo. Hezkuntzaren norabidea enpresarien eta lan-merkatuaren interesen arabera zehazten den bitartean, ez dira ikasleen beharrak erdigunean jarriko. Dirua digitalizaziora eta ikasleek musutruk egin behar dituzten praktikaldietara bideratzen den bitartean, ez da ratioak jaisteko edo behar bereziei erantzuteko giza-baliabideetara bideratuko. Hezkuntzaren gaineko erabakimen osoa ikastetxeetatik urruti dagoen bitartean, ikas-beharren ikuspegitik ulergaitzak (baina irabazi ekonomikoaren logikaren ikuspegitik erabat ulergarriak) diren inposizioak irensten jarraitu beharko dugu.
Hezkuntza-erreformak dituen ondorio indibidualei begiratzetik, hezkuntzaren kaltetzea gizarte osoan uzten ari den ondorioetan jarri behar genuke arreta. Langileriaren bizi-baldintzak okertzen eta diskurtso arrazistak, matxistak zein klasistak zabaltzen ari diren honetan, langile-klaseko belaunaldi berriak gero eta heziketa pobreagoa jasotzen ari dira. Gero eta babesgabeago geratzen ari dira etorkizun ilunaren aurrean, aipatutako erreformak etorkizun horrentzat hobia aitzurtzen laguntzen duen bitartean.
Hezkuntza izan daiteke tresna egoera honi buelta ematen hasteko. Eta faktore horrek erronka ezartzen digu hezkuntzako langileoi. Hezkuntza kapitalaren kateetatik askatzen ez dugun bitartean ez dugu lortuko malda berdintzea, baina gu ere bagoaz goitibeheran, gu gara egunero ikastetxeetan erreforma irensten eta aplikatzen ari garenak. Saia gintezke goitibeherarentzat freno-sistema eraginkor bat prestatzen, edo, zergatik ez, gutako askok amesten dugun kalitatezko hezkuntza unibertsal baterantz bidea egingo duen motorra diseinatzen.
Eman diezaiogun bide kalitatezko hezkuntzaren inguruko hausnarketari eta eztabaidari. Horretan saiatuko gara EHKStik hainbat hiriburutan antolatu ditugun hitzaldietan.