Hasieran, esperantzagarria eman dezake Goya sarietan hainbat aldarri entzuteak. Carolina Yustek alokairuen garestitzea salatu eta "etxebizitza duina izateko eskubidea" aldarrikatu du sari banaketan, eta Luis Tosarrek palestinarren kontrako sarraskia eta Donald Trumpen izu-politikak gaitzetsi ditu. Aupa haiek. Harik eta konturatzen zaren arte zein filmetan parte hartu duten bi aktoreek eta zein rol bete duten: La Infiltrada-ko protagonistak dira, eta Espainiako Poliziako agente biren larruan jarri dira pelikulan.
La Infiltrada izan da, hain justu, Goya sarietan gehien txalotutako lanetako bat. Espainiako Barne Ministerioaren aginduz infiltratutako hainbat poliziaren kasuak argitara atera diren une berean, sekulako oihartzuna eman diote pelikula horri, fikziotik gutxi duen agertoki politiko batean eragiteko. Izan ere, ekar dezagun gogora: filmean bertan zehazten eta normalizatzen den bezala, "benetako gertakarietan oinarritutakoa" da kontatzen dena. Errealitate bat da Estatuak sistematikoki infiltratu dituela poliziak mugimendu sozialetan eta politikoetan, horiek espiatzeko, kontrolatzeko, erreprimitzeko eta makurtzeko. Eta zinemarik sarituena ere ez da gai izan modu garbian islatzeko Estatua zein puntutaraino heltzeko prest dagoen, ahalmen iraultzailea izan dezakeen mugimendu orori aurre egiteko. TV3 kateak ekoitzitako Infiltrats lanak edo Dos Cuadrados argitaletxeak hainbat militanterekin sortutako gidak (Infiltratutako polizia bat agerian uzteko eskuliburua) askoz ere modu gordinagoan erakusten baitute zein sinetsezina den infiltrazio polizialen dimentsioa, fikziozkoak diruditen muturretaraino. Parafernaliarik gabe.
Agian, Carolina Yuste ez da guztiz jakitun infiltrazioak noren kontra erabili diren: Euskal Herrian borroka armatua egin duten erakunde militante horietatik hasita, berak hain harro aldarrikatu duen "etxebizitzarako eskubidearen" alde lan egiten duten mugimendu horietaraino iritsi dira infiltrazio polizialak. Edo, beharbada, Luis Tosar ere ez da kontziente seguruenik Trump bezain faxistak izango direla berak La Infiltrada-n interpretatu dituenak bezalako polizia-buruak eta orokorrean polizia-indarrak; edo agian ez daki infiltrazio polizialak agindu dituzten eskuineko zein ezkerreko gobernu horiexek babesten eta finantzatzen dutela palestinarren kontrako sarraskia. Praktika baten eta bestearen atzean interes bertsuak edo partekatuak egon daitezkeen seinale. Ez dezagun baimendu alfonbra gorriek eta itxurazko aldarri progresistek are gehiago ezkutatzea klase-izaerako kontraesanak eta gatazkak.