AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

20 urteko kartzela-zigor eskaerei eta 56.000 euroko isun posibleei egin beharko diete aurre Lekarozko Aroztegia makroproiektu urbanistikoaren kontrako zazpi ekintzailek. Zentzu-izpi bat duen edonork ikus lezake norainoko astakeria den. Eta ez hori bakarrik: beldurtzekoa da, oinarrizko eskubide politikoen kontra, azkenaldian epaitegiek hartutako bidea. Euskal Herrian salbuespen-egoera berezia bizi izan da urte luzez, baina kasu honek ez dio erantzuten politika errepresibo horri. Ez da gatazka-foku baten kontrako politika errepresibo zehatza, politika autoritario orokorrago baten ondorio baizik.

Espero zitekeen ekintzaile horiek zigortzea desobedientziagatik, ordena publikoa asaldatzeagatik, hertsapenagatik edo legez kanpoko okupazioagatik, baina ez talde kriminal bat osatzeagatik. Ez da lehen aldia, ordea: faxismoaren kontrako taldeak, krisi klimatikoaren kontrakoak, independentista katalanak, sindikatuak edo bestelakoak ere ikertu dituzte talde kriminal modura. Estatuarentzat traba politikoa diren eta ezegonkortasuna eragin dezaketen taldeak hasi dira zigortzen kategoria horren pean, eta jauzi kualitatibo garrantzitsua da hori.

Association de malfaiteurs, Bandenbildung eta Kriminalität in Vereinigungen, Associazione mafiosa… Europako herrialde gehienetan daude tipifikatuta talde kriminalak eta antzekoak, delitu modura. Narkotrafikoari edo pertsonen salerosketari lotutako delitu larriak egiten dituzten taldeak zigortu izan dira horrela, baina azken urteotan ekintzaileak, talde politikoak eta mugimendu sozialak zigortzeko ere erabiltzen hasi dira tipifikazio hori. Esaterako, Erresuma Batuan 2015ean berritu zuten Serious Crim Act-a, eta hori baliatuta zigortu zituzten Extinction Rebellion-en protestak (bide-mozketak, desobedientzia zibila, ordena publikoko delituak,…), talde kriminal baten gisara.

Kasua entzutetsua izan zen eta Europako gainontzeko herrialdeetan ere izan zuen eraginik. 2022ko memorian, Extinction Rebellion, Futuro Vegetal eta "ekologismo erradikaleko beste talde batzuk" arrisku terroristarekin lotzeko atrebentzia izan zuen PSOEren Fiskaltzak, Mendebaldeko herrialdeen logika autoritarioaren erakusgarri. Kataluniako independentistak, "ezker muturreko" taldeak eta beste hainbat ere halaxe kategorizatzen zituen.

Estatuen biraketa autoritarioak Zigor Kodearen erreformak eta legedi geroz eta errepresiboagoak ekarri ditu. Talde kriminalei dagokienez, 2015ean aldatu zen 1995eko legea; talde kriminalen tipifikazio zabalago batekin, zigor gogorragoekin eta organo internazionalen arteko kooperazio-proposamen indartsuago batekin. Ondorioz, talde kriminalaren kategoriak antolakunde politikoak eta mugimendu sozialak barne har ditzake. Legeen interpretazio autoritarioago horrek estatu-aparatuen kontroletik kanpo antolatzen den edozein talde de facto ilegaltzat jotzeko balio dezake. Ez baitzaie manifestazio- eta adierazpen-askatasunei bakarrik erasotzen, baizik eta antolakuntzarako eskubideari berari ere bai, "antolakunde kriminal" baten parte izateagatik edo harekin kolaboratzeagatik jazarriak izan gaitezke eta.

Herrialde bakoitzak bere modura aplikatzen du lege hori, baina Europako Batzordeak argi dio "legediak homogeneizatzea eta informazio-trukea erraztea" bilatzen duela, "estatu kideek segurtasunarekiko mehatxuei modu koherentean erantzun ahal izateko"; eta, horrela, "lankidetza eta jarduera operatiboen koordinazioa errazteko" eta "lankidetza judiziala eta legeriaren eta praktika judizialen harmonizazioa hobetzeko". Horretarako, gero eta agentzia, organo eta lankidetza-politika gehiago ari dira sortzen. Europol, Eurojust eta Frontex agentziek; EJN eta SCDP bezalako marko politikoek edo COSI bezalako batzordeek, Europako herrialdeen arteko jarduera-planak koordinatzeko eta bateratzeko aukera ematen dute. Badirudi, Europako desertu politikoan, aktibistenak direnak dauzkatela jopuntuan; gaur-gaurkoz, antifaxistak eta ekologistak, besteak beste.

Estatuen plan errepresiboek langile-klasearen oinarrizko eskubideak mugatzeko eta urratzeko helburua daukate, eta horren aurka elkartasun-sareak josten jarraitu behar dugu. Manifestatzeko eta adierazteko eskubideak, eta, batez ere, antolatzeko eskubidea kosta ahala kosta defendatuko ditugu. Bihar, auzipetuekiko elkartasunez mobilizatzea dagokigu. Babes guztia haiei.

EZ DAGO IRUZKINIK