Herri Unibertsitatea, prozesu iraultzailearen palanka

2021eko martxoaren 23a

Egilea: Nadia Perez


No basta que el pensamiento impulse hacia la realización;

la misma realidad debe acercarse al pensamiento.

 

Karl Marx (1844) – Introducción para la crítica de la filosofía del derecho de Hegel[1]

 

Pasa den martxoaren 16 eta 17an 300 bat lagun bildu zituen Gasteizko kanpusean burutu zen Herri Unibertsitate Nazionalak. Aste honetan aldiz, kanpus ezberdinetako Herri Unibertsitate Lokalak izango ditugu. Gai anitzak jorratu eta formakuntza politikoan sakontzeko aukera da Herri Unibertsitateak duela hainbat urtetatik ikasle eta ikasle ez garen askori eskaintzen diguna, antolatzaileen hitzetan «EHUren unibertsitate eredua zalantzan jarri duen ekimena» izanik hau.

Aurten, berriz, berezia izan da Herri Unibertsitatearen forma bera, Covid-19ak eragindako testuingurua dela eta, ekimena aurrera ateratzeko lanean ibili diren guztien konpromisoa are nabariagoa izan delarik, osasun egoerak eskatzen dituen behar berrietara egokituz. Izaera arduratsu horren aurrean ordea, EHUren jarrera oso bestelakoa izan da, hainbat tokitan azaldu den bezala, egoerak eskatzen zuen azpiegitura gehigarriaren aurrean, errektoreordetzaren jarrera etengabeko trabak jartzean oinarritu baita, militantzia guztiz infantilizatuz eta alde bakarreko proposamen iraingarriak gauzatuz. Hala ere, ikasleek, tresna honen garrantziaz jakitun, aurrera eraman dute dinamika muga guztien gainetik eta ardura osoz.

Duela zortzi bat urte lehenengoz antolatu zen ekimen honek era berean, garapen nabaria izan du, eta hori guztiz logikoa da, Euskal Herrian eman den egoera politikoaren garapenarekin bat etorri baita. Gedar kazetako azken aurreko editorialean ondo azaldu bezala, norabide politikorik gabe umezurtz zegoen gazteriarentzat eztabaidarako abagune izan zen Herri Unibertsitatea duela zenbait urte. Eta Unibertsitate eredua bera zalantzan jartzeko funtzioa betetzen bazuen ere, hortik haratago, politikaz hausnartu eta eztabaida estrategikoak sustatzeko funtsezko erreminta izan zen. Hurrengo urteetan ere, garrantzia galtzetik urrun, formaz aldatu arren, berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du. Orain, pixkanaka sendotzen doan Mugimendu Sozialistaren urteko ekimen aipagarrienetako bat dela esatera ausartuko nintzateke, alde batetik, urte osoan zehar emandako garapen politiko zein teorikoen esposizio eta analisi kritikorako eta zentzu horretan, mugimenduaren norabide estrategiko zein taktikoaz hausnartzeko eta bestetik, irakaspen historiko zein teoriko ezberdinen lanketarako.

Aipatzekoa da Mugimendu Sozialista bezala izendatu denak bere sorreratik lanketa teorikoari behar duen garrantzia eman diola, prozesu iraultzailearen ezinbesteko momentu gisara duen beharrezkotasuna nabaria izan da, alegia. Askok duela urte batzuk «teorizistatzat» jo nahi bagintuzten ere, bere pisuz eroritako baieztapena izan da hori, jakintzagatiko jakintza horren aurkako ahalegina baita etengabe gazte eta ikasle langileen sektore horietatik abiatu dena. Hau da, burgesiaren kontsumo intelektualaren aurkako jarduna da justuki proletalgoak momentu teorikoarekin garatzen duena, bere izate soziala iraultzera bidean duen beharra baita teoria. Eta horregatik, langile klasearen eta kapitalaren arteko borroka historikoa bada ere bizi dugun sistema kapitalistan burutu behar dena, egun beharrezkoa da klase borroka langile teoriaren eta ideologia burgesen borrokan hezurmamitzea. Kasu honetan gainera, jakintza kritikoaren sortzaile behar lukeen instituzio den unibertsitateari zuzenean kontrajartzen zaio subjektibitate iraultzailearen eraikuntza xede duen proposamena.

Proletalgoak teoriaren ezinbestekotasuna dauka bere izate historikoa -errealitate sozialean duen posizio objektiboa- ezagutu eta hori gainditzeko forma eraginkorrena garatu ahal izateko. Hau da, teoria proletalgoaren izate sozialaren gaindipena suposatzen duen prozesu iraultzailearen momentua da. Horregatik, ezin dugu ulertu edozein prozesuren hasierako inflexio puntu bezala. Teoria konstante erreala da, klase gizarteak irauten duen bitartean funtzio zentrala betetzen duelarik. Noski, teoria langile klasearen praktika iraultzailearen arabera soilik existitzen da, borrokaren ezagutzarako tresnak eskainiz, eginbeharrak identifikatuz. Esaldi ezagun horrek dioen bezala, ez da mugimendu iraultzailerik teoria iraultzailerik gabe, baina era berean, ez da teoria iraultzailerik mugimendu iraultzailerik gabe.

Momentu teoriko horretan espazio propioa betetzen dute beraz, Herri Unibertsitatea bezalako dinamikek, non ehunka pertsonek auzi ezberdinak modu kolektiboan lantzeko aukera izaten duten. Eta bereziki interesgarria da maila kolektiboan ematen den estudio teoriko eta politikoa, norbanakoak bere mugen baitan barneratzen duenari, ateak zabaldu eta ikuspegi zein ideia berritzaileak gehitzeko aukera ematen du eta. Horri, gainera, auzi ezberdinetan espezializatu diren figura konkretuen ekarpen neurtu ezina gehitu behar zaio, jakintzagatiko jakintzak eskutik dakarren lehiakortasunerako ezaugarri izatetik aldendu eta prozesu kolektibo bati egingo dion ezinbesteko ekarpen gisa baloratuz. Horren adibide da Herri Unibertsitatean hainbat urteetan jasotako esperientzia, ikuspuntu eta eztabaidak.

Esandakoarekin argi dago estrategia iraultzaile komunistaren zabalpenerako nahitaezko bihurtu dela ekimen hau. Baina hortik haratago, funtsezkoa da Masa Alderdi Komunistaren eraikuntza helburu estrategiko gisa duten antolakunde eta espazio politiko ezberdinen militantziak estrategiaren ulermen orokortua izan dezan;  horrela azaldu zuten ere aurtengo Herri Unibertsitatean burutu zen Mugimendu Sozialista eta Alderdi Komunistaren eraikuntza hitzaldian. Egunerokotasunean bere ardura lana betetzen duen militanteak bere funtzioarekiko espezializazio teoriko eta politikoa beharrezkoa badu ere, are beharrezkoagoa da egiten duen hori osotasunaren ulerkerarekin konprenitzea. Hori dela eta, tarteka maila kolektiboan formatzeko aukera ematen duten espazio hauek, eztabaida eta lanketa estrategikorako gako bihurtu dira, baina beti ere, momentuko behar taktikoekin eta koiuntura politikoarekin lotuz lan hori. Hau da, egunerokotasunean masa espazioetan aurrera eramandako lanketa eta borroka dinamikak, aipatu hitzaldian azaldu bezala, lanketa ideologikoa dute xede, gero eta sektore zabalagoak komunismoaren beharrizanaz konbentzitzea, alegia, eta horrek, ezinbestean, helburu estrategiko horren gaineko ezagutza sakona eskatzen digu.

Ebidentzia bat da beraz, ekimen hauek garatzen ari den Mugimendu Sozialistarentzako duten garrantzia, teoria instituzio burgesetatik aldendu eta proletalgoaren proiektu iraultzailera subsumitzeko egiten duten lana itzela baita. Modu horretan, klaserik gabeko gizartea eraikitzera bidean zentrala den klase kontzientzia garatzen eta zabaltzen joateko oinarrizko bilakatzen da teoriaren garapenerako espazioa, teoria indar material bilakatzen baitu. Jarrai dezagun bada «existitzen den ororen kritika errukigabean»[2] eta Herri Unibertsitatea defendatzen.


[1] https://www.marxists.org/espanol/m-e/1844/intro-hegel.htm