Garaipen trumpistak ekarri ditu jada deportazio masibo eta indiskriminatuak. Gurean, analisiak ez dira aldatu azkeneko alditik: ezin daitekeela ulertu estatubatuarrek halako psikopata baten alde bozkatzea, ezjakinak direla... Harridura are handiagoa da, handiki errepublikanoak afroamerikarren eta latinoen artean izandako arrakastaren aurrean. Kontrara, inor ez zen harritu Obamak kolektibo horien partetik jaso zuen babesa zela eta. Obamak, zortzi urtean, laukoiztu egin zuen Trumpek denbora erdian egindako deportazio kopurua.
Izan ere, eskuin muturra izango balitz diskurtso erreakzionarioa duen bakarra, ez litzateke gai izango bere oinarritik harago hazteko. Alderdi eta antolakunde ultrak edo faxistak ez dira modu espontaneoan sortzen, baizik eta areagotzen ari den giro arrazista batean ernetzen ari dira. Horregatik da zentzugabea pentsatzea fatxen kontua bandera gorri-horia daramaten espainiarretara edo gurekin zerikusirik ez duten europarretara mugatzen dela. Ipar Euskal Herrian bertan, Le Pen nagusitu zen lehen itzulian. Baina hori alde batera utzita, egia da gainerako lurraldean posible izan dela parlamentuan eskuin muturra sartzeko aukera gelditzea, iraganeko borroka kultural bati esker eta miseria soziala arintzeko neurriei esker, gero eta kolapsatuago dauden arren: hortxe dugu Alokabide, 7.000 etxebizitzako eskaintza batekin, itxaron-zerrendan dauden 76.000 familientzat. Nabaritzen hasiak dira erdi-mailako klasearen desagerpenaren eta pobreziaren areagotzearen ondorioak, baita delinkuentzia eta biolentzia ere; eta komunikabideetan sentsazionalismoz heldu diote horri guztiari. Bien bitartean, hemen bertan, gero eta jende gehiagoren erantzuna da gainerako pertsona mortalen berbera. Auzo elkarteak edo gazte kuadrilak, pobreziari baino, ezberdintasun kulturalei egozten ari direnean biolentzia, agerian geratzen da euskaldunon immunitatean oinarritutako triunfalismoa; eta agerian geratzen da kea saltzea dela horri eustea.
Martxan da dagoeneko euskal arrazakeria modu batean edo bestean kapitalizatzeko lasterketa, edo, gutxienez, horren ondorioz babesik ez galtzeko erronka. Zure osaba "apolitikotik" hasi eta lehendakarira arte, agertoki politiko osoak jo du modako diskurtso erreakzionarioetara, bere burua justifikatzeko eta zailtasunei aterabide errazak emateko. Horietako bat bera ere ez da eskuin muturra, baina hor topa ditzakegu bozeramaile jeltzaleak laguntza publikoetatik bizi direnen mamua erabiltzen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta erreformatzeko edo zipaioak laguntzen hartzaileak jazartzera bidaltzeko; hor ditugu alkateak etxegabetzeak justifikatzen, etxejabea "betidanik hemengoa" delako eta herrian poteatzen duelako; hor dugu Polizia (udaltzainak barne) bere burua bertakoen defendatzaile modura azaltzen; hor ditugu egunkari ezkertiarrak, immigrazioa ordenatu behar den zerbait dela eta euskara hiltzen duela dioten artikuluak argitaratzen...
Gainera, zabaltzen ari dena ez da arraza batzuen nagusitasuna defendatzen duen arrazakeria klasikoa. Arrazakeria horrek bereizi egiten ditu, alde batetik, maltzurkeria hutsagatik delituak egiten dituztenak eta beraz kanporatu egin behar direnak (normalean magrebtarrak); eta, bestetik, gainerako guztiak. Beste horien guztien artean, onartu egiten dituzte, adibidez, egunean 11 orduz lan egiteko prest dauden migranteak (ahal bada, latinoak). Horri esker, errotze ezkertiarreko inguruetan ere harrera ona izan du hazten ari den erreakzioak, aitzakiatzat hartuta kanporatu egin behar direla migranteak, "bertako" langilea babesteko. Hori ez du Voxek ekarri.
Eskuin muturra, edo argi eta garbi faxistak diren gorri-horiak eta eskuadristak, borroka kultural horren guztiaren amaieran datoz, non erreakzioa lekua irabazten ari den, gobernatzen duenak gobernatzen duela. Jada galdu den borroka-kultura zen Euskal Herriari diskurtso erreakzionarioen kontrako "antigorputzak" ematen zizkiona. Eta horixe da, hain zuzen ere, larunbat honetan Bilbon eta Iruñean izango direnen moduko mobilizazioek berreskuratu nahi dutena.