Aurreko larunbatean milaka pertsona Donostiako kaleetara atera ginen higiezinen negozioaren aurka eta kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsalaren alde. Pertsona askorekin hitz egiteko aukera izan nuen: jakin-minak xaxatuta manifestazio batera lehen aldiz hurbildu zirenekin, aspaldi etxebizitza arazo larriekin Sindikatuetara iritsi eta eskuzabaltasunez jaso zuten elkartasuna itzultzeko geratu zirenekin, gaur egun mota guztietako jabeen aurkako borrokan ari diren pertsonekin... Elkarrizketa horietako batean, Sindikatuarekin banku handi baten aurkako borrokan murgilduta dagoen adineko emakume batek honako hau esan zidan: "Inork ez digu inoiz ezer oparitu, inoiz ez". Esaldi huts bat irudi lezake, gauzen ordenarekin desesperatua dagoen norbaitek errepikatzen duen makulutxo bat, baina hori baino askoz gehiago da: langile klasearen zati handi batek bere eguneroko esperientziatik ateratzen duen irakaspen politiko garrantzitsu bat da, mespretxatu edo desitxuratu beharrean, azken ondorioetaraino eraman behar duguna.
"Inork ez digu ezer oparitzen", hau da, hobekuntza oro konkista baten emaitza da, eta konkista oro antagonismo-joko batean datza. Proletalgoaren eskubide ekonomiko eta politikoen aldeko borroka interes bateraezinak aurrez aurre jartzen dituen borroka politikoa da; batek aurrera egiten badu, besteak atzera. Premisa horrek etxebizitzaren arazoan gure esku-hartzea gidatu behar duten printzipio politiko oso garrantzitsu batzuk txertatzen ditu: lehenik eta behin, ez dago interesen kontziliazio posiblerik; etxebizitzaren negozioa finantzatzea, eskaintza eskasiaren arazoa konpontzeko, eraikuntza- eta espekulazio-ziklo berri bat bultzatu nahi duten politikarien eta enpresarien enegarren tranpa da. Langile klasearentzako hobekuntza partzialak higiezinen sektorearen etekinak murriztearen eskutik baino ezin dira etorri, inoiz ez handituz. Bigarrenik, hori posible izan dadin, borroka politiko bat garatu eta antolatu behar da, bi subjektuen interes bateraezinak aurkaritzan jarriz; alde batera utzi behar dira bitarteko interesak eta enpresarien edo beren buruaren zerbitzura dauden alderdi politikoak. Eta hirugarrenik, opariak gorde egiten dira, konkistak indarrez iraunarazten diren bitartean; proletalgoaren eskubide politiko eta ekonomikoetan aurrera egitean, bere posizio politiko eta organizatiboa hobetu behar da, eta inoiz ez desmobilizatzeko aitzakia izan.
Badago zentzu komun "antipolitiko" bat langileriaren zati handi batetik, haren bizi-esperientziatik eta oraindik desagertu ez den memoria kolektibo batetik sortzen dena. Batzuek, ordea, nahiago dute intuizio hori traizionatu eta kontrako zentzuan erabili: estatu kapitalistak baimentzen duenaren mugetara murriztuz, botoetan bilduz, edo presio-lobby gisa erabiliz, beharrezkoa denean, gero "letra larriz idatzitako politika" nola egiten den begira gera dadin. A zer nolako potentzial politiko xahutua! Zenbat itxaropen traizionatu! Komunistok, ordea, ondoezetik eta mobilizatzeko beharretik sortzen diren arriskuak eta potentzialtasunak aztertzen ditugu. Mobilizazio horiei emantzipazio unibertsal baten zerumuga eman nahi diegu (kalitatezko etxebizitza doakoa eta unibertsala), horretarako behar den forma politikoa mahaigaineratzen dugu (Estatu Sozialista), helburu horiek lortzeko beharrezko estrategia (Alderdi Komunista eraikitzea eta boterea hartzea) eta horrek ezartzen dituen berehalako zereginak betetzen ahalegintzen gara (parlamentuz kanpoko mugimendu baten sorrera, bere independentzia politikoa eraikiko duena eta sozialismoaren aldeko gerra kultural zabala aurrera eramango duena). Joan den asteburuko mobilizazioek erakusten dute eremu emankorra dagoela ideia horiek zabaltzeko, batez ere gazte langileen eta proletalgoaren artean (batez ere proletalgo etorkinaren artean). Gure apustua argia da: gizartearen ezinegonaren eta etxebizitzaren aldeko mobilizazioaren ziklo honi ohiko amaiera alternatiboa ematen saiatzea; amaiera ez dadin berriz izan hobekuntza faltsuekin borroka desaktibatzea eta antolakunde erreformistak eta sozialdemokratak indartzea. Eskura ditugun indarrak jarriko ditugu hemendik antolakuntza komunista indartuta atera dadin. Eta horrekin batera, ongizate unibertsalaren eta justizia sozialaren ortzimuga gero eta imajinagarriagoa izan dadin. Orduan, konbentzimendu osoz jakingo dugu, ez soilik ez digutela ezer oparituko, baizik eta dena geurea dela.