Eskubide politikoak, gizartearen antolaketan zeresana duten auzi orokorretan parte hartzeko eskubide kolektiboen zentzuan ulertuta, guztiz mugatuta daude kapitalismoan, nagusiki, burgesiaren menderatze politikorako tresna gisa aritzen den Estatuaren bidez. Estatuan bere egituraren bitartez parte hartzeko eskubide gisa soilik daude bermatuta eskubide politikoak, edo gizarte zibilean parte hartzeko eskubide gisa (ordena sozial burgesa eta haren oinarriak ezbaian jartzen ez badira, bederen). Bi muga horietan aurkitzen da eskubide politikoak gauzatzeko aurrebaldintza: metaketaren erregimen kapitalistarekiko errespetua.
Maila juridikoan izan daitekeen berdintasun formaletik haratago, eskubide politikoak jabetzatik eratortzen dira egiaz, eta, beraz, klase-banaketa bat dago haien gauzapenean
Zentzu horretan, maila juridikoan izan daitekeen berdintasun formaletik haratago, eskubide politikoak jabetzatik eratortzen dira egiaz, eta, beraz, klase-banaketa bat dago haien gauzapenean. Oligarkiak, burgesiaren zuzendaritza frakzioa izaki, eskubide osoa du gizartea bere metaketa interes propioen arabera antolatzeko; izan ere, aberastasunaren ekoizpenerako eta banaketarako nazioarteko bitarteko nagusien jabe da, hala nola estatuen jabe. Klase ertainek, berriz, beren jabetza eta posizio pribilegiatua babesten laguntzen dieten erdibideko botere-instantzien gaineko nolabaiteko kontrola dute, besteak beste, estatu-aparatuetako parte-hartzearen bitartez. Azkenik, proletalgoak, klase desjabetu eta menperatu bezala, ez du inolako eskubide politikorik bermatuta, bere interesak lehenago aipatutako bi muga horietatik kanpo baino ezin baitira egikaritu: Estatuaren mugetatik eta ordena sozial kapitalistaren mantentzetik at.
Proletalgoaren eskubide politikoak, nagusiki, Estatuaren aparatu errepresiboen bitartez indargabetzen ditu burgesiak; aparatu horiek, aldi berean, dispositibo kultural antiproletario indartsu bezala jarduten dute. Aparatu horien artean aurkitzen dira besteak beste armada, epaileak edo Polizia, zeinak proletalgoa diziplinatzeaz eta bere emantzipazio-interes historikoak geldiarazteaz arduratzen baitira. Faxismoa ere aipa daiteke atal honetan, Estatuarentzat funtzionala eta haren menpekoa den mekanismoa baita, proletalgoaren jardun politiko independenterako baldintzei aurrez aurre eraso egiten dien heinean. Gainera, kontuan izan behar dugu krisiak edo klase menderatzaileak metaketa-ziklo berri bat berrabiarazteko duen ezintasunak hainbat aldaketa eragiten dituela gizartea gobernatzeko moduan. Hain justu, gobernatzeko modu horren ezaugarri nagusia da Estatuaren autoritarismoa indartzen dela –Estatuaren errepresio-aparatuak gogortzen dira–, eta, beraz, nabarmen okerragotzen dituela langile klasearen parte-hartze politikorako baldintzak.
Proletalgoaren eskubide politikoak, nagusiki, Estatuaren aparatu errepresiboen bitartez indargabetzen ditu burgesiak; aparatu horiek, aldi berean, dispositibo kultural antiproletario indartsu bezala jarduten dute. Aparatu horien artean aurkitzen dira besteak beste armada, epaileak edo Polizia, zeinak proletalgoa diziplinatzeaz eta bere emantzipazio-interes historikoak geldiarazteaz arduratzen baitira
Gizarte kapitalistan proletalgoak jasaten duen egiturazko bazterketa dela eta, gogoan hartu behar dugu iraultzarako eskubidea proletalgoaren eskubide politiko historikoa dela, hau da, berak sortutako aberastasun materialaren eta kulturalaren ekoizpen- eta banaketa-baldintzak bereganatzeko eskubidea duela proletalgoak, eta, halaber, klase batek beste klase baten bizkar bereganatutako onura pribatua ordezteko bide ematen dion bestelako gizarte-antolaketa bat sortzeko eskubidea, aberastasunerako sarbide unibertsala eta gizartearen antolaketaren gaineko kontrol kolektiboa oinarri izango dituena.
Hortaz, proletalgoarentzat, aldarrikatu beharreko eskubide politiko nagusia iraultza sozialistarako eskubidea da. Hala ere, aldarrikapen horrek ezin du Estatuari egin beharreko eskakizunaren forma hartu, ezin baita, jakina, kapitalismoan gauzatu; hura posible egingo duten baldintza politikoak konkistatu behar dira. Ikuspegi horretan, gauza bera dira proletalgoaren eskubide politikoak eta borrokarako dituen baldintzak, hau da, jardun iraultzailerako aukera-markoa, zeina, aldi berean, proletalgoaren momentuan momentuko indar antolatuaren emaitza baita.
Proletalgoarentzat, aldarrikatu beharreko eskubide politiko nagusia iraultza sozialistarako eskubidea da. Hala ere, aldarrikapen horrek ezin du Estatuari egin beharreko eskakizunaren forma hartu, ezin baita, jakina, kapitalismoan gauzatu; hura posible egingo duten baldintza politikoak konkistatu behar dira
Beharrezkoa da aurrera egitea borrokarako baldintza zehatzetan, hala nola antolakuntza independenterako eskubidean, protestarako eskubidean, adierazpen askatasunerako eskubidean, propaganda komunista oztoporik gabe egiteko eskubidean eta abarretan, baita eskubide horiek mugatzen edo ezabatzen dituzten mekanismo errepresiboei aurre egitea eta haiek desegitera begira lan egitea ere.
Borroka horiek ez dira mugatu behar etsaiaren legeak bere egindako eskubide juridikoen marko estura; gainditu egin behar dute marko hori iraultza sozialista gauzatzeko baldintza gero eta ugariagoen konkistaren bidean.
HEMEN ARGITARATUA