Olaf Scholzek Zeitenwende hitza bost aldiz ere erabili zuen 2022ko otsailaren 27an Bundestag-aren aurrean egin zuen hitz-hartzean. Ia hiru egunez prestatzen ibili ostean, nazioari mintzatu zitzaion belatz sozialdemokrata zaharra, eta sutsu eta irmo salatu zuen Errusiak Ukraina inbaditu izana. Scholzek egiazko Zeitenwende baten promesa egin zuen, hau da, garai-aldaketa batena, non Alemaniak Berlin-Mosku ardatza utzi eta Washington eta Bruselari baldintzarik gabe leial izatea zin egingo duen. Akaso arraroa irudituko zaie errusiarrengan eta mendebaldetarrengan zintzoak eta gaiztoak, gaiztoak eta zintzoak ikusten dituzten horiei, baina haien arteko harremanak ezin estuagoak izan dira duela gutxi arte. Baita Errusiak Estatu Batuekin dituenak ere. Baina bereziki Alemaniaren eta Errusiaren artekoak. Mendebaldearen eta Errusiaren arteko harremana da geopolitikaren munduan nagusi den oportunismoaren adibiderik argienetakoa.
Munduko merkatuan, harreman ekonomikoak bezain indartsuak dira harreman horiei eusten dieten adiskidetasun-harremanak. Kontzientzia kapitalistak errealitateari aurre egiteko duen beste forma fetitxistetako bat da esatea geopolitikan modu autonomoan ebazten direla estatuen interes hertsiki politikoak –edozein dela ere haien eskala geografikoa–. Errealitatea, ordea, bestelakoa da: nazioarteko analisirako egon daitekeen iruzurrik handiena da ekonomia eta politika elkarrengandik bereiztea. Metodo marxistaren eta historiaren ulerkera marxistaren giltzarrietako bat da interes ekonomikoek interes ekonomikoen gainetik duten nagusitasuna. Hain justu, nazioarteko politikaren arloan horrexegatik agintzen du oportunismoak. Potentziek ordezkatzen dituzten oligarkien interes ekonomikoen araberakoak dira potentzien arteko nazioarteko gatazkak, aliantzak eta bat-egiteak. Ikuspuntu horretatik, estatu sozialistarik egon ezean, ez du zentzurik bloke antiinperialisten ideiak. Funtsean, potentzia ekonomiko guztiak berdin dira kapitalistak. Esentzia kapitalista hori azaleratzeko forma aldakorra da faktore batzuen arabera (kultura, erlijioa, demografia, klima, orografia eta historia), eta argi dago faktore horiek guztiak elkarrekin hartuta bakarrik uler daitekeela potentzia bakoitza nola txertatzen den lanaren nazioarteko banaketan.
Potentziek ordezkatzen dituzten oligarkien interes ekonomikoen araberakoak dira potentzien arteko nazioarteko gatazkak, aliantzak eta bat-egiteak. Ikuspuntu horretatik, estatu sozialistarik egon ezean, ez du zentzurik bloke antiinperialisten ideiak
Ordea, garrantzitsuena zera da: ulertzea potentzia kapitalisten ekintzak metaketa-prozesu nazionalen sustapenak gidatzen dituela, hau da, haiek ordezkatzen dituzten oligarkia-taldeen interes ekonomikoak, eta ez beste ezerk. Mundu honetako justizia, senidetasuna eta aurrerabidea langileen ekintza politiko iraultzailearen fruitu dira, oro har. Oportunismoa, hortaz, potentzia kapitalisten arteko harremanen forma naturala da. Ideia hori buruan izateak berebiziko garrantzia dauka; izan ere, Brutok Julio Zesarri dion leialtasuna bezain ahula da burgesiaren interes ekonomikoen mendean dagoen oro. Oligarkiarentzat, edozein naziotakoa dela ere, baliteke gaur laguna den hori etsaia izatea bihar.
Bismarcken agintaritza uzkur eta beldurgarrian eta hark sozialismoaren kontra gauzatu zuen borrokan eraiki zen Alemania. Lubakiek eta Mauser 98aren zaratak lurperatu egin zuten Gerra Handian eta iraultzan zehar. Alemaniako klase jabedunak basakeria naziaren besoetara jaurti zuen beren burua. Gero, bereizita berpiztu zen errautsetatik, eta harresia erori ondoren bateratu zen. Geroztik, bazirudien Alemaniaren mirari ekonomiko deiturikoak egonkortasunerako zina egiten ziola historiak garaitutako herrialde bati, baina orain beste Zeitenwende batean gaude. Baina ez preseski Scholzek eman dion zentzuan.
Alemania potentzia kapitalista den neurrian, oportunismoa elementu giltzarria da haren historia berriena ulertzeko. Scholz kantzilerrak berehala abandonatu zuen otsailaren 27ko diskurtso proatlantistaren solemnitatea. Diskurtso hartan, mintzagai izan zuen garrantzi historiko agerikoa duen une bat –Zeitenwende bat–, Alemania zibilizazioaren, balioen eta Mendebaldearen interesen gotorleku moduan finkatzen zuena. Urte bat geroago, Alemania izan zen Txinako oligarkiari muga-zergak aplikatzearen kontra bozkatu zuen herrialde bakarra.
Epe laburreko Zeitenwende hori aise ulertzen da Alemaniako automobiligintza-industriaren emaitzen kontuak ikusita. Europak Txinan duen enplegatzaile nagusia da Volkswagen, eta herrialde horretan saltzen du ekoizpenaren herena baino gehiago; beraz, Txinaren eta Alemaniaren arteko harreman diplomatikoa izango da, ziurrenik, Volkswagen Taldearen lehia-abantaila garrantzitsuena. Gainera, muga-zergen eraginez, garestitu egiten dira Txinaren esportazioak; horren adibide da marka horrek ekoizpen kostuen azpitik saldu beharra Tavascan kirol-ibilgailu utilitario elektrikoa. BMW eta Mercedes enpresak –intentsitate txikiago edo handiago batean eta ñabardurak ñabadura– egoera berean daude. Ekoizle alemaniarrentzat Txina da merkaturik garrantzitsuena, ez Alemania. Salmenta-lurraldea, ekoizpen-eremua eta teknologia-hornitzailea da Txina. Hori dela eta, Olaf Scholz –Txinaren aldeko fakzioa gidatzen du SPD alderdiaren barruan– gobernatzaile ikaragarri erabilgarria izan da Alemaniako oligarkiarentzat, eta hala da oraindik ere; hain justu, oligarkia horrek bedeinkapena eman zion Hamburgeko alkate zenean, eta kantziler izan arte bultzatu du.
Hain justu, Scholzek Hamburgeko alkate kargua hartu zuenean, 2011n, Shanghaira eta Pekinera egin zituen besteak beste lehenengo bisitak, eta, jakina, ingurune horretako oligarka industrial garrantzitsuenak izan zituen aldamenean. Txinaren eta Alemaniaren arteko harreman biziak Scholz oportunista profesional gisa maniobratzera behartzen du, bai eta Alemaniaren posizioa orekatzera ere, politikoki mendebaldetarra izanagatik ekoizpenean ekialdetarra den neurrian. Horra hor egiazko Zeitenwendea: Alemaniako kapitalismoa bere barne mugak jotzen ari da, alegia, globalizazio neoliberalaren muga horiexek berberak. Alemaniako oligarkiaren interes ekonomikoen eta Alemaniako Estatua partaide den aliantzen (EB, NATO) arteko kontraesana da koloso industriala garaiotan izaten ari den erronkarik handiena.
Alemaniako oligarkiaren interes ekonomikoen eta Alemaniako Estatua partaide den aliantzen (EB, NATO) arteko kontraesana da koloso industriala garaiotan izaten ari den erronkarik handiena
Ordea, Scholz engranaje bat besterik ez da gaur egungo Alemaniaren erritmoa markatzen duen dinamika oportunista baten barrenean. Artikulu honetan aztergai izango dugu Alemaniaren mirari ekonomiko izenekoak nola konbinatzen duen nazioarteko lehia ekonomikoaren ondorioz agortzen ari den eredu industrial bat eta oportunismo politikoa, Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik bor-borka dagoena.
“ALEMANIAREN MIRARI EKONOMIKOA”
Alemaniaren mirari ekonomikoaren jatorria gerraosteko Alemanian dago, zehazki kapitalismo ordoliberalean, zeinak Alemaniako Errepublika Federalean (AEF) hartu baitzuen forma politikoa, Konrad Adenauer-en agintaldian. Herrialdea atzerritarren okupazioaren pean eta gainbeheran zegoen une hartan, Monnet eta Schuman frantziarrak ari ziren gidatzen Europako integrazio-prozesu hasiberria. Bi oligarkiek siderurgiaren sektoreko pax ekonomikoa sinatzeko balio izan zuen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoak; alemaniarren bermilitarizazio autonomorako aukerarekin lotura estua zuen pax horretan, Alemania nabarmen lehiakorragoa zen. Trukean, Mendebaldeko Alemaniak –suntsitua zuen gerrak, eta, gogora dezagun, baita mugaren beste aldeko komunismo antolatuak ere– merkatu egonkor eta kooperatibo baterako sarbidea izango zuen, zeina erraz bete baitzitekeen made in Germany produktuekin. Mendebaldeko Alemaniarentzat, Europaren integrazio-prozesua salbaguardia ekonomikoa izan zen alde batetik (eta, harekin batera, baita Marshall Plana ere, haren onuradun nagusia izan baitzen AEF) eta, beste alde batetik, baita salbaguardia politiko-militarra ere; izan ere, sakondu egiten zuen nazioarteko aitorpena Alemaniako Errepublika Demokratikoari (AED) baino lehenago Alemaniako Errepublika Federalari (AEF) emateko prozesuan, eta Adenauerrek helburu zuen “normaltasun natoista” horretara hurbilarazi baitzuen AEF –bide batez, normaltasun hori ezinbesteko baldintza zen herrialdea atzerriko indarrez desmilitarizatzeko–.
Nahiz eta Alemaniako historian aurrekaririk gabeko zientzialari-ihesa eragin zuen nazismoak, mekanikaren eta kimikaren sektoreak hazkunde handia izan zuten, begi-bistako arrazoiengatik asko sustatu baitzituen erregimenak. Besteak beste BASF, Bayer eta Hoechst enpresen bueltan antolatuta zegoen oligarkia lankidetza estuan aritu zen industria-eredu alemaniarraren txapeldunekin, hala nola Mercedes, BMW eta Volkswagenekin. Azken hori erreferentziazko auto-ekoizlea izan zen Alemania nazian. Volkswagenek hain garrantzi eta botere handia zuen Alemanian, ezen AEDren lurretan ere ekoizten baitzuen. Pixkanaka-pixkanaka, Mendebaldeko Alemaniak bere lekua egin zuen munduko merkatuan, potentzia industrial lider bilakatu zen zenbait sektoretan, Alemaniaren historian inoiz izandako hazkunde-tasa handienak izan zituen eta esportazio-eredu arrakastatsua finkatu zuen.
Errebisionismo historikoa litzateke Alemaniaren mirari ekonomikoa hauetatik bereiztea: gerraosteko konstituzionalismo liberalak ekarri zuen atzerapen politikoa, koadro naziak Mendebaldeko Alemaniako Estatuan integratzea eta komunismoa legez kanpo uztea. Gogoratu falazia baten arabera Weimarren garaiko gehiegikeria demokratikoek eman ziotela bide Hitlerren goraldiari, eta falazia hori erabili izan zela Weimarren Errepublikakoa baino demokrazia gutxiagoko konstituzio-esparru bat sortzea justifikatzeko; esparru horretan, botere ugari gobernuari eta epaileei eman zitzaizkien parlamentuaren kaltetan, eta erregimen liberal-parlamentario burgesaren kontrako ideiak publikoki adierazi eta defenditzea zuzenean debekatuta zegoen eredu liberal militante bat ezarri zen. Alemaniako klase kapitalistak beti konbinatu zituen askatasunari buruzko diskurtso oportunista eta antikomunismo sutsua. Ordea, oraingoan ez gara Estatuaren autoritarismoaz arituko.
Errebisionismo historikoa litzateke Alemaniaren mirari ekonomikoa hauetatik bereiztea: gerraosteko konstituzionalismo liberalak ekarri zuen atzerapen politikoa, koadro naziak Mendebaldeko Alemaniako Estatuan integratzea eta komunismoa legez kanpo uztea
1963an, Ludwig Erhard, ordura arte Adenauerren ekonomia-ministro izandakoa, kantziler bilakatu zen, eta CDUk bultzatzen zuen lerro ordoliberalari eutsi zion. Ordoliberalismoa Alemaniako klase menderatzailearen ideologia ofizial bihurtu zen, eta, gerora, Europar Batasuneko instituzioen diseinuan eragin handienetakoa izan zuen pentsamendu-korrontea izan zen. Merkatu librearen defentsa eztabaidaezina eta burgesiaren eskubideak politikoki babesten dituen lege-esparru indartsua –“konstituzionalismo ekonomiko” izenez ezaguna– konbinatzen zituen. Lehia eta lehiakortasun industrialera bideratuta zegoen, eta zenbait diferentzia zituen liberalismo austriarraren aldean. 70eko eta 80ko hamarkadetan, liberalismo austriarra inspirazio-iturri izan zen besteak beste Reagan eta Thatcher-en gobernuentzat, zeinak kutsu neoliberala zuten eta gerraosteko birbanaketa-esparrua ezeztatu nahi zuten. Kontrara, ordoliberalismoak ez zuen halakorik egin; are, bateragarria izan zen langile-klaseko sektore ugari politikoki eta ekonomikoki integratzearekin.
Hori horrela, Erharden Gobernuak bere burua behartuta ikusi zuen Alemaniako langile mugimenduari lan arloko zenbait eskubide ematera, Alemaniaren egungo eredu sindikalaren oinarriak ezarri zituztenak aurrerago. Kogestiorako eskubideak –botere sindikal korporatibista ematen zuen Estatu burgesaren forma politikoaren mendeko bihurtzearen truke– ikuskaritza-kontseiluetan ordezkaritza sindikala onartzera behartzen zituen tamaina jakina zuten enpresak. Kontseilu horiek eskumena dute zuzendari exekutiboak kontratatu eta kaleratzeko. Volkswagenen kasua paradigmatikoa da. Haren kontseiluan boterea duten bi familia nagusiak porschetarrak eta piëchtarrak dira, Ferdinand Porsche eta haren suhi Anton Piëchen ondorengoak, hau da, erregimen naziarentzat Volkswagenen fabrikak eraiki zituztenen ondorengoak. Jörg Hofmann da ikuskaritza-kontseiluko presidenteordea, IG Metall sindikatuko presidentea, enpresaren batzorde exekutiboan Daniela Carvallo enpresa batzordeko presidentearekin batera dagoena. Saxonia Behereko Estatuak ere badu ordezkaritza ikuskaritza-batzordean, baita Qatar Emirerriak ere (%17ko jabetza du). Munduan gobernantza-eredu keynestarra murriztearen aldeko apustua egin duen arren neoliberalismoak, Alemaniako kapitalismoaren orientazio espezifikoki ordoliberalak oraindik ere Estatuaren, Kapitalaren eta burokrazia sindikalaren arteko integrazioan bilatzen du oligarkia industrialaren botereari eusteko bitarteko bat. Erregimenaren sindikatuen oportunismoa ere elementu giltzarria da Alemaniaren mirari ekonomikoari eutsi zion ereduan.
Gobernantza interklasistako sistema horren kontrapartida “egonkortasunera eta hazkundera” bideraturiko politika fiskal eta monetarioa zen, gerora Europar Batasunaren norabidea markatu zuena. Bundesbankari buruzko 1957ko Legeak independentzia eman zion Alemaniako Banku Zentralari, eta beste edozein helbururen gainetik prezioen egonkortasuna lehenesteko agindua ezarri zuen; hala, Europako Banku Zentralaren pean Europak hartuko zuen gobernantza-esparrua gorpuztu zen.
Alemaniaren mirari ekonomikoaren dimentsio oportunista ulertzeko beste funtsezko elementu bat AEFren kanpo-politika da. Ekialdearekiko zuen politika, Ostpolitik izendaturikoa, AEF Ekialdeko Blokera hurbiltzeko politiketan oinarritu zen. Esan ohi da Willy Brandt dela Ostpolitik delakoaren aita, alegia, AEFko presidente izan zena 1969tik 1974ra. Politika hori bi Alemaniak batu zirenean bukatu zen, eta Errusiarenganako gas-mendekotasunaren problemaren oinarriak ezarri zituen, aurrerago ikusiko dugun moduan. Ordea, Errusiaren eragin-esferarekiko lankidetzaren historia askoz lehenago hasi zen, errepublikaren hasieran, hain zuzen.
1955ean, Adenauer kantziler kontserbadoreak Khrustxov hartu zuen Bonnen, AEFren eta Sobietar Batasunaren arteko harreman diplomatikoak normalizatzearren. Oportunismoaren adibide argia da Adenauerren Gobernuak ez bete izana “Hallstein doktrina”, bere Gobernuak onartua zuena. Haren bidez AEFk erabat debekatua zuen harreman diplomatikoak izatea AED aitortzen zuten estatuekin, salbuespen bakarra SESB izanik. Arrazoia begi-bistakoa da: AEFren eta SESBen arteko harremanak sobietarren eta mendebaldetarren artean antagonismo politiko egiazkorik egon zitekeelako ideia oro ukatzen zuen. Adenauerren hitzarmenen ondoren, aldebiko merkataritzaren goraldi betea hasi zen. Sobietarren petrolio- eta gas-baliabide ikaragarriak ekonomikoki aprobetxatzeko, beharrezkoa zen Alemaniako oligarkia industrialak AEFn ekoitzitako diametro handiko hodiak saltzea SESBi. Horrela sortu zen munduko petrolio-hodirik handiena, Druzhba (errusiarrez “adiskidetasuna” esan nahi du), Moskuren eta Europako gainerako herrialdeen arteko loturaren oinarriak ezartzen zituena.
1964an, Kennedyren Gobernuak enbargoa jarri zien SESBerako hodi-esportazioei. Ordea, 1969an, Willy Brandtek berriz ireki zituen Ekialdearekiko merkataritza-itunak, eta, 1970ean, SESBek akordio historiko bat sinatu zuen AEFrekin, Soyuz gas-hodi errusiarra Bavariako Estatuarekin lotuko zuena Txekiar Errepublika zeharkatuta. 1973an hasi ziren Alemaniako industria eta etxeak gas errusiarrez hornitzen, bai AEFkoak, baita AEDkoak ere, bietan aldi berean eta lehentasunik eman gabe mendebaldetarrei edo komunistei.
1973an hasi ziren Alemaniako industria eta etxeak gas errusiarrez hornitzen, bai AEFkoak, baita AEDkoak ere, bietan aldi berean eta lehentasunik eman gabe mendebaldetarrei edo komunistei
Garrantzitsua da gertakari historiko hori tentuz aztertzea, ez Alemaniaren mirari ekonomikorako ezinbesteko harreman baten hasiera ekarri zuelako, baizik eta, alde batetik higatu egiten duelako diskurtso sinplista baina hedatu bat, zeinak defendatzen baitu Estatu Batuak izan zirela Mendebaldeko botere-blokean gertatzen zen guztiaren zuzendari eta kontrolatzaile, eta, beste alde batetik, ezin hobeto ilustratzen duelako oportunismoak gobernatzen dituela nazioarteko harremanak. Interes ekonomikoak printzipio politikoak baino garrantzitsuagoak direnean, estalinista zitalak eta belatz inperialistak di-da batean bihurtzen dira elkarren aliatu eta adiskide.
Historiaren paradoxa gisara, Willy Brandtek, AEF Ekialderantz bideratzeko ahalegin handienak egin, SPDren fakzio sovietarzalearen oinarriak ezarri eta bi Alemaniak batzeko aurreneko pausoak eman zituen horrek, Stasiren erruz aurkeztu behar izan zuen dimisioa. 1953an AEDn izan zen langile-altxamenduak eragin zuen deskontrolaren ondoren, agintari-aldaketa bortitzak izan ziren, harik eta Stasik Mielke izendatu eta bete-betean asmatu zuen arte. Mielkek, Markus Wolf kanpo-zerbitzuetako haren zuzendariarekin lankidetzan, zenbait agente infiltratu zituen NATOren kuartel nagusian, eta hogei urtean baino gehiagoan lortu zuen handik materiala; halaber, Günter Gillaume agentea infiltratu zuen AEFren Gobernuan, eta horrek Willy Brandten dimisioa ekarri zuen.
Brandten postua haren defentsa-ministro izandakoak hartu zuen, Helmut Schmidtek, eta 1974tik 1982ra izan zen gobernuburu. Frantziarekin batera, Europar Kontseiluaren sorreraren bultzatzaile sutsua izan zen. 1974an sortu zuten, eta Europako hiru komunitateen arteko bileretara joaten zien estatuburuek osatzen zuten, hau da, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoan, Europako Ekonomia Erkidegoan eta Energia Atomikoaren Europako Erkidegoan parte hartzen zuten estatuburuek. Brandtek FEDER sor zedin sustatu zuen, lurralde-kohesioa handitzeko Europako funts komuna, gaur egun garrantzi handia duena. Europako Diru Sistemaren fundatzaileetako bat izan zen –euroaren aurrekaria–, eta haren agintaldian egin ziren Europako Parlamenturako lehenengo hauteskundeak. Haren ibilbide politikoak ekarpena egin zion Alemaniaren mirari ekonomikoari, Europaren integrazio-prozesua bultzatu baitzuen.
Schmidt zentsura-mozio baten bidez kargugabetu ondoren, Helmut Kohl kontserbadoreari eman zitzaion boterea. Langabeziaren, nazioarteko tentsioen, eta, oro har, krisiaren eraginen ondorioz, jendeak Kohl goratu zuen, politika antiziklikoak baztertzea eta erreforma neoliberalari bidea irekitzea hitz eman baitzuen; ordea, Alemaniaren bat-egitearen kantzilerra izateagatik da ezaguna. AEDren ekonomia sozialistaren gainbehera ulertzeko gakoetako bat 1973ko krisia da. Nahiz eta AEDra esportatzen zuen petrolioaren prezioaren zati bat diruz laguntzen zuen SESBek, sobietarren laguntza ez zen nahikoa izan munduko merkatuaren geldialdiaren eragin kaltegarriak gainditzeko, eta errepublika sozialista zorren eta mendekotasunaren zurrunbilo batean gelditu zen trabatuta, harik eta 80ko hamarkadan krisi fiskal indartsu bat gertatu zen arte. Kontraesan agerikoak egoten hasi ziren AEDren bizitza-estandarren eta lurraldearen esportazio-gaitasunen eta nazioarteko lehiaren artean; hori horrela, kanpoko maileguz hornitua izaten hasi zen AED.
AEDrako mailegu zuzenak ez ziren haren finantziazio-iturri nagusia izan, baina bai estatu gisa irauteko giltzarri. 1983an, Franz Josef Strauß antikomunista eta Pinocheten jarraitzaileak, CDU/CSUren adar gogorreneko kide eta Bavariako gobernatzaile zenak, 1.000 milioi markoko mailegu bat negoziatu zuen AEDrekin. Mailegua, besteak beste, Deutsche Bank eta Dresdner Bank bankuek finantzatu zuten, eta ekonomia sozialista salbatu eta haren kolapsoa saihestea zuen helburu; mailegu hori ez zitzaien interesatzen ez sobietarrei, ez Erich Honeckerren Politburoari, baina ezta AEFko enpresari-klaseari ere. Beste behin ere, enpresa librea negozioa egiten ari zen komunista despotekin, edo, bestela esanda, kazike kapitalistei laguntza eske zebilen Alemania sozialista. Berriz diot: ez al da oportunismoa potentzien arteko harremanetarako forma naturala?
Beste behin ere, enpresa librea negozioa egiten ari zen komunista despotekin, edo, bestela esanda, kazike kapitalistei laguntza eske zebilen Alemania sozialista. Berriz diot: ez al da oportunismoa potentzien arteko harremanetarako forma naturala?
Egoera behin betiko jasanezina bihurtu zenean, erori egin zen AED. Kohl bihurtu zen errepublika bateratu kapitalista berriko lider. Bushek, orduan AEBko presidente zenak, Alemania berehala NATOn sartzea negoziatu zuen Gorbatxovekin; une horretan, SESB ahul baino ahulago zegoen, erabat lur jota utzi baitzuten ekonomia-gainbeherak eta instituzioen zilegitasunaren galerak. Alemaniaren 1990eko bateratzeak “2+4 Ituna” eta “Hamar Puntuen Programa” izan zituen oinarrian, biak ere Kohlek aurkeztuak. Oligarkia britainiar eta frantsesak prozesu horren beldur ziren, lehen mailako lehiakide baten mehatxu gisa ikusten baitzuten Alemaniaren risorgimentoa, alegia, berpiztea. Thatcher eta Mitterrandek eszeptiko jokatu zuten bateratze-prozesuan.
Beranduago, sobietar blokearen desagerpenak erabat zabaldu zizkion Alemaniari Washingtongo Kontsentsurako ateak, eta haren ideologiaren baitan eta diru publikoaren bultzada baten ondoren, ekialdeko ehungintzaren industria huskeriaren truke jaso zuen oligarkia garaileak opari. Nahiz eta AEDko erregimena eskubide politiko mugatuen gunea zen eta haren herriak (AEFkoak bezala) geldialdi ekonomikoaren ondorioak pairatzen zituen, Alemaniako Estatu berria ekialdeko langile-klaseak mendebaldeko oligarkiaren botere politiko eta ekonomikoaren mende jarriz eraiki zen. Gaur egun, oraindik ere, garraztasunez nabari da hori bi eskualdeen arteko boto-arrakalan edo desberdintasun ekonomikoan. “Anexio” hitza injustua eta zehaztugabea da; bada, “liberazio” hitza, apologia liberala besterik ez.
Helmut Kohl 1998ra arte egon zen gobernuan. Haren agintaldian zehar, Alemaniaren mirari ekonomikoa –hau da, Estatu bateratua– finkatzeko beharrezko forma politikoa eratzeaz gain, bitartekoak ezarri ziren haren forma perfekzionatuena sortzeko: Europar Batasuna.
Helmut Kohlen agintaldian zehar, Alemaniaren mirari ekonomikoa –hau da, Estatu bateratua– finkatzeko beharrezko forma politikoa eratzeaz gain, bitartekoak ezarri ziren haren forma perfekzionatuena sortzeko: Europar Batasuna
Bi kontu dira hemen gehienbat gure interesekoak. Alde batetik, Europako herrialdeen arteko lehia irekia kontinentean kapitala metatzeko beharrak betetzeko disfuntzionala dela dioen aitorpen esplizitu eta garatuena dela Europar Batasunaren osaera-prozesua (EB bloke inperialista gisa ulertuta). Hori da EBren ideia bloke inperalista gisa. Beste alde batetik, Maastrichteko Itunaren ezarpenarekin EBko estatu kide guztiek eta Europako oligarkietako frakzio menderatzaileek ideologia ordoliberala onartu zutela. Hori da EBren ideia proiektu antiproletario gisa.
Gobernantza-esparru hori orokortzea erabateko arrakasta izan zen oligarkia europarrarentzat, baina bereziki Alemaniakoarentzat. Ordoliberalismoak lehenago konstituzionalismo ekonomiko deitu duguna sustatzen du, hau da, ekonomia eztabaida politikoa arauek gidatu behar dutela, eta ez erabaki politikoen diskrezionalitateak. Estatu kapitalistaren parte-hartze politikoko guneen eragina –dagoeneko mugatua– mugatzeko oso modu sotila da. Arrazoi teknikoengatik defizitari %3an edo zor publikoari %60an eustea politika publikoaren inguruan erabakitzeko aukera murrizteko modu ideologikoa da. Behetik, noski, zeren eta Alemaniako Estatuak berak, beharrezkoa izan denean, bere arau sakratuak hautsi baititu, beste oportunismo-ekintza lotsagabe batean.
Banku Zentralaren independentzia, forma ideologiko edo ezkutu bat baino gehiago, baieztapen argi eta zuzen bat da: guztiz onartezina da Europako oligarkiarentzat botere legegilea diru-politikaren gaien erdian sartzea. Baina sistema monetario bateratua izateak Alemaniarentzat dituen abantailak haratago doaz. 2014ko uztailean, Nazioarteko Diru Funtsak balioztatu zuen Alemaniaren truke-tasa erreala %5 eta %15 artean “debaluatuta” zegoela. Frankfurten mundu guztiak onartzen du euroak alemaniar esportazioen ezkutuko debaluazio-mekanismo gisa jokatzen duela, eta, arau-erregimen ordoliberalaren bidez, gainerako estatuei beren moneta debaluatzea eragozten du, orain euroa partekatzen baitute dibisa komun gisa. Izan ere, Alemaniak ez zuen kontu korronteko superabit bakar bat ere lortu 90eko hamarkadan.
EBren existentziak Alemaniako Estatuari gainontzeko estatuen gainetik egoteko ematen dion botere politikoa Alemaniak EBren integrazio prozesua bultzatzeko arrazoietako bat ere izan zen. Gainera, bazkideen diziplina fiskalak ekonomia liderra babesten zuen gainerakoak erreskatatu behar izatearen arriskuaren aurrean. Gogora dezagun Alemania dela EBko estaturik populatuena eta bere motor ekonomikoak blokearen BPGaren %20 baino gehiago hartzen duela. Nahiz eta Alemaniak azkenean beste ekonomia batzuk erreskatatu behar izan zituen, horrek aukera eman zion are botere handiagoko posizioa lortzeko Europar Batasunean, erabaki-eremu pribatu eta burokratikoa den horretan.
Horregatik guztiagatik, Kohlen Gobernua benetan probetxugarria izan zen Alemaniako oligarkiaren interesentzat. Baina bada bere agintaldian zerbait, Alemaniaren mirari ekonomikoa modu erabakigarrian bultzatu zuena: Gerhard Schröder-en figura. Politikari sozialdemokratak hamar urte eman zituen kontserbadoreei oposizioa egiten Saxonia Beherean, 1990ean hauteskundeak irabazteko gai izan zen arte Ernst Albrechten aurka –Von der Leyenen aita eta Kohlen aliatu politikoa–.
Hurrengo hamarkadan, Schröder-ek, gero eta posizio moderatuago batean, Neue Mitte edo Zentro Berrirantz egin zuen, Clinton eta Blairren hirugarren bideak inspiratuta: aparatu ideologiko bat, garaiko gobernantza neoliberalera egokitzen zuena sozialdemokrazia keynesiarraren programa, baina kontserbadurismotik bereizteko behar den gizarte izaerari erabat uko egin gabe. 1998an, gerra ostean CDUri hauteskunde batzuk irabazi zizkion lehen hautagaia izan zen Schröder. 2005era arte egon zen gobernuan.
Alemaniaren mirari ekonomikoari dagokionez, badira bi elementu bereziki aipagarri. Ustelkeriak Schmidt eta Kohlen Gobernuak setiatu zituen arren –funtsean, Estatu kapitalistaren formak berezkoa du ustelkeria–, Schröderrek bereziki iruzurrezkoa zen gobernatzeko modu batean sakondu zuen. Auziaren gauzarik garrantzitsuena ez da Alemaniako Estatuan kultura politiko berri bat ezarri izana. Merkelen agintaldi luzearen ondoren, esan liteke horrelakorik ez zela gertatu. Schröderrek politika egiteko moduan aldatu zena errusiarren eta alemaniarren arteko oligarkia-harremanek hartu zuten bultzada indartsua da, Alemaniaren mirari ekonomikoa eta zeharkatzen duen Zeitenwendea ulertzeko oso garrantzitsua dena.
Schröderrek ehundutako sare korporatiboek besteak beste Ruhrgas, Volkswagen eta Allianz enpresetako zuzendaritza-kontseiluetan pertsona berberak egotea lortzen zuten, non gas errusiarrak gas, kimika, automobilgintza eta finantza alorretako enpresak bateratzen baitzituen erabateko harmonian. Errusiaren eta Alemaniaren arteko lotura estuaren ondorioz, Schröderrek hainbat enpresa fusionatu zituen E.ON sortzeko, estatuko txapeldun handia energiaren arloan –prozesu hori egiteko, beharrezkoak izan ziren sektoreko enpresetako lehia-arauen ikuskatzaileei jarri zizkieten ate birakariak–. Geroago, E.ON eta BASF enpresek, Gazprom enpresa errusiarrarekin batera, zalantzarik gabeko arrakastako enpresa-partzuergo bat sortu zuten. Nord Stream AG zuen izena. German Eastern Business Association eta Steinmeier bera ere funtsezko eragileak dira Errusia eta Alemaniaren arteko aliantza ulertzeko. Ustela izatearen klixea AEDri egoztea, edo, bertsiorik arrazistenean, Europa hegoaldeko herrialdeei, gustu txarreko txantxa bat da, besterik gabe.
Geroago, E.ON eta BASF enpresek, Gazprom enpresa errusiarrarekin batera, zalantzarik gabeko arrakastako enpresa-partzuergo bat sortu zuten. Nord Stream AG zuen izena
Edonola ere, garrantzitsuena da ulertzea Schröderren Gobernuak hainbeste sendotu zuela Berlin-Mosku ardatza –hain onuragarria Alemaniako oligarkia industrialarentzat–, non Merkelen ondorengo gobernuek ez duten beste aukerarik izan Errusiako oligarkiarekin harreman estua izatea baino.
Schröderrek Alemaniaren mirari ekonomikoari egin zion bigarren ekarpen handia minijoben lan politika izan zen. Alemaniako eskulana merkatzeko asmo handiko erreforma sozioekonomikoen sorta bat zen “2010eko Agenda” –Peter Hartz automobil-industriako exekutiboak diseinatua; gogoratu Schröderri Autokanzler deitzen ziotela, autoen kantzilerra alegia–, eta, haren barruan, Schröderrek ordainsari baxuko enplegu sistema bat ezarri zuen, non langileek hilean gehienez ere 450 euroko diru-sarrerak zituzten eta salbuetsia zeuden gizarte segurantzari eta pentsio sistemari zergak ordaintzetik. Ustez igogailu sozialaren funtzioa bete eta langabezia deuseztatuko zuen eredu horrek Alemaniako proletariotzaren sektore prekarizatuenak kontratu zaborren eta pobretzearen espiral batean harrapatu zituen. Schröderrek 2005eko hauteskundeetan galdu zuen gobernua Merkelen aurka, Nord Stream AG enpresako arduradun nagusi bihurtu zen, eta, ondoren Errusiako gas sektoreko lobista.
Merkelen etorreraren ondoren, Errusiaren eta Alemaniaren arteko harreman komertzialak hazten jarraitu zuen, nahiz eta Merkelek Steinmeier eta Schröderrek baino ikuspuntu hotzagoa eta eszeptikoagoa izan. Ikusi dugunez, SPDn korrelazio handia zegoen Errusiarekiko kanpo harremanak sustatzearen eta alderdiaren barne egituran gora egitearen artean. Are gehiago, Alemania eta Errusiako oligarkiaren arteko lotura industriala hain zen indartsua, ezen alemaniarren eta errusiarren arteko aliantza politikoa elementu transbertsala bihurtu baitzen Alemaniako ordenaren alderdi guztientzat. 2012 eta 2022 artean inportatutako gas errusiarra %34,6 izatetik %54,9 izatera pasa zen. Hala ere, 2014an Errusiak Krimea anexionatu zuenean, aliantza hondatzen hasi zen. Merkelek zigor sorta bat proposatu zuen Errusiarentzat, baina SPD-CDU/CSU Koalizio Handiko eta haren enpresa inguruneko hainbat aktorek kontra egin zioten: bai lurraldeetako baroiek –bai SPDkoak, bai Merkelen beraren alderdikoak–, bai eta German Eastern Business Association-ekoek ere, zeinak garai hartan Eckhard Cordes baitzuen buru, Mercedeseko zuzendaritzako kide izandakoa. Alemaniako boterearen zati oso nabarmen batek zigorren kontrako jarrera hartu zuen.
Edonola ere, Merkelek erabakitasunez bultzatu zuen Alemaniako kanpo politikaren business-first ikuspegia. Errusiari jarritako zigorrak pantomima itxura hartu zuen gerora, gas inportazioen datuek berresten dutenez, baina ez hori bakarrik, Alemaniak Errusian egindako inbertsioa ere nabarmen hazi zen zigorren garaian: 2013an 667 milioi eurokoa izan zen, eta zigorrak aplikatu ostean, 2016an adibidez, 1.075 milioikoa. Merkelen diskurtso liberal antierrusiarra eta Putinen abertzaletasun antimendebaldarra desegiten ari ziren Veltins-Arenako palkoan: Ruhr eskualdeko Schalke 04 futbol-taldearen estadioa publizitatez bete zuen Gazpromek, ezin hobeto agerian utzita nazioarteko harreman kapitalisten oportunismo naturala.
Baina Merkelen Gobernuek nabarmen lagundu zuten Alemaniaren mirari ekonomikoaren beste protagonista handi batekin harremana sendotzen: Txinarekin. Artikuluaren abiapuntura hurbilduko gara. Estatu zentralaz gain, Alemaniako ia lander guztiek dituzte Alemania eta Txinaren arteko harreman komertzial, produktibo eta finantzarioak estutzen dituzten garapen agentziak. Hain justu, Gerhard Schröderrek berak 2001ean gogo handiz bultzatu zuen Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartzea, baina 2010eko hamarkada izan zen, zalantzarik gabe, Berlin-Pekin aliantzaren garairik oparoena.
Merkel Txinako Alderdi Komunistaren eta Alemaniako Estatuaren arteko harreman politikoen sortzaile handienetako bat izan zen. 12 aldiz bisitatu zuen Txina kantziler izan zen denboran, zeina Europako beste lider batzuekin alderatuta kopuru nabarmen handia baita. Merkelek Xi-rekin lan egin zuen merkataritza loturak sendotzeko, hainbesteraino non, haren agintaldian, Alemaniako bazkide komertzial nagusia bihurtu baitzen Txina. Dagoeneko esan dugu Scholz, 2021ean Merkelen lekua hartu zuena, ez zegoela Errusiaren aldeko taldean SPDren barnean, baina bai Txinaren aldekoan, eta horrek bien arteko jarraipena markatu zuen. Txinako burokratek tentu eta begirune handiz tratatu zuten Scholz Hamburgeko alkate zenetik. Etorkizuneko kantzilerra ikusten zuren euren aurrean.
Merkel Txinako Alderdi Komunistaren eta Alemaniako Estatuaren arteko harreman politikoen sortzaile handienetako bat izan zen
2007an, Alemaniako Industriaren Asia eta Ozeano Bareko Batzordeko lehendakariak Alemanian orokortutako iritzi bat adierazi zuen: Txina aukera bat zela, eta ez mehatxu bat. Baina 2019an Europar Batasunak Txina “arerio sistemiko” izendatu zuen. Ikus dezagun zer gertatu zen eta zer inplikazio dituen Alemaniaren mirari ekonomikoak aurre egin behar dion Zeitenwende edo garai-aldaketarentzat.
Alemaniari 2008 eta 2015 artean Mendebaldeko mundua kolpatu zuen shock finantzario izugarriaren ondorioz piztu zitzaion Txinako oligarkiarekiko afinitate handia. Euroguneko krisiaren ondorioz, euroaren balioak lurra jo zuen, eta horrek esportazioen debaluazio nominala ekarri, eta bultzada handia eman zion haren eredu ekonomikoari. Gainera, Europa hegoaldeko krisi fiskalaren testuinguruan, Alemaniako Estatua gune seguru bihurtu zen inbertitzaileentzat, eta hamar urterako bonu alemaniarra, Bund izenekoa, Europako erreferentzia bihurtu zen. Horrek Txinari aukera eman zion dolarren menpeko erreserbak dibertsifikatzeko eta bere superabitak Alemaniako zorra finantzatuz bideratzeko. EBZren diru-politika hedakorrak beherantz bultzatu zituen interes-tasak –horrek are gehiago bultzatu zituen enpresa-kredituak–, Alemaniako Estatua finantzatu zuen era zabalean eta kolapsotik salbatu zuen Alemaniari etekin handiak ateratzeko balio zion merkataritza-finantza sistema bat. Osagai guztiak mahai gainean zeuden: lurzoruengatiko interes tasak, soldata lehiakorrak, superabit komertzial handiak, truke-tasa debaluatua eta Estatu indartsu bat. Alemaniako oligarkiak testuinguru aproposa aurkitu zuen txinatar esplotatzaileekin elkartzeko.
Ekialdean, Txina gune ezin probetxugarriagoa zen eskala handiagoan erreproduzitzeko Alemaniaren mirari ekonomikoaren bi zutabeak: ekoizpena eta esportazioa. Lankidetzarako eredu hauxe jarraitzen zuten. Txinak Alemaniako enpresei exijitzen zien know-how industriala partekatzeko, Alemaniako eta Txinako enpresen artean joint-ventures direlakoen sorrera baimentzearen truke. Munduko kontsumo eremu zabalenetako (eta merkeenetako) batean ekoiztea eta saltzea apustu ukaezina zen alemaniar ekoizleentzat. Hala ere, Berlin lo zegoen bitartean, Txina industria sortzen ari zen hutsetik. Industria-teknikak kopiatu, merkatuan hutsunea detektatu, eta software teknologia garatu zuen; bateria-ekoizle nagusi gisa kokatu zen, eta tokia erabat kendu zien alemaniar ekoizleei. Auto elektrikoa ez da beste ezaugarri batzuk dituen errekuntza-autoa, teknologikoki askoz ere aurreratuagoa den beste produktu bat da, prestazio gehiago dituena eta, batez ere, eskulan gutxiagorekin ekoitzi daitekeena. Gainera, Txinako oligarkiak hornikuntza-kate osoan inbertitu zuen: izan lur arraro eta imanetan, izan litioaren munduko merkatua bereganatzeko ahaleginetan, eta baita produktuan ere, behinola alemanek errekuntza-autoarekin egiten zuten bezala.
Txinako oligarkia esportazio eredu lehiakorragoa eta teknologikoki hobea eraikitzeko oinarriak ezartzen joan zen, eta, bitartean, Alemaniako oligarkiak, gasez eta eskulan merkez gainezka, ezin izan zuen errekuntzatik haratago beste ezer ikusi. Hala, automobilgintzaren merkatuan, Alemaniaren merkataritza-gotorleku nagusi izandakoan, Txinak ordezkatu du Alemania. Gaur egun, Asiako errepublikan gehien saltzen diren lehen hamar autoen artean ez dago auto alemaniar bakar bat ere. Txinak automobilgintzan izandako aurrerapen teknologikoagatik gertatu da hori, eta auto elektrikoen osagaietan lehiatzeko duen abantailari esker, bai, baina Txinako eredu ekonomikoaren egiturazko faktoreen ondorioa ere bada.
Txinako oligarkia esportazio eredu lehiakorragoa eta teknologikoki hobea eraikitzeko oinarriak ezartzen joan zen, eta, bitartean, Alemaniako oligarkiak, gasez eta eskulan merkez gainezka, ezin izan zuen errekuntzatik haratago beste ezer ikusi
Txinan, kontsumoaren pisua erlatiboki oso txikia da ekonomian; beraz, ondasunen eskarian eragin handia du prezioak. Txinako langileen aurrezki tasak oso altuak dira; izan ere, gizarte segurantzako sistemak ez ditu langileen osasun behar asko asetzen, pentsioak ez dira nahikoa izaten eta orokorrean soldata-maila baxua da. Horri esker, Txinak, ekoizpen gune gisa, lehia-abantailak ditu beste batzuekin alderatuta, hau da, proletariotza industrialaren miseria ekonomikoa orain arazo bat da Alemaniako oligarkiarentzat. Lehenik eta behin, Txinako ekoizleek teknologikoki ere aurrera egin dutenez, abantaila bera dutelako orain, eta, ondorioz, desagertu egiten delako abantaila hori. Bigarrenik, Txinak automobilgintzaren merkatuko segmenturik merkeenak okupatu dituelako, masiboki soldata baxuetara kondenatutako eta Estatuaren babesik gabeko langile klaseak betetzen dituenak.
Automobilgintzaren kasua nahikoa ez balitz, oro har, bi potentzien arteko harreman komertziala kaltegarria da Alemaniarentzat. Txina da Alemaniako ondasun eta zerbitzuen erosle nagusia (192.000 milioi euro), eta Errepublika Federala, aldiz, haren laugarren helmuga da esportazioetan (107.000 milioi euro). Gainera, Alemaniako enpresa txiki eta ertainak Txinaren mende daude erabat, enpresen erabilerarako produktu ugari behar baitituzte, hala nola elektronikoak, lur arraroak (%98), eguzki-panelak (%87), imanak, bateriak eta hainbat produktu kimiko, baina baita kontsumorako ondasunak ere, hala nola ordenagailu eramangarriak (%80) edo sakelako telefonoak (%70). Alemania neurri handiagoan bihurtu da Txinaren mendeko alderantziz baino. Alemaniako konpainia askok eta askok Txinari lotuta jarraitzea beste aukerarik ez dute.
Ukrainaren inbasioak eta Nord Stream gasbideen sabotajeak Alemaniak nazioarteko ordena kapitalistan zuen posizioa birpentsatzea ekarri zuen. Baina Estatu Batuek Txinari jarritako zigorrak erronka handiagoa izan ziren. Trumpen lehen Gobernuak Txinako sektore teknologikoaren aurkako zigorrak ezarri zituen arren, Bidenek erreleboa hartu eta gogor zigortu zituen Huawei eta SMIC. Alemaniako konektagarritasun azpiegitura penagarria da, eta, 5Ga eta nahitaezko beste teknologia batzuk ezartzeko, Huaweiren lankidetzaren mende zegoen erabat, botere globalaren posizioa bermatuko bazuen. Hala ere, erronka egiturazkoa da, ez soilik teknologikoa.
Talde txinatarrek koloso industrialak erosi izanak, Kuka edo Aixtron esaterako, errezeloa sortu zuen Berlinen 2016an. Txinan kokatutako enpresa alemaniarren informazioa gero eta gehiago kontrolatzeko Xiren maniobrek benetan larriarazi zuten Alemaniako Gobernua, harik eta 2019an, Macronek Alemania konbentzitu zuen arte, esan bezala, Txina “arerio sistemiko” izendatzeko. Hala ere, urtebete geroago, Merkelek berak EB-Txina goi-bilera antolatu zuen Leipzigen, beligerantzia europazaleari kontrapisua egiteko. Txinari ezarritako tarifa eta zigorrak onartezinak dira Alemaniarentzat, artikuluan azaltzen ari garen guztiagatik, hau da, Alemaniak lanaren nazioarteko banaketan duen posizioagatik. Scholzi gertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaion Merkeli: Txinarekiko mendekotasun ekonomikoak harrapatuta, atzera bota behar izan zuen bere blokeak Txinaren kontra erakutsitako lehia politikoa.
Alemania atzeraldian egon da azken bi urteetan. 2023an, haren BPGa %0,3 murriztu zen, eta jarraian gehiago egin zuen behera: 2024an, % 0,2. Eta horrela iritsi gara berriro ere Alemaniako kapitalismoak aurrez aurre duen benetako Zeitenwendera. Egia da beste potentzia batek haren hazkunde eredu bera aplikatzea erabaki duela –esportazioetara bideratutakoa, alegia–, maila globalean balantza komertzialek batura zero den joko batean diharduten mundu honetan. Baina, egoera horretan ere, Txina Alemaniaren aliatu ekonomikoa da.
Datozen urteetan bi potentzien arteko merkataritza-oreka berregokituko balitz, Txina arazo izatetik irtenbide izatera pasa liteke. Alemaniako oligarkiak mantendu egingo luke Txinan duen produkzioa, Alemanian lantegiak itxiko lituzke behar izanez gero, automobilgintza-merkatuko segmenturik garestiena hartuko luke eta Txinako ekoizleei ekoizpen-lerro merkeenak emango lizkieke. Konponbide oligarkikoaren B aldea, noski, kaleratze masiboak eta soldata-jaitsierak dira, eta onartzea Estatuak diru-kutxa publikoetatik gero eta diru gehiago bideratu beharko duela Alemaniako oligarkia nazioarteko merkatuan birkokatzeko. Nire iritzia honakoa da: proletariotzaren aurkako ofentsiba ekonomikoa areagotu eta, beharrezkoa balitz, alemaniarren eskubide politikoak are gehiago murriztuz gero, Alemaniaren mirari ekonomikoak biziraun lezakeela.
Konponbide oligarkikoaren B aldea, noski, kaleratze masiboak eta soldata-jaitsierak dira, eta onartzea Estatuak diru-kutxa publikoetatik gero eta diru gehiago bideratu beharko duela Alemaniako oligarkia nazioarteko merkatuan birkokatzeko
Dena den, 1945etik aurrera Alemania –mendebaldetik hasita– integratu zuen bloke politikoaren liderra den potentziak etsai estrategiko nagusitzat jo du Txina. Egia da Europan potentzia gehienek harreman anbiguoa dutela Txinarekiko, lankidetza eta lehia uztartzen dituena. Era berean, Estatu Batuak ere, alderdi militarraz gain, lehen mailako bazkide komertziala dira. Baina errealitatea da aspaldi honetan gero eta argiago ikusten direla interes-desberdintasunak estatubatuarren eta europarren –eta batez ere alemaniarren– artean.
Baina errealitatea da aspaldi honetan gero eta argiago ikusten direla interes-desberdintasunak estatubatuarren eta europarren –eta batez ere alemaniarren– artean
Alemaniako kapitalismoaren bi zutabeak, hau da, Mendebaldearen nagusitasun politikoa eta Ekialdearen elkarlan ekonomikoa, pixkanaka ahultzen ari dira. Alemaniari bi mundu horietatik etekina ateratzeko aukera ematen zioten gune gris estrategikoak jada ez dira existitzen. Interes ekonomikoen eta leialtasun politikoaren arteko tentsioa gero eta handiagoa den Zeitenwende honetan, Alemaniako oligarkia aukeratu beharrean dago.
HEMEN ARGITARATUA