Hiru lantegiren itxiera eta %10eko soldata murrizketa Volkswagenen, 11.000 kaleratze 2030. urterako Thyssenkrupp siderurgikoan, 7.000 kaleratze Evonik Industries enpresa kimikoan, 5.000 kaleratze baino gehiago Boschen, 5.000 Siemensen, 3.500 langileren berregituraketa Deutsche Banken, 3.000 kaleratze Ford alemaniarrean, 4.000 inguru Audin, 3.500 Continental pneumatiko markan… eta hori guztia Alemaniako Gobernuko hiruko koalizioaren amaiera tarteko.
Honezkero, inor ez litzateke harritu behar Alemaniako ekonomia krisian dagoela esaten badugu. Hainbat hamarkadatan “Europako lokomotorra” izan denak, gaur egun bere hazkunde ekonomiko ereduaren egiturazko krisi bati aurre egin behar dio. Alemaniako eredu ekonomikoak hazten jarraitzeko muga handiak ditu: ekonomia atzeraldian dago bigarren urtez jarraian, ekoizpen industrialeko indizeak minimoetan daude eta esportazioek beherakada handia jasan dute.
Duela aste gutxi, “Nafarroa kontinente bat da: krisi industriala eta klase-borroka” testuan –Gedarren webgunean dago eskuragarri–, Dani Askunzek fenomeno ekonomiko konkretuak ekonomia global kapitalistaren eta bere garapen legeen parametroen barnean aztertzeko beharra erakutsi zuen. Pertsonalki, gai honen garrantzia azpimarratu besterik ezin dut egin. Azken finean, hain integratuta dagoen mundu mailako merkatu batean, zeina balioaren legearen lanaren nazioarteko banaketak gidatzen duen, metaketa globalaren garapenaren legeek hartzen duten forma lokalizatua baino ez dira ekonomia nazionalen krisiak.
Alemaniako eredu ekonomikoak hazten jarraitzeko muga handiak ditu: ekonomia atzeraldian dago bigarren urtez jarraian, ekoizpen industrialeko indizeak minimoetan daude eta esportazioek beherakada handia jasan dute
Alemaniako ekonomiaren ezaugarri nagusia manufaktura-ekoizpeneko ekonomia intentsiboa izatea da eta, hein handi batean, kanpo merkataritzara bideratuta dago. Bere gaitasun teknologikoari eta industria handiari esker, munduko laugarren ekonomia handiena izan da AEB, Txina eta Japoniaren atzetik. 1940ko hamarkada bukaeran –Bigarren Mundu Gerra ostean– hasi zen Alemaniako ekonomia gaur arte iraun duen ereduaren oinarriak ezartzen. Marshall Planak, markoa gerraosteko inflazioa kontrolatzeko legezko txanpon berri bezala ezartzeak eta azpiegituraren berreraikuntza handiak ahalbidetu zuten, besteak beste, (mendebaldeko) Alemania munduko ekonomia kapitalista indartsuenetarikoa bihurtzea hurrengo hamarkadetan. Garai hartan hasi zen, halaber, gaur egun bere jarduera nagusiak izaten jarraitzen dutenak garatzen: ibilgailu industria, industria kimikoa eta manufakturan espezializatutako ingeniaritza. Baina, batez ere, gerraosteko susperraldia eta “Alemaniaren mirari ekonomikoa” oso lotuta egon ziren haren gaitasun esportatzailearekin; eta hori ezin da azaldu Europaren integrazio prozesua aintzat hartu gabe.
KANPO HARREMANAK ETA EUROPAREN INTEGRAZIO PROZESUA
Bistan da ekonomia batek munduko ekonomian duen posizioa funtsezkoa dela haren izaera ulertzeko. Beste era batera esanda, ezin da ekonomia bat aztertu munduko gainerako herrialdeekin dituen merkataritza-harremanak kontuan hartu gabe. Munduko edozein ekonomiari aplika dakioken baieztapen horrek garrantzi berezia du Alemaniaren kasuan.
1957an Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE) sortu izana –geroagoko Europar Batasuna eratzeko oinarriak jarri zituen hitzarmena– oso garrantzitsua izan zen Alemaniako garapen ekonomikorako. Merkatu komun bat eta aduana-batasuna ezarri zituen erkidego haren bidez, estatu kideek elkarren artean produktuak esportatu eta inportatzeko aukera lortu zuten, merkataritzarako muga-zerga edo traba oro saihestuz. Jakina, horrek ekonomia esportatzaileei –Alemaniari, kasu– egin zien mesede, euren merkantziak kanpoan kokatzea erraztu baitzien. Makinak eta automobilak egiteko zuten abantaila teknologikoa zela eta, Alemania Europako ekonomia esportatzaile nagusia bihurtu zen.
Gainera, Europan merkatu bakarra izateak kapitalen mugikortasun askea ere ekarri zuen. Horrekin batera, Alemaniako punta-puntako enpresek –Volkswagen, BMW, Mercedes-Benz, Bayer, Siemens, Philips, etab.– inbertsio kantitate handiak jaso zituzten kanpotik eta, horri esker, garaiko kapital industrial handi bihurtu ziren. Hala, Alemaniako jarduera ekonomikoak hazkunde jarraitua izan zuen urteetan zehar, 1973ko petrolioaren krisi osteko urteetan izan ezik; krisi hark energiaren prezioen hazkunde handia ekarri zuen, bai eta mendebaldeko eta ekialdeko Alemaniaren ekonomien integrazioa ere.
Bestalde, Alemaniari ez dio Europaren integrazio prozesuak soilik egin mesede: globalizazio ekonomikoaren prozesua ere –harreman kapitalistak planeta osoan hedatzea eta munduko lurralde zabalak mundu mailako merkatu berean integratzea ekarri zituena– erabat onuragarria izan zen bere ekonomiarentzat. Izan ere, globalizazioa karakterizatu duten bi elementu nagusi izan dira gutxi garatutako ekonomia handiak zirkuitu ekonomiko globaletan txertatzea, eta muga-zergak murriztea zein nazioarteko merkataritza liberalizatzea.
Hala, 1980eko hamarkada bukaeratik industrializazio prozesu berantiar bat bizi zuten ekonomiek –batez ere Asiako hego-ekialdean eta Europa ekialdean– ehun industrial bat osatzeko makinak eta bestelako ekipamendu ondasunak behar zituzten. Alemaniako kapital industrialak egoera horri etekina ateratzen eta kapitalismoaren lasterketan postuak aurreratzen jakin zuen, hornitzaile nagusi moduan kokatuz. Hala, Alemaniako ekonomia munduko automobilen esportatzaile handiena bihurtu zen, batetik, eta garapen bidean zeuden herrialdeentzako ekipamendu industrialen hornitzaile nagusi gisa ezarri zen, bestetik.
Bestalde, Europar Batasunaren eta haren erakunde guztien sorrera izugarri onuragarria izan da Alemaniarentzat eta Europan zein mundu mailan duen posizioarentzat; izan ere, Europarako moneta bakarra –euroa– ezartzeak mesede handia egin baitzien Alemaniak EBko kideekin zituen merkataritza-transakzioei. Sinpleago esanda, bi ekonomia desberdinek moneta bera badarabilte, kanbio fluktuazioak saihesten dira eta transakzioak sinplifikatu eta merkatzen dira. Modu horretan, Alemaniak errazago salerosi zuen euroguneko gainerako herrialdeekin, eta horrek haren merkataritza-harremanak sendotu zuen, bai eta nazioarteko merkataritzan zuen posizioa are gehiago indartu ere. Hala, Alemaniako ekonomiak bere merkataritza-balantzan superabit handiak metatu ditu urteetan zehar –horrek esan nahi du bere esportazioak inportazioak baino dezente handiagoak izan direla–, eta horien artean nabarmentzekoak dira 2016., 2017. eta 2018. urteak, 250 mila milioi euro baino gehiagoko superabitak lortu baitzituen urte horietan –bere BPGaren %7 baino gehiago–. Zenbait urte lehenago, lehenengoz 2007an, Alemaniako esportazioek Estatu Batuetako ekonomiarenak gainditu zituzten termino absolutuetan –azken hori munduko ekonomia handiena da–. Horrek bitxia den chauvinismo ekonomiko orokortu bat eragin zuen, halako moldez non agintari eta kazetari alemaniarrek euren ekonomiaz hitz egiten zuten, pozik eta harrokeria zantzu batez, Exportweltmeister hitza erabilita, zeinak “esportazioen mundu mailako irabazlea” esan nahi duen gutxi gorabehera.
Europar Batasunaren eta bere erakunde guztien sorrera izugarri onuragarria izan da Alemaniarentzat eta Europan zein mundu mailan duen posizioarentzat, izan ere, Europako moneta bakarra –euroa– ezartzeak mesede handia egin zien Alemaniak EBko kideekin zituen merkataritza-transakzioei
Hala ere, eurogunearen eta Europar Batasunaren bidezko Europaren integrazio prozesuaren elementu garrantzitsuena Alemaniak Kontinente Zaharrean zuen eragin politikoa indartu zuela izan zen. Izan ere, Europako ekonomia handieneko eragile politikoek paper garrantzitsua dute EBko politika ekonomiko eta monetarioetan eta haren norabide estrategikoan. Esate baterako, Alemaniako agintari politikoen presioek eta influentzia-gaitasunak indartsuki eragin zuten 2009. eta 2014. artean, krisi finantzarioari erantzuteko europar erakundeek ezarritako politiketan. Era horretan, sortu zenetik, euroguneak debaluatuta mantendu du alemaniar euroa beste dibisekin alderatuta –Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) hainbatetan kalkulatu zuen euroa %5 eta %15 artean debaluatuta zegoela Alemaniarentzat–. Izan ere, eurogunearen barruan dibisa bera partekatzen den arren, soldata, prezio eta lehiakortasun maila ezberdinak daude eta, horren eraginez, moneta bera gainbaloratuta egon daiteke lurralde batzuetan, beste batzuetan debaluatuta dagoen bitartean. Nola ez, horrek ez ditu ondorio berak denentzat: mesede egiten die herrialde esportatzaile aberatsenetako kapitalei, beren esportazioak handitu ditzaketelako –Alemania, Herbehereak eta Belgika, besteak beste–, eta, aldiz, oztopatu egiten ditu Europa hegoaldeko ekonomiak –bereziki Portugal, Italia, Grezia eta Espainia–.
Nolanahi ere, badirudi Alemaniari eta Europaren zati handi bati euren posizio inperialista mantentzea eta Hegoalde Globaleko langileen esplotaziotik errenta-transferentzia jasotzea ahalbidetu dien eredu hau amaitzen ari dela.
ALEMANIAKO KRISIAREN EGITURAZKO KAUSAK
Alemaniako krisia hainbat arrazoiren baturaren ondorio den arren, Txinak potentzia industrial gisa izan duen hazkundea faktore bereziki garrantzitsua da. Asiako erraldoia, balio erantsi txikiko manufaktura-ekoizpenean ardaztutako ekonomia bat izatetik urrun, munduko potentzia industrial eta teknologiko nagusi bihurtu da. Hala, oso denbora gutxian Alemaniari lekua kendu dio esportazio industrialen munduko lider moduan. Ikerkuntzan eta garapen teknologikoan egindako apustu sendo baten ondorioz, duela jada zenbait urte, Txina da patente gehien erregistratzen dituen herrialdea, Estatu Batuek –bere lehiakiderik behinena– halako hiru erregistratu baititu. Garapen teknologikoan duen gaitasun handiari esker, Txina potentzia nagusi bilakatu da abangoardiako industrietan, hala nola telekomunikazio sistema modernoetan, batez ere 5G sareetan; robotikan eta automatizazioan; energia berriztagarrian; meatzaritzan; elektronika integratuan eta automozioan.
Era berean, Alemania –eta Erdialdeko Europako zati handi bat– beherakada handia jasaten ari da nazioartean lehiatzeko duen gaitasunari dagokionez, neurri handi batean, kostuen gorakada dela eta. Erdialdeko Europak energia-kostuen gorakada handia izan du 2022tik aurrera eta hori funtsezkoa da ekoizpenean energia-hornidura handia behar duten industrientzat. Gai zentrala da: Europako Batzordearen arabera, Europako energia elektrikoaren batez besteko kostua Txinakoa eta AEBkoa baino %150 handiagoa izan zen 2023 erdialdera. Europa energia inportatzaile netoa izan da urtez urte, bere ekoizpen gaitasuna ez baita bere eskaria asetzeko bestekoa. Kontrara, Txinak, energia berriztagarriei dagokienez potentzia bat denak, inbertsio ikaragarria egin du estatalki zentralizatutako politika industrialen bidez, energia elektriko merkea lortzeko helburuarekin. Gas naturalaren prezioari dagokionez, Nord Stream 2ren leherketa tarteko, Europaren eta Txinaren arteko aldea %345 handiagoa zen 2023 erdialdera. Izan ere, Txinak izugarri handitu du gasaren erabilera azken hamarkadetan eta baliabide hori merke lor dezake Errusia, Saudi Arabia eta antzeko herrialde hornitzaileekin duen lehentasunezko tratuagatik. Bien bitartean, Draghi Txostenaren arabera, Alemaniako energia-kostuak %30 igo dira urte eta erdian.
Europako Batzordearen arabera, Europako energia elektrikoaren batez besteko kostua Txinakoa eta AEBkoa baino %150 handiagoa izan zen 2023 erdialdera
Bestalde, ezberdintasun handiak daude soldata mailan ere. Alemaniako manufakturako langile batek batez beste 34.500 € inguru irabazten ditu eta, bitartean, Txinako batek –azken bi hamarkadetan soldata maila asko igo bada ere, nahiz eta izan duten produktibitate mailaren igoera baino txikiagoa izan igoera hori– 13.000 € irabazten ditu batez beste; hau da, ia herena. Historikoki, ekonomia zentralek soldata-ezberdintasun horiek eta beste kostu batzuei dagozkienak probestu izan dituzte periferiako langile klasea gainesplotatuz balio transferentziak lortzeko, kapitalaren nazioarteko mugikortasunaren eta nazioarteko lan banaketaren bidez.
Baina, gainera, Txinak industria-ondasun askoren ekoizpen katearen fase gehienen kontrol eraginkorra bereganatzea lortu du, hala nola erdieroale, bateria elektriko eta automobilenak. Bere autonomia estrategikoan aurrera egiteko helburuarekin eta epe luzerako industria-politika zehatz baten ondorioz, industria-eraldaketari lotutako metal estrategiko gehienak –litioa, kobaltoa, neodimioa, grafitoa, lur arraroak– erauzteko eta fintzeko gaitasuna ziurtatu du . Bateria elektrikoen ekoizlerik handiena ere bada, alde handiarekin.
Epe luzerako industria-politika zehatz baten ondorioz, industria-eraldaketari lotutako metal estrategiko gehienak –litioa, kobaltoa, neodimioa, grafitoa, lur arraroak– erauzteko eta fintzeko gaitasuna ziurtatu du Txinak
Horrez gain, azpimarragarria da EBko industria-erregulazioak gogorki kritikatu dituztela burokratikoegiak izateagatik eta estatu kideen artean homogeneizazio txikia egoteagatik. 2025eko urtarril bukaeran, ia xehetasunik eman gabe, Europako Batzordeko presidenteordeak iradoki zuen Europako auto elektrikoen eskaria bultzatu behar zela kontinente mailako dirulaguntza-tresna baten bidez. Bestalde, testu hau idaztean –hauteskundeen emaitzen zain egonik– Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak laguntza zuzenak eskatu zituen Alemanian ekoitzitako auto elektrikoentzat. Ikusteke dago zertan datzan izaera protekzionistako politika horien azken diseinua. Egia da, oraingoz, kritika eta ziurgabetasun artean, Europako Itun Berdeak 2035erako errekuntza-motorrak dituzten autoak saltzeko debekuari eusten diola. Ikusi egin beharko da zertan geratzen den. Bien bitartean, Txinako industriak ingurumen erregulazio bigunagoak probesten ditu eta lehentasunezko sektoreek finantza baliabideen transferentzia zuzenak jasotzen dituzte banku eta inbertsio funts estatalen bidez.
Faktore horien guztien ondorioz, Alemaniak potentzia industrial gisara zeuzkan lehiakortasuna eta esportazio gaitasuna larriki murriztu dira. Hain zuzen ere, Txina bera izan da hamarkada bat baino gehiagoz, 2020ra arte, Alemaniako automobilen esportazio handienak jaso dituena. Pandemia aurretik, Alemaniako autoek Txinako automobil salmenta osoaren %25 hartzen zuten; hau da, urtean 4 milioi autobaino zertxobait gehiago. Gaur egun, merkatu kuota erdira jaitsi zaio eta epe laburrean kopuru hori asko murriztea espero da. Era berean, Txinako automobil industriaren esportazio gaitasuna ikaragarri hazi da pandemia ostean: Financial Timesen arabera, 2021ean, 100.000 ibilgailu inguru esportatu zituen eta, 2023 erdialderako, urteko 360.000 unitate baino gehiagora iritsi zen; hala, Alemania eta Japonia gainditu eta ekonomia lider bihurtu zen automobilen esportazioan. Gainera, Txina auto elektrikoen ekoizpenean nabarmentzen da batez ere, punta-puntako markak baititu, BYD kasu, zeina mundu mailako ibilgailu entxufagarrien saltzaile nagusia baita Teslaren gainetik.
Auto txinatarrak Txinan bertan eta Asiako hego-ekialdean arrakasta handia lortu badu ere, bere agerpena Europan apur bat atzeratuta dago. Zenbait arrazoi daude hori gertatzeko: oraindik ez da finkatu marka txinatarren kontzesionario sarerik Europan, zailtasun handiak daude ordezko piezak eta bestelako hornigai ofizialak lortzeko, etab. Bere aldetik, Europako Batzordea, Txinako automobil industriaren lehiarako gaitasunaren beldur, jada politika protekzionistak martxan jartzen hasi da. Hala, Txinatik inportatutako autoek %35 eta %45 arteko muga-zerga dute gaur egun. Auzia sinplea da: muga-zergak jarrita ere, autotxinatarrak Europakoak eta, zehazki, Alemaniakoak baino askoz ere merkeagoak dira. Nola lehiatuko da, etorkizun hurbil batean, 30.000 €-ko Volkswagen T-Roc alemaniar batek 16.500 €-ko MG ZS txinatar baten aurka?
Auzia sinplea da: muga-zergak jarrita ere, auto txinatarrak Europakoak eta, zehazki, Alemaniakoak baino askoz ere merkeagoak dira
Alemaniako industria-krisia bereziki garrantzitsua da Europako ekonomia osorako. Zehazki, automobil industriak, kontinente mailan ekoizpen eta truke-harremanei dagokienez jarduera nagusia denak, 13 milioi langile enplegatzen ditu kontinente osoan. Hala ere, Alemaniako enpresa liderrek, ekoizpen kateen bidezko integrazioa dela eta, Europako automobil ekoizpena antolatzen dute. Hori dela eta, Alemaniako krisia kontinente mailako fenomenoa da eta, seguruenik eragina izango du Alemaniako automobil sektorea deslokalizatuta edo azpikontratuta dagoen Europa ekialde eta hegoaldeko ekonomia batzuetan ere.
Edonola ere, gauza bat ziurra da: jarduera ekonomikoa errentagarritasunak antolatzen duen bitartean eta transakzio kapitalak oposiziorik ez duen bitartean, krisien kostuak langile masen bizkar utziko ditu Kapitalak mundu guztian zehar, are gehiago Europako desindustrializazio prozesu orokortu batean.
HEMEN ARGITARATUA