ARGAZKIA / Irenewckd
Nahia Santander
2024/12/02

1910ean, Leninek adierazi zuen boltxebismoak joera politiko gisa behin betiko forma 1905eko udaberrian hartu zuela. Bost urte geroago, sozialdemokrazia errusiarraren baitako zatiketa azaldu zuen bi joera politiko hauei erreparatuta: alde batetik, 1890eko hamarkadaren amaierako ekonomizismoaren eta mentxebismoaren arteko jarraitutasuna eta, bestetik, boltxebismoaren leialtasuna antzinako taktika iskristarekin, marxismo iraultzailearen programarekin. Askatasun politiko guztien alde eta tsarismoa behin betiko boteretik kentzearen alde borrokatzeko beharrari uko egin izanak kondenatu zituen mentxebikeak oportunismoaren eremura, burgesia liberalari atxikita egotera –eta posizio horri eutsi zioten 1917an ere–.

ESTATU TSARISTAREN AURKAKO BORROKA POLITIKOA ETA ESKUBIDE POLITIKOAK PROLETARIOTZAREN EZINBESTEKO BALDINTZA GISA 

Leninen obran, batez ere lehen idatzietan, gai ohikoenetako bat Estatu errusiarraren eta botere politikoaren antolaketaren analisia izan zen. Erregimen politiko errusiarra izendatzeko erabili zuen terminoa autokrazia tsarista izan zen; hau da, gobernu era bat zeinetan Estatuaren botere osoa pertsona bakar batek zeukan, tsarrak. Tsarrak, eta ez beste inork, zeukan legeak aldarrikatzeko eta legeak betearaziko zituzten funtzionarioak izendatzeko ahalmena; funtsean, herrialdeko politika orokorra erabakitzeko ahalmena.

Estatu forma horretan herriak ez zuen askatasunik. Ez zeukan existentzia politikorik: ez zeukan bileretan antolatzeko eskubiderik, ezin zituen arazo publikoak eztabaidatu, ezta iritzi publikoan edo Estatuan eragin ere bere elkarteen bitartez. Ezin zuen legeen promulgazioan parte hartu. Izan ere, ez zen existitzen Batzar Nazional bat zeinetara langileek eta nekazariek euren ordezkariak bidal zitzaketen, eta zeinaren aurrean Gobernuak kontuak eman beharko zituen. Gainera, herriak ez zeukan Estatuko Administrazioaren osaera erabakitzeko aukerarik, ezin zuen funtzionarioen jarduera kontrolatu, ezta etengabeko bidegabekeriak salatu ere.

Autokrazia tsarista boteretik kentzea izan zen sozialdemokrazia errusiarraren lehentasunezko helburua 1880ko hamarkadatik aurrera. Sozialdemokraten zeregina propaganda eta agitazio jarduera metodikoa zuzenduko zuen alderdi iraultzaile handi bat antolatzea izan behar zuen eta, horretarako, bortxakeria eta zapalkuntza adierazpen isolatu bakoitza tsarismoaren aurkako iraultzarekin lotuko zituen. Baina, 1890eko hamarkadaren amaieran, marxismo iraultzailearen printzipioei uko egiten zien joera bat indarra hartzen hasi zen sozialdemokraziaren barnean, eta tendentzia horrek zalantzan jartzen zuen Estatuaren aurkako borroka politikoaren premia.

Autokrazia tsarista boteretik kentzea izan zen sozialdemokrazia errusiarraren lehentasunezko helburua 1880ko hamarkadatik aurrera

Joera horrek ekonomizismoaren forma hartu zuen. Ekonomizistek ez zuten uste tsarismoaren aurkako iraultza politikoak aukera asko zeukanik, eta iraultza ahalbidetuko zuten faktoreen alde borrokatzearen garrantzia ukatzen zuten. Argudiatzen zuten langile errusiarrak oraindik ez zeudela behar bezain prestatuak aldarrikapen politikoak planteatzeko, ez zeukatela alderdi gisa antolatu ahal izateko behar besteko ezagutzarik eta eskarmenturik, eta autokrazia tsarista boteretik kentzeak ez ziela inolako onurarik ekarriko. Hortik ondorioztatzen zuten sozialdemokraten zeregina proletarioei beren borroka ekonomikoan laguntzera mugatu behar zela, eta burgesiaren sektore erradikalei utzi behar zitzaiela Gobernu tsaristaren aurkako jarduera politikoa zuzentzen.

Leninentzat guztiz okerra zen pentsatzea langileen interes bakarrak soldatarekin lotutako kontuak zirela; horrela izatekotan, alderdi proletario handi bat antolatzeko lana alferrikakoa izango litzateke. Marxismoaren desbideratze larria zen defendatzea sozialdemokratek ez ziotela langileen mugimenduari buruan sartu behar tsarismoa boteretik kentzeko borrokatzearen premia. Aitzitik, klase-kontzientzia zuten langileek ezin zuten ahaztu hori zela Errusiako langile-klasearen lehen zeregina. tsarismoaren aurkako borroka burgesia liberala buru zuen oposizio legalera mugatzeak kondenatzen zuen borroka hori bera aldez aurretik inpotentziara. Eraginkorra izateko baldintza ez zen proletarioek burgesia liberalari laguntzea, baizik eta alderdi politiko independente batean antolatzea. Hori eginda baino ezin izango zuten saihestu liberalismoa tsarismoarekin adiskidetzeko aldez aurreko joerari lotuta geratzeko arriskua. 

Tsarismoaren baldintza politikoek ezinezko egiten zuten Europako herrialde batzuetako langile-alderdiaren eredua bete-betean aplikatzea, baina, hala ere, Leninek ez zuen zalantzan jarri sozialdemokrazia iraultzailearen ideala, eta ez zuen proposatu inolako eredu berriko alderdirik. Harentzat alderdiaren misioa zen masak prestatzea gorabehera publikoetan eta gizartearen antolaketa politikoan parte hartzeko gai izan zitezen, Gobernua erorarazi eta euren Gobernua ezartzeko helburua izango zuen iraultza egin zezaten. Alderdiak politikoki hezi egin behar zituen masak, gertaera bakoitzaren aurrean posizio independentea erakutsiz, eta bidegabekeria eta abusu adierazpen guztien aurrean erreakzionatuz, bere uste sendo sozialistak eta aldarrikapen demokratikoak denen aurrean azalduz.

Alderdiaren misioa zen masak prestatzea gorabehera publikoetan eta gizartearen antolaketa politikoan parte hartzeko gai izan zitezen, Gobernua erorarazi eta euren Gobernua ezartzeko helburua izango zuen iraultza egin zezaten

Horregatik, alderdiaren eremuak bizitza publikoarena izan behar zuen. Egoera jakin batzuetan beharrezkoa izan zitekeen erakunde politiko erabat isilpeko bat, baina lehenago edo beranduago mekanismoak asmatu beharko zituen jendaurrean bere ikuspuntuak adierazteko eta gizartean politikoki esku hartzeko. Hori izan zen Iskrak bete zuen helburuetako bat: tribuna bat sortzea, mezu sozialdemokrata entzuteko gero eta gertuago zeuden langileei hitz egiteko.

Baina alderdi sozialdemokrata alderdi guztien kontrako eta Estatuaren aurka posizionatuko zen benetako oposizio bateraezin bihurtu ahal izateko, ezinbestekoa zen politika propioa garatu ahal izateko eta politika hori inposatzeko beharrezko baldintzak eskuratzea: eskubide politikoak. Eskubide politikoak hil edo bizikoak dira proletariotzarentzat, horiek gabe ez baitauka bere existentzia politikoa bermatua. Eskubiderik ez izateak edo euren garrantzia minimizatzeak ezintasunean uzten du, klase ertaineko alderdi erradikalaren luzakin hutsa besterik ezin da izan. Eskubide politikoek posible egiten dute politika propioa hedatzea eta gorabehera publikoetan eragitea; tokiko eskala gainditzea eta masak elkarrekiko komunikazioan jartzea ahalbidetzen dute. Oinarrizkoak dira proletariotzak bere borroka politikoa Estatuaren aurka bideratu ahal izateko. 

Leninek idatzitako edo hark eragindako sozialdemokrazia errusiarraren programa politiko guztiek antolakuntza politiko eta ekonomikorako beharrezkoak diren eskubide politikoen aldarrikapena jasotzen dute –biltzeko, elkartzeko eta grebarako askatasuna–, baita ideia sozialdemokratak era argian adieraztea ahalbidetzen dutenena ere –prentsa askatasuna–, edota langile klasearen ordezkariei tribuna bat eman eta haien interesen hedapen zabala laguntzen zutenena –sufragio unibertsala–.

TSARISMOA ERABAT ERAITSI ETA ASKATASUN POLITIKOA EZARTZEA

Leninek defendatu zuen eskubide politikoak garatzearen aldeko borroka eta Estatuaren izaera antidemokratikoaren aurkako borroka ezin zirela banatu. Eskubide politikoek lotura banaezina zuten askatasun politikoarekin, sistema politiko osoan aldaketa erradikalak bultzatzeko beharrarekin. Sozialdemokratak tsarismoari kontzesioak kentzeko borrokatu behar ziren, eta kontzesio horiek borrokan zuten posizioa hobetzeko erabili, baina beti kontuan hartuta ezen, herriak boteretik kendu ezin zuen Gobernu batek zirauen bitartean, eskubide horien eraginkortasuna Gobernuaren borondatearen menpe egongo zela. 

Askatasun politiko osoa lortzeko bide bakarra, beraz, boteretik baztertuak izan ziren herri-masek iraultza egitea zen; hau da, zegoen ordena politikoa eraistea eta beste bat eratzea

Askatasun politiko osoa lortzeko bide bakarra, beraz, boteretik baztertuak izan ziren herri-masek iraultza egitea zen; hau da, zegoen ordena politikoa eraistea eta beste bat eratzea. Iraultzaren helburua da esplotatutako gehiengoak ordura arte aurreko Gobernuaren eskuetan zegoen botere guztiak bere eskuetan hartzea, ez harekin botere banaketa bat adostea. Iraultza ez da transakzio bat.

Iraultzaren helburua da esplotatutako gehiengoak ordura arte aurreko Gobernuaren eskuetan zegoen botere guztiak bere eskuetan hartzea, ez harekin botere banaketa bat adostea

Horregatik, iraultza amaieraraino eramateko, beharrezkoa zen, ordura arteko Gobernua boteretik kentzearekin batera, botere eta aginte gune berri bat ezartzea, gehiengo pobreak ekintza publikoko tresna guztiak bere eskuetan eduki zitzan. Bestela, ez zen prestatuta egongo prozesu konstituziogile bat martxan jartzeko, botere politikoa antolatzeko modu demokratiko berri bat eratzeko.

Langile eta nekazari masen Gobernu alternatibo horri behin-behineko Gobernu iraultzailea deitu zioten 1905eko iraultzan; baina argi dago 1917ko proletarioen eta nekazarien sobieten zereginekin jarraitu zuela. Gehiengo pobrearen boterearen helburua gutxienekoen programari ekitea zen; hau da, gutxiengo esplotatzailearen boterea babesten zuen estatu-makina suntsitzeko beharrezkoak ziren eraldaketa politikoak eta ekonomikoak egitea, eta boterea gehiengo esplotatuaren esku behin betiko jarriko zuen antolamendu politikorako modu bat ezartzea. 

Kontrara, mentxebikeek 1905eko iraultzan ukatu egin zuten tsarismoa boteretik kentzea lortuz gero, sozialdemokraziak behin-behineko Gobernu iraultzailean parte hartu behar zuenik. Haien ikuspuntua ekonomizismoaren hedapen bat zen, ez baitziren gai ulertzeko proletariotzak iraultzan zeukan interes politikoa, bere interes ekonomikoen asetze zuzenaz haratago. Gobernuan parte hartzeak sozialdemokrazia klase izaera alde batera uztea eramango zuela argudiatzen zuten, Gobernu horrek oraindik ezin izango zuelako programa maximoa –eraldaketa sozialista– berehala bete. Arrisku hori saihesteko, sozialdemokraziak hortik kanpo kokatu behar zuen, eta presioa egitera mugatu.

Leninek mentxebikeei leporatu zien ez zirela gai ikusteko iraultzaren amaiera proletariotza sozialdemokratak betetzen zuen rolaren araberakoa izango zela: albo batean gelditu eta iraultza zuzentzearen zeregina burgesiari ematen ote zion, mentxebikeek proposatzen zuten bezala, edo, kontrara, iraultzaren gidaritza bere gain hartzen ote zuen, boltxebikeek defendatzen zuten bezala. Behin-behineko Gobernu batek promulgatuak izan ezean, tsarraren Gobernuak ezar lezakeen edozein neurri demokratikok, izan Batzar Konstituziogile batek, izan Parlamentu bat sortzeak, edo izan zenbait eskubide politiko aldarrikatzeak, klase ezberdinen arteko botere-banaketa negoziatzea besterik ez luke ekarriko.

Egia esan, hori zen burgesia liberalak 1905ean lortu nahi zuen helburua: uko egiten zion tsarismoarekin amaitzeari eta botere osoa herriaren eskuetan jartzeari. Proposatzen zuen tsarismoa erreformatzea konstituzioaren bidea erabilita; hortaz, haren lege proposamen guztiek onartzen zuten herriarena ez zen kanpoko botere baten existentzia. Tsarraren, goi-ganbera baten eta behe-ganbera baten arteko botere-banaketa adostera mugatzen ziren. Mentxebikeak belaunikatu egin ziren burgesiaren promesen aurrean: lehenik, iraultzaren garaipena tsarismoarekin bateragarria zen eta behin-behineko Gobernu iraultzaile baten emaitza ez zen Batzar Konstituziogile bat eratzeko deialdiarekin parekatuz, eta, ondoren, alderdiaren jarduera erregimenaren barrutik oposizioan jardutera mugatu nahian. Parlamenturik ez bazuten ere, ergelkeria parlamentarioa zeukaten: etorkizuneko Duma eratzeko deialdia egiteko lege proposamenen aurrean posizio kritikoa erakutsi zuten arren, ez ziren gai izan iraultza aurrera bultzatzeko eta Gobernua kontzesio handiagoak egitera behartzeko boikot aktiboa antolatzeko.

Hala ere, bazitekeen behin-behineko Gobernu bat ezartzeak ez sortzea erregimen erabat demokratiko bat, proletariotzak burgesiari gailentzeko nahikoa indar lortzen ez bazuen. Bilakaera hori izaten ari zen mentxebikeek sostengatu zuten 1917ko Behin-behineko Gobernua, harik eta boltxebikeek gobernu hori eraitsi eta boterea hartu zuten arte. Gobernu horretan, burgesiak aurreko erregimen politikoaren erakundeetan oinarritzeko erabakia hartua zuen, armada iraunkorrean edo burokrazian, adibidez. Komenigarriagoa zitzaion aldaketa demokratikoak motelago gerta zitezen, modu ez hain deliberatuan. Leninek beti salatu zuen burgesia ez zela gai erabateko askatasunaren alde borrokatzeko, traizio egingo ziola bere ustez defendatzen zuen kausari, bazekielako proletariotzak erakunde berriak burgesia beraren aurkako arma bihur zitzakeela.

Leninen arabera, erabateko askatasun politikoaren berme bakarra zen proletarioek botere organoak deuseztatzea baldin eta ez baziren herriak hautatuak, ezeztaezinak eta herriaren guztiz menpekoak. Horregatik, proletarioen eta nekazarien botere politikoa errepublika benetan demokratiko baten forman antolatu behar zen, azkenean 1917ko urrian sobieten errepublikarekin eratu zen bezala. Errepublika horrek Estatu modernoen berezko botere- banaketarekin amaituko zuen, eta batzar bakar batean bilduko zuen botere guztia; batzar horretako partaideak sufragio unibertsal, zuzen, berdin eta sekretuaren bitartez hautatutako ordezkariak edo delegatuak izango ziren, arduratsuak eta une oro ezeztagarriak. Estatuaren Administrazioa erabat demokratizatzea eta burokrazia kentzea bermatuko zuen, funtzionario publiko guztiak hautagarri eginez eta herriaren borondatearen mende jarriz. Herria zapaltzeko indar hertsagarri antolatuari amaiera emango zion –polizia eta armada iraunkorra– armez hornitutako herriak berak ordezkatuz.

Erabateko askatasun politikoaren berme bakarra zen proletarioek botere organoak deuseztatzea baldin eta ez baziren herriak hautatuak, ezeztaezinak eta herriaren guztiz menpekoak 

Leninen hitzetan: “herriaren erabateko askatasuna ez da benetan ziurtatua egongo Estatuaren botere guztia erabat eta benetan herriaren eskuetan egon arte” (Askatasunaren aldeko borroka eta boterearen aldeko borroka, 1966).

EZ DAGO IRUZKINIK