Markel Samaniego
2023/10/04

Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan (SPD) eta II. Internazionalean, eskubide politikoen erabilera bi gertaerak markatu zuten: Bismarcken lege antisozialistak, batetik; eta, bestetik, frakzio erreformista eta iraultzaileen arteko eztabaidak, sufragio unibertsalari eta legalitate burgesa bitarteko iraultzaile bezala erabiltzeari buruzkoak.

Engelsek “komunismoaren deabruaren abokatu” gisa jardun zuen SPDren barruko jarrera erreformisten nagusitasun esponentzialaren aurrean. Aurre egin zion goraldian zeuden klase ertainen oldarraldiari, hain zuzen ere, Alemaniako alderdiaren zuzendaritza aparatu osoa hartzen hasi baitziren Sombart, Bernstein, Paul Barth, Bebel, Fischer, Auer... eta SPDren zuzendaritza teoriko eta politikoaren koadro gehienak erreformismoarekin lerratu ziren prozesu horretan. Inplizituki, garai hartako nazioarteko langile mugimenduaren erreferente intelektualen aurka ere borrokatu zen, besteak beste hauen aurka: Millerand, Shaw eta fabiarrak, Sorel eta Croce.

Testu honek garaiko Alemaniako langile mugimenduaren barruan sufragio unibertsalari buruz izandako eztabaidaren ezaugarri orokorrak arakatu nahi ditu. Horrekin, hura zeharkatzen zuen klase-borrokaren ondorioz SPDk bizi zuen etengabeko tentsioa islatu nahi du. Era berean, Engelsek komunismo proletarioaren ordezkari gisa duen irudia azpimarratzen du, eta klase-borroka iraultzailearekin zuen konpromiso menderaezina omentzen.

TESTUINGURUA: LEGE ANTISOZIALISTAK

1878ko urrian, Reichtag-ak, Bismarcken iniziatibaz, SPDren aurkako salbuespenezko lege bat onartu zuen. Lege horrek erakunde sozialistei elkartzeko, biltzeko, prentsa-askatasunerako, finantziazio politikorako eta abarretarako eskubidea debekatu zien. Ehorzketak edo jaiak bileratzat hartzen ziren, eta horiek ere galarazi egin ziren[1]. 900 militante sozialista baino gehiago erbesteratu zituzten 1878 eta 1879 artean[2].

Paradoxikoki, klase-alderdiei ez zitzaien ukatu sufragio unibertsalerako eskubidea, eta, beraz, alderdi horiek botoa zein Legebiltzarreko ordezkaritza eskura zitzaketen. 1880ko hamarkada osoko zifrek erakusten dute SPDrekiko begikotasunak gora egin zuela lurralde osoan, eta 1881 eta 1890 artean milioi bat botoko hobekuntza lortu zuela[3].

Bismarcken plana klase-borroka Estatuan integratzeko politika bat aplikatzean zetzan. Maila politikoan, politika errepresiboez gain, sufragio-eskubideak erakunde burgesen partaide bihurtzen zuen proletalgo iraultzailea; maila ekonomikoan, Bismarckek lege sozial batzuk sartu zituen, eta bide eman zien gaixotasun-aseguruei, zahartzarokoei (pentsio-sistemaren aurrekariak), istripu-aseguruei eta abarrei. Horrek guztiak proletarioengan ideologikoki esku hartzea eta haren masa-erakundeen barruan kontraesanak sortzea zuen helburu. Baina “zigorraren eta pastelaren” politikak ez zituen espero ziren emaitzak lortu.

Esan bezala, SPDren eragina handitzen ari zen langileen artean, eta hamarkadako azken aldian izandako greba-oldea Ruhr eskualdeko meatzariek deitutako greba orokorrean iritsi zen gorenera. Horrek guztiak muga jo zuen 1890ean, kendu behar izan ziren lege antisozialisten porrotarekin.

'KLASE BORROKAK FRANTZIAN' LANAREN 1895EKO HITZAURREA ETA SUFRAGIO UNIBERTSALA: ERREFORMA EDO IRAULTZA

Botoen kopuruak ere gora egin zuen 1890etik aurrera[4]. Engelsek ohartarazi zuen boterea bide parlamentariotik 1898rako hartzeko probabilitatea zegoela, eta Bebelek 1895erako nahikoa izango zela esan zuen. Horri beste testu bat gehitu behar zaio, Engelsek Marxen Klase borrokak Frantzian testuaren berrargitalpenari erantsitako hitzaurrea, hain zuzen. Lan horretan, serioski hartu ziren kontuan legezko borroka-metodoek proletalgo iraultzailearentzat eskaintzen zituzten aukerak. Hori guztia alderdi barruko borroka metodo iraultzaile eta erreformistei buruzko eztabaidan laburbildu zen: legezkotasunari eta iraultzari buruzko eztabaidan.

Lehenik eta behin, egia da hitzaurreak interpretazio-tarte nahikoa eskaintzen duela sufragio unibertsalari eta parlamentarismoari buruzko ikuskera komunista ez blindatzeko.

Alde batetik, SPDren zuzendaritzak esku hartu zuen testutik esaldi batzuk kentzeko, eta Engelsek bere borondatez onartu zuen hori[5]. Hori horrela gertatzeko testuingurua honako hau da: 1895ean, SPDren aurkako lege antisubertsiboaren proiektua eztabaidatu zen; hitzaurrearen zirriborroan, Engelsek gogoan hartu zuen matxinada armatua metodologia taktiko bat gehiago zela, herrialde bakoitzaren testuinguruaren arabera erabili beharrekoa. Alderdiaren zuzendaritzak, Alemaniako klase menderatzailearen ofentsiba antiproletarioko urrats berri baten beldur, gehiegizkotzat jo zuen baieztapen esplizituegiak egitea, Alderdiaren legezkotasuna hipotekatu baitzezakeen.

Engelsek, aldiz, aurpegiratu zien (eta hala jakinarazten zien Kautskyri eta Lafargueri pribatuan) ezin zirela legalitate burgesarekin edozein preziotan konprometitu; Alemaniako eta gainerako herrialdeetako egoera desberdina zela, eta horregatik beste herrialde batzuetan boterea hartzeko indarkeriazko metodoak berehala erabiltzea egingarria zela; horrez gain, adierazi zuen burgesiak eta lurjabeek lehenago edo geroago eraso egingo zutela, modu batera edo bestera haiek zirela legeak egiten zituztenak, eta proletarioek “ezin ziotela uko egin armak eskuan hartuta erresistentzia egiteko eskubideari”.

Engelsek ez zuen inoiz erreformismoarekin eta parlamentarismoarekin konpromisorik hartu, ez hitzaurre ospetsuan (tradizio marxistan bere testamentu politikotzat hartua), ez beste inon. Horren fede ematen dute testuak berak “iraultzarako eskubideari” eskubide historiko bakar gisa egindako aipamenek, edo goian aipatutako menderatze burgesaren aurka “erresistentzia egiteko eskubideari” buruz egindakoek.

Horrekin batera, 1886an Menger juristarekin izandako ika-mikan, Engelsek egokiro ohartarazi zuen proletalgo iraultzailearen aldarrikapen historikoak botere politikoaren konkistaren bidez bakarrik egin ahal izango zirela, “nahiz eta horiek legezko eskakizunen forma izan”. Eta gauza bera iradokitzen du “Sozialismoa Alemanian 1891-92” izenburuko artikuluan: burgesiak hala eskatzen badu ere, baliabide iraultzaileak ezin direla baztertu dio. Izan ere, haiek aztertuz gero, kapitalistek inposatu nahi dituzten klas borrokaren arauak onartuko lituzke proletalgoak.

INTERPRETAZIO ERREFORMISTA

Hala ere, "Jenerala" 1895ean hil zen. Eta, horrekin batera, alderdi barruko jarrera komunistek jasaten zuten traizio progresiboa sendotu zen.

Noraez horren froga eder bat izan zen Bernsteinek nola manipulatu zuen hitzaurre hori eskrupulurik gabe, bere adiskide nazional eta kontinentalen konplizitatearekin. Haren irudiko, botere politikoa konkistatzeko metodo bakarra sufragio unibertsala zen, eta matxinada armatua alde batera uzten zuen[6]. Alemaniako burgesia handiak eta junkerrek eratutako borroka-baldintzen euskarri ideologiko eta politiko leiala izan zen Bernstein.

Sombartek, zentzu horretan, Engelsen testamentua goraipatu zuen: zioenez, testua su-hesi bat zen ordura arte bizardunek defendatzen zuten “iraultzakeriaren” aurka.

Are gehiago, interpretazio erreformistek nazioartean homologo garrantzitsuak izan zituzten, eta haietaz elikatzen ziren aldi berean. Millerandek, Frantzian, sufragio unibertsalaren bidez Estatuaren boterea konkistatzearen alde egin zuen; bere herrikide Sorelek ere eskubide horren konkistaren alde egin zuen, eta botere politikoaren konkistaren nozioa baztertu; fabiarrek, Ingalaterran, boto-eskubidearen pixkanakako zabalkundeaz eta sozialismoa zatika gauzatzeaz hitz egiten zuten, etab.

Bernsteinek eta SPDren zuzendaritzak fenomeno errebisionista eta erreformista gorpuztu zuten estatu-mailan, zeinak Europako hainbat masa-alderdi eta oro har II. Internazionala zeharkatzen baitzituen.

KOMUNISTAK ETA ESKUBIDE POLITIKOAK: LEZIOAK ENGELSETIK ABIATUTA

Sufragio unibertsala borroka-metodo gisa hartzearen inguruan klase gatazka ari zen sortzen, bai hura interpretatzeko moduari, bai lurreratze praktikoari zegokienez. Guztiek sufragio unibertsalaz hitz egiten zuten, burgesiaren frakzio oligarkikoek, oportunismoak ordezkatutako goranzko klase ertainek, komunistek... Baina ulerkera antagonikoekin.

Burgesia handiak alderdia (eta horrekin batera komunismoa) parlamentarismoan integratzeko eman zizkion SPDri sufragio-eskubidea eta parlamentu-ordezkaritza izateko eskubidea.

Oportunismoak, SPDko zuzendaritza-koadroek ordezkatuak, erronka onartu zuen: ofentsiba iraultzailea erabat baztertu zuen, legezko metodoak vs indarkeriazko metodoak dikotomian oinarritutako diskurtsoa erosi, eta modu koherentean kokatu zen klase ertainak burgesia handiaren babes zibil politikorako bloke gisa jarduteko izan duen eginkizun historikoarekin. Horrela, sufragio unibertsalaren kontzepzio legalista gailendu zen alderdiaren barruan[7]. 

Gauzak horrela, sufragio unibertsalaren definizio legalista baliozko definizio bakartzat hartzeak teoriarako eta antolaketarako tresna politiko serioenetako bat gabe utzi zuen proletalgo iraultzailea, eta bide erreformistara bideratu zuen.

Horregatik, Engelsek asmatu egin zuen, Marxi jarraikiz, fokua sufragio unibertsalaren dimentsio iraultzailearen gainean jartzen; zeina bestelako borroka-metodoetara ere zabal zitekeen. Antolakuntza-teknologia horrek “emantzipazio-tresna” izan behar zuen, Manifestu Komunistak agindu bezala, eta masa iraultzaileen engainurako tresna izateari utzi behar zion. 1880. urtean, gauza bera esan zuen Marxek, hala kartistekin izan zuen korrespondentzia trukaketan[8], nola Frantziako Langileen Alderdiaren programa-proiektuan.

Engelsek asmatu egin zuen, Marxi jarraikiz, fokua sufragio unibertsalaren dimentsio iraultzailearen gainean jarrita; zeina bestelako borroka-metodoetara ere zabal zitekeen. Antolakuntza-teknologia horrek “emantzipazio-tresna” izan behar zuen, Manifestu Komunistak agindu bezala, eta masa iraultzaileen engainurako tresna izateari utzi behar zion

Sufragio unibertsala, iraultzarako bitarteko (eta baldintza) gisa, ez da, beraz, baliabide burges baten baliokidea, eta, ondorioz, ez du kanpokotasun burgesetik iraultza komunista egitearekin zerikusirik. Proletalgo iraultzaileak kontrolatutako antolaketa-tresna independente gisa funtzionatzen du, nahiz eta burgesia eta haren zentzu komuna –oportunismoak bermatua– sufragio unibertsalaren definizioa soilik bere estatu-ereduari dagokion eskubide (eta bitarteko) gisa inposatzen saiatzen diren.

Horrela, borroka horren baldintzak ezartzeko klase-borrokak sufragio unibertsalerako eskubidea interpretatzean eta abian jartzean hartu zuen forma[9]. Borrokarako baldintzak, izan ere, proletarioen eta burgesiaren arteko gudu-eremua ziren –eta gaur egun ere hala dira–. Engelsek ongi defendatzen du jarrera hori proposatzen duenean sufragio-eskubidea helburu hauekin erabiltzea: proletalgoan duen eragina handitzeko, propaganda-tresna gisa erabiliz jarrera ideologikoetan aurrera egiteko, eta masek uler dezaten “zergatik ematen dituzten beren bizitza eta odola”.

Baina helburu ideologikoekin, propagandistikoekin, heziketari lotutakoekin eta abarrekin erabiltzeak ez du sufragio unibertsalaren ahalmen iraultzailea agortzen. Eskubide politiko hori palanka iraultzaile gisa erabiltzeak ez du esan nahi batzorde komunista batek parlamentu burgesean parte hartu behar duenik soilik; aitzitik, eskubide hori Alderdi Historikoaren une organiko iraunkor gisa baino ez da gauzagarria (garapen-maila guztietan: Mugimendua, Alderdia, Estatua); hau da, emaitza moduan izan behar du maila guztietako komisarioak askatasunez aukeratzeko eskubidea eta betebeharra; plangintza ekonomikoaren ereduari, epe luzerako politika estrategikoei, borrokarako eredu taktikoari eta abarri buruz erabakitzeko eskubidea; baita aipatutako guztia ezeztatzeko eskubidea eta betebeharra ere[10].

Sufragio unibertsala palanka iraultzaile gisa erabiltzeak ez du esan nahi batzorde komunista batek parlamentu burgesean parte hartu behar duenik soilik; aitzitik, eskubide hori Alderdi Historikoaren une organiko iraunkor gisa baino ez da gauzagarria

Beste era batera esanda, sufragio unibertsala gauzatuz baino ezin dira egikaritu administrazio-unitate proletarioetatik (kontseilu proletarioak) gizarte-esferak arautzeko eta administratzeko autolegegintza kolektiborako aukerak, betiere haren gizarte-partaidetzako eredua etikoki desinteresatua eta askatasun unibertsalarekin konprometitua izanik.

Hala eta guztiz ere, eztabaida multzo horretako lezio aberats eta askotarikoen artean, Engelsek utzi zigun ondare politikoan nabarmentzen den bat azpimarratu nahi dugu, berebiziko garrantzia baitu: komunistek klase-borrokaren baldintzei buruzko “iniziatiba taktikoa”[11] hartzeko betebeharra dute; ez diete men egin behar burgesiak inposatu nahi duen jokoaren baldintzei, baizik eta jokoa bera eraldatu; eta proletariotza iraultzailearen eskubide politikoen aldeko borroka, beste antolaketarako teknika batzuekin batera, sine qua non baldintza gisa jarri behar da ofentsiba iraultzailea prestatzeko.

Komunistek klase-borrokaren baldintzei buruzko “iniziatiba taktikoa” hartzeko betebeharra dute; ez diete men egin behar burgesiak inposatu nahi duen jokoaren baldintzei, baizik eta hura eraldatu

OHARRAK

[1] B. Gustaffson, Marxismo y Revisionismo, Editorial Grijalbo, Barcelona, 1975, p.20.

[2] Ibid.

[3] Ibíd.: “1881, 312.000 boz; 1884, 550.000 boz; 1887, 763.000 boz, eta 1890ean halako bi, 427.000 boz”

[4] Botoen kopuruak gora egin zuen aldi osoan: 1890. urtean 1.427.000 ziren, 1893. urtean 1.787.000, 1898. urtean 2.107.000, eta 1903. urtean 3.011.000.

[5] Hemen komeni da bereizketa egitea alderdiaren zuzendaritzak eginiko “zuzenketen” eta Wilhelm Liebknechtek eginiko “aldaketa partikularren” artean. Azken horiek ez zituzten Engelsekin kontrastatu, eta haren ikuspuntua aldatzen zuten, Engels “legalitate burgesaren gidaritzat” aurkezten baitzuten. Liebknechtek muturra sartu izanak ez zion inolako graziarik egin. 

[6] B. Gustaffson, Marxismo y Revisionismo, Grijalbo argitaletxea, Bartzelona, 1975, 82.or.

[7] Horrek, aurrerago, bide eman zien ikusmolde batzuei, zeintzuen arabera politika benetan iraultzailea egiteko aukerak legezkontrakotasunean zeuden, hau da, legez kontrako izatea hartzen baitzuten iraultzarako antolaketa-printzipio immanentetzat: ilegaltasunaren erromantizismoa. Bai ilegaltasunaren nozio ezkertiarrak bai legezkotasunak bat egiten dute zentzu horretan.

[8] Michael R. Krätikeren arabera, Marxek uste zuen Ingalaterran sufragio unibertsala ezartzea "eduki sozialistako lorpena" izango zatekeela ezinbestean, langile-klasearen gobernu politikoa ekarriko zukeelako. Ikusi bere artikulua: Friedrich Engelsen "testamentu" politikoa - Michael R. Krätke | Baimenik gabe

[9] Gauza bera eskubide politiko guztiekin.

[10] Erfurten programari egindako kritikan, Engelsek honela hitz egiten du betebeharrek eskubideei ezartzen dieten muga iraultzaileaz: “Betebehar berberak, gure ustez, eskubide demokratiko-burges berberak izatearen osagarri oso garrantzitsua dira, eta horrek beren zentzu espezifikoki burgesa kentzen die”.

[11] Lukácsek ikuspegi hori argi eta garbi azaltzen du “Parlamentarismoaren auziaz” testuan.

EZ DAGO IRUZKINIK