1917ko otsailetik aurrera, Errusiako tsarismoaren gainbeherarekin batera, estatu aparatu zaharra suntsitu eta berri baten ezarpena iraultzako gai politiko nagusia bihurtu zen. Urte bereko urrira arte, Otsaileko Iraultzan sortutako bi botere independenteen arteko harremana (Behin-behineko Gobernua eta sobietak) tarteka gatazkatsua, tarteka baketsu samarra eta batzuetan elkarlanekoa ere izan zen. Artikulu honek Errusiako estatuko makineria zaharraren suntsiketaren alderdi nagusi batzuei buruz dihardu, Marxek Parisko Komunari buruz egindako analisietatik abiatuta; eta bereziki, bertako Poliziari eta iraultza defendatzeko helburua izango zuen herri armatu baten sorrerari buruz. Azkenik, eta eranskin moduan, botere sobietarrak etxebizitzaren gaiaren gainean egindako kudeaketa mahaigaineratuko da.
MARX ETA PARIS ARMETAN ALTXATUA
Gerra zibila Frantzian lanean ageri da proletalgoaren diktadurari buruzko deskribapen sutsu eta zehatzena, eta Parisko Komunari da bertan hizpide, 1871ko martxoaren 18an izendatua. Komunaren auziaz luze hitz egin da marxismoaren historian zehar, eta artikulu honen helburua ez da, beraz, hura zehatz-mehatz aztertzea. Hala ere, beharrezkoa da esperientzia horretatik Marxi interesgarriak iruditu zitzaizkion eta ondoren Errusiako Iraultzan oinarrizkoak izango ziren ezaugarri batzuk laburki nabarmentzea.
Marxentzat, Komunaren sorreraren oinarriak herriaren armatze orokorra (Guardia Nazionalaren berrantolaketari esker gauzatu zen, eta haren kide gehienak langile klasekoak ziren), eta, ondorioz, Poliziaren eta armada iraunkorraren suntsiketa izan ziren. Izan ere, horixe izan zen Komunaren lehen dekretua. Marxen hitzetan, Paris armetan altxatu izanaren errealitateak “instituzio iraunkorra” bihurtu behar zuen (Marx, 2016, 542. or.). Komunak botere legegilea eta betearazlea fusionatu zituen. Funtzionario publikoak hautagarriak eta ezeztagarriak ziren, eta horrek Estatuaren aparatu burokratiko zaharrarekin hausten zuen. Parlamentu burges tradizionalen funtzionamenduarekin hautsiz, auzoetan, hiritarrek eguneroko arazoen gaineko erebakiak hartu eta kudeatzen zituzten, Paris guztiak hautatutako gobernu komunalarekin batera.
Ezaugarri horiek guztiak ondo laburtuta daude Guardia Nazionalaren “Komite Zentralaren Martxoaren 18ko Manifestuan”. Marxen hitzetan: “Parisko proletalgoa […] ohartu da badela garaia zeregin publikoen zuzendaritza bere eskuetan hartzeko” (Marx, 2016, 539. or.).
Leninek berreskuratu egin zuen masek zeregin publikoak beren esku hartzearen ideia Estatua eta Iraultza lanean, Otsaileko Iraultzaren osteko aparteko egoera politikoaren erantzun moduan. Leninek, Marxen eta Engelsen Parisko Komunako esperientziari buruzko analisiak berreskuratu, eta Errusian boterea hartzeko agitazio programa bihurtu zituen.
HERRI MILIZIA ETA LANGILE MILIZIA
1917ko otsailaren amaieran, Petrograd hiriko (egungo San Petersburgo) langile protestetara soldadu kopuru handia batu zen, eta Errusiako gobernu tsaristarekin amaitu zuten. Mugimendu horren baitan bi botere-polo sortu ziren: Behin-behineko Gobernua eta sobietak. Lehena gobernu burges bat zen, eta Errusiako boterea harena zen formalki (baina errealitatean ez). Sobietak, berriz, langile, soldadu, eta nekazarien kontseiluak ziren. Masen eta alderdi sozialisten iniziatibaz sortu ziren, beren arazoei aurre egiteko: bazterketa politikoa, pobrezia eta gerra (lurra ere bai, nekazarien kasuan). Formalki Errusiako gobernu legitimotzat hartzen ez baziren ere, sobietek paper nagusia izan zuten Otsaileko Iraultzatik aurrera: autoritate erreal gorena izan ziren barruti industrialetan eta Errusiako hainbat hiritan, eta herri mailako langile-gobernu erreal moduan funtzionatzen zuten, Urrian boterea hartu zuten arte.
Otsailetik aurrera, ordena publikoaren eta poliziaren auzia erabakigarria izan zen iraultzatik eratorritako bi botereentzat. Petrograden bi organo armatu mota sortu ziren aldi berean: herri milizia (herri-Dumari lotutakoa, formalki aitortutako udal autoritatea) eta langile miliziak (Petrogradeko Sobietak deitutakoa, baina hein handi batean langileen iniziatibaz sortutakoa). Red A. Wade historialariak (1984) otsaileko eta urriko botere-dualitateari buruzko deskribapen oso interesgarriak egiten ditu iraultzan sortutako bi miliziak oinarri hartuta.
Bere ikerketaren arabera, auzia ez zen mugatzen milizia batek izaera burgesa eta besteak langile-izaera izatera soilik. Izan ere, Urriko Iraultzaren osteko lehen egunetan, herri milizia Guardia Gorriaren esanetara jarri zen ordena publikoa mantentzeko asmoz. Wadek azaltzen du herri milizian langile kopuru handia sartu zela iraultzak sortutako ordena publikoa bermatzeko intentzioarekin. Aldi berean, kontuan izan behar da Behin-behineko Gobernuaren eta sobieten arteko harremanak forma anitzak hartu zituela otsailetik urrira, bigarrenen ordezkaritza aldakorraren ondorioz. Besteak beste, boltxebikeek ez zuten izan Behin-behineko Gobernuari buruzko jarrera irmorik apirilean Lenin bueltatu arte.
Martxoaren erdialdean, Petrogradeko milizia-klase guztietan 20.000 pertsona inguru zeuden izena emanda, eta horrek buruhauste handiak ekarri zizkion Behin-behineko Gobernuari, hilabete horren hasieran sortu baitzen. Langile miliziak isolatuta eta zentralizazio politiko argirik gabe zeuden: ez zegoen langile milizien talde bateraturik (horregatik hartu zituzten hainbat izen desberdin garai hartan zehar).
Petrogradeko egoera ezohikoa zen benetan, baina hala ere, iraultza garai guztietan guztiz normalak dira horrelako egoerak. Hirian bazeuden langile miliziek soilik patruilatzen zituzten barrutiak (gehienak bertako lantegietatik sortutako miliziak). Erdiguneko auzo burgesak herri miliziaren kontrolpekoak ziren, eta, beste eremu askotan, bi milizia motak egon ohi ziren aldi berean. Langile milizien lorpen garrantzitsuenetariko bat fabriketako nagusiei 8 orduko lanaldiak ezarraraztea izan zen. Erabaki hori sobietek hartu zuten tsarra boteretik kendu zutenean. Adibide horrek argi erakusten du garai hartan sobietek izandako botere exekutibo eta legegilearen fusioa. Aldi berean, milizien gastuak ordaintzea (soldatak barne) fabriken esku gelditzea lortu zuten. Gainera, haien funtzionamendua guztiz demokratikoa zen. Izan ere, milizianoek hautatzen zituzten ofizialak (Parisko Komunako Guardia Nazionalean horrela egiten zen, eta soldadu iraultzaileek Errusiako armadan ere hala inposatu zuten garai hartan). Wadek eskaintzen dituen hainbat adibidetan ikus daiteke langile miliziek langileen eta fabriketako nagusien artean egiten zuten bitartekari lana, zeinetan beren aldarrikapenak onartzera behartzen zituzten nagusiak. Fabriketako egunerokotasunean zuten parte-hartzeari eta langileekin sortutako harreman estuari esker, langile milizien ospeak gora egin zuen progresiboki masen artean, mentxebike eta eseristen artean behera egin zuen ahala.
Langile milizien lorpen garrantzitsuenetariko bat fabriketako nagusiei 8 orduko lanaldiak ezarraraztea izan zen. Erabaki hori sobietek hartu zuten tsarra boteretik kendu zutenean. Adibide horrek argi erakusten du garai hartan sobietek izandako botere exekutibo eta legegilearen fusioa
BOLTXEBIKEAK ETA GUARDIA GORRIAREN ERAKETA
Martxoan zehar, milizien eta herriaren armatze orokorraren arazoei aurre nola egin hasi ziren pentsatzen boltxebikeak. Otsaileko jardunaldietan milizien sorrera gutxietsi zuten; izan ere, uste zuten garrantzitsuena Petrogradeko garnizioak eta orokorrean herrialdea beren alde jartzea zela. Hala ere, Errusiako botere berrien sorrerarekin bat, uste zuten aurretik aipatutakoak garrantzitsuak zirela bi arrazoirengatik. Lehenik, iraultzak ordura arte lortutako konkistak defendatzeko, eraso erreakzionarioen aurrean prest egotea bermatzeko. Bigarrenik, hain ezegonkorra zen egoera politiko batean, prest egoteko iraultzak izan zitzakeen balizko garapenetarako. Martxoan eta apirilean zehar, langile milizien organismo bateratu bat egiten saiatu ziren boltxebikeak. Horrela, miliziak ez ziren sakabanatuta egongo, eta corpus beraren parte izango ziren, norabide politiko argiago bati erantzuteko. Ordea, Guardia Gorrien bidez talde unitario eta independiente bat antolatzeko egin zuten saiakerak (boltxebikeek izen hori eman zioten antolatu nahi zuten miliziari, 1905eko iraultzako antolakunde finlandiar batean oinarrituta) ez zuen fruiturik eman irailera arte (sobiet nagusietako ordezkari boltxebikeen kopuruak goraldia izan zuen hilabete hartan).
Wadek auzi interesgarri bat mahairatzen du miliziaren eztabaidan, zeinak Errusiako Iraultzako problematika garrantzitsuenetariko bat islatzen duen. Autoritateek, alderdi politikoek eta milizia mota biek, beren antolakuntza formalari buruz eta herri-milizien eta langile-milizien arteko harremanari buruz eztabaidatzean, bi jarrera guztiz kontrajarri zituzten. Postura baten defendatzaileek zioten hiritarrek bozka bitartez hautatu behar zituztela miliziez arduratzen ziren auzo-komiteak, zeinek, aldi berean, udal komiteak hautatuko zituzten. Bigarren posturaren aldekoen ustez –langile-miliziano gehienek defendatzen zuten–, komite horien hautaketak milizianoen esku egon behar zuten soilik, eta aldi berean, haiek beste komite zentral bat hautatu behar zuten sobietetako ordezkariekin batera. Langile borrokalarienei kezka handia sortzen zien gehiengo formal baten aitzakia erabiliz beren autonomia eta, ondorioz, haiek armamentu gabe uzteko aukera sortzeak.
Izan ere, Behin-behineko Gobernuaren politikek, otsaileko egun haien ondoren boterea egonkortu nahian, miliziak desarmatzera eta murriztera jo zuten gero eta gehiago (baita herri miliziak ere). Hamarnaka mila langile armatu izateak mehatxua zekarkion gobernu burgesari, eta beraz, ezegonkortasuna. Haren ideiaren oinarria udal polizia demokratikoa zen, ordurako Mendebaldeko herrialde batzuetan existitzen zena. Apirileko krisian, hamarnaka mila langile mobilizatu ziren Gobernuak Lehen Mundu Gerran parte hartzen jarraitzeko erabakiaren aurka. Horrek armatutako herritarrak izatearen gaineko beldurra areagotu zuen gobernuan. Behin-behineko Gobernuaren ustez, herri milizia ere gehiegi hazi zen. Maiatzetik abuztura, herri miliziako kideak 20.000tik 6.000ra pasa zirela kalkulatzen du Wadek. Uztaileko langile matxinadak porrot egin ondoren, herritarrek arma guztiak uztea exijitu zuen Gobernuak uztailaren 16an. Neurri hori Petrogradeko Sobietak onartu zuen, non eseristak eta mentxebikeak ziren gehiengoa. Hala ere, neurri hori ez zen guztiz materializatu, lekuko sobiet eta fabriketako komite ugarik haren aurka egin baitzuten. Horrek argi utzi zuen Behin-behineko Gobernuak zuen legitimitate eza eta garai hartan guztian zehar egondako botere dualitatea. Mentxebikeek, aldiz, langile miliziak Guardia Gorrian batzeko proposamena blokeatu zuten Sobietetan. Mentxebikeen artean zabalduen zegoen ideiaren arabera, milizia bat izatea beharrezkoa zen, baina ez zuen zertan espezifikoki langileena izan.
Behin-behineko Gobernuaren politikek, otsaileko egun haien ondoren boterea egonkortu nahian, miliziak desarmatzera eta murriztera jo zuten gero eta gehiago (baita herri miliziak ere). Hamarnaka mila langile armatu izateak mehatxua zekarkion gobernu burgesari, eta beraz, ezegonkortasuna
Kornilovek abuztuan Petrograden kontra egindako ofentsibak areagotu egin zituen kontrairaultza armatu bat gertatzeari buruz boltxebikeek zituzten beldurrak, bai eta harengandik defendatzeko Guardia Gorri baten beharra ere. Wadek azpimarratzen du ofentsiba haren aldeko langile milizien berpizteak herri mailakoak izan zirela. Bitartean, boltxebikeak, miliziak zuzenean antolatzetik urrun, miliziei orientazio politiko orokorra ematera muga zitezkeen. Korniloven ofentsiba gaitzesteak Behin-behineko Gobernuaren gaineko mesfidantza handiagoa sortu zuen masen artean, eta, bitartean, boltxebikeak ospe handiagoa eskuratuko zuten. Azkenean, urri hasieran, Guardia Gorri bat antolatu zen, langile miliziano eta ordezkari boltxebikeen iniziatiba bateratuari esker. Berriz ere, bi ziren antolakuntzaren atzean zeuden arrazoiak: iraultza defendatzea eta beren konkistak aurrera eramateko prest egotea. Bigarren paper hori aste batzuk barru bete beharko zuten, urriaren 24tik aurrera, Behin-behineko Gobernuaren aurka boltxebikeen agindupean egindako matxinada labur eta arrakastatsuan. Matxinadaren hasieran, boltxebikeek konfiantza zuten garnizioan, garaipena lortzeko giltzarria zela uste baitzuten. John Reed-ek (1974) aipatzen du, ordea, Neguko Jauregia hartu zutenean, Guardia Gorriko hainbat kidek hartu zutela parte, eta soldaduen zuzendaritza-lanak egitera ere iritsi zirela. Egun horietan zehar azpiegitura eta sare estrategiko nagusiak hartu zituena ere Guardia Gorria izan zen.
Langile miliziaren auzia (beste hitz batzuetan, herriaren armatze orokorra) funtsezkoa da estatu-ordena burgesaren desegitean. Ideia hori ez da otsailetik urrirako garaian ikusten soilik, Marxek eta Engelsek Parisko Komunari buruz egindako analisian ere ikus daiteke. Marxentzat, Paris armatua egotea zen Komunaren funtsa. Frantziako Bigarren Inperioaren erortzearen eta Komunaren sorreraren artean, Asanblada Nazionala “iraultza hartako gertaera bat zen soilik, eta Paris armatua egotea zen haren hezurmamitzea, hark bultzatu baitzuen iraultza (…)”(Marx, 2016, 532. or.) Garrantzitsua da nabarmentzea Komunaren, sobieten eta tankerako langile-gobernuen legitimitatea ez dela mugatzen talde armatu txiki bat izatera. Alderantziz, hamarnaka mila langile armatuk osatzen zituzten, zeinek, krisi politikoaren aurrean, iniziatiba hartu eta auzi publikoen gaineko antolakuntza demokratikoa defendatzen zuten, burokrazia tradizional nahiz parlamentarismo burgesetik haratago.
I. EPILOGOA. MASEN ESKU-HARTZEA AUZI PUBLIKOETAN
Marxek Komunari buruz egin zituen oharrak jarraituz, Leninek demokrazia-molde bikaina ikusi zuen sobietetan demokrazia burgesarekin alderaturik. Botere legegilearen eta exekutiboaren fusioak burokrazia ekiditea eta herriaren agintea materializatzea lortzen zituen, masen arazoak ahalik eta azkarren konpondu ahal izateko. Gainera, molde demokratiko goren hori ezinbestekoa zen boterea sobietek hartu ondoren Errusian zegoen testuinguruan, gerra zibilean alegia. Horrela justifikatu zuen Leninek (1976, 41. or.) “Biltzar Konstituziogileari buruzko tesiak” testuan baldintza hauen pean egon daitekeen forma bakarra demokrazia sobietikoa dela:
“(…), gerra zibilak, zeina demokrata konstituzionalistek eta Kaledinek autoritate sobietarren, Langile eta Nekazarien Gobernuaren aurka egindako altxamendu kontrairaultzailearekin hasi baitzen, klase borroka nabarmen areagotu du, eta historiak Errusiako herriari ekarri dizkion arazoak bide demokratiko formaletik konpontzeko aukera guztiak ezabatu ditu, eta lehenik eta behin, bertako langile klasea eta nekazariak haserretu ditu”.
Horren adibide garbia da botere sobietarrak etxebizitzaren auzia nola kudeatu zuen ikustea (ez zuen programa zehazturik aldez aurretik). Otsailetik aurrera, egoera egiaz anarkiko baten erdian, Petrogradeko eraikin zentral asko langileek okupatu zituzten (noble eta burgesia handiaren apartamentu erraldoi eta egoitza instituzionalak barne). Kasu batzuetan, bizirauteko berehalako beharrizanei erantzun zien okupazio horrek, hain justu, etxebizitza bat eskuratzea. Beste batzuetan, okupazioa garrantzi handiko erabaki estrategikoen ondorio zen. Adibidez, boltxebikeek Petrograd erdialdeko luxuzko etxe bat okupatu zuten, eta berehala bihurtu zen beren egoitza. Eraikinaren jabeak auzitegietara eraman zuen kasua eta epaiketa irabazi zuen. Hala ere, ez zuen berehalako ondorio praktikorik izan: erabakiak ezin zuen aurrera jarraitu boltxebikeak desalojatuko zituen indar materialik gabe, eta hori Errusiako botere bikoitzeko ezohiko egoeraren erakusgarri da. Behin-behineko Gobernuak uztaileko matxinada aitzakiatzat hartuta soilik bota ahal izan zituen boltxebikeak eraikin hartatik, taldeko liderren jazarpen eta espetxeratzearekin batera.
Sobietek behin boterea hartu ondoren egindako etxebizitzaren kudeaketak irakaspen asko utzi dizkigu demokrazia proletarioari buruz. 1917ko urriaren 30etik aurrera barrutietako sobieten esku gelditu zen etxebizitzen kudeaketa. Errusian etxebizitzarekin zegoen desberdintasunen ondorioz, dekretu ofizialek zioten familia burgesetan pertsona heldu bakoitzak gehienez logela propio bat izan zezakeela, eta logela komun bat seme-alabentzat (baldintza horiek nahiko duinak ziren, Petrogradeko langileen logeletan batez-beste 2,6 pertsona bizi zirela kontuan harturik). Horrela, etxebizitza eskasiaren eta krisi ekonomikoaren aurrean, ordura arte erabilerarik eman ez zitzaien apartamentu burgesetan bizi izan ziren hainbat familietako pertsona.
Edonola ere, Petrogradeko etxebizitzari buruzko artikuluan, Jahn-ek (1990) aipatzen du Errusia osoan etxebizitzari buruzko dekretuek (baita beste gai batzuei buruzkoek ere) ezartzen zituzten neurriak ez zirela absolutuak. Aitzitik, a posteriori ziren aplikagariak. Askotan, dekretuek dagoeneko hartutako eta aplikatutako erabaki iraultzaileak erregistratzen zituzten soilik. Kasu askotan, aldaketak egiteko abagune zabala zegoen, herri mailako sobietek bertako arazoak ahalik eta modu malguenean konpon zitzaten.
Bi urtean soilik, 65.000 langile-familiari eman zitzaien ostatu Petrograden. Horrek agerian uzten du demokrazia modu honek egunerokotasuneko aspektuetan izan dezakeen eragin sakona.
ONDORIO BEZALA: ERDIGUNEA ETA OINARRIAK
Irakurle askok dagoeneko beren buruei galdetuko zieten estruktura demokratiko sobietarraren porrotaren zergatia. Galdera hori Errusiako Iraultzako gai nagusienetako bat da, eta guztiz beharrezkoa da sobietar esperientziari buruzko azterketa sakona egitea hari behar bezalako erantzunak emateko, identitarismoak saihestuta –mugimendu komunistan ohikoak izan dira zenbait hamarkadatan–.
Edonola ere, beharrezkoa da sozialismorantz egindako trantsizioaren konplexutasunari buruzko azken ohar bat egitea. Marxek Komunari buruz egindako analisian ez zuen proposatzen autoantolatutako organoak dituen demokratismo lokal bat izatea nahikoa denik sozialismorako trantsizioa egiteko. Haren ustez, masen antolakunde demokratikoek maila altuago batean egon beharko lukete bateratuta eta koordinatuta: “(…) sozietate kooperatiboek ekoizpen nazionala plan bateratu bati jarraituz erregulatu behar dute (…)”. Plan bateratu baten bitartez erregulatzea, ironikoki (Engelsek dioen moduan, proudhonismoaren teoriaren influentziaz), helburutzat zuen Parisko Komunak. Erdigunearen eta oinarrien arteko bitartekaritza auzi nagusia da sozialismorako trantsizio guztietan. Komunistek ezin dute, besterik gabe, harreman horri uko egin eta oinarrien (izan sobietak, sindikatuak edo Alderdiaren organo lokalak) horizontaltasunaren eta autonomiaren alde egin. Izan ere, ekoizpen modu kapitalistaren gaindipena eta berrantolaketa gauzatzeko beharrezkoak dira erdiguneak eta periferiak, zentzu geografiko nahiz kontzeptualean.
Marxek Komunari buruz egindako analisian ez zuen proposatzen autoantolatutako organoak dituen demokratismo lokal bat izatea nahikoa denik sozialismorako trantsizioa egiteko. Haren ustez, masen antolakunde demokratikoek maila altuago batean egon beharko lukete bateratuta eta koordinatuta
Urriaren ondoren, botere sobietikoa ez zebilen sozialismoa abstraktuan eraikitzen. Alderantziz, baldintza oso konkretuak zituen. Gerra zibilak, iraultza internazionalaren porrotak eta boltxebikeek nekazariei babes txikia emateak (Errusiako biztanleriaren gehiengoa ziren) ikusarazi du erdigune baten (Alderdi Komunista, Sobieten Kongresua eta Herriaren Komisarioen Kontseilua) eta haren oinarrien (eskualdeko eta herrietako sobieten sarea, fabriketako komiteak, sindikatuak) arteko koordinazioak berebiziko garrantzia duela. Sobietar izaera zuen antolakuntzak ahalbidetu zuen, adibidez, Siberiako Herriaren Komisarioen Kontseiluak Brest-Litovskeko Itunean bakea ez onartzea eta potentzia zentralei gerra deklaratzea. Haren bertuteak mugak ere badira. Sozialismorako trantsizioari buruz egindako edozein ikerketa serio eta zintzok, botere zaharra eraitsi eta esperientzia sobietarrean oinarritutako botere berri baten eraikuntzari buruzkoak, nahitaez izan beharko du kontuan iraultza-sormena hainbat agindu eta oztoporen pean garatu zela..
BIBLIOGRAFIA
Jahn, Hubertus F. “The Housing Revolution in Petrograd 1917-1920”. Jahrbücher für Geschichte Osteuropas 38, 2. zk. (1990): 212-27.
Lenin, Vladimir I. “Tesis sobre la Asamblea Constituyente”. Hemen: Obras Completas. Tomo XXVIII. Madril: Akal, 1976.
Marx, Karl. “La guerra civil en Francia”. En Obras Escogidas. 1. bolumena, Karl Marx eta Friedrich Engels. Madril: Akal, 2016.
Reed, John. Diez días que estremecieron el mundo. Akal Bolsillo. Madril: Akal, 1974.
Wade, Rex A. Red Guards and Workers’ Militias in the Russian Revolution. Stanford: Stanford University Press, 1984.
HEMEN ARGITARATUA