Taktikaren eta estrategiaren auzia marxismo klasiko osoan egon da presente, egungo ordena soziala iraultzeko gaitasuna duen indarra antolatzeko. Izan ere, ezarritako ordena gainditu nahi duen marxismoak funtsezko egitekoak ditu honako hauek: boterea eraso edo higadura bidez “hartzearen” eztabaida; iraultzaren esperientziaren baitan abangoardiaren funtzioa planteatzea; lagunak eta etsaiak bereiztea; eraso, oreka edo atzera-egite taktikoaren faseak ezaugarritzea; klase-harremana suntsitzean oinarritutako gizarte berri bat antolatzea gainerako mundu kapitalistarekiko etsaitasun irekian; edota Alderdiak fusilaren gainean agin dezan bermatzea. Marxismoak laster ikasi zuen borrokatik at ez dela irakaspenik, iraultzak ekintza politikorako eskolak ere badirela, eta esperientzia horietatik irakaspen baliotsuak ateratzen direla.
Azalpenarekin hasi aurretik, hala ere, funtsezko bereizketa bat egin behar dugu: alde batetik, gerra burgesa eta haren ondorio logikoa, gerra inperialista, eta, bestetik, gerra proletarioa edo iraultza. Biek motibazio politikoa duten arren, gerra inperialistan politika autonomizatu egiten da, eta sarraskia pizteko makina “inpertsonal” bihurtzen da gerra. Heriotza-ekoizpen horretan, soldaduak ere autonomizatu egiten dira beren estatuetatik, eta ohorearen, abertzaletasunaren edo hasierako helburuen kontzientzia bera ere galdu egiten dute. Gerra iraultzailean, berriz, egoera bestelakoa da:
“Jeneral tsaristek diote gure soldadu gorriek edozein zigor jasaten dutela, baita armada tsaristak inoiz jasango ez lituzkeenak ere. Eta hori da engaiatutako langile eta nekazari bakoitzak badakielako zergatik borrokatzen den, eta kontzienteki isurtzen duelako odola justiziaren eta sozialismoaren garaipenaren alde”.
Zientzia militar burgesak (Clausewitz, Delbrück) ekarpena egin diezaguke (iraultza guztiak halabeharrez gerrak baitira), baina ekarpen hori mugatua baino ezingo da izan. Izan ere, iraultzak masa-gerrak direnez –esplotaziorik gabeko beste gizarte berri bat eraikitzea helburu duten herri-gerrak–, zientzia militarra ezin da besterik gabe aplikatu: forma hobe batean sintetizatu eta azpiratu behar da, eta molde berri bat hartu behar du. Edonola ere, Clausewitzen Vom Kriege (“Gerraz”) estrategia militar burgesaren liburuak lider komunistengan eragin izugarria izan zuen, eta marxista ugarik arretaz irakurri zuten, hala nola Engelsek, Leninek, Maok edo Giápek. Liburu horrek ikasgai baliotsu ugari barnebiltzen ditu, eta hurrengoak azpimarra ditzakegu: defentsaren eta ofentsibaren arteko asimetria (ahulezia-egoeran, posizio bat erasotzea irteerarik gabeko kalezulo bat izan daiteke, eta defentsak, aldiz, indar gutxiago galdegiten du); indar-metaketaren printzipioa (armada mugikorrek gaitasun gehiago dute kolpe erabakigarriak emateko); indar moralaren garrantzia (esan bezala, ez da gauza bera norbere burgesia nazionalarentzat borrokatzea lapurreta inperialistarako posizio abantailatsua defendatzeko, edo sozialismoaren alde borrokatzea); politikaren jarraipen gisa ulertzea gerra, beste bitarteko batzuk erabilzen dituen fenomeno gisa (gerra bere helburuetatik ez bereiztea, eta multzo-ikuspegia edo ikuspegi estrategikoa nagusitzea eragiketa militar jakin bakoitzean); edota gudu erabakigarriaren unea (gudu hau noiz egin aukeratzeko gaitasuna duen alderdiak askoz baldintza onuragarriagoak izango ditu). Horrez gain, Clausewitzek gerra herrikoiaren kontzeptua garatu zuen, “gerra txikia” deritzona: kontzeptu hori 1808an Espainian eratutako gerrilla-talde antinapoleonikoei buruzko azterketan sortu zuen, eta Marxek eta Engelsek ere arreta handiz aztertu zituzten gerrilla horiek. Militar prusiarraren helburua ez zen munduko iraultza komunista izan, kontrakoa baino. Hala ere, errespetuz eta miresmenez hitz egin zuen armak hartu eta altxatzen den herriari buruz (Landsturm, ez Landwehr), eta hori aipatzekoa da: partisanoek, T. Derbenten Clausewitz eta herri-gerra lanaren arabera, “bertute militarra norbanakoen kemen, trebetasun eta gogoarekin konpentsatzen dute”.
Zientzia militar burgesak (Clausewitz, Delbrück) ekarpena egin diezaguke (iraultza guztiak halabeharrez gerrak baitira), baina ekarpen hori mugatua baino ezingo da izan
PARISKO KOMUNAREN ESPERIENTZIA, 1871N
1871ko martxoaren 18an, Frantzia eta Prusiaren arteko gerran, Paris ehun eta hogeita hamaika egunez setiaturik egon zen, eta momentu horretan Thiers-en Gobernu errepublikarrak hiriburua prusiarrei errenditu zien. Horretarako, langile talde federatuak (Guardia Nazionala deiturikoa osatzen zutenak) desarmatu nahi izan zituen Gobernuak. Hala ere, Parisko langileriak gogor egin zion aurre eta, masa-eraso baten ondoren, Komuna aldarrikatu zuten Hôtel de Villen bandera gorria altxatuz.
Parisko Komunan, proletarioak, soldatapeko lanera ohituta zeudenez, diziplinaz eta seriotasunez antolatu ziren, eta Komuna bisitatzen zuen oro harriturik gelditzen zen
Mugak muga, blankistak izan ziren taktikan eta estrategian gehien pentsatu zutenak, eta barrikaden plan bateratu bat garatu zuten, “armada oztopatzea, setiatzea eta haren artilleritik babestea” helburu zuena, S. Bernsteinek dioenez. Soldatapeko lanera ohituta zeudenez, proletarioak diziplinaz eta seriotasunez antolatu ziren, eta Komuna bisitatzen zuen oro harriturik gelditzen zen; izan ere, Versaillesen bertsioa sinetsirik, Komuna kaosa inposatzen zuten bandalo eta bidelapurren lasterbide bat zela uste zuten. Serraillierrek, Internazionalaren ordezkariak, zera baieztatu zuen: “mundu guztia bere postuetan dago, naturaltasun osoz”. Ordea, Versailleseko tropa erreakzionarioak hiria konkistatzera abiatu bezain pronto, ordena hori disolbatu egin zen, azukre koxkor bat ur berotan bezala, eta haren ordez boluntarismo histerikoa eta hormen barruko izu espontaneista nagusitu ziren. Batzorde Zentralak porrot egin zuen defentsarako plan orokor bat antolatzean, eta abnegazioari eta norbanakoaren boluntarismoari dei egin zien hiria defendatzeko:
“ARMETARA! Bete dezagun Paris barrikadaz, eta, harresi inprobisatu horien atzean, jaurti diezaiegun etsaiei gerra-oihua, harrotasun oihua, desafio oihua, baina baita garaipen oihua ere. Paris, bere barrikadekin, menderaezina baita”.
Barrikada espontaneoen aldeko deiak onurak baino kalte gehiago eragin zituen, argi eta garbi. Erraz altxatzen ziren arren, gero ezin zituzten babestu. Izan ere, communard gehienak beren auzoak zaintzen geratu ziren eta harresiak alde batera utzi zituzten; horrela, Thiersen tropak berehala sartu ziren. Parisen izugarrizko abnegazioa zegoen, baina deia antzua zen: defentsa-estrategia global bat falta zen. Horrela, indar erreakzionarioek Aste Odoltsu basatia piztu zuten, eta, barrikadaz barrikada, suntsitu egin zuten arma bakartzat abnegazioa eta duintasuna zituen proletariotza.
Nazioarteko mugimendu komunistak irakaspenak atera zituen Parisen jazotakotik: arrakasta lortzeko langile masak Estatuko Gobernuan eta Armadan sartu behar ziren. Izan ere, langile-klase armatuak osatutako herri-armada bat, ondo antolatuta badago, ohiko armadarik beldurgarriena baino boteretsuagoa da. Iraultza ez dago arima onberentzat egina, eta akats larria da norbera suntsitzeko prestaturik dauden etsaiekin jarrera bakegile bat hartzea. “Botere-dualitatearen” egoera orekaezina da, eta, momentu batez egonkorra dirudien arren, epe luzera eztanda egiten du. Parisko sarraskia zama astuna da proletariotzaren oroimen kolektiboan, baina indar boltxebikeentzako motibazio gisa balio izan zuen, proletarioen diktadura finkatzeko orduan eraginkorragoak izateko.
Langile-klase armatuak osatutako herri-armada bat, ondo antolatuta badago, ohiko armadarik beldurgarriena baino boteretsuagoa da
1917KO URRIKO ESPERIENTZIA BOLTXEBIKEA
1905eko iraultzak, masa-grebetan artikulatuak, porrot egin zuen: Leninen hitzetan, “Estatuari guztia erauzi zioten, boterea bera izan ezik”. Hala ere, esperientzia horretatik boltxebikeek ikasgai baliagarriak atera zituzten. Hiru, batez ere:
Lehenik, tradeunionisten kontzientzia eta masa-greba ez zirela nahikoak estatu-boterea konkistatzeko. Bigarrenik, terrorismo indibiduala eta ekintza isolatuak ere gutxiegi zirela tsarismoari aurre egiteko. Eta, hirugarrenik eta azkenik, emantzipazioaren aldeko borrokan sobietek berebiziko garrantzia zutela, proletariotzaren autoantolaketarako espazio gisa.
Leninen eta boltxebikeen borroka ekonomikoa, finean, “gerra-eskola” bat zen, eta proletarioak bake sozial erlatiboko testuinguru batean prestatzeko eta gogortzeko balio zuen. Sobietean, iraganeko esperientzia praktikoa plan bat egiteko baliatzen zen: iraultzaren indar armatua antolatzeko plana. Horrela, sobieta ofentsiba proletarioaren antolaketa-forma zen, ordena burgesa gainditzeko eta suntsitzeko espazioa; hau da, kontzientzia tradeunionista eta soilik ekonomikoa gainditzera bideratua. Era berean, gainditu egin zen terrorismo indibidualistaren bidea ere, non koadro askok askatasuna eta bizitza sakrifikatu zituzten indarrei eusteko behar zen antolaketarik ez zuen helburu batengatik.
Hurrengo urteetan, estrategia militarraren kontzeptuei eta haiek politikarekin duten harremanari buruzko lehen eztabaida handiak izan ziren marxismoaren barruan. Hori 1910etik aurrera gertatu zen, eta Luxemburg eta Kautsky izan ziren protagonistak: eraso- eta higadura-estrategien arteko hautua izan zen eztabaidagai (Niederwerfungsstrategie edo Ermattungsstrategie, hurrenez hurren). Luxemburgek bi kontu defendatu zituen: indar iraultzaileak borroka irekiari ekiteko prest zeudela eta kontzientzia ekonomikoa borrokaren bidez bihurtuko zela kontzientzia politiko. Kautskyk, berriz, indar-metaketa progresiboaren eskema defendatu zuen, eta haren proposamenak azken konfrontazioaren unea zehaztugabeko etorkizun batera urruntzen zuen. Kautskyren arabera, estrategia hori egokiagoa zen Mendebalderako; izan ere, sozialismoa errazago ezar zitekeen, baina zailagoa zen masa proletarioen artean nagusitzea, eta kulturalki eta legez zailagoa zen egungo indarkeria-ekintza justifikatzea.
1910etik aurrerako urteetan, estrategia militarraren kontzeptuei eta haiek politikarekin duten harremanari buruzko lehen eztabaida handiak izan ziren marxismoaren barruan
Martovek Kautskyren alde egin eta haren jarrera 1905eko iraultzaren ondorioekin lotu zuen: “askatasun politikoaren aldeko borroka eta borroka ekonomikoa bateratzeko saiakerak [...] ez zuen mugimenduaren alde indartsua erakutsi, alde ahula baizik”. Lenin, aldiz, Luxemburgen jarrerari atxiki zitzaion. Azkenean, indarrak metatzeko posizio eurozentriko hori karta-gaztelu bat bailitzan erori zen Lehen Mundu Gerrarekin, eta, ondorioz, Bigarren Internazionalaren porrotarekin.
Ezinezkoa da Otsaileko eta Urriko Iraultzak ulertzea gerra inperialistatik at. Otsaileko Iraultza botere tsarista egurtu zuen altxamendu masibo bat izan zen: haren ondorioz, Nikolas II.ak abdikatu egin zuen, eta behin-behineko Gobernu bat eratu zen, Kerenski agintean zuena.
Momentu hartan aro berri bat hasi zen, Leninek “botere-dualitate” izenez kalifikatu zuen aldia. Bi botere, bi kosmobisio, gizartearen bi printzipio antolatzaile zeuden bizirik: alde batetik, langile, nekazari eta soldaduen sobietak, gerra inperialista gerra zibil bihurtzea eta proletariotzaren diktadura eraikitzea helburu zutenak. Bestetik, eserista eta mentxebikeen Behin-behineko Gobernua zegoen, eta horien helburu etapista eta mekanizista iraultzaren unea ad eternum atzeratzea zen. Lehenago edo geroago, bi botere horietako bat besteari gailendu beharko zitzaion; izan ere, bien arteko antagonismoa hain zen ahaltsua, ezen ezin baitzuten luzaroan elkarrekin biziraun.
Urriko Iraultzan, lehenago edo beranduago, bi botereetako bat (Behin-behineko Gobernua edo sobietak) besteari gailendu beharko zitzaion; izan ere, bien arteko antagonismoa hain zen ahaltsua, ezen ezin baitzuten luzaroan elkarrekin biziraun
Leninek bere Apirileko tesiak baliatu zituen Petrogradera bueltatzeko, eta kontsigna argi bat kaleratu zuen: “inolako babesik ez behin-behineko Gobernuari, botere guztia sobietentzat”. Horrekin batera, propaganda eta lan politikoa erabili beharraren alde egin zuen, boltxebikeen gutxiengo egoera iraultzeko. Uztailean, Kornilov jeneral erreakzionarioak estatu-kolpe bat eman zuen, eta, geroago paper sekretu batzuei esker frogatu zenez, Kerenskiren konplizitatea eta adostasuna lortu zituen botere tsarista berrezartzeko. Alderdi boltxebikeak, argi eta garbi, estrategia arrakastatsu bati jarraitu zion: Behin-behineko Gobernuarekin bat egin zuten militarki (estatu-kolpea gainditzeko alde militar berean kokatu ziren), baina ez zion inolako babes politikorik eman. Horren ordez, bat-egitea onura propiorako erabili zuten, eta proletarioak armatzeko denbora irabazi zuten. Albamonte eta Maielloren hitzetan:
“Gutxiengoa izanda, boltxebikeak modu defentsiboan borrokatzeko irakasle bikainak izan ziren 1917ko iraultzan: ‘kolpe trebeak’ biderkatzen zituzten, hau da, defentsaren ofentsiba-baliabideak. Errusiaren erakunde burges parlamentarioek ez zuten prestakuntza txikienik ere, eta, boterea sobieten esku zegoelarik, ‘kolpe trebe’ horiek berehalakoak izan ziren. Hala, sobietetan gehiengoa izan arren, bakegileek ez zuten inolako aitzakiarik izan”.
Stalinek berak, 1924an, boltxebikeen Armadaren eraketa eta garapenaren balantzea egin zuen:
“Egia esan, ezinezkoa zen boltxebikeek 1917ko martxorako armada politikorik prest edukitzea. Hain zuzen, 1917ko apiriletik urrira bitarteko borroka eta klase-talken bidez joan ziren armada eratzen –apirileko manifestazioa, ekaineko eta uztaileko manifestazioak, barruti- eta hiri-dumetarako hauteskundeak, Korniloven kolpearen aurkako borroka eta sobieten konkista– eta, azkenean, urrirako lortu zuten. Armada politikoa eta armada militarra ez dira gauza bera: alde batetik, aginte militarrak armada osatu bat edukita ekiten dio gerrari, eta, beste aldetik, alderdiak borrokan bertan sortu behar du bere armada, klaseen arteko talka garatu bitartean, masak esperientziarekin konbentzitzen doazen heinean, alderdiaren kontsignak egokiak direla eta bere politika bidezkoa dela ikusita”.
Alde batetik, aginte militarrak armada osatu bat edukita ekiten dio gerrari, eta, beste aldetik, alderdiak borrokan bertan sortu behar du bere armada
Defentsatik erasorako itzulerarik gabeko puntua urrian izan zen, Petrogradeko sobietak boterea hartu zuenean Errusia osoko proletarioen izenean. Bettelheimen hitzetan:
“Urriaren 25ean [gure egutegian azaroaren 6an], beraz, ez zen herri-gerra bat burutu, ezta altxamendu bat ere: aldez aurretik xedatutako plan baten araberako matxinada bat egin zen, masek babestu eta indar armatuek exekutatu zutena. Indar armatuak langile-klasetik eta garnizioetatik zetozen, eta alderdi boltxebikeak esleitutako helburu zehatzak lortzeko jardun zuten, ‘matxinada artea da’ formula leninistarekin bat etorriz”.
Hasiera-hasieratik, eutsi eta biziraun egin behar izan zuen sobietarren botere berri eta hauskor horrek. Lehenengo urratsetatik, honako erronka hauei aurre egin zien: bost milioi pertsona baino gehiagoko Armada Gorria eraikitzea, ia hutsetik; Errusia Lehen Mundu Gerratik ateratzea Brest-Litovskeko bake-akordioa sinatuz; nazionalizazioak eta gosearekin amaitzeko neurri sozialak hartzea; eta iraultza mundu osora zabaltzea helburu zuen Hirugarren Internazionala (Komintern-a) eraikitzea. Eta irabazi egin zuen. Eutsi eta iraun egin zuen beste iraultza batzuen alferrikako esperoan; pronostiko guztien aurka, garaitu egin zuen, gainera, gerra zibil bereziki bortitz eta krudel baten ondoren.
Leninek nazio inperialistetako proletarioek boterea hartuko zutelako esperantza zuen, aliatu baliotsuak eduki eta bultzada iraultzailea zabaldu ahal zezan, baina hori ez zen gertatu. Alemaniako KPDren horizonte iraultzailea 1923an itxi zen, 1919ko matxinada espartakistaren porrotaren ondoren: Europa osoko alderdi komunista handiena eraiki zuten, baina ez ziren iraultza antolatzeko gai izan.
Leninek nazio inperialistetako proletarioek boterea hartuko zutelako esperantza zuen, aliatu baliotsuak eduki eta bultzada iraultzailea zabaldu ahal zezan, baina hori ez zen gertatu
Kominternak erasoaldi iraultzailea mundu osora zabaltzeko zailtasunaren berri eman zuen, eta defentsara bakarrik zuzendutako lerro bat hartzen hasi zen: gehiago kezkatzen zuen sobietar botereari eusteak, komunismoa hedatzeak baino. Azterketa clausewitziarrera itzuliz, erasoa eta defentsa asimetrikoak dira: horren adibide izan ziren fronte bakarraren gorabehera estrategikoak herri-fronteekiko, herrialde bakar bateko sozialismoaren ideia edo mundu inperialistarekiko harremanak ezartzea eta normalizatzea.
Boltxebikeek jarraitutako estrategia, laburbilduz, hurrengoa izan zen: gutxiengoa izanik borrokatu ziren, zuzeneko enfrentamenduak ekidin zituzten prest egon arte, eta, harrigarriki, zinez matxinada lasaia abiarazi zuten indar iraultzaileen hazkundeari, herritar gehienen neutraltasun onberari eta sobieten barruko lan politiko onari esker (matxinada lasaia izan zen, baina zinez bortitza harekiko erreakzioa, zurien aurkako gerra zibila). Eta estrategia horrek lotura handia du hurrengo puntuan azalduko dugunarekin: herri-gerra luzea, zeinaren adibide nagusia Txina izango baita. Sobietarren esperientzia erlatiboki laburra da: botere tsarista, 1914an betierekoa eta betirako bakean zirudiena, hiru urtean hondoratu eta 1903an jaiotako alderdi baten botere-hartzearekin bukatu zen.
ESPERIENTZIA MAOISTA TXINAN
Txinako Alderdi Komunista 1921ean jaio zen, eta, hasiera-hasieratik, Kominternaren jarraibideak aintzat hartuta, lankidetza eta aliantza-politikak gauzatu zuen burgesia nazionalarekin, alegia, Txinako Alderdi Nazionalistarekin (Kuomintang-a). Kuomintangak 1911ko iraultzatik gobernatzen zuen Txina: iraultza horrek Qing dinastia eraitsi zuen, eta, berarekin, 2.000 urte indarrean egondako monarkia feudala eta erregimen dinastikoa suntsitu zituen. Nazionalistek aliantza hori “fronte batu demokratiko” bihurtu zuten, Txinako Alderdi Komunista ahultzeko eta mendeko egoera ahul batean jartzeko helburua zuena, eta masen arteko erreferentzialtasuna eta independentzia politikoa galarazi zioten Txinako Alderdi Komunistari. Oreka mantentzeko ahaleginean, Txinako Alderdi Komunista lerro eskuindar eta bakegile bat defendatzera ere iritsi zen: hainbeste, ezen, momentu batean, feudalismoaren aurkako iraultza nazional demokratikoa helburu bakar gisa planteatu baitzuen, kapitalismoaren aurkako iraultza alde batera utzita. Hitzarmen hartan zeresana izan zuen elementu bat Japoniaren aurkako askapen nazionaleko gerra izan zen.
Hala ere, Kuomintangarentzat ez zen nahikoa izan Txinako Alderdi Komunistaren posizio menpeko eta ahuldu hori: nazionalistak ez ziren indar-korrelazio mesedegarriarekin konformatzen, eta 1927an aliantza hautsi zuten alde bakarretik. Txinako Alderdi Komunistaren ahultasun-egoera aprobetxatu, eta milaka komunista erail zituzten sistematikoki. Sarraski horrek landa-eremurako exodo masibo bat eragin zuen; izan ere, bizirauteko komunista ugarik ihes egin behar izan zuten.
Berehala, Martxa Luzea izenez ezagutzen den aldi berri bat hasi zen: landa-eremuko indar iraultzaileak berrosatu eta berrantolatu zituzten eta, Kuomitangaren errepresiotik ihes egiteko, indar komunistek (Alderdian bertan ere gutxiengoa zirenek) 12.500 km egin behar izan zituzten bi urtez, Japoniaren kontrolpeko eremuetara iristeko. Bi urte horiek oso gogorrak izan ziren, penaz, etsipenez eta heriotzaz beteak, baina, horrekin batera, komunistek errotze handia izan zuten Txinako landa-gizartean bi urtez (komunistek landa-eremuan zuten finkapena izan zen Errusiako Iraultzaren ahulguneetako bat, bai eta kulakekin zuen arazoetako bat ere). Eztabaida ideologikoak eta ildoaren argipena egin ziren, jarrera komunistaren onarpenean ere aurrerapen ugari egin ziren eta, jakina, independentzia politikoa eta masen arteko erreferentzialtasuna berreskuratu zituzten. Prozesu gogor horretan bilakatu zen Mao Alderdiko lider, baina Alderdia ahul eta indar korrelazio oso kaltegarrian zegoen: “Txinako komunistak ez zituzten erabat akabatu. Berriro zutitu, zauriak garbitu, eroritako lagunak lurperatu eta borrokan jarraitu zuten”. Fukienetik atera ziren 50.000 komunistetatik, 15.000 bakarrik iritsi ziren Chensira. Zaurituak, akituak eta sarraskituak, 15.000 nekazari horiek Txinako Alderdi Komunistaren abangoardia politiko armatua bihurtu ziren: Armada Gorria.
Martxa Luzearen prozesu gogor horretan bilakatu zen Mao Alderdiko buru, baina Alderdia ahul eta indar korrelazio oso kaltegarrian zegoen
Haustura-une hori benetan traumatikoa izan zen txinatar komunistentzat. Landetan herri-gerra planteatzeak Mosku eta Petrogradeko matxinada proletarioen aurkako heresia zirudien. Hori gutxi balitz bezala, gerra herrikoia Kominternaren oharpenen (eta, sarritan, oharpenak baino gehiago zirenen) aurka abiatu zen, eta Kominternaren Txinako ordezkariak Mao ”traidoretzat“ eta ”burges txiki fanatikotzat“ jo zuen. Izan ere, Txinak ez zuen Moskuren eredu etapista betetzen: baldintza materialak ez ziren nahikoa helduak iraultza proletarioa egin zedin, eta, Moskuren aburuz, momentu horretan Kuomintangeko indar nazionalista burgesekin fronte bakar bat osatu behar zuten. Estrategia horrek deuseztatu eta ia desagerrarazi egin zuen Txinako Alderdi Komunista. Martxa Luzeak, aldiz, oso bestelako mezua bidali zuen: ez da beharrezkoa baldintza egokiak garatu arte itxarotea irabaz daitekeela frogatzeko. Indar iraultzaileak klaseen arteko borroka eta talketan eraiki daitezke, eta eraiki behar dira. Hala, Kominternaren lerrotik hurbilen zeuden Txinako Alderdi Komunistako koadroek ere men egin behar izan zioten taktika berriari, gertakarien indarrak behartuta. Baldintza horietan, Alderdi Komunistak aukera historikoa izan zuen Txinako eskualde pobre guztietan hazi eta zabaltzeko, benetako indarra zuen erakunde gisa eratzeko, egoera iraultzeko eta ezarritako ordena soziala mehatxatzeko. Robinson Rojasek intuizio-ariketa bikaina egin zuen, hurrengoa esan zuenean:
“Maok men egin izan balio Alderdiaren aginduari, ez balu hautsi, ez balu landa aldera jo matxinada zuzentzera, litekeena da Txinako Herri Errepublika orain Txinako Errepublika Nazionalista deitzea. Chiang Kai-shek zuzenduko luke, eta haren Alderdi Komunista, agian, Italia, Txile edo Frantziakoa bezalakoa izango litzateke”.
Horrela, gerra zibila hasi zen, eta hainbat hamarkada iraun zuen. Maok, azkenerako, ezeztatu egin zuen altxamenduak hiri handietan hasi behar zirela zioen kontzeptu zaharra, eta Txinako testuingururako zuzena izan zen beste bide bat erakutsi zuen. Landa-eremuan base gorriak ezarri, nekazaritza-erreforma egin eta gerrilla-gerra bat aurrera eraman zuten. Hiriguneak inguratu zituzten armaz hornitutako nekazari iraultzaileek, eta, jarraian, hartu egin zituzten. Nola ez, Kuomintangaren erantzuna segituan etorri zen: Chiang Kai-shekek lau inguraketa- eta suntsitze-kanpaina abiarazi zituen, landa-eremuan eusten zuten indar komunistekin amaitzeko. Hala ere, Armada Gorriak eraso horiei aurre egin ahal izan zien; izan ere, defentsaren eta erasoaldiaren arteko asimetria aztertua zutenez, setioa hautsi eta indar erreakzionarioak ahuldu zituzten. Prest egon orduko eraso egin beharrean, Armada Gorriak hazten jarraitu zuen: nekazarien indarrarekin elikatu zen, eta borroka eta liskarren berotasunean gogortu zen.
Estrategia, egia esan, Errusiako Langile Alderdi Sozialdemokratak Errusian jarraitutakoaren nahiko antzekoa izan zen. Lehenik, testuinguru historikoak aprobetxatzea: Errusian, Behin-behineko Gobernuaren ahulezia eta Korniloven kolpea izan ziren; Txinan, potentzia inperialista japoniarraren aurkako askapen gerra. Ondoren, garaia iritsitakoan, aurre egiteko gai zen indar politiko gisa eratu ziren bi alderdi komunistak. Antzeko beste bi gertakari ere izan ziren, eta garrantzi handia izan zuten borrokaren garapenean: Errusiako Behin-behineko Gobernua ez zen gai izan estatu-kolpeari aurre egiteko (gai ez izateaz gain, botere tsaristaren berrezarpena negoziatzera ere iritsi zen); eta Kuomintanga inperialismo japoniarrarekiko indar kolaborazionista bihurtu zen (komunisten aurrerapenaren aurrean, hirugarren negoziazio-bide gisa eratu ziren). Frantzian ere, Thiersen indar erreakzionarioek errendizioa negoziatu zuten Prusiako Armadarekin: preso harturiko soldadu frantsesak itzultzearen truke sinatu zuten, eta zuzenean Komuna erreprimitzera bidali zituzten soldaduak. Horrelako gertaerak erabakigarriak dira; izan ere, indar korrelazioa eta lagunen eta etsaien arteko bereizketa aldatzen dituzte proletarioentzat oro har, baita antolatu gabekoentzat ere –ez dezagun ahaztu alderdi komunistak klase horren bitartekaritza behar duela existitu ahal izateko–. Kontraesanak jada ez ziren demokrazia/tsarismoa, batasun nazional txinatarra/okupatzaile japoniarrak, edo Frantzia/Prusia. Kontraesanak honako hauek bilakatu ziren: boltxebismoa/tsarismoa, maoismoa/inperialismoa eta Komuna/Inperioa.
1937tik 1945era arte, Japoniaren aurkako borroka areagotu egin zen, erresistentzia-gerra bihurtu arte. Sobietar Batasunak laguntza militarra, finantzarioa eta diplomatikoa eman zion erresistentziari, bai eta Amerikako Estatu Batuek (Pearl Harbouren ondoren) eta Erresuma Batuak ere. Txinako Alderdi Komunistak fronte nazional batuaren ideia berreskuratu zuen ahalegin militarrak bateratuz, baina oraingoan ez zion laguntza politikorik eman Kuomintangari. Maok egoera aztertu zuen “Gerra luzeari buruz” (1938) artikuluan, eta erresistentzia-gerrak luzea eta nekeza izan zitekeela azaldu zuen: hala, etsaiaren nagusitasun- eta erasoaldi-arotik indar iraultzaileak handitzeko eta etsaiarenak higatzeko borroka-prozesu luze batera igarotzea.
Maok 1938an zioenez, etsaiaren nagusitasun- eta erasoaldi-arotik indar iraultzaileak handitzeko eta etsaiarenak higatzeko borroka-prozesu luze batera igarotzea zen erresistentzia-gerra
Japoniako Armadak etengabe egin zuen aurrera, eta Txinaren ia erdia okupatu zuen. Hala ere, ezin izan zituzten aurreikusi Alderdi Komunistak zuzendutako kontraoperazioak –horiek fronteko lerroaren atzean zeuden, eta biztanleria zibilaren babesa izan zuten–. Horrela, Pigsinkuan pasabidean, Shanshiko iparraldean, Txinako Alderdi Komunistaren lehen garaipen handia iritsi zen: apurka-apurka, hamar laguntza-base baino gehiago ezarri zituen, eta Armada hogei aldiz biderkatu zuen. Atzeragoardian mehatxatuta, Japoniako Armadak bere aurrerapena geldiarazi behar izan zuen. Erresistentzia-baseetan Txinako herriaren batasuna nagusi zen japoniarren erasoaren aurka, Alderdi Komunistaren zuzendaritzapean. Hurrengo urteak bereziki gogorrak izan ziren base gorrientzat: Kuomintangak bere bigarren kanpaina antikomunista berrabiarazi zuen gerraren erdian, eta Japoniako indar militar gehienak botere komunistaren oinarri arriskutsu horiek zanpatzera bideratu ziren, “dena erre, denak hil, dena arpilatu” kanpainekin. Basakeria ez zen soilik base gorrien kontra zuzendu: milaka herrixka suntsitu zituzten.
Baina ezin izan zuten Armada Gorriaren erresistentzia hautsi, hura urteetako borroka asimetrikora ohituta baitzegoen. Etxean egindako minak, tunelak… edozein neurri burutsu baliagarria zen gerrillarentzako, Japoniako Armada inperialistaren indarra hausteko. Gainera, 1942 eta 1943 bitartean marxismo-leninismoari loturiko ideologizazio eta prestakuntza kanpaina masibo bat egin zen, eta Armadaren lerroak sendotu egin ziren. Beraz, egoera estrategia indartsu batekin gainditu zen, eta 1943tik aurrera hobetzen hasi zen. Kuomintanga desegiten ari zen, ustelkeriaren, ezkutuko amarruen, izu zuriaren eta japoniarrekiko kolaborazionismoaren artean. Stalingradeko erresistentzia heroikoak gerraren nazioarteko ibilbidea aldatzea lortu zuen: 1945ean Sobietar Batasuneko Armada Gorria Berlinen sartu eta indar faxistak akabatu zituen. Abuztuan, Sobietar Batasunak Japoniako Armada garbitu zuen Kuantungen, eta horri esker erresistentziak japoniar faxisten esku zeuden azken 197 hiriak konkistatu zituen.
Eraso japoniarraren aurkako garaipenaren ondoren, ez zen bakerik etorri, askapenerako herri-gerra baizik, eta 1949ra arte luzatu zen. Horrek iraultza sendotu eta Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuen. Bitartean, Chiang Kai-shek Askapenerako Herri Armada eta base gorriak suntsitu nahi izan zituen, Txina AEBen kolonia bihurtzeko asmoarekin: horretarako, eta AEBen laguntza militarrarekin, lurraldearen %70 okupatu zuen. Hala ere, Askapenerako Herri Armadak hainbat garaipen lortu zituen, eta berehala irabazi zuten herrialde osoaren gogoa eta babesa Txinako Alderdi Komunistak zuzendutako fronte batu baten programa politikoak eta nekazaritza-erreformarako eta lurraren birbanaketarako programa ekonomikoak.
1947ko azken hilabeteak erabakigarriak izan ziren. Askapenerako Herri Armada erasoaldi estrategikoaren fase atzeraezinera igaro zen, aurrerapen geldiezinarekin, eta hiru inguraketa-kanpaina abiarazi zituen: Liaosi-Srenyang, Juai-Juai eta Nankin-Shanghai, hirurak ere arrakastatsuak. 1949ko abuztuan, Ameriketako Estatu Batuek Defentsa Liburu Zurian Askapenerako Herri Armada garaitzeko ezintasuna onartu zuten. Chiang Kai-shek, bere aldetik, irteera baketsurako azken trikimailu bat egin nahi izan zuen, baina ez zuen lortu eta Taiwanera ihes egin behar izan zuen. 1949ko urriaren 1ean, Tiananmen plazan, Txinako Herri Errepublika aldarrikatu zuten. Maok hurrengoa idatzi zuen:
“Gure iraultzak mundu osoko herritar masen begikotasuna eta poza bereganatu ditu. Gure lagunak mundu osoan daude”.
ERRESISTENTZIA ETA IRAULTZA BALKANETAN: JUGOSLAVIA ETA ALBANIA
Jugoslaviako Alderdi Komunista 1919an sortu, eta hiru ardatzetan egituratu zen: auzi demokratikoa (monarkia hondoratzea), klase herrikoien bizi baldintzak, eta herrien autodeterminazio eskubidea. Aitzitik, Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresumak Gobernu diktatorial bati bidea utzi zion, eta, errepresioaren eta porrotaren ondorioz, Jugoslaviako Alderdi Komunista desagerrarazi zuen.
Jugoslaviako Alderdi Komunistak esperientziadun koadro militarrak zituen; izan ere, milaka boluntariok eman zuten izena Nazioarteko Brigadetan, Espainiako Gerra Zibilean faxismoari aurre egiteko. Milizianoen borroka heroikoak, gutxiagotasunean baina ”burugogor“, herrialde guztietako boluntarioak hunkitu zituen, eta nazioarteko faxismoaren aurkako gerra bere egitera bultzatu zituen. Jugoslaviarrek, XIII. brigadan kokatuak, esperientzia militar baliotsua berenganatu zuten, eta, geroago, Jugoslaviako iraultzara eta askapen nazionaleko gerrara eraman zuten jakintza hori. Brigadista eta partisano ohi horiek Španjolci izenez ezagutzen ziren beren lurraldean.
1941eko martxoaren 27an Jugoslaviaren okupazio faxista hasi zen. Hitler heldu zenean, Jugoslaviako Alderdi Komunista ez zegoen desagertzear; kontrara, blokeoak hautsiak zituen, oinarria handitua eta lortua zuen antifaxismoaren lidergoa. Masen mugimendua okupazioaren aurka zuzentzeko gai zen indarra zen. Naziek hamar zatitan banatu zuten herrialdea, eta horren helburu nagusia Balkanetako herrien artean gorroto nazionala piztea izan zen. Horrela, Kroazia beren nazio babestu bihurtu zuten, eta, beren asmo sezesionistak aurrera eramateko, Kroaziako Estatu Independentea (KEI) eraiki zuten. Ustatxak boterera iritsi ziren, eta, terrorearen bidez, “estatu etnikoki garbi” bat eraikitzen saiatu ziren (han, besteak beste, Jasenovaceko kontzentrazio-esparrua altxatu zuten, Europa osoko zabalenetakoa eta hilkorrenetakoa.
Hitler heldu zenean, Jugoslaviako Alderdi Komunista ez zegoen desagertzear; kontrara, blokeoak hautsiak zituen, oinarria handitua eta lortua zuen antifaxismoaren lidergoa. Masen mugimendua okupazioaren aurka zuzentzeko gai zen indarra zen
Berriro ere, lehen aztertutako esperientzietan bezala, botere-dualitateko egoera bat aurkitzen dugu erresistentzia antifaxistaren lerroetan. Alde batetik, Jugoslaviako Alderdi Komunistako partisanoak, Tito buru zutela, eta, bestetik, txetniketako indar monarkiko nazionalistak, Draža Mihajlović buru zutela. Kominternaren politika frontepopulistak bultzatuta, Jugoslaviako Alderdi Komunistak fronte zabal bat eraiki nahi izan zuen, langile-masak ez ezik beste klase batzuetako aktoreak ere bildu nahi zituena, hala nola burgesia txikia edo nekazariak. Jugoslaviako Alderdi Komunista zen fronte herrikoi hori zuzentzeko moduan zegoen indar bakarra: borroketan eta grebetan berotuta, eskarmentu militarrarekin, logika nazionalista hausten zuen eta benetan jugoslaviar dei zitekeen alderdi bakarra zen, eta horrek herri langile guztiarengana zintzo jotzea ahalbidetzen zion.
Garatutako estrategia militarra, beste kasu batzuetan bezala, baldintza asimetrikoetako gerrilla-gerrak izan ziren. Hitlerren gerra tximista-erasoen bidez (Blitzkrieg) zegoen diseinatua, eta zaila izan zitzaion hari jarraipena ematea, bere estrategia militar faltagatik. Izan ere, operazio horiek txanpon bat airera botatzea bezalakoak ziren: lehenengoan arrakastarik ez bazuten, erabateko kolapsora kondenatuta zeuden. Gainera, ekialdeko frontean gerra gogortuz gero, partisanoek aukera handiagoa izan zezaketen gerra-operazioak abiarazteko. Hitler gerra anticlausewitziarra egiten ari zen, partisanoek gerra clausewitziarra egiten zuten bitartean. Aitzitik, partisanoek akats estrategikoak egin zituzten: esaterako, militarki hobeak ziren indarrak aurrez aurreko eraso zituzten bizi laburreko Užiceko Errepublikan (1941eko abenduan naziek konkistatu zutena).
Hala eta guztiz ere, herri-fronte batua pitzatzen hasi zen hura gidatzen zuten bi lerro antagonikoak marrazten hasi zirenean: iraultza eta kontrairaultza. Ahalegin belikoak eta Britainia Handiaren laguntza mantentzen jarraitzeko, SESB anbibalente mantendu zen pitzatze horren aurrean, eta txetniken eta partisanoen arteko batasunerako deiak egin zituen. Hala ere, desberdintasunak nabariak ziren: Mihajlovićen proiektua serbiar nazioari erabat lotua zegoen (areago, Tito konbentzitzen ere saiatu zen Armadaren lerroetan musulmanak eta kroaziarrak akabatzeko beharraz); komunistek, berriz, batean nazionalitate eta gutxiengo etniko guztien borroka integratu nahi zuten armada bakar, ”anaitasuna eta batasuna“ (bratsvo i jedinstov) ardatz zuen armada batean.
Txetnikek “erresistentzia pasibo” baten aldeko apustua egiten zuten, altxamendu armatu baterako baldintzarik ez zegoelako; komunistek, berriz, altxamendu armatua betiko atzeratzearen arriskuaz ohartarazi zuten. Partisanoen eta txetniken arteko tentsio-igoerak eta su gurutzatuak txetniken eta okupatzaile nazien arteko hurbilketa eragin zuten: 1941eko azaroaren erdialdean Mihajlović Alemaniako Estatu Nagusiarekin bildu zen su-eten bat hitzartzeko eta elkarlanean aritzeko, eta horrek, beste esperientzia batzuetan bezala, indar partisanoak nazien okupazioaren aurkako borrokaren erreferente bakar gisa utzi zituen.
Txetnikek “erresistentzia pasibo” baten aldeko apustua egiten zuten, altxamendu armatu baterako baldintzarik ez zegoelako; komunistek, berriz, altxamendu armatua betiko atzeratzearen arriskuaz ohartarazi zuten
Izan ziren garaipen moralak, hala nola Neretvakoa (partisanoek ibaia zeharkatu zuten zaurituak bizkarrean eramanez, eta, hala, inor atzean geratzen ez zela irudikatu zuten); baina baita porrotak ere, Sutjeskako sarraskia kasu. Azkenean, 1944an, Jugoslaviako Iraultzak estatu berri baten oinarrien eraikuntza eta Belgraden askapena ekarri zituen:
“Hiru urteko gerra luze eta neketsuaren ondoren, Tito eta komunistak armada txiki eta deskoordinatu bat izatetik (bere burua defendatzera eta paraxutista sobietarren zain zerura begiratzera mugatzen zena), Bigarren Mundu Gerrako erresistentzia antifaxista heroikoenetako baten protagonista izatera pasa ziren”.
Albaniako kasuak antzekotasun dezente ditu jugoslaviarrarekin. Iraultza burgesa izan zen, baina Ahmet Zog-en estatu-kolpe kontrairaultzaileak zapaldu egin zuen, eta monarkia albaniarra ekonomikoki eta politikoki Italia faxistaren menpeko sukurtsal bihurtu zen. 1934ko apirilean, “erdikolonia” egoera haratago joan zen; izan ere, Zog I.aren pasibotasunaren aurrean, Italiak bere gerra-flota Dürresera bidali zuen.
Matxinada demokratikoak bata bestearen atzetik etorri eta zanpatuak izan ziren, baina, urtebete geroago, Zogek Gobernu erreformista liberal bat ezarri behar izan zuen. Egoera hartan, talde komunista txikiak indar eta antolaketa-gaitasun handiagoarekin hazi ziren, eta grebak, manifestazioak edo “ogiaren protestak” zuzentzera iritsi ziren. Berriro ere, Espainiako Gerra Zibilak faxismoaren aurkako borrokan ontzeko aukera eman zien Albaniako milaka brigadistari, eta, horrela, prestakuntza militar preziatua irabazi zuten. Kominternak bere zazpigarren eta azken batzarrean hartu zuen ildoaren pean (fronte herrikoien inguruko bateratzea), zelula komunistak bi punturen inguruan bateratzen hasi ziren: eskubide nazionalak eta eskubide demokratikoak. Horren ondorioz, 1941ean Albaniako Alderdi Komunista sortu zen, ondoren Albaniako Lanaren Alderdia izango zena, Enver Hoxha buru zuela (beranduen sortuko zen munduko alderdi komunistetako bat izanik).
Albaniako inbasio italofaxista 1939an hasi zen. Inbasioa abian jarri zenean, Zogek ez zuen defentsarik planteatu ere egin: Londresen erbesteratu zen, eta herrialdeko urre-erreserba gehienak berekin eraman zituen. Horrela, Albania erabat kolonizatua izan zen.
Indar faltagatik, komunistak hasieran ez ziren gai izan militarki erantzuteko, eta erresistentziak izaera espontaneoagoa izan zuen. Errepresioari ihes egiteko, erresistentzia-gerrillariaren baseak eratu zituzten mendietan. Ideologikoki, Albaniako Alderdi Komunista bi indarren artean mugitu zen: alde batetik, Kominternaren eragina eta mugak, eta, bestetik, Txinako iraultzaren eragina.
Ideologikoki, Albaniako Alderdi Komunista bi indarren artean mugitu zen: alde batetik, Kominternaren eragina eta mugak, eta, bestetik, Txinako iraultzaren eragina
Gerrilla-gerra areagotu egin zen, biztanleriaren gehiengoa batu zuen eta indar iraultzaileen ahalmen operatiboa handitu egin zen. Egoera hura 1943ko irailean irauli zen: Italia faxista errenditu egin zen. 1944ko azaroaren 18an Tirana askatu zen, eta pare bat aste geroago Shkodra, nazien eskuetan zegoen azken hiria.
Albaniako Herri Errepublika Sozialista gaztearen lehen neurriak honako hauek izan ziren: lurjabeen desjabetzean oinarritutako nekazaritza-erreforma, industrien sozializazioa eta abeltzaintza-ustiategi kolektiboen sorrera.
ERRESISTENTZIA ETA ASKAPEN NAZIONALA VIETNAMEN
Lehen Mundu Gerraren ondoren, Vietnamgo burgesia nazionala eta burgesia txikia ez ziren gai izan okupazio kolonialista frantsesaren aurkako askapen nazionaleko mugimendu bat zuzentzeko. Indar nazionalistek, Phan Boi Chau eta Phan Chau Trinh buru zituztela, interes eta gaitasun gutxi erakutsi zuten askapen nazionalean. Izan ere, 1930ean sortu zen Indotxinako Alderdi Komunista, langile klasearen alderdi politikoa; eta une horretara arte ez zen askapen nazionalaren helburua zehazten hasi. 1930 eta 1931 bitartean bi matxinada piztu ziren nekazarien eta langileen aldetik kolonialismo frantsesaren aurka, eta Nghe An eta Ha Tinheko sobietetan gauzatu ziren. Hala ere, Frantses armadak bortizki zapaldu zituen.
Alderdi Komunista gazteak bere burua berraktibatu behar izan zuen eraso kolonialistei aurre egiteko, eta langileen eta nekazarien artean zabaldu zen. Kominternaren ildo frentepopulista berriei jarraituz, Indotxinako Alderdi Komunistak Fronte Demokratikoaren ildoa aurkeztu zuen, eta asmo txikiagoko helburuei heldu zien: prentsa- eta bilera-askatasuna, preso politikoentzako amnistia, Indotxinan bizi ziren frantziar aurrerakoiak ere barne hartuko lituzkeen unitate interklasista edo burgesia txikiarekiko malgutasuna, hura Alderdira erakartzeko.
II. Mundu Gerra hasi zenean, baldintzek bazuten ”heldutasun nahikoa” komunistek independentziaren aldeko borroka zuzendu ahal izateko. Lehenik, komunistak indar mugikorra zen eta errepresioari aurre egitera ohituak zeuden; bigarrenik, frantsesek bere arerioa deuseztatu zuten, Viet Nam Quoc Dân Đang (VNQDD) alderdi nazionalista; eta, hirugarrenik, Fronte Demokratiko Nazionalaren adibidea zeukaten Txinan. Frantzia Armada naziaren eskuetan erori zenean, Japoniak Indotxina hartu zuen, eta, beraz, Txinako Alderdi Komunistak eta Indotxinako Alderdi Komunistak etsai bera zuten.
Lacouturek bere biografian dioenez, Ho Chi Mihnek bi ideia leninista-clausewitziar-maoista zituen buruan etengabe, eta behin eta berriz itzultzen zen ideia horietara: “une mesedegarriaren” nozioa eta ”etsai nagusiaren” kontzeptua. 1941ean, AEB gerran sartu zenean, Ho Txinatik sartu zen Vientamen, eta Viet-minh sortu zuen (Vietnamen Independentziarako Liga). Espetxean egon ondoren, Hok berriz ere ausardia handia erakutsi zuen “une mesedegarria” aukeratzeko: 1945ean japoniarrek frantsesak armagabetu izana, munduko indarren korrelazioa eta Japonia Aliatuen aurrean errenditu izana. Hok koiuntura hori baliatu zuen erasoaldi estrategikoa abiarazteko ‒matxinada orokorra‒, eta independentzia aldarrikatu zuen. Matxinada nahiko lasaia izan zen, bost urteko ahalegin luzearen eta erresistentzia antifaxistaren emaitza, eta komunistak eta Viet-minh askapenaren indar agintari bihurtu zituen. 1946ko martxoan, Frantziako Estatuak Vietnam ”estatu aske” gisa onartu behar izan zuen, baina aitorpen hori paper errea zen, Frantziaren ahuleziaren emaitza, bere Armada gerran txikitua izan baitzen. Beraz, abenduan, urtebete baino gutxiago igarota, Frantziak Haiphong bonbardatu eta Viet-minhi gerra deklaratu zion berriz.
Ho Chi Mihnek bi ideia leninista-clausewitziar-maoista zituen buruan etengabe, eta behin eta berriz itzultzen zen ideia horietara: “une mesedegarriaren” nozioa eta ”etsai nagusiaren” kontzeptua
Hemen, bere merezimenduz, komunismoaren historiako estrategarik argienetako bat nabarmendu zen, Vere Nguyên Giáp herri-armadako komandantea. Hasieratik ulertu zuen Frantziak garaipen nahiko azkarra behar zuela, eta horregatik defentsa-estrategia bat planteatu zuen, geldialdia eta higadura zituena oinarri. Indar-orekara iristeko gakoa gerraren zama Frantziarentzat jasanezina izatea zen, burgesia frantsesak erabaki zezan alferrik zela jarraitzea. Eta oreka horretara iritsi ondoren, ofentsiba estrategikoa planteatzea eta suntsipen-gerrara igarotzea. T. Derbenten hitzetan:
“Askapen nazionaleko gerra batek garaipen militar erabakigarririk erdietsi gabe lor ditzake bere helburuak; nahikoa da botere zapaltzailearen gainetik jartzea politikoki; besterik gabe, botere zapaltzaileak senti dezan ezin duela gerra irabazi, gerraren prezioa jasanezina dela bere buruzagientzat edo iritzi publikoarentzat [...] Vietnamgo gerrak izaera bikoitza izan zuen: askapen nazionala [...] eta benetako garaipen militarra, deuseztapen bataila (edo kanpaina)”.
Konferentzia bateko jarraibideak gerrilla-gerrari buruz (1952) liburuan, Ho Chi Minhek honako hau esan zuen:
“Gerrilla-gerraren helburua ez da eskala handiko guduei aurre egitea: etsaiari hozka egitea da, ezin dezan bakean jan ez eta lo egin ere; arnasarik ez ematea; fisikoki eta mentalki ahitzea eta; azkenik, suntsitzea”.
Gerra-estrategia luzeak indarrak garatzea eta esperientzia gehiago biltzea ahalbidetzen zuen. Indar komunistek,Phu Tong Hoa-ko postuen aurka ustekabeko erasoen, Cao Bang-eko garaipenaren eta Vinh Yen-eko porrot mingarriaren ondoren (napalmaren eta antzeko suntsipen-arma berrien eraginez), garaitzea lortu zuten.
1954ko maiatzean, Giápek, azkenean, Frantziak Dien Bien Phúko behin betiko batailan botatako pultsua onartu zuen. Frantziako indar kolonialek ez zuten ulertu, hain zuzen ere talkari ihes egin ez ziotelako, vietnamdarrak zirela une hartan erasoaldiaren pisua zeramatenak, baldintzak aldatu zirela eta oreka estrategikoaren unea gaindituta zegoela. Giápek honela deskribatu zuen gudua: “eraso eta aurrerapen geldoagoak, baina seguruagoak [...] garaitzeko eraso behar dugu, garaipenaren ziurtasuna dugunean bakarrik eraso”. Lubakien atzetik, frantsesek edozein erasori aurre egin ahal izango zietelakoan, 55 eguneko setioari aurre egin behar izan zioten, azkenean garaituak izan ziren arte. Hainbat hamarkadatan eraso kolonialista jasan zuen herri batek osatutako Armadak, ekonomia nahiko primitiboa eta baliabide oso mugatuak zituenak, potentzia handienetako baten Armada kolokan jarri eta garaitzea lortu zuen, teknologia handiko gerra-industria handi baten eta deuseztapen-arma modernoenen gainean sostengatzen zen Armada bat, hain zuzen ere. Eta ez zen Vietnamgo historian hori gertatuko zen aldi bakarra izan.
Frantziako indar kolonialek ez zuten ulertu, hain zuzen ere talkari ihes egin ez ziotelako, vietnamdarrak zirela une hartan erasoaldiaren pisua zeramatenak, baldintzak aldatu zirela eta oreka estrategikoaren unea gaindituta zegoela
Uztailean, komunistek iraultza sendotzeko nekazaritza-erreforma eta lurraren banaketa-politika ezartzen zuten bitartean, inperialistek, Genevako Itunaren ondoren, Vietnam zatitu zuten 17. paraleloan. Iparraldea Gobernu iraultzaile berriarentzat izan zen, eta hegoaldea antzinako potentzia kolonialaren eraginpean geratu zen. Bigarren hori Estatu Batuen menpeko bilakatu zen, militarki eta politikoki, eta Gobernu txotxongiloaren buru Ngo Dinh Diem jarri zuten.
Hegoaldeak uko egin zion bateratzeari buruz erabakitzeko proposatu ziren hauteskundeak deitzeari; horrek eta komunisten aurka piztutako beldur-kanpainek lehen erresistentzia-mugimendua eragin zuten Hegoaldean. 1959an Vietcong-ak (Hego Vietnamgo Askapenerako Fronte Nazionala) zuzendutako altxamenduan gorpuztu zen erresistentzia-mugimendu hori. Hala, haiek iparraldetik babesteko eta bateratzearen alde borrokatzeko beharra nabarmendu zuen Ho Chi Minhek.
Vietnamen, Munduko armadarik boteretsuenak, berriz ere, behar izanez gero “mila urtez borrokatzeko” prest zeuden borrokalariak izan zituen aurrean
Vietnamgo Gerrak, edo Indotxinako Bigarren Gerrak, bi hamarkada iraun zuen, eta XX. mendeko bortitzenetakoa izan zen. Ameriketako Estatu Batuek 7,5 milioi tona bonba jaurti zituzten Indotxinaren gainera, 500.000 km2-ko azaleran, eta horrek aise gainditu zuen Bigarren Mundu Gerran bi aldeetatik jaurtitako bonba-masa. Munduko armadarik boteretsuenak, berriz ere, behar izanez gero “mila urtez borrokatzeko” prest zeuden borrokalariak izan zituen aurrean, masa pobreen artean errotze sakona zutenak eta, berriz ere, ahalik eta baliabide gehien erabiliz erresistentzia-kanpaina bat jarraitzeko prest egon zirenak. Elefante baten eta tigre baten arteko borrokaren metafora zabaltzen hasi zen herriaren artean. Tigreak zuzeneko liskar bat bilatzen badu, zanpatu egingo du elefanteak, baina erasotzeko eta ezkutatzeko estrategiari jarraitzen badio, odolustuta hilko du elefantea. “Gerra txikiaren” ideia clausewitziarra eta gerraren faseen trantsizioaren nagusitasuna funtsezkoak izan ziren gatazka armatua konpontzeko. Alderdi batzuk nabarmendu nahiko genituzke:
Lehenik eta behin, gerra herrikoia izateko beharra, hau da, herriaren gainean eutsia egotea, bereziki haren maila zapalduenen gainean. Masen artean errotu izan ez balitz, Vietcongak eta Herri Armadak egindako gerrilla porrotera kondenatuta egongo zen. Bigarrenik, aldez aurretik ezarritako plan batera ez mugatzeak, bai Giápek, bai Vietcongak, antolaketa-, maniobra- eta borroka-moduen arteko malgutasun izugarria izan zuten: garaile ateratzen ziren erasoaldiei jarraipena ematen zieten eta areagotu egiten zituzten, edo porrotera kondenatutako erasoaldiei amaiera ematen zieten. “Defentsaren eta erasoaren arteko dialektikaren” nagusitasun horrek ere bere mugak izan zituen, eta horrek baja asko eragin zituen, hala nola Drang haraneko guduan; izan ere, AEBko aireko indar militarra hilgarria izan zen.
Defentsa-estrategia aktiborako itzulerak, T. Derbenten arabera, “herri-armadaren aurrerapen kuantitatibo txikiak indar-korrelazioaren aldaketa global bihurtzea ahalbidetu zuen”. Esaterako, Khe Sanh-eko setioan edo Tet-eko ofentsiban jasandako porrotak garaipen moral bihurtu zituzten, porrotek ez baitzituzten indar komunistak ahuldu; gogo eta erabakitasun handiagoz hazi eta eutsi zuten, basakeriaren eta Agente Laranjaren aurka.Gainera, lehenago aztertu dugun egitateak, hau da, herrialde inbaditzailearentzat gerra onartezin bihurtzeak, berebiziko garrantzia izan zuen kasu honetan ere.
1972an, indar iraultzaileak borroka erabakigarria, eraso estrategiko orokorra, planteatzeko prest zeuden, Pazkoko Erasoarekin. Ipar Vietnamgo Armadaren gehiengoak osatutako hiru frontek kaosa piztu zuten Hego Vietnamen, eta, erregimen txotxongiloa eraistea lortu ez bazuten ere, Hego Vietnamgo eta AEBko tropen morala erabat txikitu zuten. Hiru urte geroago, 1975ean, Udaberriko Erasoaldia amaitu zen, Saigon hartu, Estatu Batuak ebakuatu eta erretiratu, eta Vietnamgo bi zatiak berriro elkartu zirenean.
EPILOGOA
Komunista gisa, honako hauek dira estrategia militar proletarioen ibilbide kondentsatu honetatik atera ditzakegun ikasgai garrantzitsu batzuk: borroka-mekanismoak hobetzeko beharra, gerraren faseen ezaugarrien garrantzia eta borroka forma jakin batzuk hartzeko malgutasuna. Eta, jakina, guztia barnebilduz, gerraren izaera herrikoia: edozein iraultza porrotera bideratuta dago masen laguntzarik eta haien lan eraginkorrik gabe. Armadak masekin bat egin behar du.
Edozein iraultza porrotera bideratuta dago masen laguntzarik eta haien lan eraginkorrik gabe
Matxinadaren formak arrakasta izan zuen Paris eta Errusiako esperientzietan, neurri batean potentzien izaera inperialistagatik, eta beurri batean Estatuko Gobernuaren ahultasun handiagatik. Leninek Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena lanean, “inperialismoaren katebegi ahulenaren” kontzeptuarekin planteatu zuen hori.
Geroko esperientzietan, ordea, armada askoz beldurgarriagoen aurka, matxinadaren ordez gerra herrikoi luzea ezarri behar izan zen, eta defentsa aktiboaren alderdi estrategikoa nagusi bihurtu. Masen artean errotuz, lan politikoa eginez eta etsaiari mozorroa kenduz, iraultzaren indar moralak irabaziz joan ziren, eta kontrairaultzarenak txikituz. Pentsatzen badugu, bitxia da nola azter dezakegun gerra herrikoi luzea Ermattungsstrategie ez-kautskiar bat bezala. Ikusi genuenez, Kautskyk indarra higatzeko eta metatzeko estrategia hori erasoaren unea (ofentsiba estrategikoa) ad eternum luzatzeko koartada gisa ulertzen zuen (eta, bidean, parlamentarismoaren bitartez onura pertsonalak lortzeko). Aitzitik, herri-gerra luzeak prozesu osoan hartzen du kontuan eraso-unea, haren defentsa aktiboa da, eta gudu erabakigarriaren eta azken garaipenaren baldintzak eraikitzeko balio du.
Herri-gerra luzeak prozesu osoan hartzen du kontuan eraso-unea, haren defentsa aktiboa da, eta gudu erabakigarriaren eta azken garaipenaren baldintzak eraikitzeko balio du
Horretarako, Clausewitzen analisiak bereziki garrantzitsuak dira, ez autoritate-argudio gisa azaleratzeko, ezta bere ideiak mekanikoki aplikatzeko ere, baizik eta, T. Derbertek dioen moduan, “arte militar burgesaren erabilera kritiko baina metodikoa egiteko: gerra iraultzailearen izaera herrikoi eta proletarioak ez zituen haren proposamen guztiak baliogabetu, baizik eta mugatzen zituenetik harago joatea eta mota berriko gerrako zientzia eta arte proletarioen oinarriak ezartzea ahalbidetu zuen”.
Thomas Müntzer iraultzaren teologoa lanean, Blochek kontatzen du Müntzer buru zuten nekazariak beren etxeetara itzultzen zirenean 1525ean, printzeen aurkako gerran porrot egin ondoren, kantu bat kantatzen zutela. Honela zioen: “gure ondorengoak gu baino hobeto borrokatuko dira”. Azken porrotean ere, etorkizunean garaipena lortzeko aukeran bakarrik pentsa zezaketen. Gure iraganeko esperientzia iraultzaileetatik ikastea eta gai estrategikoei buruz pentsatzeko denbora eta indarra eskaintzea ezinbestekoa da maila emateko, klase-gerran hobeto borrokatzeko..
ERRREFERENTZIAK
CLAUSEWITZ, Carl von, De la guerra, Madrid: La esfera de los libros, 2005.
DERBENT, T., Clausewitz y la guerra popular, Madril: Dos Cuadrados, 2024.
MARX, ENGELS, LENIN, STALIN, TROTSKY, MAO, CHE, Lucha de guerrillas, Gijón: Júcar, 1979.
NEUBERG, A. La insurrección armada, Euskal Herria: Boltxe, 2023
HEMEN ARGITARATUA