Kaleratzeen, industria itxieren eta deslokalizazioen berri ugari izan da azken hilabeteetan Europan, eta automobilgintzaren sektoreak ezin hobeto irudikatzen du kontinente zaharrak bizi duen krisi industriala. Gaur Alemanian eta Frantzian hartzen diren enpresa erabakiek zehaztuko dute Europako gainerako herrialdeetako auto ekoizpena, gure lurraldekoa barne. Eta industria itxieren prozesu guztietan hainbat paralelismo ikus daitezkeenez, sektore hori erabiliko dugu adibide gisa egoeraren azterketa egiteko.
Automobilgintzak EBko enpleguaren %6 hartu eta BPGaren %8 sortzen du, eta nabarmena da produktibitate handia duela beste sektore batzuekin alderatuta. Horri esker, diru fluxu eta esportazio handiak lor daitezke, eta agerikoa da horiek gabe Europa merkataritza defizit larrian sartuko litzatekeela. Baina motorraren industriaren gainbehera hasia dago jada, are gehiago sakonduko du Ongizate Estatuaren desegitean eta bete-betean kolpatuko du langile klasea.
Motorraren industriaren gainbehera hasia dago jada, are gehiago sakonduko du Ongizate Estatuaren desegitean eta bete-betean kolpatuko du langile klasea
Hemen ez dira zehaztuko automobilgintza gure kontinentean maldan behera eta balaztarik gabe joatearen arrazoiak. Aitzitik, deriba horretan parte hartzen duten gidarien eta bidaiarien azterketa labur bat egiten saiatuko gara, bai eta lantegiak ixteko prozesuetan bloke sindikalek duten funtsezko papera aztertzen ere. Horretarako, gainbehera horren kasu paradigmatikoenetik abiatuko gara zuzenean, Volkswagenen kasutik.
VOLKSWAGEN KASUA
Volkswagenek, Alemanian langile gehien dituen enpresak, ezin hobeto islatzen du Europako motorraren testuingurua, non klase borrokaren taulako piezak argi eta garbi aurkezten diren. Mugarri izango den gatazka honetan, hiru subjektu nagusik parte hartzen dute, etorkizun industriala erabakiko dutenak: kapital finantzarioak gidatutako burgesiak, sindikatu burokratiko hegemonikoak eta langile mugimenduak.
2024ko irailean, enpresak mehatxu egin zuen soldatak %10 murriztuko zituela, bai eta kaleratze masiboak egin, hitzarmen kolektiboak ezabatu, eta, 87 urtean lehen aldiz, Alemanian lantegiak itxi ere. Kapital finantzarioaren swingak Golfaren ekoizpena Mexikora bidaltzearekin mehatxatu zuen, eta, lehiakortasun falta argudiatuz eta irabaziak handitzeko, kaleratzeak eta itxierak gauzatzearekin.
Langileen lehenengo erantzuna
Itxiera mehatxuak zabaldu zirenean, langileek berehala erantzun zuten. Klase elkartasunak aurreikuspen oro gainditu zuen, eta herrialde osotik zetozen mezuek duindu egiten zuten langileen ziurgabetasun egoera. Elkartasuna berehala hedatu zen tokiko senide eta lagunen artean, baina beste enpresa batzuetako lankideengandik ere etorri zen, hala nola Daimler (Mercedes), Thyssenkrupp eta Siemensetik, laguntza eta lankidetza eskaini baitzuten: "Elkartasun ekintzak egiteko konpromisoa hartzen dugu. Zer behar duzue?" zioen Daimlerreko lankide batek.
Klase kontzientzia zabaltzen hasia zen lantegietan. Daimler Truck Wörth-eko enpresa batzordeak elkartasuna adierazi zuen: "Eraso egin dizuete, baina denoi egiten digute eraso. (...) prest gaude herrialde osoan greba egiteko!". Thyssenkruppeko langile batek honela zioen: "Inoiz ez dut bizi izan orain jasotzen ari garen tratuaren antzekorik. Gure aurkako erasora pasatzen ari dira; guk gauza bera egin behar dugu".
Volkswageneko langileek ekimen independente ugarirekin erantzun zuten, eta, abenduaren 2an, 100 mila langileko ohartarazpen greba bat egin zuten, jendearen borrokarako borondatea plazaratzeko. Bien bitartean, patronalaren eta enpresa batzordearen arteko negoziazioak ateak itxitako bileretan ebazten ari ziren, eta langile klasea erretagoardian geratu zen, ordezkariek negoziatzen zutenaren zain.
Determinazio burgesa
Baina etekinak bilatzeko eta lan-indarraren esplotazioa areagotzeko logika burgesa zurruna da. Hori lege da kapitalismoan. Beraz, burgesiaren diziplina ere irmoa da irabazi handiena bermatuko duten beharrezko politikak aurrera ateratzera begira. Adierazpen politiko desberdinen zein burgesen arteko lehiaren gainetik, arrazionaltasun hori gailendu egiten da azkenean.
VWen kasuan, aldebakartasun hori ordezkatzen duen eragilea nazioarteko kapital finantzarioa da. Automobil taldeak Porsche SE zorro sozietatearen %32ko partaidetza du, inbertsio funts handien eta bankuen %26ko partaidetza, Qatarko inbertsio funts subiranoaren % 14koa, akzio pribatuen %13koa, eta Saxonia Behereko landerraren %12koa. Akziodun horiek, bai eta finantza merkatuek zaindutako enpresaren zor handi batek ere, aktiboki zaintzen dute gau eta egun irabazia handitzea, eta krisi garaian berregituraketa neurriak ezartzen dituzte.
Ildo horretan jardun zuen zuzendaritzak, kapital finantzarioaren jarraibideen borrero. Abenduaren amaieran, hau adostu zuen sindikatuekin: 2030erako 35.000 lanpostu ezabatzea –hori bai, modu "sozialki arduratsuan"–, soldatak 5 urtez izoztea –inflazio testuinguru betean–, zenbait hobari eta 1.200 euroko opor ordainsaria kentzea eta 2025 eta 2027 bitartean bi lantegitako ekoizpena etetea, berriro hartzeko perspektiba handirik gabe. Horrek esan nahi du, 5 urte baino gutxiagoan, gaur egungo 4 enplegu eta fabrikatutako 4 autoetatik 1 baino gehiago kenduko direla.
Hori guztia ez da modu trakets eta baldarrean egin, hotz-hotzean kalkulatuta baizik. Langileen batasuna haustea zuten helburu, eta, horretarako, kaleratzean hobekuntzak eskaini zizkieten esperientzia eta ezarpen handiena zuten enplegatuei, haiek sindikalki indargabatzeko; ekoizpen instalazioen –eta langileen– arteko lehia handitu zuten auto modelo berrietara baliabideak nola esleitu erabakitzeko; eta ikusezin bilakatu zuten industria hornitzaileetako eta osagarrietako langile guztien etorkizuna. Langile batek adierazi zuen bezala, "elkartasunean batuta egon beharrean, elkarren aurka jartzen ari dira langileak".
Langile batek adierazi zuen bezala, "elkartasunean batuta egon beharrean, elkarren aurka jartzen ari dira langileak".
Bitartean, politikari profesionalen zeregina, Estatuko kapitalista kolektiboaren kudeatzaile diren aldetik, metatze baldintzak ziurtatzea zen nahitaez. Baldintza horiek Kapitalaren eta lan indarraren erreprodukzioa bermatu behar zuten, metaketa iraunkorra ahalbidetuko zuen "bake sozialeko" giro batean. Scholz Alemaniako kantzilerraren adierazpenak argiak izan ziren: "Kontua da denok elkartuta egotea nahiz eta garai zailak izan, lankidetza soziala eredu izatea etorkizuna elkarrekin irabazteko; ez jardutea bata bestearen aurka, baizik eta elkarlanean". Benetako xedea langileen borroka minimizatzea zen, are gehiago hauteskunde orokorren atarian egonda. Jakina, haien arabera, akordioa albiste bikaina izan zen.
Burokrazia sindikalaren kogestioa
Baina itun bat gutxienez bi alderen arteko akordioa da, eta langileria antolatua ez zegoen erabakitze mahaian. Sinatzaileen beste aldea IG Metall sindikatuko goi karguek osatzen zuten; Alemaniako sindikaturik handiena da, bi milioi afiliatu baino gehiagorekin.
Alemaniako kogestio sistemak (Mitbestimmung) ikuskaritza-batzordean langile ordezkariak izatera behartzen ditu 500 langile baino gehiago dituzten enpresa guztiak. Batzorde horren ardura da zuzendaritza batzordearen ebazpenak gainbegiratzea eta erabaki estrategiko garrantzitsuak berrestea, hala nola inbertsioak, lantegien itxierak edo kaleratzeak. Kogestio legearen helburua da, teorian, langileen eta enpresaburuen arteko lankidetza sustatzea, lan harremanak hobetzea eta industria gatazkak murriztea.
IG Metalleko eliteek negoziazioaren gidaritza hartu zuten, eta zuzendaritzarekin eseri ziren akordio bat lortzeko. Volkswagenek proposatutako lantegien itxieren eta nahitaezko kaleratzeen aurrean, "Gabonetako mirari" izendatu zutena onartu zuten. Akordio horri esker, ez omen dira lantegiak itxiko, eta autoen ekoizpena %30 bakarrik murriztuko da, nahiz eta hainbat lantegiren etorkizuna erabateko ziurgabetasunean utzi horrek. Era berean, ez da nahitaezko kaleratzerik egongo, "sozialki onargarriak" diren 35 mila kaleratze baino ez. Gerentzia atsekabetuta egongo da, noski.
Sarkasmoa aparte, langileek prentsaren bidez izan zuten akordioaren berri. Informazio kanalak hautsita zeuden, eta delegazioa bera ezabatua izan zen: ordezkaririk gabe, bozketarik gabe, ikuskapenik gabe.
Ez zen ustekabekoa izan, ezta ere, negoziazioak abenduaren 20an amaitzea, ostiralarekin, Gabonetako oporren aurretik, hain zuzen ere langileen antolakuntza neurri handi batean geldirik geratzen den unean. Argi dagoena da alderdi politikoek eta kapital finantzarioak kosta ahala kosta saihestu nahi zutela proletario industrialaren nukleo baten greba zabal bat hauteskunde kanpaina betean. Langileen erantzuna oraindik ikusteko dago, baina hasierako sentsazioa kontraesankorra da VWeko langileen artean, eta haserrearena, berriz, enpresa osagarrietako langileen artean.
Alderdi politikoek eta kapital finantzarioak kosta ahala kosta saihestu nahi zuten proletario industrialaren nukleo handi baten greba handi bat hauteskunde kanpaina betean
SINDIKALISMOA ETA POLITIKA: HARREMAN ESTRATEGIKO BAT
Sindikalismoa aldatu egin da garaiaren, lurraldearen, erregimen politikoaren edo kapitalismoaren garapen egoeraren arabera. Langile borroka desberdina izan da –kuantitatiboki eta kualitatiboki– hedapen kapitalistako momentuetan eta itxiera, deslokalizazio eta erreakzio orokorreko garaietan.
Azken testuinguru horretan, IG Metalleko burokraziaren funtzio politikoa itun interklasista ixtea izan da: kapital finantzarioaren aginduak apaintzea, langileen eztanda saihesteko. Funtsean, produkzioaren murrizketa, deslokalizazioa eta soldaten jaitsiera orokorra onartu dira. Obedientzia erosia dela esan liteke, baina, egia esan, zeren truke galdetu beharko litzateke. Horrela, Alemaniako kogestio ereduak Kapitalaren erabaki estrategikoetan lankidetzan aritzea erraztu du, ikuspegi defentsibo batetik, konfrontazioa murrizteko asmo nabarmenarekin.
IG Metalleko burokraziaren funtzio politikoa itun interklasista ixtea izan da
Klase arteko norgehiagoka lausotu egin da, baina, aldi berean, langile klasearen barruan areagotu egin da konfrontazio hori. Izan ere, Volkswageneko langileei kaleratze baldintzetan eskainitako hobekuntzek, ekoizpena nabarmen murrizteko helburua dutenek, enpresa hornitzaileetako gainerako langile guztiak jokoz kanpo uztea dakarte, eta, ezinbestean, kaleratze eta itxiera gehiago egongo dira enpresa horietan. Eta ez dira gutxi. Bartzelonako Nissan itxi zutenean plazaratu zen bezala, Nissaneko soldatapeko bakoitzeko ia 10 langile kaltetu zeuden inguruko enpresetan. Langileek argi dute zer dakarren VWen 35 mila kaleratze sinatzeak eta ekoizpena murrizteak: "Ez al da hori pixkanaka hiltzea?" galdetzen dute. Eta beste garai bateko langileekin konparatzen dute beren burua: "Gauza bera gertatu zen ikatz-industriako meatzariekin. Erretiro aurreratuak (...) saminez erosiak". Izan zitezkeen Los lunes al sol filmean Santa pertsonaiak esandako hitzak, gu industria-birmoldaketaren itxiera garaietara eramango gintuzketenak.
Baina, batez ere, badirudi langileak antolatzeko eta gogor erantzuteko potentziala ito dela. Nagusi den eredu hegemoniko sindikala dela-eta gertatu da hori: negoziazioa lehenesten da konfrontazioaren aurretik. Borroka bera funtzionala da negoziazio mahaian posizioak hobetzen dituen heinean; negoziazioaren aurretik, partzialki eta modu kontrolatuan soilik aktibatzen da borroka. Sindikatuaren egiturak printzipio zurrun horiek barneratzen ditu, eta antolaketa independente oro baztertzen du: komunikazio kanalak suntsitzen dira, marko lokalak edukiz hustu, barne demokrazia ezabatu eta sindikatua bitan banatzen da, burokraten zuzendaritza baten eta zain dagoen langile masa baten artean. Borrokarako baldintzak gatazkaren hasieran baino okerragoak dira orain; elite sindikalak bete du bere zeregina.
Nagusi den eredu hegemoniko sindikala dela-eta gertatu da hori: negoziazioa lehenesten da konfrontazioaren aurretik
Baina ez dira itxialdiak eta kaleratzeak bakarrik onartu: zurrumurruek diotenez, zenbait auto fabrika, Karmannekoa kasu, birmoldatu eta armagintza industriara pasatu litezke. Izan ere, Europaren etorkizun industriala ez dago kontsumo, bitarteko eta kapital ondasunen mende soilik. Gastu publiko militarraren gorakada dela eta, industria sektore tradizionalak armagintza ekoizpenera jotzen ari dira: industria, gaur, gero eta gehiago da industria militarra.
Sindikatu nagusiek zeresan handia izango dute gerra-testuinguru berri –zahar– honetan. Paralelismo baldarretan erori gabe, 1914ko abuztuaren 2an, sindikatuek eta enpresaburuek grebak eta itxiera patronalak debekatzea adostu zuten, eta hitzarmen kolektiboak luzatu eta gerrarako produkzioa martxan mantendu zuten. Sindikatuak funtsezko eragileak izan ziren SPDk Lehen Mundu Gerran izan zuen jarrera belikoa zehazteko, eta eragin handia izan zuen alderdi politikoan, afiliazioan bikoiztu egiten baitzuten eta diru sarrera 50 aldiz handiagoak baitzituzten. Beraz, itun interklasistaren subjektu kohesionatzailea bihurtu ziren, sozialdemokraziari jarrera berritua eskaintzen baitzioten langile antolatuaren aurrean; eta gaur egun, igoaldi beliko betean, zenbait paralelismo ikus daitezke egoera harekin.
Industria, gaur, gero eta gehiago da industria militarra
Aldi berean, berriro ere esparru laboralean beren burua aurkezteko, gerra eta erreakzio testuinguru hau aprobetxatu dute agente berri –zahar– batzuek: sindikatu faxistek. Langile aristokrazia ekonomikoki bideragarria eta politikoki beharrezkoa ez den une honetan, burgesiak aukera iraultzaileak neutralizatu behar ditu, eta langile industrial proletarizatuen masak krisiaren irteera autoritario batean kokatu.
Alemaniarentzako Alternatibak (AfD) botoen %12,9 lortu zituen 2017ko hauteskunde orokorretan, baina %15 industriako langileen artean. Oraingoz lan esparruan eragile nagusi ez diren arren, Zentrum Automobil sindikatu faxista Mercedes, BMW eta Porscheren hainbat lantegitara hedatu da, eta ordezkaritzaren %10era iritsi da. Hasiera batean klase borrokaren beraren aurkako diskurtsoa erabiltzen bazuten ere, 2015etik aurrera “goikoak eta behekoak” diskurtso populista erabiltzen hasi ziren: goian, "sindikatu monopolisten" kogestioa; behean, langile arruntak, alde batera utziak. "Saldutako sindikatuak" aipatu dituzte erantzule gisa, eta, horrela, lan gatazkak hutsaldu, beste etsai bat izendatu eta ekuaziotik atera dute klase borroka. Azken helburua argia da: etsaiz nahastea klase gizartea sendotzeko.
Lan arloan erretorika faxista klasikoagoarekin ere esku hartzen dute: eliteen eta globalizazioaren aurkako diskurtsoa zabaldu eta langile migratzaile eta zaurgarrienak seinalatzen dituzte. Hori guztia ikuspegi ultranazionalista eta obrerista batetik. Horrela, burgesia zuritu eta langilerik ahulenak kriminalizatzen dituzte, bai eta militanteak antikomunismo amorratu batekin lerrokatu ere, langile klasea modu independentean antolatuko duen aukera iraultzaile oro neutralizatzeko. Hala irudikatu zuten, adibidez, Maiatzaren Lehen batean "ALARM!" izeneko sindikatu faxistaren aurkezpenean. Bertan, AfDren urdina eta SA nazien kapela gogorarazten zuena zeraman gizon batek langile mugimenduaren gorriaren gainean margotzen zuen, jokabide konfrontatibo gisa. Azken finean, ardi larruz jantzita ere, otsoa beti otso.
Langile mugimenduaren independentzia politikoa
Langile mugimenduak, modu atomizatuan eta koordinatu gabean bada ere, proposamen eta ekintza zehatzekin erantzun du; izan ere, diziplina burgesaren logika hautsezina bada ere, neurriak hautsi daitezke, eta, azkenean, klase borrokaren zelai politikoan ebazten dira beti.
Hainbat kanaletan, elkarrizketetan eta batzarretan langileek grebara joateko baldintza egokiak daudela azpimarratu dute: Volkswagenek milaka milioiko irabaziekin amaitu du 2024, itxi nahi diren lantegien ekoizpenari esker, hain justu. Eta enpresa osoko greba bat erraz asko zabaldu daiteke hornidura kate osoan zehar beste enpresetara, ekoizpen loturak direla eta. Ikusteko legoke ea burgesiak aurre egin ote liezaiokeen etekinen kolapso eta greba industrial masibo bati krisi instituzional baten testuinguruan.
Grebarekin batera –tresna sindikal nagusia baita–, beste aukera batzuk ere entzuten dira, hala nola lantegien okupazioa eta gizarte esferaren inplikazioa. Batzuek Ford Bochumek 2004an izandako esperientzia gogoratzen dute; izan ere, fabrika berehala ixteko mehatxupean, aldi baterako okupazioarekin erantzun zuten langileek, eta lantegiak beste 10 urtez ekoizten jarraitzea lortu zuten. 2004ko borrokako ekintzek aurrekari bat jartzea lortu zuten ideia sindikaletan, langileek beraiek bultzatu eta kontrolatu zuten borrokari esker. Hala eskatzen dute gaur egun ere langileek: "Borrokatu IG Metallekin, baina hartu borrokaren kontrola zure eskuetan."
Hala ere, gehien errepikatzen diren proposamenak antolakuntza eta ekintza batasunera bideratutakoak dira, enpresa desberdinetako langileak batzekoak; alegia, klase batasunera bideratutakoak. Burgesiak VWeko langileen kaleratze baldintzak hobetu nahi ditu epe ertain eta luzean ekoizpena murriztuko dela ziurtatzeko, eta horrek babesik gabe uzten ditu inguruko enpresetako ehunka mila langile, langileria zatitu eta langileak aurrez aurre jartzen baititu. Horregatik, besteak beste ZF eta Thyssenkrupp multinazional hornitzaileetan greba sektorialerako deia egiten da zuzenean, Volkswagenen berregituraketa planen aurka.
Hori izan behar da langileria industrial antolatuaren funtsezko puntu taktikoa horrelako mailakako itxieren aurrean: hornidura kate osoko kaleratze masiboak eta itxierak baztertu behar ditu. Burgesiak modu bateratuan eta koordinatuan jokatzen badu, aurre egiteko modu bakarra langile klasearen batasuna sendotzea da, eta, beraz, erakunde iraultzaile ororen hedapen taktikoa langile guztien koordinazioan eta taldekatzean oinarritu behar da, eta interes komunak bermatu behar ditu epe laburrean eta luzean. Klase batasun hori sendotzeak aukera ematen du etorkizuneko borroketarako posizioak irabazteko –borroka horiek zalantzarik gabe iritsiko baitira–, praktika lokalistak gainditzeko, eta gatazken pertzepzio zabalagoa eta egiturazkoagoa garatzeko. Azken finean, sindikatuen lan hutsetik haratago klase kontzientzia sortzeko oinarriak ezartzen ditu.
Erakunde iraultzaile ororen hedapen taktikoa langile guztien koordinazioan eta taldekatzean oinarritu behar da
Egungo itxiera prozesuei erantzuteko, beharrezkoa da lehentasunezko bi gairi buruzko politika eguneratzea. Alde batetik, langileen nazioarteko antolaketa itxieren eta deslokalizazioen aurrean. Dagoeneko agertu dira lehen kasuak adibidez Amazon edo Ryanair multinazionaletan, non grebak estatuko mugetatik haratago koordinatu diren, grebaren exekuzioa eraginkorragoa izateko. Lan zaila izan arren, lehentasunezkoa da, hori baita burgesiaren egungo antolaketa eskalari aurre egiteko modu bakarra.
Bestalde, testuinguru belikoaren aurrean, langileen erantzuna eguneratu behar da. Egoera hau ez zaigu erabat arrotza, ez baita lehen aldia industria militarraren garrantzia modu esponentzialean handitzen dena. Praktika internazionalista indartu behar da, era guztietako gerra adierazpenen aurkako langileen borroka areagotuz, baita sektore industrialean eta logistikoan ere. "Kontrairaultzaren esparrua ere iraultzailea da", dio Marxek. Borroka mekanismoak ez zaizkigu falta, joan den mendeak erakutsi zigun hori.
Politika horiek guztiak, sindikatuen lanetik haratago doazenak, masa-alderdi komunistaren bidez baino ezin dira gauzatu. Alderdi komunistak programa kritiko bat behar du, errealitate osoaren mailan egongo dena, proletariotzarekin konektatuko duena, eta bere berehalako interesak ikuspegi orokor bateratzaile batekin lotuko dituena, klase independentzia antolatuz. Krisi sistemikoak klase sozialen arteko lankidetza zailtzen duen momentuan, langile borrokak bidea irekiko du, baina beharrezkoa da ekimen espontaneoa politikoki antolatzea. Gure alternatiba bakarra bete-betean konprometitzea da, pauso labur eta begirada luzearekin, alderdi komunistaren eredua eguneratzeko, baita esparru laboralean ere.
Politika horiek guztiak, sindikatuen lanetik haratago doazenak, masa-alderdi komunistaren bidez baino ezin dira gauzatu
BIBLIOGRAFIA
Bosch Alessio, Constanza Daniela eta Gaido, Daniel (2012). El marxismo y la burocracia sindical. La experiencia alemana (1898-1920).
HEMEN ARGITARATUA