Estatuaren funtzio nagusia, ekoizpen eredu kapitalista hegemoniko bilakatu zenetik aurrera bederen, Kapitalaren metaketa-dinamikak era egokian funtzionatzeko beharrezko baldintzak ezartzea izan da. Ezin dugu Estatua ulertu harreman ekonomikoekiko autonomoa den gainegitura gisa, bestelako interesak dituen agente independentea balitz bezala. Estatu kapitalista, historikoki, kapital handien dominaziorako forma politikoa izan da: sistema ekonomiko lehiakor eta suntsitzaile honek sortzen dituen laztasunak leuntzearen erantzulea, alegia. Hala ere, historian zehar aldatu egin da Estatuak ordenamendu juridiko eta sozialaren eraketan parte hartzeko forma, garapen ekonomikoaren beharren arabera. Eta, hain justu, horixe da kontua: aztertu egin behar dugu zer forma konkretu izan duen Estatuak ekoizpen kapitalistaren fase historiko bakoitzean, norabide batera edo bestera bultzatu duten egiturazko faktoreei erreparatuz. Guk, hemen, puntu zehatz bati helduko diogu: eredu paradigmatiko baten agortzeari eta berri bat eratzeko joerari (hori ari da gertatzen gutxienez Mendebaldeko herrialdeetan). Lehenengo eredu hori gerra arteko sasoian ernaldu, kapitalismoaren urrezko urteetan egonkortu, eta 70eko hamarkadan agortzen hasi zen, neoliberalismoaren etorrerarekin. Testu honetan Zuzenbide Estatu Sozial izendatuko dugu. Bigarrenari, lehenengoaren agorpenetik gaur egunera arte konfiguratzen joan den ereduari, Estatu Autoritario esango diogu.
Zuzenbide Estatu Soziala garapen ekonomiko gorakorreko sasoi batean eraiki zen, zeinetan, masa-ekoizpenari esker, ongizate eta kontsumo maila altuak izan zitzakeen langile klasearen zati handi batek. Lana soberan zegoen, eta Estatua klase ertain zabal horri zergak jarrita finantzatu zitekeen. Garai haietan, egiazki hitz egin zitekeen estatuen politika ekonomikoaz, Estatuak subiranotasun erreala baitzeukan biltzen zuen aberastasuna kudeatzeko. Oinarri ekonomiko horren bitartez, beste gauza batzuen artean, babes soziala eta soldaten igoera hedatu ahal izan ziren langile klasearen geruza zabaletara.
Horrekin batera, garai hartan burgesiari demokraziaren zilegitasuna defendatzea komeni zitzaion, eta hura “totalitarismo” faxistak eta komunistak gainditzeko alternatiba logiko gisa aurkezten zuen. Era horretan, aldarrikatu zuten garrantzitsua zela Zuzenbide Estatua indartzea gerrak zeharkatutako urte haietan ezabatuak izan ziren oinarrizko eskubideak babesteko. Hala ere, ezin dugu alde batera utzi komunismoaren existentziak prozesu horretan izan zuen eragin sakona: aginte kapitalistak ez zuen Zuzenbide Estatua bultzatu konpromiso humanistagatik edo justiziagatik, baizik eta antolakunde komunista handiak neutralizatzeko, bide demokratikotik Estatuan integratuz.
Hala eta guztiz ere, 70eko hamarkadan hasi ziren egiturazko eraldaketekin, Zuzenbide Estatu Soziala bultzatu zuten oinarriak ahultzen joan ziren, eta horrek gaur egunera arte iristen den joera bati bidea egin zion: Estatuaren bilakaera autoritarioari. Horretarako bi faktore nagusi azpimarratuko ditugu jarraian.
70eko hamarkadan hasi ziren egiturazko eraldaketekin, Zuzenbide Estatu Soziala bultzatu zuten oinarriak ahultzen joan ziren, eta horrek gaur egunera arte iristen den joera bati bidea egin zion: Estatuaren bilakaera autoritarioari
Lehenengo faktorea da Estatu Soziala ezinezko bilakatzen dela. Estatuak subiranotasun politiko eta ekonomikoa galdu zuen nazioarteko kapital finantziarioaren aurrean, zeina gero eta kontzentratuago zegoen eta boteretsuagoa zen. Inbertsore izatetik zordun izatera igaro zen, eta oligarkia finantzarioek inposatutako programa ekonomikoen mendeko bilakatu. Hartara, lurraldearen gaineko agintea galdu zuen, eta nolabaiteko transmisio uhal bilakatu zen. Ordutik, Estatuak zor infinitu bat kudeatu behar izan du, langile klasearen diziplinamenduaren eta pobretzearen kontura.
Bigarren faktorea da Zuzenbide Estatua alferrikako bilakatzen dela. Proletariotzaren antolakunde politiko eta sindikatuak bere barnean integratu ostean, Kapitalak ez du inolako oposiziorik, zeinari azalpenak eman edo kontzesioak egin behar dizkion. Gauzak horrela, hamarkada luzez herriaren interes orokorra ordezkatu duen agentzia neutral baten irudia izanagatik ere, gaur egun gero eta nabarmenago ari gara ikusten Estatua maskara demokratikoa kentzen ari dela, bere benetako izaera agerian uzteko: Kapitalaren klase diktadurarako aparatu politikoa da.
Azken finean, mozkinak lortzeko espektatibak lurra jotzen ari diren eta akumulazio krisiak aurrera egiten duen testuinguru honetan, ezinbestean intentsifikatzen dira bai kanpo gatazka geopolitikoa, baita barne ezegonkortasun soziala ere. Horren aurrean, Estatua behartuta dago ordenamendu konstituzional eta errepresibo berri bat sortzera, testuingurura egokituko bada. Gure aburuz, Estatuaren erreforma autoritarioa hiru elementu hauetan oinarritzen da nagusiki: Estatuaren botere instantzien berrantolaketa, makineria militarraren indartzea eta kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoen modernizazioa.
ESTATUAREN BOTERE INSTANTZIEN BERRANTOLAKETA
Gobernuen botere instantziak berregituraketan daude. Pitzatzen ari da botereen arteko oreka, Zuzenbide Estatu modernoaren oinarri nagusietakoa. Estatuak bestelako botere egitura bat behar du datozen krisi sozialei, politikoei eta inperialistei eusteko; finean, eredu berri bat, non aginte-boterea, etengabeko salbuespen-egoera gobernatzeko, botere exekutiboan metatzen den; bitartean, edukiz husten ari da botere judiziala.
Lehenengo puntuari dagokionez, duela gutxi egin den Segurtasun Nazionalerako Legearen erreformak argi eta garbi ilustratzen du nola botere exekutiboak gero eta botere handiagoa duen salbuespenezko egoeretan zuzenean agintzeko, beste gauza batzuen artean. Erreforma berri horrek dakarrena da segurtasunerako baliabideak (hala nola segurtasun kidego pribatuak eta polizia autonomikoak) Segurtasun Nazionaleko Kontseiluaren agintepean zentralizatzea eta organo horri zuzenean eskumena ematea baliabide horiek kudeatzea helburu duten plan taktikoak aktibatzeko. Norabide berean, ikusten dugu gero eta ohikoagoa dela botere exekutiboak neurri garrantzitsuak ezartzea inolako izapide parlamentariorik gabe; Ukrainara armamentu astuna bidaltzea, kasurako.
Botere judizialari dagokionez, pandemia garaiko neurriei begiratzea baino ez dugu: Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen dekretuz, eta, salbuespen neurri horren bitartez, herritarrak etxean konfinatu, etxeratze aginduak ezarri, kaleak militarizatu eta beste hainbat neurri hartu zituen. Bada, gobernuak oinarrizko eskubide multzo bat ezabatu eta hilabete batzuk geroago, Auzitegi Konstituzionalak ilegaltzat jo zituen harturiko neurriak, eta, hala ere, horrek ez du inolako ondorio legalik izan neurri horiek ezarri zituzten botere publikoentzat. Hori gertatzeko arrazoia da egiazki praktikan botere judizialak ez duela lekurik Estatu Autoritarioan. Egungo oinarri konstituzionalak babestu, eta, ondorioz, botere exekutiboaren jarduna ikuskatuko duen botere autonomo bat oztopo larria da azken horrentzat orain arteko oinarrizko eskubide batzuk bertan behera utziko dituen ordenamendu konstituzional berri bat sortzeko bidean.
Garai zailak datoz, beraz, eta gobernuek bidea garbi izan behar dute segurtasun nazionala bermatzeko eta metaketa-ziklo berriaren eraldaketa beharrei kosta ahala kosta erantzuteko. Hala, botere judizialaren existentzia testimoniala da eta soilik estalki demokratikoa mantentzeko balio du, hau da, oraindik ere desbideratze autoritarioak eta estatuaren krimenak mugatuko dituen Zuzenbidea existitzen delako itxura mantentzeko.
Estatuaren botereen instantziak berrantolatzeak, kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoak indartzearekin batera, lagundu egiten die trabarik gabe eta era azkar eta eraginkorrean soldatak arpilatzeko eta metaketari berriz ekiteko oligarkia finantzarioak dituen planei
Hala eta guztiz ere, orain arte azaldutakoak ez du esan nahi Estatua bere baitara itzultzen ari denik edota azken hamarkadetan galdutako subiranotasuna berreskuratzen ari denik. Estatu nazionalek, besteak beste Espainiak eta Frantziak, NATOren eta Europar Batasunaren programa estrategikoak ezarri baino ez dute egiten, segurtasun nazionalaren, ordena publikoaren eta kanpo politikaren esparruetan. Are gehiago, Estatuaren botereen instantziak berrantolatzeak, kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoak indartzearekin batera, lagundu egiten die trabarik gabe eta era azkar eta eraginkorrean soldatak arpilatzeko eta metaketari berriz ekiteko oligarkia finantzarioak dituen planei.
Makineria militarra indartzea eta krisi belikoa
Kapital metaketaren egungo krisi testuinguruaren ezaugarri nagusietako bat, nazioarteko lehia kapitalistari dagokionez, egitura militarra interes blokeen arteko baliabideen eta merkatuen kontrolerako bitarteko gisa berrarmatzea da. Bloke oligarkikoen irabaziei eusteko ohiko neurriak, gero eta gogorrago aplikatuta ere, ez direnean aski (gerra komertziala, muga zergak, enbargoak eta abar), eskalada belikoa saihetsezin bihurtzen da. Hau da, atzeraldi ekonomikoaren egungo testuinguruan, gatazka belikoak sakondu egiten dira eta Clausewitzen aipu zaharrak gaurkotasun osoa hartzen du: “politikaren jarraipena da gerra, bestelako bide batzuetatik egina”.
Munduko gastu militarraren igoera izugarriari erreparatu besterik ez dago konturatzeko bloke oligarkikoak eskala handiko gerrarako prestatzen ari direla. 2021ean, Ukrainako eskalada baino lehenago, munduko gastu militarrak urteko bi bilioi dolarrak gainditu zituen historian lehen aldiz. Gastu hori urtetik urtera handitzen ari da, gainera. NATOren baitako herrialdeek gastu horren % 50 ordezkatu zuten, eta AEBk % 38 (801.000 milioi dolar).
Munduko gastu militarraren igoera izugarriari erreparatu besterik ez dago konturatzeko bloke oligarkikoak eskala handiko gerrarako prestatzen ari direla
AEBren lehiakide nagusiek, Txinak eta Errusiak, gastu osoaren % 13,8 eta % 3,1 egin zituzten, hurrenez hurren. Gainerako aktore geopolitikoak aurrekoetatik urrun gelditzen diren arren, gastu militarra gora egiten ari da munduaren luze-zabalean. Esate baterako, Espainiako Estatuan, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak gastu militarra nabarmen handitu du; gaur egun BPGaren % 2,17 izatera heldu da, NATOk estatuei ezartzen dien eskakizuna aise gaindituta (nork bere BPGaren % 2 defentsa-gastuetarako erabiltzeko eskatzen die).
Europar Batasunari dagokionez, nabarmentzekoa da gero eta lankidetza militar estuagoa dagoela herrialdeen artean. Elkarlan hori bereziki azkartu da Erresuma Batua Europar Batasunetik atera ondoren. Herrialdeak gaitasun bateratuak garatzen ari dira; horretarako, elkarrekin jartzen dituzte martxan estrategiak definitzeko mekanismoak, azpiegitura eta industria militarrera bideratutako funtsak, edota esku-hartze zuzen eta zeharkakoen finantzazioa (Ukrainaren kasuan ikus daitekeen bezala). Gauzak horrela, herrialdeak oro har berrarmatzeko eta Europar Batasunak autonomia militarra izateko elkarlana sustatzen ari dira.
Aipatzekoa da Europar Batasuneko herrialdeek ez dutela behin ere NATOrekiko eta AEBrekiko mendekotasuna zalantzan jarri. Are gehiago, 2022ko martxoan onartutako Iparrorratz Estrategikoan (gerra-estrategiari buruzko Europar Batasunaren lehen dokumentuan) Aliantza Atlantikoarekin harremanak estutzearen alde egiten dute. Beraz, mundu mailako eskalada beliko bat dugu aurrean, datozen urteetan Europako koiuntura politikoa baldintzatuko duena.
PROLETARIOTZAREN KONTRAKO KONTROL SOZIALERAKO ETA ERREPRESIORAKO MEKANISMOEN MODERNIZAZIOA
Errelato sekuritario eta kriminalizatzailea
Segurtasuna eskaini ezin duen gizarte batek huts egiten du. Estatua zilegitasun krisi batean ez sartzeko oinarrizko baldintza da segurtasuna. Estatua ez bada gai biztanleek beren bizi proiektua baldintza minimo batzuetan gara dezaketela bermatzeko eta jendea ezegonkortasun eta arrisku egoera batek zeharkatzen badu, auzitan jartzen da gizarte eredua bera. Baina, lehen adierazi dugun bezala, krisia gatazka geopolitikoak zein pobrezia areagotzen ari da, eta horrek ezjakintasuna eta segurtasun eza eragiten ditu, gainditutzat jotzen genituen egoera batzuk gaur egunera ekartzeraino.
Arazo ekonomiko eta sozialei konponbide eraginkorrak emateko ezintasunaren aurrean, gero eta joera handiagoa dago konponbide polizial eta zigortzaile baten aldeko hautua egiteko eta gizarteko auziak segurtasunari loturiko arazo gisa aurkezteko. Era horretan, lehentasuna ematen zaio autoritate sinbolikoa berreraikitzeari, estatu indartsu baten itxura emanez; hau da, Estatu zorrotz baten itxura, herritarren segurtasunaren eta ordena publikoaren kontrako mehatxu oro sendotasunez zigortzeko zalantzarik egingo ez duena. Xede horrekin, Estatuak propaganda ugari jartzen du abian, teorian suntsitu nahi duen horixe bera sorrarazteko: beldurra.
Horretarako, gainera, “etsai komunaren” eraikuntza sinbolikoa baliatzen du: jendartean izu soziala sortzeko kanpainak gauzatzen ditu, zeinetan figura estigmatizatuak eraikitzen diren eta sektorerik proletarizatuenak kriminalizatu eta ardura haiengan jartzen den: 80ko hamarkadako toxikomanoa, etorkina, lapurra, okupa... Haiek izendatzen dira pagaburu, sorturiko izua bideratzeko eta politika errepresiboen gordintzea ahalbidetzeko. Hemen kokatu genitzake, halaber, desberdintasunak desberdintasun, 2001eko irailaren 11tik (11-S) aurrera mundu osoan aplikatu ziren politika antiterroristak, zeinek kontrol eta errepresio mekanismoak areagotzeko balio izan zuten eta nagusiki langile klasearen aurka aplikatu ziren.
Esan beharra dago eskuineko alderdiak eta, bereziki, faxismoa direla eztabaida publikoa segurtasunaren arlora ekartzearekin gehien irabazten dutenak. Aipagarria da egoera horrek guztiak haztegi perfektua osatzen duela faxismoaren gorakadarako. Faxismoak proletariotzaren aurkako paktu sozial berri bat bultzatzen du, eta Estatuaren bilakaera autoritarioa elikatzen. Etsai komuna definitzeko prozesuan eginkizun garrantzitsua du, baita Estatuaren neurri autoritarioekiko masa-atxikimendua lortzeko ere. Horretarako, komunitate nazionalaren ideia indartzen du, eta irizpide etniko eta kulturalen bitartez definitzen du nor den komunitate horren parte eta nor ez. Era horretan, seinalatu eta kriminalizatu egiten ditu gutxiengo zapalduak, etorkinak eta proletariotzaren potentzia antolatzen duten adierazpen politiko independenteak, segurtasun nazionalerako arazo gisa aurkezten baititu, bai eta karikaturizatu ere, izu soziala elikatzeko.
Alabaina, proletariotza ez da arazoa, eta Estatuaren aparatu errepresiboa ez da konponbidea. Beste era batera esateko, kriminalitatea ez da gizarteko segurtasun faltaren iturri nagusia, eta Estatuaren aparatu errepresiboaren xede bakarra ez da krimenari aurre egitea. Lehen puntu horri dagokionez, nahikoa hitz egin dugu jada; beraz, atera dezagun argitara penalitate kapitalistaren benetako aurpegia eta desmunta dezagun “krimena eta zigorra” binomio faltsua. Waqcuanten zigorraren soziologiak gidaturik, akademia “progresistak” berak nahikoa ebidentzia eskaini ditu frogatzeko kriminalitate indizearen eta estatuaren aparatu errepresiboa sendotzearen arteko zuzeneko korrelazioa ez dela aurkezten diguten bezalakoa. AEBn dugu adibide paradigmatiko bat: 1970. eta 2010. urteen artean kriminalitate indizeak antzera jarraitzen zuen, eta, aldiz, preso kopurua zortzi aldiz hazi zen eta aparatu errepresiboa nabarmen gogortu. Antzera gertatzen da Espainiako Estatuan: Ignacio Gonzálezek dionez, gaur egun duela 50 urte baino polizia eta preso gehiago ditugu, baita Franco hil zenean baino zigor kode gogorragoa ere. Eta, hala ere, delinkuentziak ez du gora egin azken hiru hamarkadetan, zigor sistema gehien gogortzen duten neurriak egonkortasun hori erdietsi ostekoak izan badira ere. Ez dirudi, beraz, politika kriminalaren garapena delinkuentziarekiko erantzunak soilik azal dezakeenik.
Laburbilduz, ezinbestekoa zaigu zigor sistemari buruz kriminologia hegemonikoak eskaintzen digun ulermen markoa apurtzea eta errealitatearekin bat datorren eta ekintza politikorako baliagarria izango zaigun definizioa fintzea Estatuaren aparatu errepresiboarentzat, ikuspegi marxista batetik. Horretarako, bi urrats hauei jarraitu beharko diegu: hasteko, sarrera egingo diogu Estatuaren aparatu errepresiboaren analisiari, eta, gero, kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismo garaikideek duten norabideari buruzko lau hipotesi garatuko ditugu.
Estatuaren aparatu errepresiboaren analisiari ekin aurreko oharra
Esaten ari ginen moduan, kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismoen modernizazioa ikuspegi marxistatik aztertzeko, alde batera utzi behar dugu “krimena-zigorra” ardatz okerra, eta “proletariotza-burgesia” ardatzarekin ordeztu, hau da, klase borrokaren ardatzarekin. Labur esateko: aparatu errepresiboaren oinarrizko funtzioa ez da delinkuentziari aurre egitea, baizik eta legea eta ordena bermatzea, indarraren eta zigorren bitartez proletariotza diziplinatuz. Ondorioz, metaketa-ziklo bakoitzean Estatuaren aparatu errepresiboak hartzen duen forma konkretua aztertzeko, ekonomia politikoaren kritika izan behar da gure abiapuntua, XX. mendeko pentsalari komunista handiek egin zuten eran, bai eta zigorraren ekonomia politikoaren aitzindari Ruschek eta Kirchheimerek Zigorra eta Egitura Soziala lanean eta haien jarraitzaile italiar Melossik eta Pavarinik Kartzela eta Fabrika lanean egin zuten moduan ere.
Aparatu errepresiboaren oinarrizko funtzioa ez da delinkuentziari aurre egitea, baizik eta legea eta ordena bermatzea, indarraren eta zigorren bitartez proletariotza diziplinatuz
Besteak beste, autore horiek nabarmentzen dute oso garrantzitsua dela kategoria ekonomikoen eta zigor kategorien arteko artikulazioak deszifratzea; izan ere, haien esanetan, hori da bide bakarra Estatuaren aparatu errepresiboaren benetako aurpegia argitara ateratzeko –klase dominaziorako indar antolatua dela, alegia–, bai eta behar bezala azaltzeko ere zein den erreserbako armada industrialaren rola kartzela sistemaren bilakaeran, eta alderantziz, hau da, zein den kartzelak lan indarraren ekoizpen eta modulazio historikoan betetzen duen funtzioa.
Une honetan, beharrezkoa da azpimarratzea burgesariarentzat suntsitu ezin duen balizko barne mehatxu bat dela proletariotza. Horretan datza, zehazki, gobernagarritasun modernoaren artea: proletariotza joko arauen barnean mantentzeko eta diziplinatzeko mekanismoak garatzea, baina hura suntsitzera iritsi gabe. Hori horrela da, nagusiki, kapitalak eragile ekonomiko gisa behar duelako proletariotza, hau da, kontsumitzaile gisa ere bai, eta ez soilik ekoizle gisa, kapitalismoaren aurreko garaietako klase erdiesklabizatuekin gertatzen zen moduan. Ondorioz, kapitalismo garaikidea behartuta dago klase baxuak bizirik mantentzera eta gutxieneko eskubide politiko eta ekonomiko batzuk ahalbidetzera, Kapitalaren erreprodukzioa normaltasunez gauzatzeko. Gainera, gizarte zibilak lortu duen zoru etikoa kontuan hartzen badugu, beheko klaseen genozidio edo kartzelaratze prozesu batek zilegitasun krisi larria eragingo lioke gobernuari.
Integrazio/esklusio mekanismoen arteko proportzioak eta mekanismo horien nolakotasunak definitzen du, beste elementu batzuekin batera, Gobernagarritasun eredu zehatz bat edo, nahi bada, proletariotza neutralizatzeko estrategia bat. Une historikoaren eta kapitalaren metaketa esparruak eskaintzen duen marjina objektiboaren arabera, neutralizazio estrategiak sozialagoak edo punitiboagoak izango da, eta langile klasea gehiago edo gutxiago integratuko/eskluituko da prozesu sozial eta politikoetan.
Hori horrela da Estatuaren aparatu errepresiboa instituzio konplexua delako; hau da, pobreziaren eta gatazka soziopolitikoaren administraziorako sare instituzional zabal baten parte den elementu gisa ulertu behar dugu. Ezin dugu zigor sistemak hartzen duen forma aztertu hori harremanetan jarri gabe instituzio sozialekin −gizarte zerbitzuak, eskola, osasun mentala, familia, fabrika, masa entretenimendurako plataforma birtualak…−.
Eta hortxe gezur handi bat azaleratu behar dugu: ordenaren alderdiek bi politika desberdin gisa aurkezten dizkiguten horiek, errealitatean, bi alde dituen politika bakarra dira. Esaten digute gizarte zerbitzuek pobreziaren aurka borrokatzen dutela, eta ordenaren agenteek, berriz, krimenaren aurka. Baina hori ez da horrela. Gizarte babesaren arloko politikak eta segurtasunaren arloko politikak elkarri lotuta daude. Izan ere, kontua ez da, sozialdemokraziak esaten duen moduan, babes sozialeko sistema desegin egin dela eta aparatu errepresiboa hedatu egin dela; kontua da, bi horien arteko proportzioa aldatzen ari bada ere, instituzio sozialak zein instituzio punitiboak gero eta kutsu autoritarioagoa hartzen ari direla. Puntu hau hirugarren hipotesian osatuko dugu.
Ohar batzuk kontrol sozialerako eta errepresiorako mekanismo garaikideen norabideaz
Lehen hipotesia: gabezia diziplinatzetik, gehiegizko kopuruari eustera
Poliziaren eta kartzelaren genesi historikoa kapitalismoaren eskutik datoz, eta haien funtzio nagusia ez da soilik izan hirigune berrietako delinkuentzia kontrolatzea, baizik eta ordena berri bat ekoiztea, desjabetuen klase sozial berri bat diziplinatuz soldatapeko lan industrialaren erregimen berrian integratzeko.
Esaten dugunean elkarrekin datozela kapitalismoa eta instituzio errepresibo modernoak, hala nola polizia eta kartzela, haien nolabaiteko aldiberekotasuna eta elkarrekikotasuna azpimarratzen ari gara. Hain zuzen ere, Marxek berak, Kapitala lanaren XXIV. kapituluan, jatorrizko metaketari buruzkoan, azpimarratu egiten du zeinen garrantzitsuak izan ziren espropiazio metodo bortitzak kapitala gai izan zedin ekoizpen modu feudalaren oinarriak lehertu eta industriara behar adinako eskulan “libre” kantitatea bideratzeko. Hori modu bikainean azaltzen du hirugarren atalean, “Espropiatuen aurkako legedia odoltsua” izenburu adierazgarria duen horretan. Seigarren atalean ere prozesu horren izaera benetan bortitza azpimarratzen du. Hau esaten du, hain zuzen ere: “Dirua mundura badator masailean odol orbanak dituela, kapitalak odola eta lokatza zurrustaka isurarazten du, poro guztietatik, burutik hasi eta oinetaraino”.
Kartzela da, ziurrenik, garai hartako aparatu zigortzaileen beharra eta haien izaera zuzentzailea ilustratzeko adibiderik onena. Ez dira gutxi kartzela modernoaren hastapenak −kartzela funtzio zuzentzailea duen zentro itxi gisa ulertuta, alegia− Ingalaterrako lan etxeetan kokatzen dituztenak. Workhouse izeneko zentro horiek, hain zuzen ere, gatibu lanerako zentroak ziren, zeinetan lanik ez zuten edo lan egiteari uko egiten zioten proletarioak −eta, ondorioz, kalean noraezean, eskean edo alderrai zebiltzanak− sartzen ziren. Zentro horiek hainbat funtzio zituzten: 1) soldatak kaskarrak inposatzea eta proletarioak behartzea fabriketako lan baldintza gogorrak onartzera, ez baitzeuden haietara ohituta; 2) proletarioen erresistentzia suntsitzea, lan indarraren eskari handia eta eskaintza txikia zegoen garai batean; eta 3) proletarioak manufaktura lanetan trebatzea, bai alor teknikoari bai kulturalari zegokionez, jokabide arau guztiz zorrotzekin (uniformea, higienea, hiztegia, kantuak, etab.).
Gaur egun, ordea, lanak gizartean zentraltasuna galtzearen ondorioz proletariotza ekoizpen prozesutik kanporatua izaten ari den garaiotan, penalitatearen izaera zuzentzailea, hezitzailea edo bergizarteratzearen aldekoa erabat aldatzen ari da. Eskulana makinarekin elkartzeak beharrezko izateari uzten dionean, lan indarraren kalitate fisiko, kultural eta moralak garrantzia galtzen du kapitalarentzat; are gehiago, langile klasea zenbat eta idiotizatuagoa, despolitizatuagoagoa, medikalizatuagoa, kikilduagoa, deprimituagoa eta bere buruarekiko konplexuz beteagoa izan, orduan eta moldagarriagoa izango da bere jokabidea, orduan eta errazagoa izango da hura otzantzea. Finean, kontrol sozial totalean eta izuan oinarritutako eredu bati bidea irekitzen ari zaio, produktiboki beharrezkoa ez den eta estrukturalki gizartetik at dagoen sektore sozial bat arrastoan sartuta mantentzeko.
Langile klasea zenbat eta idiotizatuagoa, despolitizatuagoagoa, medikalizatuagoa, kikilduagoa, deprimituagoa eta bere buruarekiko konplexuz beteagoa izan, orduan eta moldagarriagoa izango da bere jokabidea, orduan eta errazagoa izango da hura otzantzea
Bigarren hipotesia: biraketa prebentiboa
Cornishen eta Clarkeren hautaketa arrazionalaren teoriak dio delituak egiten dituzten pertsonek arrazionalki erabakitzen dutela ekintza horiek aurrera eramatea. Haien arabera, delitu bat egin edo ez erabakitzeko orduan, baldintzatzaile nagusia arriskuen eta onuraren arteko harremanaren azterketa da. Bada, kontrolerako teknologia digitalek, polizia sozialak eta gizarte polizialak osatzen duten panoptiko berriaren eraketa, hain zuzen, arriskuen eta onuraren arteko harremana aldatzera dator, eta, horretarako, ekinbide gatazkatsuak saihesteko oztopoak jartzen ditu zelatatzeko eta kontrolerako dispositiboen bitartez.
Esan beharra dago kontrol sozialak funtzio zibilizatzaile argia ere betetzen duela, dagoeneko “Txinako kreditu soziala” izeneko sistema aurreratuagoekin ikus daitekeen bezalaxe. Baina, duen funtzio kulturaletik haratago, Txinako kreditu sozialaren adibidearekin argi eta garbi ikusten da nola gainditzen den “legezkoa-legez kanpokoa” ardatza, jokabideak “zibilizatua-ez zibilizatua” ardatzean kokatzeko eta, sailkapen horren arabera, sariak eman edo eskubideak kentzeko; hala, “ongi” portatzen direnei sari ekonomikoak ematen zaizkie, eta “gaizki” portatzen direnen izenak zerrenda beltzetan argitaratzera iristen dira. Foucaultek “infrapenalitatearen hedapena” deitu zion alderdi horri.
Hirugarren hipotesia: lurraldea kartzela gisa, edo kartzelaren hedapena lurraldera
Azken urteotan, kriminalitate indizea eta preso kopurua txikitzen ari dira. Horrek kontraesankorra dirudi Estatuaren bilakaera autoritario bat bizitzen ari garela defendatzen dugunontzat. Bada, egoera hori azaldu dezakeen arrazoi nagusia da kartzela bera lurraldera hedatzen ari dela.
Alde batetik, kontrol mekanismoak fabriketako hormetatik eta industrialdeetatik atera dira, eta bizitza sozialerako gero eta hiri ingurune gehiago inbaditu dituzte. Horri dagokionez, interesgarriak dira Mike Davisen eta beste soziologo batzuen lanak, zeintzuek hiriko espazioen ekoizpena aztertzen duten kontrol sozialerako tresna gisa. Hiriko kartografiaren birbanaketa-prozesu bat bizitzen ari gara, non diskriminazioak eta segregazioak are gehiago sakontzen dituzten lurralde arrakalak. Hirien zentroa aberatsentzako jolas parke bihurtzen den bitartean, pobreak periferiara kanporatzen dituzte bertako auzo proletarizatuetan biziraun dezaten. Auzo horiek poliziaz josita daude, edota “tentsio handiko gune” izendatzen eta haientzat propio sortutako arautegi zigortzaileak ezartzen dituzte.
Kartzelako itxialditik itxialdi sozialera igarotzen ari gara, non pertsona pobreak etengabe mehatxatzen dituzten instituzio sozialek, hala nola hezkuntza sistemak, osasun sistemak edo gizarte zerbitzuek; instituzio horiek itxuraz proletariotza babesteko balio dute, baina errealitatean gero eta izaera autoritarioagoa dute
Baina azpimarratu nahi duguna hau da: kartzelako itxialditik itxialdi sozialera igarotzen ari gara, non pertsona pobreak etengabe mehatxatzen dituzten instituzio sozialek, hala nola hezkuntza sistemak, osasun sistemak edo gizarte zerbitzuek; instituzio horiek itxuraz proletariotza babesteko balio dute, baina errealitatean gero eta izaera autoritarioagoa dute. Izan ere, alde batetik, lehen aparatu errepresiboek erabili ohi zituzten funtzioak eta lan egiteko moduak garatzen ari dira, kontrolean eta zigorrean oinarrituak; beste alde batetik, gero eta lankidetza zuzenagoan aritzen dira estatuaren aparatu errepresiboekin. Argi eta garbi ikus daiteke hori EHUren kasuan: alde batetik, unibertsitatea gero eta neurri autoritarioagoak normalizatzen ari da, kasurako, ikasle greba baten harira 34 zehapen-espediente irekitzea; eta, beste alde batetik, poliziarekin lankidetza zuzenean aritzen da, unibertsitatean espioitza lanak egin ditzan edo neurri horien kontra protesta egiten duten ikasleei isunak jar diezazkien.
Errepresioaren objektuei buruzko oharrak
Komenigarria da modu orokorrean bada ere errepresioaren jopuntuak zein diren esatea. Hona hemen hiru:
1) Soldataren erreprodukzio zirkuitutik kanpoko alternatibak (soldata zuzena eta zeharkakoa). Soldatak jaisten direnean, handitu egin dira proletariotzak bizirauteko espropiazio zuzenera edo bestelako bide alternatiboetara jotzeko aukerak. Baina Kapitalak pobrezia inposatu behar du, eta ezarritako mugetatik ateratzeko aukerak erabat suntsitu. Zentzu horretan ulertu behar dugu jabetzaren aurkako delituak saihesteko neurriak gogortzea. Okupazioaren aurkako ofentsiba edo lapurreta txikien aurkako legea hautagarritasun txikienaren zigor printzipioa sendotzera datoz. Horrela, proletariotza ohartarazten dute: “nahiz eta bizi baldintzak txarrak izan soldatapeko lanean edo Estatuaren dirulaguntzetan kateatuta, erreprodukzio zirkuitu horietatik kanpo txabolismoa eta kartzela baino ez dituzu aurkituko”.
2) Protesta soziala. Azken urteotan, ezinegon soziala asimilatzeko eta isilarazteko eskubideen eta askatasunen murrizketa larriak ari gara ikusten. Sare juridiko berri bat bidea egiten ari da jendeak protesta ekimenetan parte har ez dezan. Horren adibide dira, esaterako, Mozal Legea –nahiz eta historiako gobernurik ustez progresistenak indargabetzea zin egin zuen– eta zigor kodearen azken erreforma –desordena publikoen delitua gogortzen du manifestazioak erreprimitzeko arma gisa–. Hala ere, funtsezko desberdintasun bat dago bataren eta bestearen artean: Mozal Legea 15-M mugimenduaren aurkako legea da, suminduen mugimendu espontaneoa geldiarazteko erantzun gisa hartu zituzten zenbait neurriren kontsolidazio juridikoa. Ondorioz, lege hori argiki erreaktiboa da, eta gertakari sozialen ondoren etorri zen. Ordea, duela gutxi egindako Zigor Kodearen erreforma lege proaktiboa da, ezer gertatu baino lehen egin baita. Badirudi oraingoan Estatuak egoerari aurre hartu diola, eta ez du inolako konplexurik erakutsi gaur-gaurkoz existitzen ez den balizko erantzun soziala mugatzearren neurririk gogorrenak ezartzeko.
3) Antolakunde independenteen borroka politiko independentea. Estatuaren neurgailu bikoitza nabarmena da: finantzazioa, eskubideak eta askatasunak ematen dizkie bere baitan integratutako alderdi politikoei, eta jazarpen estrategia aplikatzen du proletariotzaren antolakunde independenteen aurka. Oinarrizko eskubideak urratzea eta errepresioa, salbuespena baino gehiago, eguneroko ogia dira Estatuaren aurpegi okerrenari aurre egin behar diogun antolakunde independenteontzat. Alde batetik, intentsitate txikiko errepresioa jasaten dugu, isun ekonomikoak izanik adibiderik paradigmatikoenak. Baina, beste alde batetik, intentsitate handiko errepresioa ere jasaten dugu, kolektiboa, penala eta selektiboa; horretarako prest egon beharko dugu.
Borrokarako baldintzen aldeko borroka: eskubide politikoak
Testuan zehar ikusi ahal izan denez, defendatzen duguna da Estatuaren erreforma autoritarioa ez dela modu sendoan antolatutako mehatxu politiko bati ematen zaion erantzun erreaktiboa. Hala ere, horrek ez du esan nahi orain arte deskribatutako neurriek ez dutenik zailtzen proletariotzaren antolakuntza independentearen existentzia. Horregatik, hain zuzen ere, oraingoa bezalako garai zailetan, antolakunde iraultzaileok lehen lerroan jarri behar dugu borrokarako baldintzen aldeko borroka.
Eskubide politikoen aldeko borroka ez da legez jasotako eskubide juridikoen marko estura mugatzen. Sozialdemokraziaren proposamenaren aurka, auzia ez da mugatzen Estatuak legez onartutako oinarrizko eskubideak defendatzera, baizik eta progresiboki proletariotzaren jardun politiko independentea garatzeko baldintza multzoa hedatzera. Izan lege bidezko aitorpenaren bidez, izan permisibitate-erregimenen bitartez, auzia burgesiarekiko dugun indar korrelazioa da, eta haren bitartez gure jardun politikoa garatzeko baldintzak inposatzeko gaitasun efektiboa erdiestea. Perspektiba horrek ahalbidetzen digu azpimarratzea eskubideen iturria ez dela izango Estatu kapitalista, baizik eta sozialismoa bera, indar korrelazioa proletariotzaren aldera ekarriz eta askatasun baldintza gero eta gehiago konkistatuz doan heinean.
Perspektiba horrek ahalbidetzen digu azpimarratzea eskubideen iturria ez dela izango Estatu kapitalista, baizik eta sozialismoa bera, indar korrelazioa proletariotzaren aldera ekarriz eta askatasun baldintza gero eta gehiago konkistatuz doan heinean
Ikuspegi horretatik artikulatu daiteke jardun politikorako marko zabalago bat, itxuraz deskonektatuta dauden zenbait borroka barne hartu eta elkarlotu ditzakeena. Lehenik, protestarako eta antolakuntza politikorako oinarrizko eskubideak defendatu behar ditugu: biltzeko eta manifestatzeko eskubidea, intimitaterako eskubidea, edota printzipio komunistak libreki adierazteko eta hedatzeko eskubidea, besteak beste. Bigarren, aurrerapausoak eman behar ditugu kalearen gaineko kontrolean, beste gauza batzuen artean faxismoaren aurkako borroka indartuz gazteria militantea beldurtzen ahalegintzen diren talde erreakzionarioen aurka. Hirugarren, langile kontrolpeko espazioak hedatu behar ditugu, zeinetan hainbat adierazpen iraultzaile garatzen diren. Borrokarako baldintzen aldeko borrokak antolakuntza komunistaren garapen askerako aukera ahalbidetzen duten baldintzen multzoa barne hartu behar du. Nazioarteko oligarkiak gidatu eta estatu kapitalistek proletariotzaren eskubide politikoen aurka aplikatzen duten ofentsibari aurre egiteaz ari gara. Hori guztia gidatu behar duen programa iraultzaileak amnistia osoaren printzipioz defendatu behar du, eta sistema bidegabe hau suntsitu eta askatasun unibertsalean oinarritutako gizarte batez ordezkatzeko eskubidearen alde egin.
Badakigu justizia burgesa itsua dela eta bere balantza beti alde berera erortzen dela. Baina oraindik ere garaiz gaude balantza gure aldera ekarriko duen kontrapisua ezartzeko. Haren ezpatak gu mila zati egin eta beranduegi izan baino lehen.
HEMEN ARGITARATUA