Edozein gizartek, primitiboenak ere, kontrol soziala behar du ordena ezartzeko. Arau sozialak betearazteko, askotariko metodoak erabiltzen dira (prebentiboak, zigor bidezko metodoak eta metodo konpentsatzaileak; ohiturak, sinesmenak eta balioak; lotsa, beldurra eta desira), baina mekanismo ugari ere (Familia, hezkuntza, komunikazio baliabideak…). Horrela, muga fisikoak antzinatetik erabili izan dira arauak betearazteko. Halaxe frogatzen dute tribu primitiboei buruzko ikerketek nahiz antzinateko historiografiak. Hala ere, dominazio sistema burgesak bakarrik du berezkoa ordena soziala mantentzeko biolentziaren monopolioa duten talde espezializatu eta profesionalen sorrera. Zainketaren, patruilatzearen, gatazkak konpontzearen, delituen ikerketen eta abarren eginkizun guztiak talde profesional baten esku bakarrik uztea burgesiaren asmakizuna da. Asmakizun hori Polizia da.
Esan beharra dago “polizia” terminoa historian zehar kontzeptu oso zabal bat izendatzeko erabili izan dela, hain justu, komunitatearen ongizatearekin zerikusia duen edozer izendatzeko. Hitza grekotik dator πολιτεία (politeia) eta bizirautearekin eta hiriko (polis) ongizatearekin zerikusia zuen guztiari egiten zion erreferentzia. Baina gaur egun hizkuntza juridikoan oraindik modu lausoago baten erabiltzen den arren, edo duela gutxi arte beste auzi batzuk izendatzeko erabili den arren, terminoaren erabilera ohikoenak argi eta garbi izendatzen du polizia taldea bera, hau da, burgesiak bere ordena propioa mantentzeko erabiltzen duen kontrol sozialerako mekanismoa. Testu honetan zehar terminoaren zentzu horretan jardungo dugu: Polizia instituzio moduan.
Krisi kapitalistaren aurrean, beste neurri batzuk tarteko, burgesiak Estatuaren autoritarismoa Polizia sendotzearen bidez irmotzeko apustua egin du, eta hori geroz eta hobeto ikusia denez eta normalizatuago dagoenez, testu honek Poliziak betetzen duen funtzioa ulertzeko gakoak lantzeko helburua du. Datozen lerroetan, hurbilpen bat egingo da industriaurreko kontrol sozialerako mekanismoetara, iraultza industrialak ekarri zituen aldaketetara eta Poliziak kontrol baliabide berri bezala izan duen garapenera. Azkenik, hausnarketa txiki bat egin da ondorioren bat ateratzeko saiakeran.
KONTROL SOZIALA INDUSTRIALIZAZIOAREN AURRETIK
Aurretik aipatu dudan moduan, gizakiak biolentzia erabili izan du antzinatetik bake soziala mantentzeko baliabide moduan, arauak inposatzeko edo haiek urra ez zitzaten. Antzinatetik zaindu izan dira kaleak, bideak eta eraikinak. Antzinatetik egon da gaizkileen aurkako jazarpena. Baina hori guztia ez du Estatuaren instituzio espezializatu eta profesional batek egin. Gaizkileei jarraitzeko, biztanleria zaintzeko, legeak betearazteko eta abarrerako polizia talde bat existitzea pentsaezina zen, gutxienez, duela berrehun urte arte.
Adibidez, gaizkileei jarraitzea biktimen esku egon zen milaka urtetan zehar. Biktimek gurasoen, lagunen, edo inguruan zebilen eta delitua ikusi zuen norbaiten laguntza jaso zezaketen, baina erantzukizun hori ere borondatezkoa zen hasiera batean (geroago, erlijioak bultzaturik, lekuko edo bizilagunek nahitaez lagundu beharko zieten biktimei). Gauzak horrela, ikerketak, atxiloketak, epaiketak eta, askotan, zigorrak ezartzea ere biktimen esku egon zen mendeetan zehar, hau da, pribatuan egin izan ziren. Antzinatetik existitu izan dira indarraren erabileran berezitutako taldeak edo komunitatearen ikuskapenaz kargu egiten ziren figurak, baina instituzio “publikoak” ez ziren norbanakoaren integritatea zaintzeko. Alderantziz, ordena orokorra mantentzeaz arduratzen ziren. Horregatik, ez zuten gatazketan esku hartzen gobernuari berari eragiten ez bazion. Poliziak delinkuentziarekin amaitu behar duela pentsatzea, beraz, guztiz modernoa da.
Ingurukoen laguntzaz gain, balioek, sinesmenek eta moralak zuten pisua ezinbestekoa zen garai hartan jendeak arauak errespetatu zitzan. Sorginkeriak eta magiak gatazkak konpontzeko izan zuten ahalmena ikusi besterik ez dago; adibidez, ohikoa zen madarikazioak erabiltzea bi aldeen arteko bakea lortzeko. Hainbat erlijiotako fedeak ikusteak (betirako zigorraren beldurra) ulertzen laguntzen digu bizikidetza arauak nola errespetarazten zituzten.
Komunitate primitiboenetan ere aurki ditzakegu legea betearazteko erantzukizun formala zuten figurak, eta, hala ere, kapitalismoaren garapena iritsi arte hori ez zen sistematizatu estatu mailan, ezta profesionalki ere. Zeregin batzuk, hala nola kaleak eta bideak zaintzea edo gaizkileak eta kontrabandistak harrapatzea, komunitatean egiten ziren, txandaka edo borondatezko patruilekin. Baina aguazila bezalako figura berezituek ere txandaka funtzionatzen zuten XIX. mendearen hasierara arte, urtebeteko agintaldietan eta ordainsaririk gabe. Haien eginkizuna zen, adibidez, garbiketa-txandak betetzen zirela ziurtatzea, etxeek suteen aurkako segurtasuna zutela egiaztatzea (atearen atzealdean balde bat ur izatea, tximiniak garbi egotea etab.) eta agindu judizialak entregatzea. Eginkizun batzuek ordainsaria zuten (adibidez, jartzen zuten isunaren zati bat beretzat jasotzea), eta, askotan, ordainsaririk ez zuten zereginak egin gabe gelditzen ziren. Dirudunek beste norbaiti ordaindu ahal zioten aguazil izateko, egokitzen bazitzaien.
Komunitate primitiboenetan ere aurki ditzakegu legea betearazteko erantzukizun formala zuten figurak, eta, halere, kapitalismoaren garapena iritsi arte hori ez zen sistematizatu estatu mailan, ezta profesionalki ere
Azkenik, kondestablea, aguazil burua eta polizia burua bezalako figurek ikuskapen zeregin orokorrak egiten zituzten gobernatzailearen, erregearen edo egokitzen zenaren izenean. Kargu horiek izateko ikasketa-maila altua izatea beharrezkoa zen (Zuzenbidean, adibidez) eta ordainsari handia eskaintzen zen postuagatik. Figura horiek ez zuten zuzenean soldatarik kobratzen, baina diru-sarrera handiak zituzten zergak biltzeagatik, gaizkileak epaitzeagatik etab.
INDUSTRIALIZAZIOAK EKARRITAKO ALDAKETAK: POLIZIA-EREDU BERRI BATEN BEHARRA
Kontrol sozialerako komunitate mekanismo horiek eraginkortasuna galtzen joan ziren pixkanaka, ekoizpen modu kapitalista zabaltzen joan zen heinean. Izan ere, antzinako ordena soziala nekazari komunitateetan zegoen oinarrituta, eta, beraz, garrantzi handia zuten harreman interpertsonalek, ohitura-zuzenbideak, familia eta Eliza instituzioen indarrak, merkatuen erregulazioak (protekzionismoa, gremio-sistema…) eta abarrek. Industria gizartearen garapenak nekazaritz ekonomiatik industria-ekonomiarako aldaketa ekarri zuen, eta, aldi berean, landa-eremutik hirirako exodo masiboa, gizakiaren historian inoiz izandako hazkunde demografiko handiena eta hiri handietan geroz eta handiagoa zen biztanleria-metaketa.
Aldaketa horiek guztiak bizirauteko bitarteko sozialak kapitalera moldatuz egin ziren, eta horretarako, besteak beste, desamortizazioa edo lurren hesitzea eta pribatizazio prozesuak erabili ziren. Lur horiek ordura arte erabilera komunitarioa zuten eta antzinako ordena sozialaren oinarria ziren. Makinek eta nekazaritza-teknika berriek lurraren errentagarritasun handiagoa ekarri zuten, eta pribatuak izatera igaro zirenez, aberastasuna lur-jabeen eskuetan kontzentratzera igaro zen. Bestalde, ekoizleak beren bizirauteko bitartekotik aldentzen eta industria-hirietara bultzatzen zituzten, soldatapeko esku-lan izateko.
Azpimarratu beharra dago langile klasearen sorrera prozesu diziplinatu luze eta bortitza izan zela. Soldatapeko diziplina, hau da, soldata baten truke lanera joan behar dela pentsatzeko dugun zentzu komuna, ez zen existitzen. Eta are gutxiago bizirauteko modu bakarra ordainsari bitartez izan daitekeelako pentsamendua. Espainiako Estatuan, hain justu, nagien eta gazkileen aurkako legeak horretarako sortu ziren bereziki, hain zuzen, soldatapeko biziraupena onartzen ez zuten haiek lanera behartzeko. Lan egiteko gai ez ziren zahar edo desgaitasunen bat zutenek eskale lizentzia bat eskuratu zezaketen, baina lanerako gai zen pertsona ororen aurka jazarpena erabiltzen zen; ordainsari bat frogatzeko gai ez zen norbait harrapatuz gero, isunak jartzen zizkieten, jipoitu egiten zituzten, zaurituta utzi arte markatzen zituzten, esklabo bihurtzen zituzten, galeretara eramaten eta baita heriotza-zigorra ezartzen ere. Langabeen, eskaleen, nagien, etxegabeen eta alferren kontrako legeak XV. mendean hasi ziren indarrean eta eta gure garaietara arte iraun dute. Adibidez, Espainiaren kasuan, Ley de Vagos y Maleantes delakoa (nagien eta gaizkileen aurkako legea) 1933an onartu zen Bigarren Errepublikako Gorteetan. Gerora, 1970ean, Ley de Peligrosidad Social (arrisku sozialari buruzko legea) izeneko batek ordeztu zuen; lege hori homosexualen errepresiorako sortu zen, eta ez zen 1995. urtera arte erabat indargabetu.
Soldataren erregimenetik at bizirauten saiatu zirenak zigortu zituzten bezala, milaka urtetan zehar gizartearen zati handi baten bizirauteko modua izan ziren hainbat praktika ilegalizatu ziren. Ordainsari bat irabaztearekin talka egiten zuten ohitura, usadio eta ohitura-zuzenbidearen arauak debekatu egin ziren, besteak beste, basoetan eroritako egurrak, lursailetan jaso gabeko aleak, portuetako lurretan eroritako produktuak eta abarrak biltzea.
Finean, lehenengo, nekazariei lurrak kendu zizkieten eta haien usadioak legez kanpo utzi, eta ondoren, soldatapeko lanik ez zuen pertsona oro jazarri eta zigortu egin zuten. Horrela diziplinatu zen proletalgoa, horrela sortu zen langile klasea, eta Poliziak egin zuen, hain zuzen ere, lan zikin guztia. Poliziak ikuskatzen zituen etorkin txiroak eta baita leku batetik bestera ibiltzen ziren eskaleak ere, zeinak handituz zihoan arrisku bat bezala ikusten ziren. Ofizialak, aguazilak eta zaindariak izan ziren ordena berria ezartzeko kontrol sozial mekanismoa. Inork garbitu nahi ez zituen kale nazkagarri eta arriskutsuak haiek garbitu zituzten. Alferkeria eta jokabide antisozialak erreprimitu zituzten. Poliziak sortu zuen langile klasea. Bera da ordena burgesa ekoiztearen erantzulea.
Lehenengo, nekazariei lurrak kendu zizkieten eta haien usadioak legez kanpo utzi, eta ondoren, soldatapeko lanik ez zuen pertsona oro jazarri eta zigortu egin zituzten. Horrela diziplinatu zen proletalgoa, horrela sortu zen langile klasea, eta Poliziak egin zuen, hain zuzen ere, lan zikin guztia
Horrela, hiriak hazten joan ziren, geroz eta langile masa handiagoak sortu ziren, eta, egoera hartan, informalak ziren kontrol-bitartekoak indarra galtzen joan ziren. Etorkinak askotan eskaleak ziren, komunitatetik kanpo zeuden, eta ez zeuden Poliziaren kontrolpean. Harreman interpertsonalek ere indarra galdu zuten. Landa-eremuan elkar ezagutzea kontrol mekanismo indartsua zen, baina hirian pixkanaka anonimotasuna nagusitu zen. Aldi berean, familia eta Eliza instituzioek ere gaitasuna galdu zuten ordena berria ezartzean. Horrenbestez, geroz eta jende gehiagok galdu zituen komunitateko autokontrol mekanismoak. Industria-iraultzak, gainera, lurrun-makinaren sorrerarekin, azkartu egin zuen prozesu hori guztia. Demografia inoiz baino gehiago hazi zen, eta hirietan biztanleen ehuneko geroz eta handiagoak batzen ziren. Hirietan biztanle txiroen masa erraldoiak pilatu ziren, eta horiek, gainera, geroz eta baldintza okerragoetan bizi ziren.
Desberdintasun sozialak gero eta nabariagoak ziren, eta, aldi berean, gremioen araudiak bertan behera utzi ziren. Arau horiek mugak jartzen zizkieten esplotazioari edo prezioei; horrenbestez, uzta txarra zegoenean gorakada izugarria izaten zuten oinarrizko elikagaien prezioek, eta horrek guztiak goseteak izateko aukera handitzen zuen. Aldi berean, fabrika berriek kualifikaziorik gabeko esku-lan mordoa behar zuten eta langabezia-tasa oso handia zenez, soldatak miserableak ziren.
Alderdi hauek guztiek istiluak ugaritzea ekarri zuten, garai hartan protestek forma hori hartzen baitzuten normalean. Tentsioa baretzeko eta bakea berrezartzeko metodo ohikoena armada izan ohi zen, baina haren eraginkortasun eza ere gero eta nabariagoa zen, batik bat protesta haiek bortizki baretzen zirelako, zaldi, sable eta suzko armen bidez. Biktimen kopuruak oso altuak zirenez, istiluak areagotu eta krisi politikoa larriagotu besterik ez ziren egiten. Bestalde, askotan armadak bat egiten zuen protestekin. Ez zenez armada erregularra, langile klaseko jendeak osatzen zuen, eta batzuetan uko egin zioten protestak erreprimitzeari. Hirugarren, armadak beste zeregin batzuk zituen, adibidez, mugak defendatzea, gudarako prest egotea edo kolonietako kontrola mantentzea. Zeregin horiek guztiak betetzea oso zaila izan ohi zen.
Burgesiak kontrol sozialerako mekanismo berriak behar izan zituen bere jarrera dominatzailea sendotzeko. Mekanismo horiek ezin zuten izan antzinatean gizartean bakea ezarri zuten talde informalak, ezta militarrak ere, ez baitzeuden hiriko anabasan berezituta
Horregatik guztiagatik, burgesiak kontrol sozialerako mekanismo berriak behar izan zituen bere jarrera dominatzailea sendotzeko. Mekanismo horiek ezin zuten izan antzinatean gizartean bakea ezarri zuten talde informalak, ezta militarrak ere, ez baitzeuden hiriko anabasan berezituta.
POLIZIA BURGESAREN GARAPENA
Ikusi dugunez, industrializazio prozesuak hiritartze masiboa eta ezberdintasun sozialen zein pobreziaren gorakada eragin zituen. Aldi berean, indarra galtzen hasi ziren ordura arte egondako kontrol sozialerako mekanismoak, barnekoak zein kanpokoak, formalak zein informalak izan. Krisian zegoen ordena soziala, eta beharrezkoa zen kontrol mekanismo berriekin indartzea. Horiek horrela, burgesiak jendea estatu mailan errekrutatzeari ekin zion. Hala, formakuntza espezializatua jasoko zuten talde egonkorrak antolatzen hasi zen Estatua; talde horiek hiriko errealitate berrian ordena publikoa mantentzeko ardura profesionalki beteko zuten, hau da, ordainsari baten truke. Berrikuntza ez zetzan bete beharreko eginkizunetan, eginkizun horietako asko aspalditik betetzen baitziren, aipatu dugun moduan; aldiz, berria zen horiek profesionalizatzea, espezializatzea eta estatalizatzea. Hertsadura eta intimidazioa baliatuz ordena mantentzera bideratutako tresna berezitu batez hornitu zen Estatua. Botere belikoa sortu zuen kanpoko mehatxuengandik babesteko subiranoa eta biztanleria, eta, modu berean, botere poliziala sortu zuen estatu barneko mehatxuei aurre egiteko.
Lehen esperimentuak XIX. mendearen hasieran izan ziren, Frantzian eta Ingalaterran. Paris eta Londres garaiko hiri industrial garatuenak ziren, eta antzeko beharrak zituzten. Horregatik, ez da kasualitatea paraleloki garatu izana Sergents de Ville zirelakoak lehenengoan, eta Metropolitan Police bigarrenean. Ezberdintasun txikiren bat bazuten ere, helburu bera zuten biek: prebentzioa. Talde horiek errondan patruilatzen zituzten kaleak, desordena saihesteko haien presentziaren bidez. Dibisioak sortzen zituzten hiri guztian egoteko, uniformeak eta makilak soinean. Polizia zibiltzat hartu ohi dira, eta Europa osoan barna hasi ziren zabaltzen. Aldi berean, Polizia zibilarekin batera, Polizia militarra delakoa garatu zen. Laburbilduz, urte luzez Europa osoko landa-eremuak eta bideak patruilatzeko, bidelapurrei jazartzeko eta abarrerako erabili ziren taldeak modu iraunkor eta profesionalean ezarri ziren. Horien artean aipatzekoak dira Gendarmerie Nacionale delakoa Frantzian, Guardia Civil Espainian, Carabinieri Italian eta Guarda Nacional Republicana Portugalen, besteak beste.
Bi polizia talde zibilak eta militarrak maiz desberdindu izan dira “polizia-ereduaren” gaineko eztabaidetan; esan izan da estatu “demokratikoek” lehenengoaren alde egiten dutela, eta “autoritarioek” bigarrena hobesten dutela. Alabaina, bi indar polizialak erabili dira eskuarki, eta elkarren osagarri izan dira. Ingalaterra ez da salbuespen, Irish Constabulary delakoa (Polizia militarra) sortu baitzuen Irlanda kolonialean ordena mantentzeko, nahiz eta Polizia demokratikoaren bandera lau haizetara astindu izan duen edo bere Polizia “munduko hoberena” dela aldarrikatu duen, besteak beste. Nolabait txanpon beraren bi aldeak dira bi polizia “eredu” horiek: lehenengoa hirietan espezializatzen da eta bigarrena landa-eremuan, zentro inperialistan “eredu demokratikoa” hedatzen da eta, periferiako koloniak kontrolatzeko, “eredu autoritarioa”. Bestalde, garrantzitsua da zehaztea izaera zibileko polizia-taldeek hasieratik hartu zituztela militarren hierarkia, diziplina eta estruktura, armadak estruktura guztiz piramidalerako zuen joera neurri batean errepikatu ez bazuten ere.
Polizia agenteek eginkizun ugari bete behar izan zituzten kaleak patruilatzeaz gain: haiek garbi mantendu inolako zabor edo oztoporik gabe (poliziaren jazarpena errazteko, armak edo lapurtutako gauzak gordetzeko tokirik ez uzteko…), inolako eskale edo arloterik egon ez zedin zaindu, aterpetxeetako erregistro zerrendak ikuskatu, bigarren eskuko salerosketak kontrolatu, trafikoa bideratu eta istripuak ekidin, kaleko liskarrak kudeatu, etab. Egiteko horiek modu eraginkorrean burutzeko denbora behar izan zuten. Ordea, prebentzioa ez zen nahikoa izan istiluak desagerrarazteko, eta beharrezkoa zenetan armadak esku hartzen jarraitu zuen (eta jarraitzen du); XIX. mendean zehar eta XX. mende hasieran askotan sartu behar izan zuen eskua.
Sortu zenez geroztik, Polizia pixkanaka modernizatu eta perfekzionatu zen ordena mantentzeko. Helburua aipatutako kontrol sistemaren eraginkortasuna hobetzea izan zen bereziki. Batetik, zilegitasuna izan behar zuen Poliziak; bestetik, emaitza onak eman behar zituen
Sortu zenez geroztik, Polizia pixkanaka modernizatu eta perfekzionatu zen ordena mantentzeko. Helburua aipatutako kontrol sistemaren eraginkortasuna hobetzea izan zen bereziki. Batetik, zilegitasuna izan behar zuen Poliziak; bestetik, emaitza onak eman behar zituen. Lehenengo kontuari dagokionez, hasieran Polizia txartzat hartua zen, ulertzen baitzen helburu alderdikoiek bultzatuta erabilitako agentea zela (zenbait kasutan erabili izan zen, ez oso modu sotilean gainera, botoak kontrolatzeko; beste batzuetan politikoek aukeratzen zituzten ofizialak…) edota nagusien segurtasun indarra zela (greben kontra egiten zuten, enpresariek konfiantzazko gizonak sartzen zituzten taldean…). Arazoa konpontzeko, XX. mendean zehar instituzio poliziala pixkanaka burokratizatu zen: oposizioen bidezko sarbide publikoa ezarri zen, unibertsitateetan kriminologia ikasketak eskaintzen hasi ziren zenbait postu eskuratzeko eta abar. Hala garatu zen Polizia beste edozein zerbitzu publikoren mailan jartzeko prozesua, hala nola medikuntzaren edo hezkuntzaren pare jartzekoa; alde batera gelditu zen ordura arte izandako “matoi” itxura, eta zilegitasuna lortu zuen, legea formalki betearazteko lan egiten zuten aitzakiapean.
Emaitzei dagokienez, teknikaren garapena pixkanaka perfekzionatu zen Poliziaren lana sistematikoki ikertu izanari esker, eta, hala, bide eman zitzaion zientzia polizialari. ikasketa polizialerako metodoak ezartzen hasi ziren XX. mendearen hasieran: presoak nola galdekatu eta nola analizatu bakoitzaren ezaugarri fisikoak, zer bilatu behar zen krimena gertatutako tokian, nola sailkatu eta gorde delitugileen erregistroak… Halaber, antropometria eta hatz marken bidezko identifikazioa garatu ziren, txirrindua, motozikleta, eta, azkenik, autoa erabiltzen hasi ziren patruilatzeko; barne komunikaziorako telefonotegi sareak eta irratiak ezarri ziren; tresna espezifikoak asmatu ziren, gezur detektagailua kasu, eta abar.
Garrantzitsua iruditzen zait argitzea berrikuntza horiek guztiak behin periferia kolonialean probak egin eta gero hasi zirela erabiltzen herrialde kapitalista garatuetan. Adibide argia dira aipatutako Irish Constabulary erabili zutela Londresko Metropolitan Police delakoaren inspirazio gisara eta Philippine Constabulary Pennsylvania State Police delakoaren inspirazio gisara. Baina, era berean, aipatzekoak dira Haiti, Dominikar Errepublika edo Nikaraguako polizia koloniala; Japonia, Hego Korea edo Hego Vietnamgo inteligentzia eta kontrainsurjentzia operazioak; eta Gerra Hotzaren garaian Iran, Uruguai, Argentina edo Brasilen sortu zituzten talde errepresiboak.
Interesgarria da halaber azpimarratzea hainbat estatutako instituzio polizialak elkarrekin harremanetan egoten hasi zirela, mugimendu iraultzaileei aurre egiteko teknikak amankomunean jartzeko eta eztabaidatzeko.
1848ko matxinadez geroztik, estradizio sistemak adosten hasi ziren eta mugak eta trenbideetako polizia indartzen. Gerrarteko garaiko etenaldiaren ostean, Gerra Hotzean behin betiko berrezarri zen lankidetza internazionala.
XX. mendearen hasieran, ordena sozialerako teknika gisara perfekzionatzen ari zela, aipatu moduan, Poliziak indar armatuen laguntza jaso behar izan zuen sistematikoki, eta, are, ikusirik Estatua hainbat egoeratan masa proletarioei eutsi ezinda zebilela, burgesiak talde paramilitarrengana ere jo zuen. Horren adibide ditugu Italiako “alkandora beltzak”, Alemaniako “alkandora arreak” eta Espainiako “eskuadra beltzak”. Estatuko mekanismo formalen ezgaitasunaren aurrean ordena burgesa mantentzeko jardun zuten.
Garrantzitsua da azpimarratzea Bigarren Mundu Gerraren ostean kontrol sozialerako zein inportantea izan zen Ongizate Estatuaren garapena. Sobietar Batasunaren mehatxuaren aurrean, eta gainbalioaren tasak gora egiten zuela, burgesiak bake soziala ezarri ahal (eta behar) izan zuen langile klasearen sektore zabal bat kontsentsu demokratiko burgesean integratzearen bidez. Horretarako, langile klasearen obedientzia erosi zuen, bere eginez herrialde azpigaratuak gehiegi ustiatzean oinarritutako ongizate mendebaldar edo nazionala. Erabili ziren politika sozialak ere kontrol sozialerako mekanismoak izan ziren, ordena burgesa mantentzeko baliatu baitziren. Politika sozialak eta zigor politikak XX. mende osoan zehar konbinatu ziren (“azenarioaren eta makilaren politika”, finean).
Metaketa kapitalistaren krisiak behartuta eta Sobietar Batasunaren porrotak ahalbidetuta, Mendebaldeko burgesiak pribatizazio, desarautze eta proletarizazio faseari ekin zion, eta, hala, aipatutako itun interklasista arriskuan jarri zuen. Egoera berri horren aurrean, zientzia polizialaren eta teknologia berrien garapenaren bidez, kontrol sozialerako gaitasunak perfekzionatu zituen Estatuak.
Helburuak, ordea, ez ziren aldatu: batetik, matxinadarako aukera oro desagerrarazi nahi zuen, eta, bestetik, langile klasea bizirautera kondenatu eta soldatapeko diziplina bermatu nahi zuen. Teknika berrietan zetzan berrikuntza. Zientzia polizial berriak inoiz baino hobeto ulertu zuen ordena mantentzeko zein garrantzitsua zen poliziak sozialki zilegitasuna izatea. Mende hasieran martxan jarri ziren burokratizazio prozesuek mugekin egin zuten topo, biztanleek ikusten baitzuten agenteak herritarren beharretatik bereizirik zeudela. “Arazoak konpontzera bideratutako polizia” ereduaren beharra mahaigaineratzen hasi zen; gehiengo sozialak jarduketa polizialak onar zitzan, fokua gizartearen kezketan jarriko zuen polizia, alegia.
“Arazoak konpontzera bideratutako polizia” ereduaren beharra mahaigaineratzen hasi zen; gehiengo sozialak jarduketa polizialak onartzeko, fokua gizartearen kezketan jarriko zuen polizia, alegia
Planteamendu hori moral bikoitzez egin da. Batetik, polizia komunitarioaren, gertuko poliziaren eta besteren ideiak garatu dira. Polizia-eredu horretan, agenteek oinez patruilatzen dute, auzoan ezagunak dira, haiei izenez zuzentzen zaizkie auzokideak, eskoletan daude, familiako arazoetan sartzen dira, auzokideen bileretan parte hartzen dute… Polizia mota hori komunitatearen parte da, eta jendearen arazoak ezagutzen ditu, eta, jakina, zehaztasun osoz informa dezake arazoez eta barru-barrutik esku hartu. Teknika hori leiho hautsien teoriarekin batera erabili izan da. Teoria horren arabera, auzoan leiho bat hautsi, eta inork konpontzen ez badu, lapurrak erakarriko ditu eta auzoa pixkanaka hondatuko da. Haatik, leihoa istantean konponduz gero, ez dute hondatuko. “Zero tolerantzia” deiturikoa ekarri zuen teoriak, hau da, delinkuentzia desagerrarazteko delitu txikienaren errepresioa bultzatzea. Hori posible izateko, poliziaren presentziak normalizatua behar zuen izan, kaleetan, auzoetan, eskoletan… Ondo ikusia behar zuen izan jendeak haiekin hitz egitea, galderak egitea, arduratzea… Finean, gizarteko txoko guztietara hedatzea ordena.
Bestetik, “arazoak konpontzera bideratutako polizia-ereduak” erakutsi nahi zuen jendearen kezkak zirela agenteen lehentasuna, hau da, pertzepzio subjektiboa. Propagandaren bitartez baina, posible zen masen pertzepzioak manipulatzea, iritzi publikoa aldatzea, beste lehentasun batzuk ezartzea eta abar. Gainera, ezin ahaztu dezakegu poliziengandik jasotako albiste eta datuek nolako garrantzia eta zentraltasuna dute; izan ere, neutraltzat jotzen dira eta zaila da informazio hori beste iturri batzuekin kontrastatzea.
Teknologia berriei dagokienez, elektronikaren eta informatikaren garapenak monitorizaziorako, jarraipenerako eta aurreikuspenerako mekanismo sorta berri bat ahalbidetu du, lehenengo polizia-gaietako teorialarientzat pentsaezinak zirenak. Hauek dira adibide batzuk: Internet, bideozaintza, DNAren bidezko identifikazioak, posizionatze globaleko sistema (GPS), droneak, hautematen zailak diren entzuteko eta grabatzeko tresna sofistikatuak, hilgarriak diren eta ez diren arma oso sofistikatuak, adimen artifiziala… Horiez gainera, “Intelligence-led Policing” delakoa dago. Azken horrek mota guztietako datuak baliatzen ditu (aurrekari penalak, jabetzan izandako ibilgailuak, lanpostuak edo bestelako jarduera ekonomikoak, historia medikoa, erosketa ohiturak, sare sozialetako joera…), eta algoritmoak erabiltzen ditu delituak gertatzeko potentzialak izan daitezkeen egoerak, tokiak, talde edo pertsonen patroiak aurrez identifikatzeko.
POLIZIAREN ABOLIZIOA ORTZI MUGAN
Poliziarekiko kritikoak diren zenbaitek zalantzan jarri ohi dute ordena mantentzea helburu duen polizia-eredua. Parlamentuko ezkerreko zein eskuineko figurek mahaigaineratzen dute maiz. Gehienetan, ezkerrekoek instituzio poliziala kontrolatuago egon dadin proposatzen dute, eta eskuinekoek, berriz, diskrezionalitate eta autonomia handiagoa ematea Poliziari. Lehenengoek polizia “demokratikoago” baten beharra azpimarratzen dute, eta bigarrenek jarrera autoritarioagoaren beharra. Alabaina, ez batak ez besteak ez du zalantzan jartzen ordena kapitalista bere horretan mantendu beharra. Poliziak modu batean edo bestean jardutearen gainean eztabaidatzen dute, armak erabili edo ez, formakuntza gehiago edo gutxiago den beharrezkoa… Baina ez da zalantzan jartzen indarkeriaren monopolia duen talde berezitu bat beharrezkoa ote den ordena burgesa zaintzeko.
Poliziak modu batean edo bestean jardutearen gainean eztabaidatzen dute, armak erabili edo ez, formakuntza gehiago edo gutxiago den beharrezkoa… Baina ez da zalantzan jartzen indarkeriaren monopolia duen talde berezitu bat beharrezkoa ote den ordena burgesa zaintzeko
Are, sozialdemokraziak teorian langile klaseen onurarako eta botere poliziala deuseztatzeko egiten dituen proposamen eta erreforma guztiek ere kontrol sozialerako Poliziaren beraren modernizazioa eta sendotzea bultzatzen dute. Izan ere, behar eta garai berrietara egokitzen du, zilegitasuna eman eta eraginkor egiten du, eta itxura oneko adjektiboz apainduta (“gertukoa”, “demokratikoa”...), aurpegi zuriketan sakontzen du.
Ordena burgesak beharrezkoa du botere hertsatzailea, argi baitago gizartearen gehiengo zabala ez litzatekeela sekula soldatapeko erregimenaren menpe jarriko bortxa eta mehatxu etengabeko eta zuzenagatik ez balitz. Ekoizpen eredu burgesak langile klase zabala behar du, aberastasuna ekoitziko duena gero bakar batzuek bereganatu dezaten. Ordena sozial hori, gizartea antolatzeko modu hori, ez litzateke posible izango indarkeriarik gabe. Pistola bat dugu guri begira egunero lanera joan gaitezen; horrek eusten dio bake sozialari.
Pistola bat dugu guri begira egunero lanera joan gaitezen; horrek eusten dio bake sozialari
Alabaina, beharrezkoa litzateke hori ekoizpen bideak zein aberastasun soziala guztionak balira? Beharrezkoa litzateke indarkeriaren monopolioaren jabe den gutxiengo sozialak gizartearen gehiengoa kontrolatzea? Beharrezkoa litzateke biztanleriaren gehiengo zabala ordenaren kontrolarengandik bereiz egotea? Ekoizpen bideak eta aberastasun soziala sozializatuz gero, ez litzateke beharrezkoa izango langileria kontrol sozialerako bitartekoengatik bereiz egotea. Bestela esanda, klaserik gabeko gizarte batean posible izango zen amankomunean jartzea ordena mantentzeko lana. Soilik horrela uler daiteke Polizia abolitzeko helburua.
Polizia abolitzeko arrazoia ez da sinpleki burgesiaren kontrolpean egotea, berezko duen ordena mantentzeko logika bera baizik. Polizia abolitzearekin batera kontrol sozialerako bitartekoak sozializatu beharra dira. Horiek horrela, gizarte komunista batean ez al dira beharrezkoak izango ordena mantentzera bideratutako mekanismo espezializatuak? Beharbada. Baina, nolanahi ere, mekanismo horien kontrola herriak izango du. Dominazio sistema abolitzearekin batera, kontrolatua denaren eta kontrolatzen duenaren arteko bereizketa desagertuko da.
BIBLIOGRAFIA
GUILLÉN, Francesc (2015): Modelos de policía y seguridad
GUILLÉN, Francesc (2016): Policía: modelos, estrategias y reformas. De la policía gubernativa a la seguridad plural
BAYLEY, David H. (1998): The development of modern police artikulua; Policing perspectives: an anthology liburuan, Larry Gaines (ed.)
EMSLEY, Clive (2021): A short history of Police and policing
NEOCLEOUS, Marc (2022): Maderos, chusma y orden social: una teoría critica del poder policial
VITALE, Alex (2019): El final del control policial
HEMEN ARGITARATUA