ARGAZKIA / Saioa Contreras
Eneko Carrión
@enekocarri
2025/02/05

Frantziako eta Alemaniako gobernuen azken inplosioek agerian uzten dute gobernantza kapitalistaren konplexutze-prozesua. Gizarte-maila zabaletan ongizatea sortzeko ezintasunak gero eta sakonagoa egiten du alderdiekiko eta instituzioekiko lehendik ere bazegoen mesfidantza eta izen txarra, eta horrek zaildu egiten du gobernu egonkorrak eta iraunkorrak eratzea. Behin eta berriz erakutsi dute gobernariek eta instituzio-sareek ez direla eraginkorrak gaur egungo hiru erronka nagusiei aurre egitean (geldialdi ekonomikoak, tentsionamendu geopolitikoak eta krisi ekologikoak), eta horrek oso testuinguru politiko konplexua eta aldakorra sortu du. Sistemak berezkoa duen berehalako etekinaren logikak eta interes elektoralaren epe laburreko perspektibak amildegira eraman gaitzakete. Alemania aztertzeak, bere garrantzi historikoagatik zein egungoagatik, lagundu ahal digu gaur egungo testuingurua eta horrek eduki ditzakeen ondorioak hobeto ulertzen.

Delako “Semaforo koalizioa” (SPD, Berdeak eta FDP) hautsi eta Scholzen konfiantza-mozioaren ukapenak hauteskundeak otsailaren 23ra aurreratzea ekarri du. Inkestek CDUren garaipena aurreikusten dute; aldi berean, AfDren ultraeskuinak eta Sahra Wagenknechten alderdiak gora egiten jarraitzen dute, egonezin soziala sektore ahulenak seinalatuz kapitalizatzeko estrategiari esker. Baina asaldura mediatikotik haratago, zatiketa horren guztiaren kausei eta ondorio posibleei erreparatu behar diegu.

Sistemak berezkoa duen berehalako etekinaren logikak eta interes elektoralaren epe laburreko perspektibak amildegira eraman gaitzakete

Aurreikuspen ekonomiko ezin txarragoen (%0,1eko hazkunde ekonomikoa Bundesbanken arabera, eta enpresen etengabeko porrotak) eta Ukrainako gerrak eragindako baliabide-xahutzearen eraginez, azkartzen ari dira azken hamarkadetan alderdien sostengu gisa funtzionatzen duten klase blokeen aldaketak. Aldaketa horiek joera hedatuago bat azaltzen dute, zeinetan ezkerreko gisa izendatutako alderdiak ez diren gai langile klaseko sektoreentzat politika erakargarri bat garatzeko, eta, horrela, sektore erreakzionarioen eskuetara bultzatzen dituzten pertsona horiek. Horren adibide da hogei urtean SPD alemaniarren %41 ordezkatzetik ozta-ozta %15 ordezkatzera pasatu dela Europako azken hauteskundeetan. Baina egungo egoera eta datozen urteotan gerta daitezkeen egoerak ulertzeko, haratago begiratu, eta Europak eta zehazki Alemaniak taula geopolitiko berrian duten zeregina aztertu eta ulertu behar dugu.

EUROPARRAK KATE MOTZEAN LOTZEA

Rob Bauer almirantea, NATOko Batzorde Militarreko burua: “Europa gerra egoera baterako prestatu behar da”. 

67bc750957dfc.Capturadepantalla2025-02-24143112.png

Esaldi eta irudi gutxik laburtzen dute hobeto gaur egungo testuingurua. Ukrainako gerra Europako blokea NATOren, eta hortaz, AEBren jarraibideen mende jartzeko tresna gisa funtzionatzen ari da. Horrek zalantzan ipintzen du Europaren autonomiaren eta Europa bake-indar gisa eratu izanaren erretolika hori guztia. Gero eta argiago dago Ukrainak ezin duela gerra irabazi (garaipena lurralde osoa berreskuratzea dela ulertuta, behintzat), eta ez dut nik esaten, baizik eta Mark Milleyk (AEBko Defentsarako Estatu Nagusiko buruak) eta Valery Salushnyik (Ukrainako indar armatuen komandante gorenak). Eta hala eta guztiz ere, Mendebaldeak sistematikoki boikotatzen du edozein bake-akordio; AEBk sistematikoki egin dio uko segurtasunaren gaia Errusiarekin negoziatzeari. Gerra hasita zegoela, zehazki 2022ko otsailaren amaieraren eta apirilaren artean, negoziazioak egon ziren Errusiaren eta Ukrainaren artean Istanbulen, eta badirudi nolabaiteko behin-behineko bake-akordio batera iritsi zirela, Ukrainarentzako segurtasun bermea eta Errusiarentzako lurralde kontzesioak adostu zituena. Baina dena pikutara joan zen Boris Johnsonek Zelenskyri ziurtatu zionean Mendebaldearen laguntza osoa zeukala, eta horrela, gerra irabaziko zuela urtea amaitu baino lehen.

Ukrainako gerra Europako blokea NATOren, eta hortaz, AEBren jarraibideen mende jartzeko tresna gisa funtzionatzen ari da

Hortaz, gerra horri edozein preziotan eusteko interesa ez da Ukrainako ustezko subiranotasuna eta demokrazia defendatzea, baizik eta gerra hori puzzle handiago baten zati da, non Ukrainak oso rol garrantzitsua jokatzen duen. Hori ulertzeko, azken hamarkadotan gertatutakoaren laburpen motz bat egin behar dugu. SESB desegin zenean, nazioarteko ordena berriak izan behar zituen ildo estrategikoak ezartzen hasi zen AEB, eta, hortaz, baita Europako blokeak bete behar zuen funtzioa ere. Eta ildo horien artean NATO Ekialderantz hedatzea nabarmentzen da; horretarako, Errusiaren aurkako inguratze militarra ezarri zuen 90eko hamarkadatik aurrera. Besteak beste, AEBk eta NATOk uko egin diote Europako segurtasunaren birplanteamendu orokor bat negoziatzeko beharraz hitz egiteari. Batzuek neurri zehatzik ez egoteari eta arauak alde bakarrez inposatzeari gerra hotzaren itxiera faltsua deitzen diote. EB oso tresna egokia izan da Erdialdeko eta Ekialdeko Europa Mendebaldean integratzeko. Horren adibide da 2024an Txekia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Polonia, Eslovakia eta Eslovenia onartu izana. Ukraina NATOn sartzea AEBren helburu estrategikoa zen, baina Alemaniak eta Frantziak, ados bazeuden ere, onarpen baldintza batzuk ezarri zituzten. 2007an hasi ziren Ukraina NATOn sartzearen akordioa ixteko negoziazioak. Nahiz eta Ukraina aliantza atlantikoan berehala integratzea nahi izan zuen AEBk; Sarkozyk eta Merkelek betoa jarri zioten proposamenari. Bazekiten Ukrainaren kasua zailagoa zela, eta, horregatik, negoziazioek eta akordioek batzuetan aurrera eta beste batzuetan atzera egiten zuten. Dena den, 2012an Ukraina EBrekin elkartzeko akordioa itxi zen, eta akordioan lankidetza politikoa, merkataritza askea, harmonizazio juridikoa, finantza-laguntza eta abar sartzen ziren. Prozesu horretan, Alemaniak eta zehazki Angela Merkelek funtsezko rola jokatu zuten. AEBk argi zeukan bere apustua, eta horren erakusle da Bidenek Obamaren gobernupean Ukrainako barne-politikan izan zuen inplikazioa. Hain zuzen ere, aholkulari ugari kokatu zituen instituzio politikoetan, ekonomikoetan eta militarretan. 

Mendebaldeak Ukrainako gerrari edozein preziotan eusteko interesa ez da Ukrainako ustezko subiranotasuna eta demokrazia defendatzea, baizik eta gerra hori puzzle handiago baten parte da, non Ukrainak oso rol garrantzitsua jokatzen duen

Baina Errusia ez zegoen prest ezer egin gabe gelditzeko. 2013an Janukovitxek (Errusiaren aldeko Ukrainako presidenteak) uko egin zion EBrekin bat egiteko akordioa sinatzeari, eta horrek koloreen iraultza ekarri zuen, Maidan izenekoa. Bloke Euroatlantikoak bere helburua lortu zuen, Errusiaren aldeko presidente bat paretik kendu, eta NATOren aldeko bat jartzea alegia (Ukrainako bosgarren pertsonarik aberatsena, Petro Poroxenko). Tentsioak gora egin zuen Krimea Errusiari atxiki zitzaionean eta Donbass eta Donetsk eremuak altxatu zirenean. 2014ean presidente ukrainarrak Ukraina eta EB elkartzearen akordioa sinatu zuen. Aldi berean, Minsk I eta Minsk II bake-akordioak sinatu ziren, zeinak, geroago onartu zutenaren arabera, beren burua gerrarako armatzeko denbora irabazteko antzezpenak baino ez ziren izan. 2019an, Zelenskyk hauteskundeak irabazi zituen; haren programak barne hartzen zituen boterea tokiko instituzioetara deszentralizatzea, Donbasseko gatazkaren konponbide baketsua, eta beste negoziazio bat Errusiarekin. Horrenbeste hitz eder eta promesen atzean, AEBk armada ukrainarra armatzen jarraitzen zuen, NATOren aginte-egituraren pean funtzionatu ahal izan zezaten antolatzen. Estatu Batuetako gobernuak sustatutako tentsionamendu estrategiaren aurrean, Errusiak Ukrainako lurraldeari eraso eginez erantzun zuen.

Gerrak Europako gobernuak berrarmatzeko testuinguru perfektua sortzeko balio izan du, bai materialki, defentsan egindako inbertsioa asko handituta, bai ideologikoki, herritarrei zuzendutako propaganda belizista areagotuta. Horrek guztiak, era berean, Europako aginte antidemokratikoa kohesionatzeko eta nazioz gaindiko blokearen ildo nagusiak argi eta garbi ezartzeko balio izan du. Eta ia gobernu guztiek txintik atera gabe egin diote men aginduari; horrek barne-tentsioak eragin ditu zenbait herrialdetan, Alemanian, besteak beste.

Europako gobernuak berrarmatzeko testuinguru perfektua sortzeko balio izan du Ukrainako gerrak, bai materialki, defentsan egindako inbertsioa asko handituta, bai ideologikoki, herritarrei zuzendutako propaganda belizista areagotuta

Antza, AEBk bere helburua lortu du. Aliatuen bloke trinko bat eraikitzea lortu du Errusiarekiko mendebaldeko mugan, eta ez soilik arlo militarrean, baita politikoan eta ekonomikoan ere. Friend-shoring eredua sustatu du, hau da, politikoki antzekoak diren herrialdeen arteko harreman ekonomikoen eredua lehenetsi. Hornidura-kateak erregionalizatzen ari dira, eta autarkia indartu da aurkariaren blokearekiko mendekotasuna ahalik eta txikiena izateko. Nord Streamen aurkako erasoa da prozesu guzti horren adibiderik argiena. Eta badirudi Europak serio hartu duela bere zeregina, Ukrainako gatazka bere gain utz dezaten onartu duela, eta, horrela, AEB bere etsai nagusian zentra daitekeela, Txinan alegia. Jarrerak gero eta argiago daude, eta horrek eragin handiak ekarri dizkio Alemaniako politikari, jarraian ikusiko dugun bezala. 

EZINEZKOA ZIRUDIENA BENETAKOA DA ORAIN

Espero dut azaldutakoak lagundu izana hobeto ulertzen zer egoerari men egin behar izan dioten alderdiek, horrela baino ez baititugu ulertuko Alemaniako politikaren egungo aldaketak. Men egite horrek higatu egin ditu hauteskunde-oinarriak, eta aldaketak eragin ditu alderdien ildoetan; horrek erakusten du hauteskunde-jokoaren printzipioak trukerako txanponak baino ez direla. Geldialdi ekonomikoak biztanleak gero eta gehiago pobretzea ekarri du, eta horrek egoera ezin hobea sortu du miseria horiek guztiak sektore zaurgarrienetan bilatzeko eta haiei ordainarazteko, populazio migratzailean alegia. Aldi berean, Alemaniako gobernuak gero eta rol belizistagoa dauka bakezaletasuna giltzarri izan den gizarte batean, eta, horren ondorioz, alderdiek eurenak eta bost egin behar izaten dituzte hautesleak konbentzitzeko. Europako Parlamenturako ekaineko hauteskundeek lagundu egiten digute aipatzen ari naizen aldaketetako batzuk ikusten. Ematen du CDU/CSU aliantza kontserbadoreak eutsi egingo diola, eta oso litekeena da otsaileko hauteskundeak irabaztea. Hondamendia gobernuan dauden alderdiek jasango dute; SPDk, Berdeek eta FDPko liberalek. Hondamendi horrek AfDko ultraeskuinari eta Die Linke alderdiaren zatiketari, Sahra Wagenknechti, egiten die mesede. Azter ditzagun aldaketa horien kausak.

Ezkerreko alderdiek bere egin dute autoritarismoranzko joera, eta adierazi dute “arazo” horiei ezkerretik erantzun behar dietela. Alternatiba iraultzailerik gabe, ezkerrak ematen duen erantzun bakarra autoritarismoa indartzea eta agenda belizistaren aurrean men egitea da. Hori Berdeek eta SPDk ordaindu dute argi eta garbi. Garesti ordaindu dute “Europaren aldeko” jarrera izatea, hau da, erakunde antidemokratiko baten eta haren gerra-agendaren aldekoa. Berdeen kasua paradigmatikoa da. Indar politiko horrek 2021ean “armarik eta armamenturik ez gerran dauden herrialdeentzat” esaten zuen, eta, gaur egun, ordea, Ukrainara armak bidaltzea gehien babesten duen alderdia da gobernuan. Oligarkiaren zerbitzura dauden teknokraten alderdi gisa hartuak izan dira, ustez ordezkatzen duten klase sozialetik urrun. “Erdiko klasearentzako” politika egitea da ezkerreko alderdien gainbeheraren eta ultraeskuinaren gorakadaren funtsezko elementuetako bat mundu osoan. AEB aldaketa horren adibide argia da; izan ere, alderdi demokrata erdiko klase moderno, aurrerakoi eta ikasketadunen alderdi bihurtu da. Errepublikanoak, berriz, ikasketa gutxien dituzten langileen sektoreak ordezkatzen ditu. Alemaniako kasuan Die Linke dugu adibide argia, ezker post-komunista, zeinaren oinarria erdiko klase horretara mugatu den, eta horrek ekarri dio desagertzetik gertu egotea (botoen %5 baino gutxiago 2021eko hauteskundeetan). 2009an manufaktura-langileen %20 inguruk ematen zioten oraindik botoa, eta 2021ean, berriz, ozta-ozta %4k. Ezkerrak, ezarritako markoa onartzean, utzi egiten dio establishmentaren alderdien alternatibatzat hartua izateari; horrez gain, promes faltsu ugari egiten ditu ongizateari eta aldaketari dagokionez, eta horrek guztiak gaitzespen handia eragiten du haren oinarriko jendearen artean

Era berean, ezkerrak immigrazioaren aurkako diskurtsoa eta praktikak bereganatu ditu, eta mekanismo autoritarioak indartu. Biztanleen artean asko handitu denez besteak beste segurtasunari eta immigrazioari buruzko kezka, alderdiek neurriak hartu behar izan dituzte hautesleak ez galtzeko. Olaf Scholz kantzilerra Der Spiegel aldizkariaren azalean agertu zen 2023ko urrian titular honekin: “Eskala handiko deportazioak egin behar ditugu”. Horrek argi baino argiago uzten du eskuineranzko joera. Askotan hedabideek eta alderdiek burua nahasten digute ultraeskuina datorrelako betiko mezuarekin, baina haiek dira benetako arriskua, ultraeskuinaren printzipioak eta proposamenak bere egiten baitituzte. Duela zortzi urte AfDk baino ez zuen eskatzen mugak ixtea, errefuxiatuak baztertzea eta atzerritar “gaizkileak” deportatzea. Orain, Scholzen gobernu “aurrerakoia” proposamen horiexek praktikan jartzen ari da. Esan dezakegu Alemaniako politika polarizatu egin dela; alde batetik, argi eta garbi gero eta eskuinerago dagoen establishment bat ari da eratzen, eta beste alde batetik, establishmentaren aurkako beste bloke “erradikal” bat.

Jarrera proletario eta nazioarteko bat ez egoteak proposamen ultraeskuindarrak eta autoritarioak indartzea besterik ez du ekarri. Beste behin ere argi geratu da haiek immigrazioari buruz planteatzen duten markoa onartzeak indartu besterik ez dituela egiten erantzunik gogorrena defendatzen dutenak. Jarrera horrek bi alderdi indartu ditu: AfD eta Sahra Wagenknecht. Has gaitezen azken horrekin. Zatiketa bat egon zen Die Linken, Wagenknechtek berak egina;  komunikatzeko gaitasun handiko profil erakargarria da Wagenknecht, langile klaseko sektore pobretuekin eta langabetuekin (neurri handi batean desindustrializazioaren ondorioz) enpatizatzea lortzen duena. Honela karakterizatu izan dute BSW alderdia (Bündnis Sahra Wagenknecht): “ezkerreko kontserbadorea”, “koadro leninisten alderdia, baina sozialismoaren ideiarik gabekoa” edo “herririk gabeko populismoa”. Zaila da alderdi hori deskribatzea, hauteskunde-espektroko ia alderdi guztietatik edaten baitu. Boto gehienak SPDtik eta Die Linketik jasotzen ditu, baina baita CDUtik, FDPko liberaletatik, Berdeetatik eta AfDtik ere. Horrek aldatu egiten ditu boto-emaileen tradiziozko patroiak.

Baina ikus dezagun zer planteatzen duen, eta zeintzuk diren bere programaren ardatzak. Alde batetik, Ukrainako gerraren eta Alemaniaren finantzaketaren kontrako jarrera argia du. Alderdi horren ustez, gerra horretan baliabideak xahutzeak mugatu egiten du ekonomia kaskarra eta Estatuko erakundeak leheneratzeko gaitasuna. Horregatik, Errusiarekiko harremanak berreskuratzea proposatzen du, industriarako baliabideen iturri merkea edukitzeko. Ekonomiaren arloan, ezkerreko eredu keynestarreko errezetak proposatzen ditu. Enpresei laguntza ematea lehiakorragoak izan daitezen, Mittelstand izeneko enpresetan zentratuta. Enpresa txiki eta ertain horiek ditu jomugan, boto-emaileen merkatu-nitxo handi bat baitira; izan ere, gainbeheran dagoen langile-klasearen zati bat eta zailtasun handiak dituzten jabe txikien sektore bat biltzen ditu. Argi geratzen da BSWren klasearteko apustua, ekonomikoki aurrerakoiak baina sozialki kontserbadoreak diren boto-emaileengana jotzen baitu. Haren politikak Ongizate Estatu indartsu batera itzultzea bilatzen du, eta, horretarako, honelako proposamenak egiten ditu: ez xahutzea baliabideak gerran edota migratzaile berrien kopurua mugatzea azpiegitura nazionalak hobetu eta hedatu arte (eskolak, haurtzaindegiak, osasungintza, etxebizitza eta abar). 

Gainera, immigrazioa murriztearen alde egiten du, eta uste du migrazio fluxuen jatorria liberalismo ekonomikoaren logika eta globalizazioaren aldeko politikak direla; hori atzera-egite nazionalistaren aldeko apustuaren adibide argia da. Pragmatismo horrek balio izan dio bere egoera ekonomiko kaskarraren errudunaren bila dabilen sen komunarekin konektatzeko. Bitxia da, ikerketa baten arabera BSW izan baitzen Europako hauteskundeetan musulmanen artean boto gehien jaso zituen alderdia. Badirudi ezkerrak dagoeneko ez duela lehengo era berean konektatzen gutxiengo etnikoekin, eta hori herrialde askotan ikus dezakegu.

Beste alde batetik, AfDren ultraeskuina daukagu, azken urteotan sendotu egin den indarra, nahiz eta gertagaitza zirudien, Alemaniako gizarteak eskuin muturraren aurkako “txertoa” zuela-eta. Bundestageko bosgarren indarra da 77 diputaturekin, presente dago lander guztietan, batean izan ezik; 2021eko hauteskundeetan bigarren indar bozkatuena izan zen CDUren atzetik eta SPDren aurretik, eta lehen indarra izan da Turingiako eskualde-hauteskundeetan, eta bigarrena Brandenburgon eta Saxonian. Baina kontuz ibili behar da hori aztertzean, berritzea lortu duen indar bati buruz ari gara eta. Orain arte iristen ez zen gizarte-mailetara zabaltzea lortu du; horren adibide da alderdiko presidente kidea emakumea izatea, lesbiana eta haren bikotekidea Nepaleko migratzaile bat. Hazkunde horren zergatiak, batez ere immigrazioaren gaian aurki ditzakegu. Alderdi horri botoa emateko arrazoiak honako hauek dira: immigrazioa (%46), bakea nazioarteko harremanetan (%17), gizarte-segurtasuna (%15) eta hazkunde ekonomikoa, (%12). Siriako gatazka zela-eta 2015ean izan zen migrazio-krisiaren kudeaketak haztegi arriskutsua sortu zuen, errefuxiatuak baliabide gutxiko udalerrietara eta langile-auzoetara iritsi baitziren. Gaur egun Ekialde Ertaineko gatazkak eta holokaustoagatiko erru historikoaren sentimenduak ahalbidetu dute islamofobia hedatzea antisemitismoaren maskararen azpian.

Beste arrazoi nagusietako bat gainbehera ekonomikoa da; izan ere, Txinaren aurrean lehiakortasuna galdu du Alemaniak, eta horrek lantegiak ixtea eta kaleratze masiboak eragin ditu herrialde osoan. Alderdi tradizionalek krisi hori kudeatzeko eraginkortasunik erakutsi ez dutenez, jendeak konponbideak beste proposamen batzuetan bilatu ditu, hala nola AfDn. Baina eremu materialetik haratago, gainbeheran dagoen potentzia europarraren ideia horrek nazionalismoa areagotzea eragin du, harrotasun nazionala zauritu izanaren ondorioz.

Gainera, kontuan hartu behar dugu herrialdean bi zati argi bereizten direla: mendebaldekoa eta ekialdekoa. Ekialdean eragin handiagoa izan du erakundeekiko eta alderdi tradizionalekiko konfiantzaren higadurak, eta horrek ultraeskuinaren hazkundean lagundu du. Harresia erori zenean jasandako asaldurak eta garai hura gogora ekartzen duten egungo antzekotasunek areagotu egiten dute diskurtso moderno, Europazale eta globalizazioaren aldekoek sortzen duten mesfidantza.

Ezin dugu ahaztu zentroa osatzen duten alderdiek (FDP, SDP, Berdeak eta CDU) sortu berria zen ultraeskuinaren kontrako borroka kulturala hasi zutela 2013an. Ultraeskuinaz ez kutsatzeko osasun hesi hori ez zen eremu parlamentura edo gobernura mugatu; aitzitik, gizarte-maila guztietara hedatu zen (hedabideak, eliza, eskolak, kirol elkarteak…). “Kampf gegen Rechts” (eskuinaren aurkako borroka) izendatutako politika horrek “antifaxismoa” Estatu doktrina bihurtu zuen. Baina espero zenaren kontrako emaitza eragin du. Asimilatutako antifaxismo horrek gaitzespen handia sortu du, batez ere antzinako AEDko (Alemaniako Errepublika Demokratikoa) toki batzuetan eta gazteen sektoreetan. Argi geratzen da, hortaz, “antifaxismo” instituzionala ez dela faxismoaren gorakadaren benetako alternatiba.

ONDORIOAK

Zeitenwende hitzak garai aldaketa esan nahi du, eta hauteskundeetako aldaketek norabide horretan zerbait adieraz badezakete ere, egungo testuinguruak iraganeko garai baten antza handiegia dauka: gerra-garaia, gero eta autoritarismo handiagoa eta gutxiengoak seinalatzea. Hala ere, gure analisi-tresnak eguneratu eta hobetu egin behar ditugu, faxismoa eta autoritarismoa itxuraldatuta agertzen ari baitira, eta eredu berriak baitaude haiek babesten dituzten blokeetan. Horrela baino ez dugu lortuko eurei modu eraginkorrean aurre egitea. Dena dela, 30eko hamarkadaren aldean desberdintasun txiki bat dago. Gaur egun ez da SESB existitzen, eta komunismoa oso urrun dago masen artean aukera politiko bat izatetik. Hori bai, aldaketarako biderik azkarrena ez dira “ezkerreko” alderdi horiek (gero eta eskuinerago daudenak) pragmatismoaren izenean eta irtenbide utopikoen eta maximalisten aurka saltzen dizkiguten berehalako erreformak. Biderik azkarrena lehen lerrora urrats bat ematea da, zalantzarik egin gabe, eta benetan iraultzailea den alternatiba hori eraikitzeko gure indar guztia ematea. Geuk egiten ez badugu, erreakzioak egingo du, eta larrutik ordainduko dugu.

EZ DAGO IRUZKINIK