Atzean utzi berri dugun hauteskunde-kanpaina biziak hauek izan ditu ezaugarri nagusi: Alemaniako eztabaida publikoaren eskuinerazko joera-aldaketa, Estatu Batuen esku-hartze zuzena (Musk X-en, Vance Munichen), agintean zegoen gobernuak onarpen nabarmen txikia izatea –hautetsontziek frogatu duten moduan– eta bi urteko atzeraldi teknikoa. Kanpaina horren ondoren, botoen %20 lortu ditu AfD eskuin muturreko alderdiak. Die Linke alderdiak izugarrizko arrakasta izan du gazteen artean; jendearen harridurarako, botoen ia %9 eskuratu du, eta, historian lehen aldiz, nagusitu egin da hiriburuan, Berlinen. CDU/CSUk, nahiz eta hauteskundeak irabazi, inoiz izan dituen bigarren emaitzarik kaskarrenak lortu ditu. Wagenknecht “faxista gorria” parlamentutik kanpo geldituko da, eta Lidner FDPko liberalen liderrak bere promesa bete eta dimititu egingo du, ez baita botoen %5 lortzera iritsi. Datorren Alemaniako kantzilerrak AfDk inola ere ez duela gobernatuko berretsi du.
Gauzak aztertzeko modu hori “gaitzetan txikienaren” aukerarekin lotuta dago, non gero eta maizago egiten baitute topo liberalek, kontserbadoreek, sozialdemokratek, berdeek eta komunista ohiek. Logikoa eta ulertzekoa da CDU/CSUk ospatu izana ez egotea eskuin muturraren mende gobernatzeko. Alemaniako oligarkiarentzat, agertoki perfektua da CDU/CSUk koalizio gobernua SPDrekin osatzea, bigarren hori ahulaldian baitago, eta 1887tik inoizko emaitzarik okerrena lortu baitu. Alemaniako Enplegu Agentziaren arabera, herrialdeak urtean 400.000 langile atzerritar beharko ditu datorren hamarkadan, eta Alemania dagoeneko ez da gai behar duen lan-indarra ekoitzi eta hari eusteko. Hauteskundeen bezperetan, “Balioak defendatzen ditugu” plataformak –Volkswagen, BMW, BASF, Allianz, Deutsche Bank, ThyssenKrupp eta Mercedes-Benzek osatzen dute– berriz adierazi zuen AfDrenganako gaitzespena, eta argi utzi zuen Wiedelen programaren bi zutabeak, “berrimigrazioa” eta “Dexita”, bateraezinak direla Alemaniako kapitalaren metaketarekin. Otsailaren 23an, Berlinen ospatu zituzten hauteskundeen emaitzak, baina batez ere Frankfurten, Europako Banku Zentralaren egoitza den aldetik, eta baita Bruselan ere, non Von der Leyenen II. Batzordearen burokraziak irribarre egin zuen jakin zuenean Merz izango zela Alemaniako ordezkari berria eta ez Scholz –Kremlinaren senide-alderdiaren barrenean, Txinaren aldeko fakzioaren liderra da Scholz–, zeinak iragarri baitu ez duela parte hartuko ez negoziazioetan, ezta etorkizuneko koalizioan ere. Zalantza guztiak uxatzekoak dira Merzen adierazpenak: “Nire lehentasun absolutua Europa ahal bezain azkar indartzea izango da, horrela, Estatu Batuengandiko independentzia lor dezan”. Alemaniako oligarkia, bloke politiko europarraren lider dena, zorte oneko dago.
Baina ulertezina da –edo, hobeto esanda, erridikuluaren mugan dago– Europako ezkerra batera atera izana Die Linke alderdiaren emaitzak ospatzera, zer eta botoen %9 bakarrik lortuta, Alemaniako ezkerra ezdeusa den seinale. Alemaniako parlamentu berria Bigarren Mundu Gerraz geroztik egon direnetan eskuindarrena da. Eskuin muturrak bikoiztu egin du bere boto kopurua, eta beren burua “langile” gisa identifikatzen duten boto-emaileen aukerarik gustukoena da, puskaz gainera. Kapital estatubatuarraren zati teknologikoak –munduko ofentsiba erreakzionarioaren aitzindaria– ordezkari fidel bat lortu du Europako kapitalismoaren bihotz ekonomikoan. Arku parlamentario osoak –edo Ordenaren Alderdiak– fronte komun bat osatzen du Israelek palestinar herriaren kontra eginiko genozidio sionista babesteko. Eta militarismoa zutabe eztabaidaezina da Estatua gidatu nahi duen edozein gobernu-programatan.
Arku parlamentario osoak –edo Ordenaren Alderdiak– fronte komun bat osatzen du Israelek palestinar herriaren kontra eginiko genozidio sionista babesteko. Eta militarismoa zutabe eztabaidaezina da Estatua gidatu nahi duen edozein gobernu-programatan
Hauteskundeak baino hamar egun lehenago, AfDren zenbait iturrik Financial Timesi jakinarazi zioten alderdiak begirada 2029an zuela jarria. Jakitun izanik hautetsontzietan babes ikaragarria jasota ere ez zela nahikoa izango, AfDren buruzagiek egunkari britainiarrari azaldu zioten Herbert Kickl-en estrategia zutela inspirazio-iturri. Eskuin muturreko FPÖ alderdiaren liderrak (Austriako Askatasunaren Alderdia) Austriako hauteskundeak irabazi ditu, herrialdean urte luzez sozialdemokraten eta demokristauen koalizio-gobernuak izan ondoren. Azkenean, Kickl oposiziora bidaliko dute, ziurrenik liberalek, sozialdemokratek eta demokristauek osatuko baitute hiruko gobernua; ordea, ezin dugu ahaztu emaitzak jasotzean demokristauek adierazi zutela prest zeudela eskuin muturreko formazioarekin gobernua osatzeko. Hori da Weidelen eta AfDren estrategia: oposizioko indar bakarra izatea, masen nahigabea erakartzea eta alderdi tradizionalak elkarrekin ados jar daitezen bultzatzea. Boterera iristeko martxa luze batean dago sartua AfD.
1989an Alemania bateratu zenetik sekula ez da hauteskunde hauetan bezain parte-hartze alturik izan, Alemaniako herritarrek auzi politikoei buruz duten interesa gero eta handiagoa den erakusle. Baina indar politiko batek ere ez zituen Alemanian bizi den proletariotzaren interesak ordezkatzen joan den otsailaren 23an. Alderdi guztiek onartu dute Estatuko auzi handiei buruz oligarkiak duen posizioa, hala nola Israel babestea, Alemaniaren posizio inperialista, mugen militarizazioa, eredu ekonomikoaren izaera esplotatzailea, langileen bizi-baldintzen atzerakada, minijob direlakoak, soldaten debaluazioa, inbertsio-funtsak bizkarroi errentatzaileak izatea, kontestazio politikoaren errepresio polizial bortitza, Alemaniako industria-oligarkiak Estatuaren gidaritzan botere neurrigabe ustela izatea eta herrialdeko industria-adarreko krisiari irteera kapitalista ematea.
Proletariotza falta da, beste behin ere, hauteskunde hauetan. Programa batek ere ez zuen proposatzen Alemaniako Estatuaren esentzia antidemokratikoa deuseztatzea, ezta hark blindatzen duen lan-esplotazioko erregimena eta Europan gorantz doan militarismoa deuseztatzea ere. Indar politiko batek ere ez zuen asmorik langileak alderdi propio eta independente batean antolatzeko, politika profesionalaren presio-talde burokratikoetatik aldenduriko batean, zeinak gaitasuna izango bailuke gehiengoek gehiengoentzat sortutako programa bat demokratikoki adosteko.
Proletariotza falta da, beste behin ere, hauteskunde hauetan. Programa batek ere ez zuen proposatzen Alemaniako Estatuaren esentzia antidemokratikoa deuseztatzea, ezta hark blindatzen duen lan-esplotazioko erregimena eta Europan gorantz doan militarismoa deuseztatzea ere
Baina ezin gara ezkorrak izan. Eskuin muturreko gobernu baten mehatxuak baliagarria izan behar du energiaz beteriko bultzada emateko egiazko alternatiba sozialista bat eraikitzera bidean, diruaren boterearen eta errepresioaren alternatiba bat. Alderdi guztien alternatiba bat, ñabardurak ñabardura denek egiten baitute apustu langileen bizitza mendekotasun ekonomikora eta obedientzia politikora murriztu dadin. Alternatiba bat gai izango dena langileak, nor bere ezaugarriekin, modu efizientean aritu daitezen elkarlanean gizarte honek premiazkoak dituen aldaketak antolatzeko. Erraldoia da Europako proletariotzak aurrean duen erronka. Politikoki aurrera egiteko esfortzu alimalekoak egin beharko ditu, eta emaitzak ez dira berehalakoan etorriko. Baina hobe da berandu inoiz ez baino. Historian, kontzientzia sozialistak eta konstantziak iraultza posible dela erakutsi dute.
HEMEN ARGITARATUA