EH Bilduren eta Confebasken arteko bilera
Aitor Martinez
@iruntzi
2021/11/03

Azken asteotan Ezker Abertzalea zenaren karikatura bat baino ez den alderdi politikoaren barruan talkak areagotu egin dira, antza. Publikoan eman den sasieztabaidak, baina, ez du argudiaketa politikorik eskaini, nahiz eta interes publikoa duen bakarra politika izan. Aitzitik, badirudi trapu zikinak, inori interesatzen ez zaizkionak, bihurtu direla eztabaidaren erdigune. Horregatik, bere ebazpena balio txikikoa da, baita paradoxikoa ere. Elkarri mokoka egin ostean, alde batean eta bestean zera nabarmendu da: anai-arreba eta burkideen artean elkar ulertzeko beharra, helburu handi batek batzen omen dituelako. Helburu handi hori ez da, ordea, errealitatea eraldatzea, “etxe” bat bizirik mantentzea baizik. Haiek esana.

Familiarekin eta tradizioarekin zerikusia duten esamolde horiek guztiak ez dira baliabide semantiko hutsa, ezta apaingarri bat ere. Mugimendu baten krisi politikoa kategoria ez-politikoetan adierazteak asko esaten du mugimendu horri buruz. Eta asko esaten du krisi horri buruz ere. Hain da handia krisia, ezen eta kategoria politikoetan adierazi beharrean, kategoria moral eta indibidualistetan adierazten den. Hau da, krisi politikoa hain da sakona, ezen ez baita krisi politiko gisa agertzen. Beste ezeren gainetik, komunitate baten, talde baten, biziraupena lehenesten da, arazo politikoek dagoeneko gainditu den iraungitze-data agerian uzten badute ere.

Porrot historikoaz ari garenean, bada, bere lehenengo ondorioa hau da: politikaren desagerpena, endogamia sektarioa eta balio moralen araberako lotura saiakera. Hori da artikulu honen abiapuntua, jada agerikoa den porrota eta bere azkeneko adierazpena, horren agerikoak ez diren arrazoietan barrena murgiltzeko.

Abiapuntu horren arrazoiak bi alde ditu: alde batetik, porrota onartzea, oker egonda ere, geratzen zaigun posizio etiko bakarra da. Mugimendu batek bere helburuak erdietsi ez baditu, eta hala ere garaitua izan ez bada, orduan porrot egin duela onartu behar dugu. Halakorik egin ezean, ezingo dugu korapilo politikoa askatu.

Beste aldetik, logikoa da: kanpo-indar batek garaitu ez bazaitu, ezinbestean barne-arrazoiak medio egin duzu porrot. Ez da, ordea, barne-arrazoi bat traizioa, nahiz eta traizio aukerak dena zapuzteko beta izatea izan baden barne-mugen arrazoiketarako bide. Pertsona bakar batek, edo multzo txiki batek, estrategia osoa porrotera eramateko aukera badu, horrek gehiago esaten du estrategiaz, pertsona horietaz baino. Auzi historikoak ezin dira pertsona indibidualen jarreraren arabera ebatzi. Kontrara, jarrera indibidualak soilik uler daitezke auzi historiko zehatzetan kokatzen badira. Norbanakoen ekintzen arabera epaitzen baldin badugu historia, orduan politikaren historia bera ari gara mapatik ezabatzen, eta hori, gorago aipatu bezala, porrot historikoaren adierazpen argia da.

Beraz, hemen ez naiz sigla baten porrotaz arituko. Jada iradoki dudan bezala, mugimendu baten porrotaz arituko naiz. Eta mugimendua aipatzen dudanean ez naiz soilik bere ordezkari ofizialez ari. Hori baino zabalagoa da mugimendua. Disidentzia ere mugimenduaren parte da, haren tesi historikoekin bat egiten duelako. Porrot egin duen mugimendu orok behar du bere disidentzia, bizirik mantendu ahal izateko.

Ezker Abertzalearen porrotak garai historiko baten amaierarekin du lotura. Bere biziraupen saiakerak, baina, Ezker Abertzaleak hasieratik porrot egin duela pentsatzera garamatza. Izan ere, mugimendu baten iraungipena edota balio taktiko determinatua gauza arrunta bada ere, eta hein handi batean mugimendu horren izaera koiunturala bere indargunea den arren —zehatza izateagatik eta ez abstraktua, edo indeterminatua—, horrekiko onarpen eza eta egoerara moldatzeko gaitasun eskasak erakusten du koiunturaltzat har genezakeena, akaso taktikoki egokia, benetan desegoki bihurtzen dela aktoreen itsutasuna medio —eta gainera balioa kentzen dio mugimendu bati bere izaera historikoa ez onartzeak; hau da, gertakari HISTORIKOAK hala dira, hain zuzen ere, historikoak eta determinatuak direlako. Aipatutakoa gabezia politiko nabarmena da. Izan ere, taktika egoki batek indarra eman badiezazuke ere, kontraesan estrategikoak taktika ahul bilakatzen du, jarraikortasunik gabea; indargunea zena ahulgune bilakatzen du.

Ezker Abertzalearen porrotak garai historiko baten amaierarekin du lotura. Bere biziraupen saiakerak, baina, Ezker Abertzaleak hasieratik porrot egin duela pentsatzera garamatza

Esango nuke Ezker Abertzalearen amaiera irudikatzeko balio digun argudio horrek Ezker Abertzalearen bizitza osoa kategorizatzeko balio digula. Hots, estrategiaren eta taktikaren arteko kontraesanak zeharkatzen du Ezker Abertzalearen historia osoa —eta beraz, itsutasun estrategiko kronikoa—, eta, gainera, gaitz hori da gaur egun Ezker Abertzalearen indargune izan den hori gutxiestera nahiz porrotera eraman duena neurriz kanpo baloratzera eramaten duena ere. Bestela esanda, anakronismo politikoa nabaria da Ezker Abertzalearen historian zehar, bere tesi politikoaren eta errealitate sozialaren artean, edo zuzendaritza politikoaren eta mugimendu errealaren artean.

Mugimendu baten porrota bere izaeran bilatu behar da; porrotaren baldintzak hasiera-hasieratik aurkitzen ziren Ezker Abertzalearen baitan. Azter ditzagun, beraz, baldintza horiek.

EZKER ABERTZALEA

Ezer baino lehen, komenigarria da argitzea zeri buruz ari naizen Ezker Abertzaleaz ari naizenean, ulertu dadin zertan datzan, ikuspegi horren arabera, bere agorpena. Sinpleki, Ezker Abertzale gisa ulertzen dut testuinguru zehatz bati lotutako koiunturazko mugimendu bat, zeinak gatazka sozialaren artikulazioan posizio hegemonikoa —baina ez esklusiboa— izan zuen Euskal Herrian. Era berean, Ezker Abertzalea gatazka sozial horren adierazpen politiko zehatza izan zen, egon bazen gatazkari programa politiko positibo baten forma eman ziona: nazio askapena edota independentzia, hau da, Euskal Estatuaren eraikuntza.

Indeterminazio ideologiko sakoneko mugimendua izan da Ezker Abertzalea; gatazkak eta borrokak ordezten zuten ideologiaren zehaztapen beharra. Horrela, ideologia espezifiko bat zabaldu da: ideologiaren zehaztasun eza edota zehaztapen horren alboratzea borrokaren aitzaki pean. Hala, borrokak batutako mugimendua izan da Ezker Abertzalea, eta borrokak berak definitu duena. Horrek, indeterminazio horrek, sakoneko arazoak ekarri ditu gerora. Esate baterako, borroka molde bat baztertu denean, Ezker Abertzalearen paradigma historikoak ez dio bere itxura iraultzaileari eutsi. Lehen, borrokaren lehentasuna eta ideologiaren zehaztasun eza medio, Estatuaren (eta kapitalismoaren) aurkako gatazka gisa ulertzen zena —eta zentzu horretan sentsibilitate desberdinak batzen zituena—, orain Estatu kapitalistaren forma jakin batekiko (diktadura) gatazka gisa agertzen da —eta ez Estatuaren aurkakoa—, koiunturak erabat determinatuta, eta harekin batera agortuta. Era berean, gatazka sozialak behera egin duenean, hainbat baldintza tarteko, Ezker Abertzaleak ezin izan dio bere izaerari eta batzen zuen horri eutsi.

Bada, Ezker Abertzalearen agorpenaz ari naizenean, gatazka aro baten amaieraz eta horri adierazpen politikoa ematen zion estrategiaren desagerpenaz ari naiz. Hau da, estrategia batek gatazka artikulatzeko edota hari izaera politikoa emateko zuen gaitasuna agortu dela deritzot, aspaldi gainera. Horrekin batera, paradigma oso bat etorri da behera —nazio askapena—, hari lotutako ondorioekin batera: proletalgoa baztertzen ez duen interklasismoaren aukera. Horrek erakusten du paradigma hori ez zela egiazki borroka grina artikulatzen zuena, baizik eta, kontrara, borroka grina horren menpeko izan dela paradigmaren artikulazio sozialerako gaitasuna, zeinak hein handi batean ez zuen borroka grinaren jatorria sekula ulertu. Beraz, zehatzago, Ezker Abertzalea gatazka aro batean hedatutako paradigma, molde eta estrategia politikoa izan da, aro horrekin batera agortu dena.

Ezker Abertzalearen agorpenaz ari naizenean, gatazka aro baten amaieraz eta horri adierazpen politikoa ematen zion estrategiaren desagerpenaz ari naiz

AROA

Bi egitatek ezaugarritzen dute Ezker Abertzalearen aroa: diktadura frankista eta industrian oinarritutako ehun produktiboa. Lehenak Ezker Abertzalearen emergentzia politikoa justifikatzen du. Bigarrenak, aldiz, bere sustraitze soziala.

Bi egitatek ezaugarritzen dute Ezker Abertzalearen aroa: diktadura frankista eta industrian oinarritutako ehun produktiboa

Ezker Abertzalea —aurkezpena erraztearren, eta mugimenduaren genealogia zehatzaren abiapuntua identifikatzearren, ETAren sorreran kokatzen dut Ezker Abertzalearen sorrera, nahiz eta beranduago formulatuko zen paradigma izan— frankismo garaian sortu zen. Frankismo garaian, eta frankismoaren aurka. Frankismoaren garaia ez da soilik diktadorea hil arteko denbora-tartea. Garai horretan sartzen da frankismoaren ondorioz irekitako abagune politikoa ere: alde batetik, Trantsizio gisa ezagutua den tartea, estatu-egituraren erreforma formala ekarri zuena —burgesiaren dominazio beharren araberakoa—; eta bestetik, benetako Trantsizioa, erreforma formal horren neurrikoa den kultura politikoa eta masa-ideologia sustraitzeko beharrezkoa den tarteari erreferentzia egiten diona.

Frankismoaren azken urteak masa mugimendu demokratiko zabalen artikulazio urteak izan baziren, Trantsizioaren lehenengo fasearekin, edo fase formalarekin, mugimendu horien desartikulazio politikoa gauzatu zen —estatu-konstituzioaren bidez—, azkenik Trantsizioaren bigarren fasearekin beren erro sozialen desagerpena gauzatzeko. Baita Ezker Abertzalearen oinarriena ere. Hau da, diktaduraren aroak masa mugimendu demokratikoen paradigma ireki bazuen, diktaduraren desartikulazio formalak horien agorpenaren aroa ireki zuen. Eta tartean, azken aro luze horretan, heriotzarako bide agonikoa, eta zalantzak. Oraindik ere zalantzak.

Paradigma berdinak ezaugarritzen du hein handi batean egungo euskal ezker sozialdemokrataren politika: eutsi egiten diote lastozko panpinari, «Erregimenaren» izenarekin, eta jarraitzen dute demokrazia estatalistarekin lotzen euren programa politikoa. Lekutan da, ordea, gatazka soziala —horregatik disidentzia bat—, eta horren lehergai soziologikoa, industriako langilea, biak ala biak Ezker Abertzalearen izaera historikoa determinatu eta bere barne-batasuna bermatu zutenak —eta oraindik ere barne kohesio gisa erabiltzen dituztenak, nahiz eta gatazka antzeztearen bitartez izan.

Industriak ehuntzen zuen urte horietan Euskal Herriko geografia. Horrek, langile-kolektiboa sortzeaz gain, haren kontzientzia —eta antolakuntza— baldintzak erein zituen. Gatazka kolektiboetarako osagaiak emanda zeuden: ehunka langile biltzen zituzten enpresak, burgesiaren botere autoritarioa eta eskubide urraketa sistematikoa gauzatzen zuen diktadura. Sindikalismoa bilakatu zen langile-borrokaren uneko paradigma, eta greba bere tresna erabiliena.

Masa mugimendu zabal horiek, beraz, kapitalismoaren garapen industrialak baldintzatuta zeuden. Ez ziren estrategia iraultzaile baten emaitza, edota ondo meditatutako mugimenduak, askok zabaldu nahi izan duen bezala. Zerbaitek desberdintzen badu garai hura guretik, antolakuntzari dagokionez, hori kapitalismoaren egitura ekonomikoak sortzen dituen antolakuntzarako baldintzak dira, eta ez konpromisoa edota grina bezalako balioak. Akaso horiek errealitate sozial determinatu batean sortzen diren balioak baino ez dira.
Horrekin zera esan nahi dut: estrategia iraultzaile baten emaitza baino, Ezker Abertzalearen garaiko indarra eta artikulazio gaitasunak erabat baldintzatuta zeudela uneko egoera orokorragatik, non borroka eta gatazka, hala nola interes intelektuala, handiak ziren ernaldu behar zuen gizarte berriaren berotara. Ezker Abertzaleak giro horretan bere estrategia zabaltzen asmatu zuen, eta horri etekina atera zion.

Edonola ere, egoera batean mugitzen asmatzea, eta egoera sortzea zein eraldatzea, gauza desberdinak dira. Azkeneko hori lortu izan balu, ez litzateke egun dagoen lekuan egongo. Ezker Abertzalearen estrategiak, gatazka garaietan, sustraitzeko gaitasuna izan bazuen, indeterminazioari aitortu behar diogu meritua, eta taktikan garaiko pentsamendu hedatuari egindako kontzesioei. Estrategiak, baina, porrot egin badu, hasieratik okerra zelako egin du porrot, ez elastikotasun taktikorako baldintzak desagertu direlako.

PARADIGMA FALTSUA

Segur aski, diktadurarik gabe, eta horrek borroka armaturako irekitzen duen aldeko abagunerik gabe, nekez irudika genezake ETA bezalako erakunde bat. Izan zuen begiruneak ere diktadura formalki desegin ahala beheranzko joera izan du etengabe. Neurri berean baldintzatu zuen garai horrek «nazio askapenaren» paradigma, eta haren sustraitze maila. Ez da harritzekoa, orain arte esandakoarengatik, lehenerako baldintzak desagertu ahala, bigarrenaren krisia azaleratu izana. Izan ere, zenbaitek ondorioztatu duen bezala, borroka desaktibatu ahala, euskal nazionalismoaren krisia handituz joan da.

Aipatutakoarekin, «nazio askapenaren» paradigmaren izaera menpekoa eta koiunturala agerian geratu da. Paradigma baten krisia borrokaren krisiarekin lotuta ematen bada, horrek esan nahi du paradigma horrek ez duela borroka aktibatzeko gaitasunik, eta ondorioz, ez dela gai errealitatea ulertzeko, ez eta errealitatean eragiteko ere. Beraz, euskal nazionalismoaren krisia borrokaren desagerpenarekin lotuta dago, baina borrokaren desagerpena ez dago lotuta euskal nazionalismoaren krisiarekin.

Paradigma baten krisia borrokaren krisiarekin lotuta ematen bada, horrek esan nahi du paradigma horrek ez duela borroka aktibatzeko gaitasunik, eta ondorioz, ez dela gai errealitatea ulertzeko, ez eta errealitatean eragiteko ere

Diktaduraren garaiko aktore politikoek zuten ikuspuntuaz gaindi, «nazio askapena» frankismoaren aurkako programarekin lotuta agertzen zen masa zabalen begietara. Euskal Herria askatzea diktaduratik askatzea zen, oro har. Eta diktadurak zera esan nahi zuen: demokrazia eza, eskubide eza, langileen aurkako errepresioa, irrazionaltasuna… Era berean, «nazio askapenak» eta hari lotutako borroka paradigmak, kanpora begira, Euskal Herria antifrankismoarekin identifikatu zuen, eta begirunea sortu zuen euskal nazioaren proiektuarekiko. Proiektu aurrerakoia zen, demokrazia oinarri zuen heinean, eta borroka moldeak onartuak ziren, diktadura baten aurka erabiltzen zirelako. Diktadura formalki deuseztatutzat eman zutenean ere, Trantsizioaren garai luzeetan, egon bazen justifikazio horretarako aukera; Trantsizioaren fartsak diktaduraren makillajea baitzekarren berekin. Hortaz, borroka paradigma bat justifikatzeko, eta horri arnas emateko, borroka politikoaren garaiak ziren Trantsizioarenak, eta horrek azaltzen du gatazkaren aroa luzatu izana diktaduraren aro formaletik harago. Horrek eta garaiko egoera ekonomikoak.

Mugimendu sozial eta demokratikoen paradigmak —eta nazionalismoak— asko edaten du industria-langileen gatazken iruditegitik. Estrategia batek lan esparruko gatazkei etekina atera nahi badie, horien ebazpen politikorako marko aproposa erakutsi behar du. Marko hori, jakina, Estatua da. Eta estatu batek ez badu ebazpen hori ahalbidetzen, ezinbestean beste estatu-proiektu batek egingo du talka haren aurka. Espainiako Estatuan, Estatu barneko kontsentsua medio, ez zen bigarren estatu-proiekturik; hori izan zen «nazio askapenak» aurkeztu zuen aterabidea, ez izaera desberdina zuen Estatua aurkezten zuelako, indarrean zen Estatutik alde egitea proposatzen zuelako baizik. Oraindik ere indarrean dagoen saiakera, baina zailtasunak aurkitzen dituena bi estaturen arteko talka irudikatzeko.

Lan gatazketan bere paradigma indartzeko bazka aurkitu zuen Ezker Abertzaleak. Horietarako soluzioa nazionalismoa zen, hots, Euskal Estatua eratzea, eta bere indar motorea gatazketan ari ziren langileak berauek izango ziren, industriako langileak, alegia. Nazionalismoa eta obrerismoa, elkar loturik; ezerk ezin zuen hutsik egin.

Bada, mugimendu demokratikoak, garaiari lotuak, eta garaikoa zen langile-klasearen soziologia espezifikoa izan dira, hein handi batean, Ezker Abertzalearen masa politikaren oinarria. Lehenak desagertu dira, Estatuak izaera formala hartzearekin batera. Bigarrenak kapitalismoaren garapen ekonomikoak deuseztatu ditu, zati handi batean. Ezker Abertzalearen krisia paradigma historiko baten krisia da, kapitalismoaren garapen neoliberalarekin batera ematen dena; eta kapitalismoaren azken krisiak, oraindik bizi dugun krisi horrek, ezarri du azken sententzia.

Mugimendu demokratikoak, garaiari lotuak, eta garaikoa zen langile-klasearen soziologia espezifikoa izan dira, hein handi batean, Ezker Abertzalearen masa politikaren oinarria

AMAIERA

Askok uste duenaren kontra, «euskaltzaletasuna», «nazionalismoa» edota «nazio askapena» ez dira izan hamarkadetan zehar borroka fase bat elikatu duten estrategiak. Ez dira borroka fase hori bere zabalenean ulertzeko gaitasuna eskaintzen duten kategoriak ere.

Egia da Ezker Abertzalea, mugimendu nazionalista gisa, hein handi batean printzipio horien arabera antolatu dela. Baina printzipio horiek historian zehar bilakaera izan dute beren edukian eta esanahian. Nazionalismoa edota nazio eraikuntza deitutakoa aldakorra da, baina ez lege propioen arabera edo proiektu politiko sustantibo gisa. Izan ere, bere edukia ez da indar propioz ezta berezko teoria itxi baten barrenetik jaiotzen; ez da historia independentea duen mugimendua ere, historizatu daitekeen arren. Nazionalismoa aldakorra den egoera sozialarekiko menpekoa da. Nazio eraikuntza, azken finean, forma sozial eta politiko zehatz baten eraikuntzan datza, eta bere aldakortasuna —forma sozialarena, baina baita nazioa eraiki nahi duen ideologia politikoarena ere— agintean den forma sozialaren moldakortasunaren araberakoa da.

Oinarri sinple hori distortsionatu egin du nazionalismoak, erreala dena nahiaren, ideologiaren edota nazioaren izate abstraktuarekin ordezkatuz. Ez da nahikoa, beraz, Ezker Abertzalearen indargune historikoa «nazio askapenaren» paradigmarekin identifikatzea, azkeneko hori modu zuzen batean kategorizatzen ez bada. Esan daiteke paradigma hori izan dela nagusi mugimendu horren baitan, baina erreala zena, hau da, programa historiko bat, beste esparru batzuetan aurkitzen zen —eta beraz, «nazio askapenaren» indarguneez hitz egin beharko genuke, eta ez «nazio askapenaz» indargune gisa.

Ezker Abertzalea ez da, hortaz, norbanakoek printzipio politiko batzuei egindako traizioaren ondorioz agortu. Kontrara, Ezker Abertzaleari, eta edozein mugimendu koiunturali, egin dakiokeen traiziorik handiena bere izaera iragankorra ulertu ez eta hilotza artifizialki bizirik mantendu nahia da. Eta horretan ari da hegal ofiziala, eta baita bere disidentzia ere.

Estrategia ez dute aldatu, ezta printzipio politikoak ere: Ezker Abertzalearen oinordekoek «nazio askapena», estatalismoa eta demokrazia dituzte helburu —sozialismoa beti izan da harentzat estatalismoa eta interbentzionismoa—; baina helburu horiek ezin dira jada gatazkaren mozorropean agertu, haientzat esparru aproposa ireki baita instituziogintza burgesean eta Espainiako Estatuan. Autonomismoa ez da, beraz, hartu den erabaki bat, «nazio askapenaren» paradigmak ezinbestez hartu behar zuen forma baizik.

HASIERA BERRI BAT

Ezker Abertzalearen arrazoi historikoaren baldintza ekonomikoak eta politikoak agortutzat jo ditugu. Horrek, ordea, Ezker Abertzaleaz harago doazen ondorioetara garamatza. Oro har, sozialdemokraziak eta erreformismoak politika borrokalaria aurrera eramateko, eta horren bidez langile-masak lerratzeko, duten gaitasunaren krisiaz hitz egin dezakegu. Krisi hori kapitalismoaren fase garaikidearekin lotu dugu, gainera.

Hamarkada hauetan behera egin duena ez da grina eta borondate iraultzailea izan. Desagertu dena programa iraultzailerik gabeko itxurakeria iraultzailea izan da, hau da, sozialdemokrazia iraultzaile gisa azaltzea ahalbidetzen zuen testuingurua. Horri deitu izan zaio krisi kapitalistaren ondotiko politika burgesaren krisia, zeina modu gordinenean agertzen den sozialdemokraziaren haragitan.

Gaur ez da modu zuzenean identifikatzen den langile-kolektiborik, eta horregatik ere ez da bere izenean hitz egin dezakeen alderdi politikorik. Proletalgoa ezdeus eta gaitasunik gabe, politikoki baztertua eta sozialki menderatua, antolakunde propiorik gabe… aurkitzen da. Sozialdemokraziak zokoratu egin du ez diolako bere erreformen programa historikoari ekarpenik egiten: salbuespenak salbuespen, ez da berehalakoan lan gatazketan identifikatzen den kolektibo bat —horregatik subjektu izatetik baztertu dute— eta, ondorioz, ez da bitartekaritza politikorik gabeko gatazka —ekonomikoa— artikulatzeko gai, ez baitu lan esparrura mugatzen diren antolakunde kolektiboetarako —sindikalismo erreformista— baldintza objektiborik.

Proletalgoak nahi bezala baliatu daitekeen masa bizigabe bat izateari utzi dio, baina ez da desagertu; eta agertzeko, historikoki manifestatzeko, subjektu politiko komunistan antolatu behar du, edo ez da ezer izango. Proletalgoaren baldintza garaikideek politika inposatzen diote klase moduan antolatzeko baldintza gisa: erreformaren esparrutik, erresistentziaren esparrutik, botere politikoaren konkistara salto egitea. Azkenaren faltan ezinezkoa izango da lehenengoetan aritzea.

Erronka berdina dugu esku artean; azken hamarkadetan proletalgoak izan duen erronka berdina. Abiapuntua hasierako berdina da: porrot egin dugu, komunismoa sistematikoki baztertua izan da Ezker Abertzalearen baitan. Orain hasiera berri baten aurrean aurkitzen gara, baina oraingoan hori ez da soilik posizio etiko bat.

Abiapuntua hasierako berdina da: porrot egin dugu, komunismoa sistematikoki baztertua izan da Ezker Abertzalearen baitan. Orain hasiera berri baten aurrean aurkitzen gara, baina oraingoan hori ez da soilik posizio etiko bat

IRUZKIN BAT
  1. K
    Koba 2023/02/13

    Sobre la trayectoria del llamado MLNV hay dos claves para explicar su trayectoria y su situación actual:

    - Las apariencias. Aparentaba ser un movimiento radical, revolucionario, que en la medida que confrontaba levantando la lucha armada se gano la adhesión de sectores del proletariado vasco hastiados de la represión y opresión social a que los sometía el estado capitalista español. Estos sectores encontraron en el MLNV la canalización del odio que les provocaba este estado.

    - La realidad. En realidad el llamado MLNV ha demostrado que no era más que un movimiento reformista que no pretendía transformar la realidad sino reformarla de acuerdo a los intereses concretos y aspiraciones de la pequeña burguesía nacionalista vasca. Su pretensión era constituirse en estado-nación pero no había un proyecto social alternativo.

    Una parte del proletariado vasco fue utilizado en la pretensión de la pequeña burguesía nacionalista vasca de constituirse en estado- ... Gehiago Irakurri

    Sobre la trayectoria del llamado MLNV hay dos claves para explicar su trayectoria y su situación actual:

    - Las apariencias. Aparentaba ser un movimiento radical, revolucionario, que en la medida que confrontaba levantando la lucha armada se gano la adhesión de sectores del proletariado vasco hastiados de la represión y opresión social a que los sometía el estado capitalista español. Estos sectores encontraron en el MLNV la canalización del odio que les provocaba este estado.

    - La realidad. En realidad el llamado MLNV ha demostrado que no era más que un movimiento reformista que no pretendía transformar la realidad sino reformarla de acuerdo a los intereses concretos y aspiraciones de la pequeña burguesía nacionalista vasca. Su pretensión era constituirse en estado-nación pero no había un proyecto social alternativo.

    Una parte del proletariado vasco fue utilizado en la pretensión de la pequeña burguesía nacionalista vasca de constituirse en estado-nación. El proyecto político de esta pequeña burguesía nacionalista vasca no cuestionaba ni cuestiona el estado capitalista, a lo sumo aspira a limar los rasgos más rudos del capitalismo, es decir a un proyecto socialdemócrata como máxima aspiración social.

    Sin embargo, a partir de constatar estas dos claves, no se puede menospreciar ni desdeñar a todos los militantes y sectores honestos que en su seno lucharon y lo dieron todo, incluso su vida, pensando que estaban luchando por un proyecto de transformación social. Aunque manipulados y utilizados, ellos si empuñaron la lucha por otro mundo más justo. Ellos si son dignos de respeto y admiración.

    En mi opinión el Movimiento Socialista, aunque supone una ruptura con el llamado MLNV, no debe desdeñar ser bandera también de todos los militantes que lucharon, y dieron su vida, de forma honesta creyendo que luchaban por una transformación social radical.

    Saludos revolucionarios.

    Koba.