ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Etsai
2025/01/02

Ez dago gizarte egitura oso bati tiro egiterik, ezta haren ekoizpen-moduari eta ondoriozko erlazio sozialei ere. Aurrekargako fusil zaharrek zein makina modernoek ez ditzakete dauden baldintza materialak euren kabuz ezereztu eta berriak ezarri. Mao Zedongek esana da: “botere politikoa fusilaren ahoan jaiotzen da”. Halaber, honakoa ere aurreratu zuen: “fusildun etsaiak ezabatu ondotik, fusilik ez dutenak geratuko dira”. 

XX. mendeko iraultzen esperientziak frogatzen digunez, fusilik gabeko etsaiak, boteretsuagoak ez ezik, mundu zaharra deuseztatzera deitutakoen lerroetatik beretatik ere sortuak ziren. Kapitalaren botere ekonomikoa, jeneralei eta batailoiei men egiten ez diena, gutxietsitako etsaia izan da historikoki. Haren arma propioekin egin zitzaion aurre, eta, bestela ezin zenez, ez zen hura garaitzea lortu. Kritikaren Alderdiak garaipen horren ondoren onartu zuen garai historiko berri batek mundu lazgarri hau aldaezina dela onartzeari uko egin, eta, beraz, emantzipazioarekin osoki konprometituta daudenei exijitzen zien hori.

XX. mendeko iraultzen esperientziak frogatzen digunez, fusilik gabeko etsaiak, boteretsuagoak ez ezik, mundu zaharra deuseztatzera deitutakoen lerroetatik beretatik ere sortuak ziren

Gure garaia berriz ere kritikaren garaia da, baina filosofo ilustratuek ideia hori formulatu zuten garaietan ez bezala, bizi duguna ez da Argien Mende berri bat, iluntasunak bere inperio osoa iragartzen duen mende bat baizik, gero eta pauso biziagoan doan ilunkera baten ondorenekoa.

Iraultza proletarioaren testuinguruan, historikoki konpondu gabeko arazoa izan dira metabolismo sozialaren berrantolaketaren forma eta edukia, are gehiago gerra iraultzaileko egoera batean, non salbuespenak arauaren lekua hartzen duen. Gerraren eskakizunek benetan zailtzen dute iraultzaileek beren ekintza gidatzeko erabiltzen dituzten eskemak modu kontsekuentean aplikatzea, modu horretan, sarritan doktrina-printzipioekin lotutako praktikak hartu dituzte derrigorrean.

Hori dela eta, gure klasearen borroka-esperien­tzien kritika erradikala egitea dagokigu, gerra eta birsorkuntza soziala, paradoxikoki, bata bestearen aurkako gerran egon baitira. 

ILDO MILITAR PROLETARIOARI BURUZKO GOGOETA OROKORRAK

Gerra ia gizartea bezain zaharra da. Lehenengo komunitateek klase gizartea ahalbidetu zuten lanaren banaketa eta jabetza-harremanak garatu zituztenetik eta komunitateen arteko harremanak eta interes-talkak gertatzen hasi zirenez geroztik, gerrak epaile gisa jardun du indarkeriaren auzitegian; izan ere, zuzenbidearen eta zuzenbidearen arteko borrokan, azken hitza indarrak izaten du beti. 

Gatazka sozialak indarkeriaren edo indar gordinaren bidez konpontzeko berariazko esparrua gerraren eremua da. Esparru horren araudiak eta espezializazioak arlo militarrari bide ematen diote, bere doktrina, arte eta teknika espezifikoekin. Baina gerra ez da egiteagatik egiten, eta ezin da bere baitan ulertu. Engelsek, Eugen Dühringekin izandako eztabaidan, materialismoaren ikuspegitik adierazten du indarkeria ez dela faktore “historikoki funtsezko” bat, helburu baterako bitartekoa baizik. Dühringek jabetza indarkerian oinarritzen zuen; Engelsek, aldiz, jabetzaren instituzioan oinarritzen zuen indarkeriaren baliabidea. Ez balego zertaz jabeturik, ez gauzez jabetzeko modua ematen duen baldintzarik, ez horretarako beharrik, ez eta, azken batean, jabetzaren instituziorako posibilitate-baldintzarik ere, indarkeriak aukera izango luke beste arazo batzuk ebazteko, baina ez litzateke izango jabetza eratzeko arrazoia.

Era berean, indarkeria ezin izan daiteke menderakuntzaren arrazoia, hura gauzatzeko bitartekoa baizik. Menderakuntza gauzatzeko, beharrezkoa da “etekin ekonomikoa” edo indarkeria erabiltzeko bestelako onura edo interesen bat egotea.

Komunitate sozial bakoitzak bere bizi-bitartekoak modu jakin batean ekoizten ditu, eta ekoizteko modu horren izaeraren arabera moldatzen da komunitatea. Gutxi garatutako komunitateetan, botere-funtzio horiek ere ez daude oso garatuta, eta nahastu egiten dira familien edo tribuen barruko lan-banaketarekin. Gizartearen baitako lan-banaketa eskala zabalduan garatzen eta gizartea klasetan banatzen hasten denean, orduan sortzen da politika aparteko funtzio gisa. Politika gobernuaren eta legeen artea da. Modu orokorrean arautzen duen boterea da, eta araudi horren mende jartzen du gizarte-komunitate jakin bat. Orain arte existitu diren gizarteak, egungo gizarte kapitalista barne, klasetan banatuta egon dira, eta klase horiek ekoiz­pen-moduan eta gizarte-aberastasunaren jabetze- eta banaketa-moduan dituzte beren sustraiak.

Gizarte-harremanen multzo jakin bat kontraesanetan hasten denean ekoizpen-modu zaharraren oinarrien gainean garatzen den ekoizpen-modu berriarekin, gatazka-garai bat irekitzen da ezarritako botere politikoaren eta hura ordezkatzera datorren klasearen edo klaseen artean. Borroka horretan agertzen da Politika Iraultzailea: botere politikoa hartzearen edo desegitearen artea. Politika, dela status quoarena, dela iraultzailea, gerraz baliatzen da bere helburu estrategikoak lortzeko. Gerra, iraultzaileak ez diren garaietan, komunitateen arteko bakearen edo erasoaldien aldeko gerra da. Helburua, nolanahi ere, ekoizpen-modu jakin bat erreproduzitzea da. Bestalde, gerra iraultzaile­ak, bide militarretik, botere politikoaren konkista bilatzen du. Bi kasuetan, politikaren funtzio edo modu bat da gerra; beti agertzen da politikaren mende.

Indar militarrak politika azpiratzen duenean, politika militar bat ari da gidatzen, etsaiaren aurkako garaipenean soilik oinarritua, beste interes batzuetan ez bada. Azkenik, Clausewitzi jarraikiz, gerra beste bide batzuetatik egindako politika dela esaten denean, ohikoa da alde batera uztea politika ekonomia kontzentratua besterik ez dela dioen tesia –espezifikoki marxista–, hau da, politika, azken batean, ekoizpen-moduaren eta hari dagozkion klase-interesen mende dagoela dioena.

Politika Iraultzaile Proletarioa botere politikoa proletarioen emantzipazio ekonomikorako, hau da, emantzipazio unibertsalerako konkistatzearen artea da. Kapitalismoak gerra kapitalistei izaera bereizgarria ematen dien bezala, kapitalismotik sor­tzen den ekoizpen-modu berriak, komunismoak, izaera bereizgarria ematen dio gerra proletarioari. Izaera hori honela laburbil daiteke: erabateko emantzipazioaren aldeko gerra da; gerra horretan, proletariotzak klase dominatzaile bihurtu nahi du, bere diktadura klase erreakzionarioen aurka gauzatu, eta oinarriak ezarri klaserik gabeko gizarte baterako, hau da, esplotaziorik eta zapalkuntzarik gabeko baterako. Ildo militar proletarioak hori ahazten badu, hau da, bere helburua gizateriaren emantzipazioa eta klaserik gabeko gizartea ezartzea dela, orduan gerrak bere izaera emantzipatzailea galtzen du, eta botere politikoa bihurtzen da gerra horren helburua, etsaiaren deuseztapena, baina ez emantzipazioa.

Kapitalismoak gerra kapitalistei izaera bereizgarria ematen dien bezala, kapitalismotik sortzen den ekoizpen-modu berriak, komunismoak, izaera bereizgarria ematen dio gerra proletarioari. Izaera hori honela laburbil daiteke: erabateko emantzipazioaren aldeko gerra da; gerra horretan, proletariotzak klase dominatzaile bihurtu nahi du, bere diktadura klase erreakzionarioen aurka gauzatu, eta oinarriak ezarri klaserik gabeko gizarte baterako

Gerra iraultzailea gatazkaren eremuan ebatzi beharreko kontu tekniko hutsa ez den heinean, ezta boterea konkistatzeko borroka hutsa ere, proletarioen emantzipazio ekonomikoaren helburu gorenak izan behar du haren oinarria, berak determinatzen baititu haren gainerako momentuak, hala nola kanpaina-planei buruzko xehetasun taktikoak. Iraultzak batez ere hiru frontetan egiten du eraso. Lehenengoa eta agerikoena botere politikoarena edo gizartearen gobernuarena da. Fronte horretan, klase iraultzaileak boterea eralda edo berreraiki dezake bere gobernu-premien arabera. Bigarren frontea ekonomikoa edo ekoizpen-moduarena da. Horretan, klase iraultzaileak azken ondorioetaraino garatzen ditu aurreko ekoizpen-moduan ernamuintzen ari ziren harreman ekonomikoak. Hirugarren frontea kulturala da, eta haren funtzioa gizartearen gogoa prozesu historikoaren arrazionaltasunarekin lerrokatzea da.

Pentsamendu komunistako korronte batzuek estrategia militar proletario baten existentzia edo prestaketa azpimarratzen dute politikaren izaera iraultzailearen benetako froga gisa. Hala ere, garrantzitsuagoa litzateke, gertaera historikoak ikusita, froga hori “ildo ekonomiko” proletarioan kokatzea, ekoizpen kapitalista iraultzeko moduaren kontzientzia argia izatean, alegia. Are gehiago, arlo horri dagokion noraeza da, ziur asko, joan den mendeko iraultza proletarioen zikloko irakaskuntza gorena eta unibertsalena; izan ere, nahiz eta politika agintean egon, botere politikoa konkistatu eta proletarioek armada gorri boteretsu eta garaileak antolatu, Kapitalaren botere ekonomikoak esfortzurik gabe irentsi zituen fusilak, sobietak eta dazibaoak.

Pentsamendu komunistako korronte batzuek estrategia militar proletario baten existentzia edo prestaketa azpimarratzen dute politikaren izaera iraultzailearen benetako froga gisa. Hala ere, garrantzitsuagoa litzateke, gertaera historikoak ikusita, froga hori “ildo ekonomiko” proletarioan kokatzea, ekoizpen kapitalista iraultzeko moduaren kontzientzia argia izatean, alegia

Ez dagokigu epaitzea ea zerbait aurreikusgarria edo argitasun teoriko falta izan ote zen; sintetiza­tzeko esperientzia bat dugu aurrean, eta hori egiteko erabateko konpromisoa. Jarraian, gaiari buruzko sarrera-ohar labur batzuk emango ditugu, lagungarri izan dadin azterketa eta sintesi historikoaren ariketa bideratzeko, hura ordezkatu beharrean.

GIZARTEAREN BERRANTOLAKETA KOMUNISTA

Aurreko kontsiderazio orokorrak ezarri ondoren, eta iraultza proletarioan indar militarrak eduki beharreko lekua epaitzeko, ondo ulertu behar da prozesu historikoa nora doan eta, beraz, iraultza horren berezitasuna zein den. Iraultza proletarioa gizarte-formazio kapitalistan dauden potentzien gorpuztea da, klaseek izateko arrazoirik ez duten ekoizpen modu baterantz daramaten potentzien gorpuztea alegia. Ekoizpen-modu kapitalistaren garapenak berak bere burua desegitera jotzen du; bada, proletariotza iraultzailea prozesu horren asimilazio kontzientea da.

Metabolismo sozialaren berrantolaketa da prozesu honen alderdirik garrantzitsuena, eta horren mende daude gainerako gaiak, prozesu horren momentu gisa. Gerra iraultzaile proletarioa eraldaketa sozial hori indarrez inposatzea da. Ekoizpen-modu kapitalistaren oinarria da lanaren baldintza objektiboak haren baldintza subjektiboetatik bereiztea. Horrek esan nahi du badela klase bat ekoizpen- eta bizi-bitartekoen jabetza duena, eta beste klase bat, berriz, horietaz gabetua. Lehenengoa kapitalisten klasea da, bigarrena proletarioena. 

Ekoizpen kapitalista klase batek beste bat esplotatzean oinarritzen den heinean, hartan indibidualtasun askea eta gizabanakoen garapen osoa ukatzen dira, nahiz eta, egiazki, ekoizpen-modu kapitalistak eratutako ekoizpen-indar materialen eta harreman sozialen garapen-mailari esker diren gauzagarriak. Garapen horrek murriztu egiten du erabilera-balioak ekoizteko behar den lan-denbora, baina ez du lanaldia murrizten. Langileak beharrezko ez zaizkionean, langabezia egonkorrera edo aldizkakora bidaltzen ditu, Kapitalaren interesetarako beharrezkoak ez diren biztanle gisa. Ekoizpena gero eta sozialagoa eta konbinatuagoa da, baina jabetzeak pribatua izaten jarraitzen du.

Horiek eta beste adierazpen batzuek erakusten dute Kapitalaren beharrak ez datozela bat gizartearen premiekin, edo, bestela esanda, gatazka bat dagoela ekoizpen-indarren garapenaren eta ekoizpen-harremanen artean. Iraultza sozialista kontraesan horren adierazpena da, non proletariotzak burgesia desjabetzen duen eta ekoizpen-bitartekoak behar kolektiboen zerbitzura jartzen dituen. Iraultza horretatik, ekoizleen elkartze askean eta ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboan oinarritutako ekoizpen-modua sortzen da. Ekoizpena norbanakoei subordinatzen zaie, eta haiek kontrolatzen dute, ondare komun gisa eta plan baten arabera.

Elementu horiek, ekoizpen-bitartekoen izaera kolektiboa eta ekoizpenaren plangintza, ez dira bateragarriak soldatapeko lanaren existentziarekin. Lana honela banatzen da: lehenik, gizarte-premiak zehazten dira, eta, ondoren, horiek betetzeko behar diren orduak zenbatzen dira. Lanaldi globala neurri berean banatzen da horretarako egokiak diren gizarteko kideen artean. Ekoizpen-modu kapitalista komunista bihurtzeko lehen fasean, banaketak edo norbanako bakoitzak produktuetan duen parte-hartzeak bat egiten du norberak ekoizpen-prozesuan egiten duen ekarpenarekin. Historikoki proposatutako baliabideetako bat ordutegi-bonuak edo lan-bonuak izan dira. Horiek ez dute zirkulatzen, pertsonalak direlako –pertsona batek bakarrik erabil ditzake–, transferiezinak direlako –aurrekoaren berehalako ondorioa– eta ekoizpenerako sozialki behar den lan-denbora adierazi beharrean, ondasun bat ekoizteko behar izan den lan-denbora efek­tiboa adierazten dute. Banaketa-baliabide horrek ekoizle elkartuen gizarte batean izan ditza­keen bertuteak eta akatsak paradigmatikoki azalduta daude Marxen “Gotharen programari kritika” izeneko glosetan. Gizabanako bakoitza desberdina da, bizi-egoera desberdina du eta premia asko ditu. Neurri berdinetik –lan-denboraren arabera– abiatuta bakoitzak kontsumoan zer parte-hartze izango duen zehazteak gizabanako batzuei mesede egitea lekarke.

Hori dela eta, komunismoaren goragoko faseren batean –ez "gorengo fasean"–, eskubideak ez lirateke berberak guztientzat, bakoitzak bere gaitasunaren arabera emango lukeelako eta bakoitzari bere beharraren arabera emango zaiolako. Laburbilduz, ekoiz­pen-bitartekoen jabetza kolektiboan oinarritutako ekoizpen-modua lortzeko, beharrezkoa da proletarioek horiek desjabetzea, eta, horretarako, botere politikoa hartzea –alderdi politiko bat eratzea eskatzen duena– edo gizartearen zuzendaritza nagusiaren esfera sine qua non baldintza da. Bitarteko horiek desjabetu eta gizarte-premien eskura jarri ondoren, lana planifikatu eta gizarteko kideen artean banatzen da. Horrelako gizarte batean, produktuak ez dira balio gisa aurkezten, eta, beraz, ezta merkantzia gisa ere, ez baitira trukatzen. Soldatapeko lanaren abolizioa berezko ondorio gisa dator. Klaseen abolizioa ere bai.

EKOIZPEN EREDUAREN ERALDAKETA GERRA IRAULTZAILEETAN

Iraultza proletarioa ez da soilik gizakien borondatetik kanpo garatu ziren oinarri materialetan sostengatzen, baizik eta haren baldintzen artean dago klase baten borondatea ere, proletariotzarena, alegia, zeina nahiko heldua baita gobernatzeko. Horretarako, kontzientzia iraultzailea ez ezik, Kapitalaren dominazio politiko eta biolentoa ordeztera datorren egitura instituzionala ere behar du.

Errusiar Inperioan, egitura instituzional horrek sobieten forma hartu zuen. Sobieten garapenak, bereziki Petersburgokoarenak, botere bikoitzeko egoera bat sortu zuen; egoera horretan, elementu batzuk ez zirenez gai izan iraultza sozialistaren garaia heldua zela ikusteko, boltxebikeek ekimena hartu zuten, eta botere bikoitzeko egoera hori –naturala zen moduan, ezin zuen luzaroan iraun– botere politikoa konkistatzeko eta sistema sobietarra botere bakar moduan ezartzeko egoera bilakatu zuten.

Urriko Iraultzaren ondoren, gerra zibila etorri zen eta, gerra horrek, epe erlatiboki labur batean, nabarmen ahuldu zuen iraultzaren izaera sozialista. Demokrazia sobietarrak degenerazio handia izan zuen: Alderdi Boltxebikeak kontseiluen sistema ordeztu zuen goitik, eta haiei izaera ia aholku-emailea eman zien. Erantzuna Kronstadten en­tzun zen; han, alabaina, ez zegoen argi gizartea nola eraldatu behar zen: sobieten izaera demokratikoa berreskuratu nahi izan zuten, baina, aldi berean, “merkataritza-askatasuna” aldarrikatu zuten. Gerra-komunismoa martxan jartzean, ekonomian gauzatutako eraldaketei dagokienez, eraldaketa bakarrak gerra-ekonomia kapitalistak egoera berean egingo zituenak izan ziren: ekoizpena izugarri handitu, eta baliabideak gerra-beharren zerbitzura jarri ziren. Gerra-komunismoak erantzuten zion eta erreproduzitzen zuen egoera prekarioak ahuldu egin zuen boltxebikeen eta nekazarien arteko harremana. Ez zen une egokia gizartearen eraldaketa ekonomikorako; hori horrela, etorkizunerako utzi zen eraldaketa hori, mehatxu kontrairaultzea garaitzen zuten unerako, hain zuzen.

Nahiz eta teorikoki ia gauza ziurra zen armada proletarioak herri-milizien forma hartu behar zuela –herri matxinatua–, egoerak armada erregularraren formula erabiltzera behartu zituen –1918ko martxoaren 15ean Armada Gorria eratu zen–, bai eta teknikari militar tsaristak errekrutatzera ere, zeinek aurrerago arazoak eman baitzituzten. Egia da armada erregular bat ez zela sekula izan Armada Gorriaren antolakuntza bezain demokratikoa, baina, egiaz, printzipioetan egin zen kontzesio bat gehiago izan zen Armada Gorria bera, koiunturaren fruitu. Azkenik, Estatu sobietar berriaren kudeaketari izaera funtzionala emateko, funtzionario tsarista ohi asko enplegatu behar izan zituzten, eta hori ustelkeriaren eta erreakzioaren foku bihurtu zen, eta aurre egin behar izan zioten aurrerago. 

Errusia atzeratuan bezalaxe, Txinan ere iraul­tza demokratiko-burgesa eta iraultza proletarioa gurutzatu egin ziren, hainbeste, non XX. mendeko iraultza proletarioaren programa komuna “iraultza etengabea” baitzen: kontzeptu horren jatorria Frantziako Iraultzan dago, eta haren esanahia, marxistentzat, iraultza burgesa egin eta, hura egonkortzen utzi beharrean, zuzenean iraultza proletariora pasatzea zen. Errusian, bi une horiek bereizita egon ziren nabarmen, baina denboran oso jarraiak; Txinan, aldiz, prozesu beraren parte izan ziren bi-biak. Txinaren formula Demokrazia Berria izenekoa zen: iraultza burgesaren alderdia Kuomintang-a izan zen; iraultza proletarioaren alderdia, Txinako Alderdi Komunista. Gainera, iraultza demokratiko-burgesak nazio-askapeneko gerra-forma hartu zuen, indar atzerritarrek Txina okupatu izanaren ondorioz. Horren eta Internazional Komunistaren presioaren eraginez, lankide­tzan hasi ziren Kuomintanga eta Txinako Alderdi Komunista, eta gero eta nabarmenago agertu ziren bien arteko desadostasunak, harik eta 1927an talka agerikoa izan zuten arte.

Iraultza burgesa egin eta, hura egonkortzen utzi beharrean, zuzenean iraultza proletariora pasatzea. Errusian, bi une horiek bereizita egon ziren nabarmen, baina denboran oso jarraiak; Txinan, aldiz, prozesu beraren parte izan ziren bi-biak

Txinako esperientziak proletariotza iraultzaile­arentzat duen interesik handiena gerraren planteamendua da, “luzaroko herri-guda” kontzeptuan sintetizatua. Txinako egoera konkretuan, nekazarien klasea –klase nagusia– zegoen deitua iraultzaren indar nagusi izatera, baina proletariotzak izan behar zuen prozesuaren indar determinante eta buruzagia. Beharrezkoa zen nekazaritza-iraultza gidatzea –Stalinen iritziaren kontrara–, zeina egin gabe baitzegoen eta gainerako indarrek utzia eta atzeratua baitzuten une hartan. Txinako Alderdi Komunistak, Maok gidaturik, nekazari-masen elementurik aurreratuenak konkistatzeko apustua egin zuen, gero nekazari-masa zabalak konkista­tzeko haiek Herri Gudaren barruan militarki antolatuz. 1927ko abuztuaren 1ean Herri Guda hasi zen, bigarren gerra zibila, eta, aldi berean, Armada Gorria eratu zen. Herri Gudaren izaera espezifikoa zen nekazarien eta langileen masak bateratu zituela iraultzan, haiek militarizatuz, eta Botere Berriko organoak sortu zirela komunistek kontrolatutako guneetan. 

Horrela, nekazari eta langile masa horiek iraultzaren subjektu aktibo bihurtuko ziren, fun­tzio militarrak armada espezializatu baten esku uzti beharrean –une hartan, urrun zegoen profesional izatetik–, eta, halaber, botere-instituzioak ezarriko ziren, nazioaren lurralde osoan garaipena lortu arte atzeratu beharrean zeregin hori. Matxinada-ereduan, masa horiek lehenengo konkistatuak, gero armatuak eta azkenik matxinadara bultzatuak izango ziren; ordea, Herri Gudaren ereduaren helburua zen masak konkistatzeko armamentua ematea, haiek gerrari lotzea eta gune askatuetan boterea erabiltzea. Internazional Komunistak aurreneko eredu horri jarraitzen zion; Txinako Alderdi Komunistak, berriz, bigarrenari. Landa-eremuetan Botere Berriko organoak sor­tzen eta Armada Gorria sendotzen ari ziren bitartean, hiriguneetan lan “europarragoa” egiten zen, hau da, propagandaren eta sindikatuen bidez eta enpresa-zelulak sortuz konbentzitu nahi zituzten langileak. Funtsean, horretan zetzan hiriak landa-eremuetatik inguratzeari buruzko plan ezaguna. Herri Gudak, laburbilduz, zenbait fase batu nahi zituen prozesu berean: masak gidatzea, haiek boterean aritzeko ahalduntzea eta proletariotzaren diktadurako organoak sortzea.

Alabaina, eta XX. mendeko esperientzia gehienetan bezala, kontu politikoak gainjarri zitzaizkien ekonomikoei; hala, funtsean, ekonomia kapitalista erreproduzitzen jarraitu zen industriaren arloan atzeratua zegoen herrialde hartan. Zenbait urte geroago Iraultza Kulturala egin zen, iraultzak aurkitu zituen mugak gainditzeko helburuz; alegia, klase sozialak eta lehengo ekoizpen modua biziraunarazten ari zela, eta ez zuela haiek gainditzea lortu. Ekoizpenari dagokionez, lan intelektualaren eta eskuzkoaren arteko bereizketa erreproduzi­tzen zen, eta, aldi berean, ukigabe jarraitzen zuen soldata-sistemaren bidez egiten den produktu sozialaren banaketak. “Maiatzaren 7ko eskolak” izenez ezagutzen direnen helburua lanaren banaketa sozial hori gainditzea zen, koadro tekniko eta intelektualak landaguneetara bidaliz eskuzko lanak egitera, baina zeregin-aldaketa horiek aldi baterako baino ez zirenez, salbuespena baino ez ziren funtsean berdin jarraitu zuen prozesu sozial baten barrenean. Ekoizpen modu kapitalista gainditzeko ezintasuna –izan arlo ekonomikoan zein haren forma administratiboan– ondo erakusten duen beste ekitaldi bat izan zen 1967ko otsailean Txinako Alderdi Komunistak eta Maok berak Shan­ghaiko Komuna abandonatu izana, nola eta estatuaren botere-organo zaharren alde –aliantza hirukoitzeko komiteak–. Errusian bezala, Estatua gizartearen gainetik zegoen, nahiz eta estatu-gaietan parte hartzeko aukera ematen zion gizarteari, era mugatuan betiere: kasurik onenean, Estatua herriaren zerbitzura zegoen. Arlo kulturalean, Liburu Gorria izan zen harreman sozialen petrifikazioaren sinboloa.

Hizpide dugun gaiarekin lotura estua duen beste gai bat Espainiako Gerra Zibila izan zen, esaten baitzen botere-dualitate bat izatera iritsi zirela han, Errusian iraultzaren aurretik izan zen antzekoa. Katalunian, Milizia Antifaxisten Komite Zentrala eta Ekonomia Kontseilua ziren Errepublikaren botere kapitalistaren aurrean proletario-boterea ordeztera etorritako instituzioak. Ordea, botere proletario hori bigarren mailan geratu zen ia Errepublikaren hasieratik, eta Estatu kapitalistaren luzapena izaten bukatu zuen, Estatuak aginduak ematen baitzizkion Komiteari zein Kontseiluari. CNTk, zenbait grebaren aurrean, lanera bueltatu beharra aldarrikatu zuen, bereziki borroka antifaxista baliabidez hornitzea zegokien industrietan. Milizien Komiteak, Defentsa Ministerioari atxiki zitzaionak, lan aktiboa egin zuen Errepublikak emandako aginduei men egiten ez zieten langileak armagabetzeko, faxismoari aurre egitearen aitzakia erabiliz. Gauzak horrela, hemen ere agerikoa da erakunde proletarioek “traizio” egin behar izan zietela beren printzipioei. CNTk, Estatua suntsitzeko lan egitetik urrun, haren mende jarri zuen bere burua; autoritarismoari gerra deklaratu ordez, era autoritarioan agertu zen langileen aurrean, eta haiek gerrarako ekoiz­tera behartu zituen; Marxek mutualistei mende erdia lehenago arrazoiz kritikatuak zizkien akatsak zituen haien Ekonomia Berriak. Esan gabe doa marxismoa edo sozialismoa inspirazio zuten alderdi gehienek, kasu batzuetan POUM izan ezik, hasieratik egin zutela bat Estatu kapitalistarekin. Finean, langile-mugimenduaren erakunde gehienak Errepublikaren defentsan jarri izanaren ondorioz, ez zen lekurik izan metabolismo sozialaren eraldaketarako. 

ONDORIOAK

Aurreko lerrook abiapuntua besterik ez dira ulertzeko ekoizpen kapitalista nola bihurtzen den ekoizpen komunista, bai eta eraldaketa horrek gerra iraultzaileetan zehar historikoki izan zituen mugak ulertzeko ere.

Esperientzia horiek erakusten dutenez, eraldaketa hori zaila da, baina zeregin horiek ez dira atzeratu behar indar militar proletarioak burgesen gainean erabateko garaipena lortzen duten unera arte. Txinan, gerrak berak sortu zituen botere berriko organoak, botere zaharra ordeztera zetozenak; izan ere, Errusian ez bezala, organo horiek ez ziren existitzen eraso armatuaren aurretik, eta, aldi berean, Txinako Alderdi Komunista gertakarien joanaren mende uzteko prest ez zegoen zenbait zeregin konpondu nahi zituen lerro militarrak. CNT eta haren Ekonomia Berriak ere gerraren esparruan aurreikusi zuten gizarte berria, nahiz eta, indar komunistek bezalaxe, potentzialitate hori borroka antifaxistaren asmoen, eta, beraz, Estatu kapitalistaren mende jarri zuten.

Ezin da aurreikusi etorkizuneko iraultza proletarioak enfrentamendu militar ageriko baten edo arlo militarra bigarren mailan duen enfrentamendu politiko baten forma hartuko ote duen. Gainera, iraultza proletarioak ziurrenik bide oso desberdinak hartuko ditu herrialde bakoitzean, haren egoera partikularragatik. Pentsamendu estrategikoak exijitzen digu, ordea, ez atzeratzea botere-hartzearen unera arte botere politikoaren formari eta ekonomia berriari buruzkoak. Ezinbesteko beharra da proletariotza klase menderatzaile moduan eratzea, eta ameskeria hutsa da pentsatzea hura gabe posible dela gizartea osoki berrantolatzea, baina, esperientzia historikoa ikusita, betebehar bat da erasoaldi iraultzailerako baldintzak presta­tzea arlo politiko eta ekonomikoan. Ekoizpen-aparatuan botererik ez den eta protobotereko organorik –izan sobietak, izan kontseiluak– eraturik ez dagoen tokietan, sortu egin beharko dira halakoak; egoera ez-iraultzaileetan, beharbada Errusiako prozesuaren tankerako baten bidez; iraultzako, gerrako edo desegonkortasun sozial handiko egoeretan, akaso Txinako edo Espainiako Gerra Zibileko prozesuen antzekoen bidez. 

Ezin da aurreikusi etorkizuneko iraultza proletarioak enfrentamendu militar ageriko baten edo arlo militarra bigarren mailan duen enfrentamendu politiko baten forma hartuko ote duen. Gainera, iraultza proletarioak ziurrenik bide oso desberdinak hartuko ditu herrialde bakoitzean, haren egoera partikularragatik

Amaitzeko, hauek dira gure zereginak: Kapitalaren botere ekonomikoaren abolizioa ondo kon­tzeptualizatzea, XX. mendeko iraultzek hari eskas erantzun ziotela onartzea eta haien oinordetzatik ikastea, zentzu positibo zein negatiboan. Eta hori are garrantzitsuagoa da orain, ojiba nuklearrak Damoklesen ezpata bezala gainean dabilzkigun une historiko honetan, non kapitalismoak gero eta modu sinesgarriagoan egiten digun mehatxu “après moi le déluge” esanez.

EZ DAGO IRUZKINIK