Urte haietako gertakarien ondorio izan dira, besteak beste, Euskadi Ta Askatasunak borroka armatua alboratzea, Ezker Abertzalearen erabateko integrazio instituzionala nahiz Euskal Herriko egungo testuinguru politikoa. Eztabaida ugari sortu ditu bost hamarkadaz estrategia armatua sostengatu duen sektore sozial oso batek bere ezaugarri nagusienetarikoa alboratzeak. Prozesu konplexu haren ondorioez asko hitz egin den arren, nahiko ezezaguna da Ezker Abertzaleak bizi izan zuen barne trantsizio politikoa bera.
Eskuarki, borroka armatuaren desintegrazioaren inguruko hiru narratiba eraiki dira euskal gizartean: hegemonikoa, Ezker Abertzale ofizialistarena eta Ezker Abertzale disidentearena, nolabait esatearren. Lehen ikuspegia erabat erreakzionarioa da, eta erakunde armatuaren kapitulazioa «terrorismoari demokrazia gailendu zitzaiolako» gertatu zela dio. Bigarrenak Ezker Abertzalearen zuzendaritza burutsua eta barne-pertsuasio politikorako halako boluntarismo miresgarri bat ditu prozesuaren gakotzat. Horren guztiaren emaitza Ezker Abertzalea «bide egokian» kokatzea izan zela interpretatzen du. Azkenik, egungo Ezker Abertzale ofizialistarekin kritikoa den jarrera legoke, estrategia aldaketa deiturikoa sustatu duten zuzendaritza politikoak «traidoretzat» jotzen dituena. Besteak beste, ENAMen baitan kolpea jo eta mugimenduaren printzipioekin hautsi izana egozten diete. Aurreiritziak aurreiritzi, euskal gatazkaren historia malkartsuak sakontasun analitikorako eta kritika politikorako abagunea eman behar liguke, topikoetatik harago. Borroka armatuaren fasea nola itxi zen ikertzeko, ondoko galderak abiapuntu interesgarria izan daitezke:
1. ENAM osatzen zuten antolakundeen baitan desadostasunik egon zen?
2. ETAren eta Ezker Abertzalearen artean desadostasunik egon zen?
3. Desadostasunok egotekotan, nola kudeatu ziren barne-mailan?
KAS PARADIGMA
Ariketa historiografikoari heldu aurretik, beharrezkoa da aurreko ziklo politikoan ENAMek baliatu zituen oinarri estrategikoei erreparatzea eta horien agorpenaren arrazoiak identifikatzea, laburki bada ere. KAS alternatibaren paradigma deituko diogu borroka armatuaren faktorea integratzen zuen formula estrategiko hari, prozesuan zehar moldaketak izan bazituen ere.
Trantsizioaren perspektibaren aurrean, Espainiako Estatua insurrekzio bidez militarki garaitzeko helburua baztertu eta luzaroko higadura-gerra kontzeptua bereganatu zuen ETA militarrak. Euskal Herriarentzako gutxieneko askatasun demokratikoen bide-orria ezartzeko negoziazio politikoa behartzea zen konfrontazio-eredu berriaren helburua. Bide-orri demokratikoaren edukiak ukiezinak zirenez, haren plasmaziorako denborak eta erritmoak baino ez zituzten eztabaidatuko. Negoziazioen emaitzak, bestalde, «aldeko indar-korrelazioek» determinatuko zituztela ulertu zuten. Espainiako Estatuaren eta ENAMen arteko indar-harremana bigarrenarentzat mesedegarria izan zedin, fronte militarrean, politikoan zein sozialean indarrak metatu eta aplikatu behar zirela arrazoitu zuten; horregatik, fronte militarra lehenetsi zuten eta erakunde armatuari abangoardia funtzioa esleitu zioten. Funtsean, Estatua ekintza armatuen kanpaina gogorrekin makurrarazi nahi zuen ENAMek, KAS alternatiban bildutako puntuak[1] negoziazio-mahaian onartzera derrigortzeko. Definizio horren inguruan eratu zen Ezker Abertzale modernoa[2].
Funtsean, Estatua ekintza armatuen kanpaina gogorrekin makurrarazi nahi zuen ENAMek, KAS alternatiban bildutako puntuak negoziazio-mahaian onartzera derrigortzeko. Definizio horren inguruan eratu zen Ezker Abertzale modernoa
Higadura-gerra ondoko asuntzioan oinarritzen zen: Espainiako Estatuak noizbehinka ETAren komandoak atxilotu, militanteak erail, errepresioa Euskal Herrian zabaldu eta Ezker Abertzalea politikoki modu basatian konfrontatu zezakeen, baina inoiz ezingo zuen ENAM erabat garaitu. Arkitektura estrategiko horren arabera, ETAk autoerreprodukzio militarrerako gaitasun proportzionalari eutsiko zion, Ezker Abertzaleak ez zuen mobilizazio-gaitasunean zein babes sozialean gainbehera kritikorik jasango, eta, noski, Espainiako Estatua ez zen haren alderdi politikoak, erakunde zibilak zein oinarri soziala ukitzera ausartuko. Ustez iraunkorra izango zen oreka horrek, epe luzean, Estatuari kostu pertsonal, ekonomiko zein politiko onartezina ekarriko ziola ulertu zuten. Beraz, denbora, arrazoia eta masen babesa bere alde, kolpeak kateatzea beste zereginik ez zuen ENAMek. Berdinketa infinituaren teoria deitu zioten zenbaitek.
EZINEZKO NEGOZIAZIOA
ENAMek desiratutako negoziazioa geroz eta zailagoa bihurtu zen gatazkak aurrera egin ahala. Azken batean, antzeko patroia errepikatu zen egondako kontaktu bakoitzean: ETA eduki politikoen gainean eztabaidatzeko asmoz esertzen zen mahaian, eta Espainiako Estatuak presoei, deportatuei eta «biolentziaren amaierari» buruzko auzietan baino ez zuen jarri nahi bere sinadura. ENAMek negoziazio-saiakeraz zein kanpaina armatu bakoitzaren porrotaz balorazioak egiten zituenean, negoziazio politikoa erdiesteko baldintzak «heltzeke» zeudela interpretatzen zuen etengabe, hau da, gogorrago eta beste forma batzuetan kolpatzen jarraitu beharra zegoela. Orduan inork ez zuen kategorikoki baieztatzen tentsio armatuari luzaroan eusteak negoziazio-aukerak agortu zitzakeenik. 80ko eta 90eko hamarkadetako euskal gatazkaren errealitateak ziurgabetasunerako tartea uzten zuen nonahi, bi aurkariek gogor tiratzen baitzuten sokatik. «Gauzak ezin dira neurtu ondoren gertatutakoekin bakarrik, neurtu behar dira garaian zegoen errepresentazio zuzenarekin konparatuz», dio Emilio Lopez Adan Beltzak[3].
Antzeko patroia errepikatu zen egondako kontaktu bakoitzean: ETA eduki politikoen gainean eztabaidatzeko asmoz esertzen zen mahaian, eta Espainiako Estatuak presoei, deportatuei eta «biolentziaren amaierari» buruzko auzietan baino ez zuen jarri nahi bere sinadura
Hala eta guztiz ere, jarduera armatuaren bideragarritasun estrategikoaren inguruko zalantzak ez dira atzoko kontua ETAn. Eugenio Etxebeste Antton militante historikoak, adibidez, borroka armatua «galga bihurtzen hasia zela» idatzi zion erakundearen zuzendaritzari 1992an. «Bataila militarra galtzeak ezin zezakeen eraman bataila politikoa galtzera», azaldu zion Berria egunkariari 2016an eskainitako elkarrizketa batean[4]. Militante ohien testigantza zalantzagarriagoek kide historiko gehiagoren ahotan jarri izan dituzte antzeko hitzak; elkarrizketa pribatuen testuinguruan, betiere[5].
SETIOA
Euskal gatazkaren XXI. mendeko agertokian lurreratu baino lehen, prozesua modu zuzenean baldintzatu zuten faktore koiuntural zein egiturazkoen ohar batzuk jasotzea komeni da. ENAMek 2007-2011 fasean izan zuen norabide politikoa bere erliebe material zein historikoan jartzean, lehenik eta behin, Espainiako kapitalismoaren modernizazioarekin eta horri lotutako trantsizio politikoarekin topo egiten dugu. Erregimenaren erreformak ekoizpen-ziklo fordistaren agorpena eta langile mugimendu klasikoaren desegitea eragin zituen, baina baita ENAMen aliantzen agortze progresiboa eta oinarri sozial potentzialaren murrizketa ere. Izan ere, haustura demokratikorako «herritar batasun» interklasistan proiektatzen zen subjektu politikoaren segmentu garrantzitsuenei, hots, Euskal Herriko langile aristokraziari zein burgesia txikiari, euren interes partikularrak babesteko abagunea ireki zitzaien Estatuaren ordezkaritza politikoetan, lanpostu publikoetan eta abar. Horrela, 1978ko Konstituzioak eta bere momentu historikoak hilarri bat jarri zuten nazio zapalduen aldarrikapenen eta gatazka sozialen gainean. Bidenabar, Hego Euskal Herriko instituzio autonomiko espainolek (Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoa) egonkortasun politikoa lortu zuten. Euskal gatazkarekiko modu paraleloan, Estatuaren hiritargoa osatzen duen klase ertainak oparotasun politiko, ekonomiko zein soziala bizi izan zuen 2008ra arte. Hala, gizartearen despolitizazioa esponentzialki hazten zihoan heinean, ENAM antagonismo oasi moduko bat bilakatu zen ongizate estatuaren erdian.
Gizartearen despolitizazioa esponentzialki hazten zihoan heinean, ENAM antagonismo oasi moduko bat bilakatu zen ongizate estatuaren erdian
Indar-korrelazioen aldaketa horrek Estatuari bidea ireki zion Euskal Herriko borroka-komunitate osoa setiatzeko eta itotzeko. Paradoxikoki, demokrazia burgesak higadura-gerraren estrategia ENAMen beraren kontra jartzea lortu zuen pixkanaka. Espainiako Barne Ministerioak gainontzeko potentzia kapitalisten kontrainsurjentzia eskuliburuei homologatutako doktrina moderno, konplexu eta aldeaniztuna sortu zuen «ETA eta haren inguruarekin» amaitzeko.
Parametro horien baitan ulertu behar dira, besteak beste, tortura, estatu-terrorismoa, ETAren kontrako protesta mugimendu zibilak, Frantziako eta Espainiako estatuen arteko kolaborazio polizialaren trinkotzea, «demokratak vs biolentoak» dikotomia ezarri zuen Ajuriaeneako hitzarmena, euskal preso politikoen aurkako dispertsioa eta salbuespenezko espetxe-politika, damututako militanteentzako «aterabide indibidual» famatuak, Ezker Abertzale zibil zein politikoaren aurkako ilegalizazio ugariak, poliziak ETAren egiturak atzemateko eraginkortasun kuantitatibo zein kualitatibo gorena garatu izana, eta abar.
Kolpeak jaso ahala, ENAMek moldaketa taktiko ugari formulatu zituen, pultsua negoziazio politikoko mahairantz estutzeko asmoz. Estatua eta erakunde armatuaren ordezkaritzak aurrez aurre eseri ziren hainbat alditan: 1989an Aljerren (Aljeria), 1999an Zurichen (Suitza), 2005ean Oslon (Norvegia) eta 2006an Genevan (Suitza). Izan zen alderdi politikoen arteko hartu-emanik ere, 1998an Lizarra-Garaziko akordioetan eta 2006an Loiolan (Gipuzkoa). Horietako bat berak ere ez zuen hurrik eman, ordea. Aipatutako ibilbidearen higadurak eta azken negoziazio saioaren porrot tragikoak kale itsuan kokatu zuten ENAM, egoera kritikoan.
PITZADURAK
Mugimendu osoa ataka larrian zegoen 2007an. Ezker Abertzalea politikoki legez kanpo eta sozialki zokoratuta zegoen. ETAk krisi militarra bizi zuen maila operatiboan, eta, hori gutxi balitz, erakundearen babes sozial orokorra inoizko baxuena zen. Historian estreinako aldiz, talde armatua Ezker Abertzalearen baitan ere izen ona galtzen hasia zen. 2006ko abenduaren 30ean ETAk Madrilgo Barajas aireportuko T4 terminala lehertu zuen su-etenaren erdian. Horren ondorioz, Josu Urrutikoetxea ETAko militante ohiaren hitzetan, «zerbait apurtu zen euskal herritarren barruan, eta jendeak ez zuen ulertu»[6]. Batasunak publikoki gaitzetsi ez bazuen ere, Arnaldo Otegik modu pribatuan argi eta garbi adierazi omen zien zenbait kazetariri: «ETAk bere historiaren eta sinesgarritasunaren aurka atentatu du ekintza su-etena indarrean zela egiterakoan»[7]. Tentsioa eta noraeza nabarmenak ziren ENAMen baitan.
Ezker Abertzalea politikoki legez kanpo eta sozialki zokoratuta zegoen. ETAk krisi militarra bizi zuen maila operatiboan, eta, hori gutxi balitz, erakundearen babes sozial orokorra inoizko baxuena zen. Historian estreinako aldiz, talde armatua Ezker Abertzalearen baitan ere izen ona galtzen hasia zen
Nahaspilaren erdian, aurreko negoziaketa-eredua agortuta zegoela aitortzen hasi zen Batasunako zuzendaritza barne-mailan, zalantzak aurretik zetozen arren. «Argipen estrategiko baten beharra zegoen. Aurreko negoziaketa-ereduek ez zuten gehiagotan errepikatzeko balio. Indar militarraren garapenak ireki zezakeen balizko aldebiko negoziaketa berri baten perspektiba oso urruna zen, eta bien bitartean, Ezker Abertzalea urteetan zehar lortutako metaketa politiko historikoa xahutzen ari zen, politikoki ezerezean gelditzeko arriskuarekin», diote Urko Aiartzak eta Rufi Etxeberriak[8]. Halako aldaketa sakonak modu eraginkorrean gauzatzeak kontsentsu sendoak eskatzen ditu edozein mugimenduren baitan, eta zer esanik ez ENAMen kasuan.
Genevako azken elkarrizketak 2007ko maiatzaren amaieran hautsi ziren, inolako akordiorik erdietsi gabe; ez ETA-Gobernua mahaian, ezta Batasuna-PSEren artean ere. Une horretatik aurrera, Batasunaren eta ETAren ikuspegiak elkarrengandik urruntzen hasi ziren. Etxera bidean zela, alderdiko delegazioak bazekien erakundea su-etena hausteko prestatzen ari zela, eta horrek ez ziola agertoki onik uzten Ezker Abertzalean formalki ireki nahi zuen prozesuan. 2007ko ekainaren 5ean «Euskal Herriaren defentsarako fronte guztien irekiera» adierazi zuen ETAk komunikabideetan. Handik hiru egunera, Espainiako Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegiren kontrako espetxe-zigorra igorri zuen, eta Batasunako buruzagia Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelan espetxeratu zuten.
Erakundeak, bien bitartean, ekintzak berrartu zituen ekainetik aurrera. Eraginkortasun urria izan zuen eta sarekadak geroz eta sarriago jasan zituen. Aitzitik, ETAk asanblada orokorra abiatu zuen 2007ko udazkenean, hurrengo ziklo armatuaren inguruan eztabaidatzeko. Erakundearen arduradun gorenak liskar bizian ziren une horretan bertan, arrazoi estrategikoengatik baino, afera operatiboengatik. Halatan, barne-krisi sakona piztu zen ETAn, praktikan bereizita funtzionatzen zuten bi zuzendaritza izateraino. Une batean, buruzagitzaren atal bat bestea erakundetik kanporatzera iritsi omen zen. Tirabira horrek «erakundeak Ezker Abertzalean zuen onarpenean eta konfiantzan eragin nabarmena» izan zuela diote gertutik bizi izan zutenek[9].
ETAren barne-prozesuak ekaitzaren erdian aurrera jarraitzen zuen, arduradun batzuen atxiloketekin eta horren ondoriozko kargu aldaketekin batera. Eztabaidaren lehen fasearen amaieran, 2008ko martxoan, «konfrontazio armatuko fase luzea» ondorioztatu zuten militanteen % 80,5en babesarekin. «Ezker Abertzaleak gatazka gogortzera eta konfrontazio politikoa maila gorenera igotzera bideratu behar du bere estrategia», baieztatu zuen Txosten Osatuak. Horretarako, «Ezker Abertzaleak bere etxea txukundu beharko duela» ohartarazi zuen erakundeak, borroka armatuaren kontrako tesiak sostengatzen zituztenei erreferentzia eginez. ETAren asanblada, alta, ez zen espero bezala burutu. Batasunako zuzendaritza paraleloki sozializatzen hasi zen ikuspegia oso bestelakoa zen, eta zuzenean baldintzatuko zuen Ezker Abertzale osoaren noranzkoa[10].
BURUZAGITZA EREDUA AUZITAN
ENAMek inoizko negoziazio zailenari ekin zion 2008ko udan: bere baitan zeuden posizio kontraesankorren arteko gatazka konpontzeari, hain zuzen ere. Ilegalizazio egoera zela eta, egiturek zailtasun ikaragarriak izan zituzten 2007an itxi zen Genevako prozesuaren porrotaz kolektiboki hausnartzeko. 2008ko abuztuan Otegi espetxetik askatu zutenean, Ekinek[11] eta Batasunak ETAren azken asanbladako txostenarekin bat zetozen urteko plangintzak onartuta zituzten. Testuinguru horretan, tesi berriak zabaldu nahi zituzten Batasunako kideak berriro elkartu ziren, «nukleo» baten izenean, «Ezker Abertzaleko ahalik eta pertsona gehienekin» iritziak trukatzeko asmoz[12]. Haien esanetan, elkarrizketatutako kideen gehiengoa eurekin bat zetorren.
Handik gutxira, Gara egunkariak Otegiri egindako elkarrizketa bat argitaratu zuen. Honela zioen titularrak: «Ezker Abertzaleak agertoki demokratikoa lortzeko estrategia eraginkorra eraiki behar du»[13]. Adierazpenok ez zituen Batasunako bozeramaile gisa egin, ez baitzetozen orduko Ezker Abertzalearen jarrera ofizialarekin bat. Desberdintasunak azaleratzen ari zirenez eta zenbait ekintza armatuk Ezker Abertzalearen baitan hautsak harrotu zituztenez, ENAMen antolakunde guztietako zuzendaritzek estrategiaren inguruko eztabaida mahaigaineratzea adostu zuten 2008ko abenduan. Sei hilabeteko epea aurreikusten zuten hausnarketa-prozesua oinarri sozial zabalari luzatu aurretik. Barne eztabaidaren lehen fase mugatuan «ziklo aldaketaren aldeko jarrera» gailendu zela diote hainbat militantek. ETAk ez ditu horrenbeste zehaztapen ematen[14].
Denborak aurrera egin ahala, adierazpen publikoen trukaketak egon ziren Ezker Abertzale politikoaren eta ETAren artean. 2009ko martxoaren 16an, adibidez, ENAMen antolakunde desberdinetako zenbait kidek agerraldi publiko bat egin zuten, «estrategia eraginkorra eta independentisten arteko lankidetza» aldarrikatuz. ETAk, bere aldetik, «estrategia politiko-militar eraginkorra» zehazteko lanean ari zela erantzun zuen Gara-n[15]. Borondate kontrajarriak azaleratu ziren, eta haustura-arriskua, berriz, airean zegoen.
2009ko udan, etorkizuneko estrategiaz eta ildo politikoaz eztabaidatzen hasi zirela, tesien arteko talka une kritiko batera heldu zen. Gehiengoaren ustez, borroka armatuarekin jarraituz gero ezinezkoa izango zen independentisten arteko akordioak lortzea eta Espainiako Estatua negoziatzera behartzea. Beste zenbaitek bateragarriak zirela argudiatzen zuten. Hori gutxi balitz, hainbat kide eztabaidarako markoa zalantzan jartzen hasi ziren: nori zegokion borroka armatuaren inguruan erabakiak hartzea? ETAri soilik? Ala ENAM osoari? Mugimenduaren zuzendaritza-eredu klasikoa krisian zegoen. Hori zen argi zegoen gauza bakarra[16].
Posizioak blokeo egoerara iritsi zirenez, Ezker Abertzaleko antolakunde zibiletako zenbait militantek eztabaida bertan behera uztea adostu zuten ETAren ordezkaritza batekin. Ondoren, gainontzeko antolakundeetako zuzendaritzei helarazi zieten erabakia. Batasunako buruzagitza ez zetorren hartutako neurriarekin bat, zehaztapen estrategikoa alboratzea «ordezkaritza zein baldintza eskasekin» ebatzi zela uste baitzuen. Hori ikusita, txosten propio bat osatu eta prozesuarekin bere kabuz jarraitzea erabaki zuen. Ordutik aurrera, ENAMen estrategia orokorraren inguruko eztabaida Batasunaren egituretatik zuzendu eta garatu zen, ez Ekinetik. Horrela, alderdi politikoak, mugimenduaren gainontzeko egiturekiko modu autonomoan funtzionatzen hasi zen unean, botere handia kontzentratu zuen[17].
Ordutik aurrera, ENAMen estrategia orokorraren inguruko eztabaida Batasunaren egituretatik zuzendu eta garatu zen, ez Ekinetik. Horrela, alderdi politikoak, mugimenduaren gainontzeko egiturekiko modu autonomoan funtzionatzen hasi zen unean, botere handia kontzentratu zuen
Eztabaida estrategikoa ponentzietan gorpuztu zen azkenean. Batasunak Argitzen izeneko dokumentuan zehaztu zituen bere tesiak. Ponentzia horrek ez zuen estrategia politiko-militarra baztertzeko asmoa esplizituki adierazten, baina bazuen horri oin ematen zion irekidura kontzeptuala. Kontinuistek Mugarri ponentzia osatu zuten, borroka armatuaren defentsa irmoa eginez. Bi testuen arteko harreman konkretua ez da erabat gardena, izan ere, ponentzien arteko lehia politikoa egon zen zenbaiten ustez, eta beste batzuek osagarriak zirela diote.
K.O. TEKNIKOA
Euskal gatazka negoziazio bidez ixtea baino alternatiba handizaleagoak prestatu zituen Espainiako Estatuak ordurako. Gakoa Batasuna ETArengandik aldentzera behartzea eta biak kolpatzea zen. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministro zenak argi utzi zien bere doktrina: «Botoak ala bonbak, zuek aukeratu». 2009ko urriaren 13an Ezker Abertzaleko hainbat kideren aurkako polizia-operazioa gauzatu zuten, Bateragune auzia izenez ezagutuko zena. Horren ondorioz, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Arkaitz Rodriguez espetxeratu zituzten. Hala ere, ziklo berriaren aldeko tesiak gorpuzten zituzten kideok Argitzen ponentziak asanblada lokaletara bidali zituzten giltzapetuak izan aurretik. Bateragune kasuaren Estatu arrazoiaz, bestalde, bi interpretazio nagusitu dira. Batak dio Espainiako Barne Ministerioak bazekiela Ezker Abertzalearen baitan eztabaida garrantzitsu bat garatzen ari zela, eta atxilotutako kideak, zehazki, borroka armatuarekin amaitzeko lan eraginkorra egiten ari zirela. Ondorioz, operazioaren helburua prozesua sabotatzea izan zen, estrategia politiko-militarra bere kabuz alboratzeak Ezker Abertzaleari politikoki mesede egin ez ziezaion. Beste bertsioaren arabera, Estatua ez zegoen ziur Ezker Abertzalearen barne-prozesuak ETAren kapitulazioa ekarriko zuen ala ez, eztabaidaren existentziaren eta atxilotuen asmo politikoen jakitun izan arren. Horregatik, presioa sartzen jarraitu nahi zuen[18].
Nolanahi ere, Estatua Ezker Abertzalearen baketze-eredua zapuzten saiatu zen, baina ez borroka armatua desagerraraztea interesatzen ez zitzaiolako, bere erara desagerrarazi nahi zuelako baizik. Espainiako burgesiari eta bere beso politiko-militarrari ez zitzaion ETAren existentzia komeni, abstraktuki. Gutxieneko gaitasun operatiboak zituen ETA bat bizirik mantentzea besterik ez zuen nahi azken momentuetan, Ezker Abertzalea politikoki hondoratzeko eta erakundea polizialki zanpatzeko adina. Denbora Estatuaren alde zegoen, eta galdera nagusia jada ez zen noiz amaituko zen borroka armatua, nola baizik.
Denbora Estatuaren alde zegoen, eta galdera nagusia jada ez zen noiz amaituko zen borroka armatua, nola baizik
AZKEN HATSA
Buruzagiak espetxean egon arren, tesi berriek posizioak irabazten jarraitzen zuten Ezker Abertzalearen baitan. Gara-k Batasunaren ponentzia eta bost espetxeratuek sinatutako gutun irekia argitaratu zituen atxiloketen ostean. Eskutitza termino esplizituagoetan mintzo zen, Ezker Abertzalearen politika berria «herri-babesean bakarrik» oinarritu behar zela adierazten baitzuten[19]. Sei egun beranduago, Altsasuko Adierazpena egin zuten militante ugarik, Mitchell Printzipioak bere egiten zituztela azalduz. Sinn Fein-ek Ipar Irlandan IRArekin amaitzeko baliatutako arauok, besteak beste, «bitarteko demokratiko eta baketsuen erabilera esklusiboa» zekarten, baita «biolentzia erabiltzearen aurkako jarrera aktiboa» ere. Adierazpenak tentsioa piztu zuen Ezker Abertzalearen baitan, agerpen publikoan parte hartu zuten zenbait kidek ez baitzuten eduki zehatzaren berri izan azken unera arte. Zalantzak edota desadostasunak zituzten militanteek ere ez zuten begi onez ikusi prentsaurreko horretako hitzak Ezker Abertzale osoaren ahotan jartzea, eta, are gutxiago, eztabaida nagusia burutzeke zegoela jakinda. ETAk ere ñabardura esanguratsuak gehitu zizkion ohar bidez[20].
Bi ponentziak modu paraleloan eta esparru desberdinetan zirkulatzen ari ziren eztabaidaren azken txanpan. Gutxi batzuk Batasunaren dokumentua asanblada lokaletara heltzea oztopatzen saiatu ziren bitartean, alderdiak beto orokorra ezarri zion Mugarriri, eta Argitzen baino ez zuen herrietara zabaldu. Mugarriren egileek ponentzia erretiratu behar izan zuten azkenean, Batasunak hala aginduta. EPPK (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) salbuespena izan zen prozesu guztian, ponentzia kontinuista jaso zuen antolakunde bakarra izan baitzen. Batasunak eta presoen ordezkaritzak bi bilera egin zituzten arazo horren harira. EPPK-k akusazio gogorrak jaurti zizkion alderdiari: zuzendaritza bateratuak hautatutako ponentzia Mugarri zela ohartarazi zion, eta Argitzen Batasunaren ponentzia zela, «ez Ezker Abertzale osoarena». Gara-ko gutuna eta Altsasuko Adierazpena ere ez zitzaizkien batere gustatu, «zuzendaritza bateratuaren oniritzirik gabe» hartutako erabakiak izan zirela uste baitzuten presoen bozeramaileek. Koordinazio- eta zuzendaritza-ereduak «erabilgarritasuna galdu zuela» esanez desenkusatu zen Batasuna. EPPK-k erantzun zien koordinazio-organoa uztearen arrazoia ez ote zen izango «zuzendaritza bateratuak estrategia berria ez onartzearen beldur zirela»[21].
Azken orduko kexez eta erresistentziez bestalde, Argitzenek onarpen zabala izan zuen. Ukaezina da Ezker Abertzalearen oinarri sozialaren gehiengoak borroka armatua atzean uzteko borondatea zuela. Ondorioz, Zutik Euskal Herria ebazpena kaleratu zuten 2010eko otsailean, borroka armatuaren behin betiko errefusatzea formalki adieraziz[22]. Posizio kontinuistek amore eman zuten apurka-apurka, baita ETAren baitan ere. Erakundea bere azkenetan zela, egitura logistikoa Portugalera lekualdatzen saiatu zen, kanpaina armatua luzatzeko asmoz. Indar polizialek maniobra hura geldiarazi zuten ordea, eta bere arduradun politiko zein materialak atxilotu egin zituzten. Hortik aurrera, erakundearen zuzendaritzak ez zituen oztopo gehiago jarri, eta armagabetze-prozesua Ezker Abertzalearekin batera kudeatzera mugatu zen.
Azken orduko kexez eta erresistentziez bestalde, Argitzenek onarpen zabala izan zuen. Ukaezina da Ezker Abertzalearen oinarri sozialaren gehiengoak borroka armatua atzean uzteko borondatea zuela
ONDORIOAK
ENAMen azken fasean borroka armatuaren inguruko tesi kontrajarriek sortutako barne-gatazka politiko bat izan zela baieztatu dezakegu, Batasunako aginte-nukleoaren eta ETAko zein Ekineko militante batzuen artean gutxienez. Ziklo berriaren aldeko ideiak lidergotza-krisitik indartuta irten ziren, zatiketak ekiditearen eta Ezker Abertzalearen biziraupen partidista bermatzearen helburuak beteta.
Erabakiak ekarri dituen ondorio guztien balorazio etiko-politikoetan sartu gabe, gaur-gaurkoz ondokoa esan daiteke Ezker Abertzalearen norabide aldaketari buruz: batetik, Otegik eta enparauek borroka armatua «likidatu» bazuten, Estatuaren inertzia errepresiboak nahiz isolamendu sozialak likidatu aurretik egin zutela. Bestetik, prozedura aldetik, egia da ziklo aldaketaren bultzatzaileek barne-demokraziari dagozkien irregulartasunak egin zituztela. Alabaina, baiezkoa oposizio handirik gabe nagusitu zen mugimenduaren oinarri zabalean, Estatuaren atxiloketa selektibo batzuk eta konforme ez zeuden sektore minoritarioen gaineko barne-presio politikoa tarteko.
Azken negoziaketak hautsi ostean, Espainiako Estatuak Ezker Abertzalea politikoki zein militarki desegiteko aukera erreala ikusi zuen. Borroka armatuaren autosuntsiketak, ordea, Euskal Herriko joko-zelai politikoaren birkonfigurazioa eragin du. Espainiako demokrazia burgesa egonkortzeko beharrezko pausoa izan da etxekotutako Ezker Abertzale berriari partaidetza elektorala baimentzea, behin ETA jokoz kanpo utzi ondoren.
ENAM Mendebaldeko erdigune inperialistako nazio-askapen mugimenduen artean indartsuenetarikoa izaki, eta haren porrot historiko ukaezinaren lekuko izan ondoren, ezbaian geratzen da bere oinarri estrategikoak nazio zein klase zapalkuntza gainditzeko duen ahalmen objektiboa. Etapismoan eta interklasismoan oinarritutako estrategien iraungipena da mahaigaineratzen zaiguna, baita erakunde armatu espezializatuek iraultza sozial sakonak gauzatzeko aurkitzen dituzten mugak ere. Klaserik gabeko Euskal Herriaren alde modu desinteresatuan bizitza eskaini duten militanteekiko eta proiektu emantzipatzailearekiko begirunez, kritika eta diziplina dira XXI. mendeko militante komunisten betebehar etikoak. Aurrekoen akatsen eta ekarpenen identifikazioak balio dezala batzen gaituen ortzi-mugara hurbiltzeko.
ENAM Mendebaldeko erdigune inperialistako nazio-askapen mugimenduen artean indartsuenetarikoa izaki, eta haren porrot historiko ukaezinaren lekuko izan ondoren, ezbaian geratzen da bere oinarri estrategikoak nazio zein klase zapalkuntza gainditzeko duen ahalmen objektiboa
OHARRAK ETA ERREFERENTZIAK
[1] KAS alternatibaren puntuak, 1978ko eguneratzearen ostean: 1. Amnistia osoa. 2. Alderdi politiko guztiak legeztatzea, independentistak barne, estatutuak murrizteko beharrik gabe. 3. Espainiako Estatuaren indar armatuak Hego Euskal Herritik irtetea. 4. Masa herrikoien eta, bereziki, langile-klasearen bizi- zein lan-baldintzak hobetzeko neurriak hartzea. Haien ordezkaritza-erakundeek adierazitako asmo sozial eta ekonomikoak berehala gogobetetzea. 5. Euskal Herriaren subiranotasun nazionala eta autodeterminaziorako eskubidea aitortzen dituen autonomia estatutu berria.
[2] Ezker Abertzale modernoaren sorrera-prozesuaren inguruan sakontzeko: Askunze, D. (2021) Klase-borroka ezker abertzalearen baitan 70eko hamarkadan. Arteka.
[3] Letona, X. (2021). Emilio Lopez Adan: «Militanteen duintasun etiko eta iraultzailea defenditu nahi dut». Argia.
[4] Esnaola, E. (2016). Antton Etxebeste: «Gatazka batean irtenbide demokratikoa lortzeko baldintzak erein behar dira». Berria.
[5] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 41-44 or.
[6] Esnaola, E. (2020). «Delitu terrorista al da bakea negoziatzea? Ez du zentzurik». Berria.
[7] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 13-14. or.
[8] Aiartza, U. eta Etxeberria, R. (2021). Aiete, hamar urte ondoren. Erria.
[9] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 15-20. or.
[10] Ibidem. 22-25. or.
[11] ENAMen une hartako zuzendaritza eta koordinaziorako organo politiko bateratua. 1999an sortu eta 2011an desegin zen.
[12] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 106-107 or.
[13] Gara, 2008-11-30.
[14] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 109-110. or.
[15] Gara, 2009-05-25.
[16] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 121-122. or.
[17] Ibidem. 123-124. or.
[18] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 128-129. or.
[19] Otegi, Zabaleta, Jacinto, Rodríguez eta Díez (2009-11-8). Una foto y un futuro. Gara.
[20] Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo. 131-132. or.
[21] Ibidem. 137-138. or.
[22] Ezker Abertzalea (2010). Zutik Euskal Herria.
BIBLIOGRAFIA
Aldalur, B. (2020). Beharrizana eta kontingentzia. Ezker Abertzalearen adibidea. GEDAR LANGILE KAZETA.
Egaña, I. eta Giacopuzzi, G. (1992). Los días de Argel: Crónica de las conversaciones entre E.T.A. y el Gobierno Español. Tafalla: Txalaparta.
Esnaola, E. (2020-02-09). Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik. Berria.
Esnaola, E. (2021-10-10). Aietera iristeko bide luzea. Berria.
Esnaola, E. (2021-10-20). Agiri historikoaren inguruabarrak. Berria.
Gara (2021-10-20). 2011-2021,10 Años del cese de la actividad armada, Aiete eta ETA-ren adierazpena. Monografikoa.
Giacopuzzi, G. (1992). ETA, Historia política de una lucha armada, 2ª Parte. Tafalla: Txalaparta.
Murua, I. (2010). Loiolako hegiak. Donostia: Elkar.
Murua, I. (2015). Un final para ETA. Donostia: Ttarttalo.
Lopez, E. (2012). ETAren estrategia armatuaren historiaz. Baiona: Maiatz.
Lopez, E. (2021). Borroka armatua euskadin (1967-2011) Hirugarren liburukia (1991-2011). Baiona: Maiatz.
Kolitza (2017). De la nación cuestionada a la cuestión nacional: contribución al debate ideológico de la izquierda abertzale. Borroka Garaia da.
FILMOGRAFIA
Justin Webster (2016). El final de ETA.
HEMEN ARGITARATUA