«Iraultzak erdizka egiten dituztenek beren hilobia zulatu besterik ez dute egiten»
Saint-Just
Gizarte ororen historia klase-borrokaren historia bada, ezker abertzalearena ez da salbuespena. Hala, periferia kapitalistan zein erdigune inperialistaren bihotzean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan mundua astindu zuen ziklo nahasiak Euskal Herrian bere adierazpena izan zuen eta, aldi berean, baita ezker abertzalean ere, bertan sendo errotu zen korronte gisa. Ezker abertzaleaz ari garenean, letra xehez, zentzu zabalean egiten diogu erreferentzia, hasiera batean Euskadi Ta Askatasuna (ETA) siglei lotutako espazio gisa ulertuta, eta gero sigletatik harago, uneko gizarte-aldaketei eragiteko, eta horietaz elikatzeko gaitasun handia erakusten hasia zen espazio gisa. Horrek dinamismo politiko handia ekarri zuen bere baitan nahiz handik kanpo, garai hartan eratzen eta ideologikoki definitzen ari zen fase batean zegoen eta. Azken alderdi honetara hurbilpen bat egiten saiatuko gara.Gaia garatzen hasi aurretik, metodoaren eta zenbait kontzepturen azalpena egin beharra dago. Alde batetik, analisi honetatik kanpo geratzen dira klase-antolakunde bihurtzeko borondatea bilakaera estrategiko estatalistekin lotu zuten korronteak (ETA-berri, ETA-VI, Zelula Gorriak…). Hori horrela, estrategia independentista mantendu zuten joera proletarioen garapenean jarriko dugu arreta. Analisi honen helburua, hortaz, nazio-mugimenduaren gidaritza orokorra eskuratzeko norgehiagokari erreparatzea baino, zehazki ezker abertzalearen gidaritzarako izandako lehia aztertzea izango da. Bestela esanda, bi klase-osagairen eta beraz, bi klase-interesen arteko borroka –proletalgoa eta burgesia txikia– aztertuko da herri-izaerako mugimendu beraren barruan. Ezker abertzalearen izaera herrikoia diogunean bere oinarri sozial eta militanteari buruz, baina batez ere bere eduki politikoaz –interklasista– eta hipotesi estrategikoaz –etapista– ari gara.
[...] bi klase-osagairen eta beraz, bi klase-interesen arteko borroka –proletalgoa eta burgesia txikia– aztertuko da herri-izaerako mugimendu beraren barruan
Bestalde, ez dugu garai hau kasualitatez aukeratu. 1970eko hamarkada aukeratu dugu, zentzu zabalean ulertuta, 68ko testuingurua, zehazki, 1967ko ETAren V. Biltzarraren bigarren zatiaren ondorengoa hartuta. Ziklo hori 80ko hamarkadara modu lausoago batean sartu zen, trantsizioarekin batera. V. Biltzarra, beraz, konplexutasun handiko ziklo oso baten abiapuntu gisa hartzen dugu, eta erlatibizatu eta ukatu egiten dugu ziklo horren ikuspegi sinplista eta zaharkitua, zeinak defendatzen duen ezker abertzaleak ordura arte izandako zentzu teoriko-politikoa garai honetan galdu zuela. Mitifikazio hori oso hedatuta dago, bai ezjakintasunagatik baita interesagatik ere. Aldi berean, jarrera proletarioen porrotaren ondorioz eztabaida horien bizitasuna ahultzen den eta eztabaida horiek de facto ixten diren unean amaituko dugu hautatutako garaia.
Azkenik, komeni da gogoratzea garai horretan klase-izaeraren gaia ez zela jada era paralelo batean jorratzen, baizik eta garaiko beste eztabaida klasiko batzuekin gurutzatuta, hala nola nazionalismoa/sozialismoa, aktibismo armatua/masa-borroka, zentralismoan/anarkismoan oinarritutako antolakuntza-ereduak, edo koiunturaren eta borroka-baldintzen balorazio ezberdinen fruitu diren ikuspegi estrategikoekin gurutzatuta. Gauza bera gertatzen da garaiko testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoarekin. Aldez aurretik jakitun gara zehaztasun eta formatu arrazoiak direla medio ezin izango ditugula gai horiek guztiak aztertu, nahiz eta jakin badakigun une oro eragina izango dutela. Hori lantzeko, ordea, askotariko materialak aurki daitezke dagoeneko. Klasearen auziari erreparatuko diogu, hautematen batzuetan bestetan baino zailagoa eta ezezagunagoa bada ere; izan ere, determinantea da, eta analisi zehatza merezi du, jakitun izanda zeregin horrek nabarmen gainditzen dituela zenbait zertzelada emango dituen artikulu xume honen aukerak.
V. BILTZARRA ETA LANGILE FRONTEA
Hainbat hamarkada igaro dira ETAren V. Biltzarra egin zenetik, eta oraindik ere horrekin bueltaka gabiltza. Ukaezina da biltzar horrek ezker abertzalearen psikologia kolektiboan mito gisa duen pisua. Horrek, aldi berean, ez dio benetako garrantzi politikorik ukatzen –ezta aipatu berri dugun erlatibizatzeko beharra bera ere–. Biltzarraren ebazpenak erakundea ezkerrerantz hartzen ari zen norabidea azken bururaino eramatea ekarri zuen; Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista gisa definitu zuen bere burua, nazionalismoa eta sozialismoa uztartzeko asmotan, eta ideologikoki nazionalismo iraultzailea deritzonaren bidez arrazoitu zuen (era nabarmenean Hirugarren Munduko borroken erreferentziak dituena); halaber internazionalismo proletarioarekin identifikatu zen.
Ikuspegi horren arabera, estilo maoistan argudiatu zen oinarrizko kontraesana burgesiaren eta proletalgoaren artekoa bazen ere, kontraesan nagusia oligarkiaren eta herriaren artekoa zen, herria esklusiboki proletarioak ez diren gizarte-sektoreen multzo gisa –burgesia txikitik hasi eta oligarkikoa ez den burgesia nazionaleraino– ulertuta, eta horiek ere berak zapaldu, eta are, esplotatzen zituela ulertzen zen. Hori dela eta, iraultza sozialista baten aurretik beharrezkoa zen iraultza herrikoi bat gertatzea. Hori hainbat faktoretan oinarrituko zen: kapitalismo monopolistaren nozioan, esperientzia antikolonialen askapen-fronteekin izandako mimetismoan, de facto frankismoa bezalako etsai komun baten aurrean topo egite horretan, edo euskal gizartean burgesia txikiak zuen garrantzi historiko erlatiboaren eta gizarte tradizionalaren krisian, biak ala biak erabakigarriak nazionalismo erradikalaren garapenean.
Izan ere, beste testuinguru batzuetan ohikoa zen oligarkiaren aurkako ikuskera popular hori areagotu egin zen, nazio-zapalkuntza testuinguru batean gertatu zelako. Oligarkia –bertakoa barne– Espainiako Estatuarekin lotzeak eta zapalduta dagoen euskal nazioa herriarekin identifikatzeak lehena atzerritar bihurtuko zuen, eta nazio askapenerako borroka objektiboki iraultzaile. Horregatik, askapen nazional-sozialaren dualismoaren gainditze dialektikoa txanponaren pisua bere aurpegi nazionalean jarrita egin zen, zeinak katalizatzaile gisa jardungo baitzuen. Horrenbestez, klase-borrokak nazio-askapen borrokaren forma hartu zuen, eta independentzia nazionala herri-demokraziaren sinonimo bihurtu zen. Hori dela eta, denbora askoan Fronte Nazionala izango zen tresna nagusia.
Halaber, ikuskera interklasista eta etapista hori ontzat emanda ere, zehaztera jotzen dugun momentuan behin eta berriz agertuko da gero eta handiagoa zen elementu proletarioarekiko kontraesana, zeinak interes komunak baitzituen baina ez guztiz berdinak; ez zion euskaldunen arteko klase-borrokari uko egingo eta ez zen klase-multzo horretako gonbidatu bat gehiago izatearekin konformatuko, baizik eta borrokaren osotasunaren motorra izango zen. Horrela, V. Biltzarrean proletalgoa «objektiboki klaserik iraultzaileena eta Euzkadin klaserik jendetsuena» zela azpimarratu zen[1], eta, beraz, klase unibertsal eta prozesu iraultzailearen bermatzailetzat hartu zen. Agindu hori garatzea izango zen proletarioen borrokaren ardatza.
Ideologia argitzearekin batera, biltzarraren ebazpenetan funtsezko beste bi elementu zeuden: estrategikoa eta antolakuntzakoa[2]. Alde batetik, estrategikoki matxinada berresten zuten, akzio-erreakzio-akzio espiralaren inguruko erreferentzia argeliarrak zituena, eta horretaz gain, hori denbora gutxian praktikan jartzen zuena. Bestetik, berriz, antolakuntza frontista legoke, Truong Chinh vietnamdarraren lau fronteetan oinarritua: politikoa, militarra, kulturala eta ekonomikoa.
Hala ere, laugarren fronte horrek laster izango zituen aldaketak. Fronte Ekonomikoak, pentsatuta zegoen bezala, askapen gerra bati eusteko eta irabazteko behar den azpiegitura ekonomikoaren antolakuntzari erantzuten zion. Aldi berean gertatu ziren, batetik, ulerkera horren eraginkortasun eza Euskal Herriko testuinguruan eta, bestetik, proletarizazio prozesu esanguratsu bat –bertakoena zein etorkinena–, eta, ondorioz, langile-mugimendu berri baten hazkundea gertatu zen. Langile-mugimenduen borrokak eragina izan zuen ETAn, eta hori dela eta, erakundeak ezkerreranzko jauzia eman zuen, eta hala, begi bistan utzi zuen langile-klasearen ahalmen politikoa. Honen ondorioz, Fronte Ekonomikoa zeritzona Langile Frontea (FO, gaztelaniazko sigletatik) bihurtu zen, eta bertako militanteek garai hartako Langile Komisioen dinamikan parte hartu zuten.
Dena den, FOren garrantzi politikoak nabarmen gainditu zituen borroka sindikal soila eta eremu horretako proselitismoa, zeinak nahiko mugatuta egon ziren uneoro. Horrela, FOk lehen mailako funtzio politiko bat bereganatu zuen: «Euskal nazio-mugimenduan klase- zuzendaritza bermatzea»[3]. Gainera, onartu zuen «Fronte Nazionala» proletalgoak baino ezin zuela zuzendu eta proletalgoak bakarrik eskaini zitzakeela aukera politikoak, Askapen Nazionalerako borrokarako benetako irtenbideak»[4]. Horrela, ETAk bere izaera herrikoia berretsi zuen, sektore proletarioak nor bere profila hartzen ari ziren aldi berean. Hau da, iraultza herrikoia defendatzen zen, bai, baina klase-zuzendaritza baten bitartez gauzatua.
FOk lehen mailako funtzio politiko bat bereganatu zuen: «Euskal nazio-mugimenduan klase- zuzendaritza bermatzea»
Dena den, prozesu hori zerbait lineala izatetik oso urrun dago. 1970ean Itsasun VI. Biltzarra egin zenean, ETA-VI eta ETA-V taldeen arteko zatiketaren eta Zelula Gorrien dimisioaren ondorioz, erakundearen historiako garairik konplexuena hasi zen hurrengo bi urteetan, hala erakusten dute hartutako erabakietan eta militanteetan izandako gorabeherek. Ez da nire asmoa zatiketaren problematika osoan eta haren xehetasunetan sartzea, eta, horretarako, dagoeneko badago materiala eskuragarri. Beraz, V. Biltzarraren koordenatuetan mantendu zirenen eta, bereziki, horien ezkerreko hegalean egon zirenen arrastoari helduko diot.
V. BILTZARREKO TESIEI BERRIRO HELDUZ ETA HORIEK GARATUZ
Aipatu dudan moduan, zatiketaren ondorengo garaian nahasmena nagusitu zen, eta fakzio bakoitzaren bilakaerak oso motel gertatu ziren. Izan ere, ETA-VI.ak ez zuen egun batetik bestera estrategia estatalista garbirik planteatu –eta bere zuzendaritza ez zitzaion oraindik trotskismoari atxikiko–, eta ETA-V.ak ere ez zituen erabat bere egingo V. Biltzarreko tesiak, eta horien eskuinaldean kokatu zen hasiera batean. Hala ere, edozein aldetan kokatuta egonagatik, beren kasa aurreko biltzarretik gorpuzten ari ziren tesiak garatuko dituzten zenbait pertsona topa ditzakegu garai honetan.
Horrela, ETA-V.ak, bere burua ETA-VI.aren espainolismoaren ukatzailetzat zuenak, areagotu egin zuen antiespainolismo hori eta bere posizioak eskuineratu zituen, eta horretarako, erakundeaz kanpoko sektoreekin aliantzak sortzera ere iritsi zen. Askatasuna ala hil izenez ezagutzen den etapa da, izen horixe baitzuen haren Zutik argitalpenaren azpitituluak. Bien bitartean, Belgikan erbesteratutako militanteen gutxiengo bat, Federico Krutwigek lagunduta, ildo nazionalista iraultzaile eta internazionalistara itzuli zen. Horien artean, Emilio Lopez Adan Beltza nabarmendu zen, eta Gatazka argitalpenari ekin zion. Fronte Nazionala «parte hartzen duten klaseen arteko batasunerako eta borrokarako gune» gisa planteatu zuten, baina horrek «ez du Komunisten borroka espezifikoa bertan behera uztea esan nahi». Gauzak horrela, «euskal proletalgoa ildo politikoaren muga» gainditzen ari zela ulertu zuten, eta «alderdi hori sortzea egungo arazoa» zela[5]. Era berean, zioten «Langileen Alderdi independente baten existentzia galaraziko balitz, fronte horrek burgesia txikiaren tresna bilakatzeko izango lukeen arriskuaz» jabetuko zirela, eta horrek «guztiak organo politiko bakarraren menpe egotea» exijituko zuela. Gainera, proletalgoaren gidari papera «areagotu» egin behar zela, eta horrek, praktikan, «euskal alderdi sozialistarekiko autonomoa den langile alderdi bat behar dela begi-bistan uzten zuela» argudiatu zuten[6].
Hala ere, dokumentu horiek eragin oso mugatua izan zuten, eta erakundearen zati txiki bat baino ez zuten ordezkatu. Egiaz ezagun bilakatu zena Burgosko Prozesu entzutetsuan heriotza-zigorrengatik militarki epaitzen ari ziren presoek sinatutako Dokumentua izan zen. Hasiera batean, ETA-VI.aren zuzendaritzari bidalitako gutun gisa planteatu zen. Gutun horrekin, haren alde lerratzen ziren –bertan gertatzen ari zen eboluzioaz ezer jakin gabe–, eta gogor kritikatzen zituzten ETA-V.aren manifestua sinatu zutenak. Hala ere, haren edukiaren garrantziak, V. Biltzarreko tesiak ezkerrerantz garatzera zetorrenak, puskaz gainditzen zuen garai hartan zegoen antolaketa-polemika. Horren adibide da ETA-V.ak berak ofizialki bere egin eta gero Zutik buletinean argitaratu izana. Bere hedadura eta sakontasunagatik, merezi du aparte aztertzea. Langile Frontea ezaugarritzen zuten «Euskal Langileen Alderdia izango denaren lehen enbrioi (ETA ezinbestean bihurtu beharko zena)» gisa, eta V. Biltzarreko erabakiak «monolitikotzat eta amaitutzat» hartzearen aurka agertu ziren, modu horretan «horien beharrezko garapena gutxiesten» zelakoan[7]. Beranduago Zalbidek, Onaindiak eta Uriartek sinatutako ETA-VI.arekin kritikoa den beste dokumentu batean, «aurrez proletalgoaren batasuna borroka errealetik kanpo» lortzeko aukera ukatu zen[8], eta iraultza herrikoiaren garapenak berak langile erakunde independentea argituko lukeela argudiatu zen.
Gatazka taldearen komunismo heterodoxoa, gero eta kutsu libertarioagoarekin, eta Burgosko presoen ageriko marxismo-leninismoa bide paraleloak ziren, eta funtsezko puntu bat jarri zuten mahai gainean: zuzendaritza proletarioaren auzia, hau da, bere independentziarena, Alderdiaren auzia izatera igaro zen. Eta, bereziki bigarrenen kasuan, erakundeak formalki bere egin zituen planteamendu horiek. Bien bitartean, bere krisia gainditzen joan zen Alderdia, V. Biltzarraren zilegitasun historikoa berreskuratuz, kritikak bere eginez, Fronte Nazionalaren saiakerak alde batera utziz, militanteak batuz eta batez ere aktibismo armatuari berrekinez. Horren ondorioz, ETA-V moduan ezagutzen zenari laster deitu zioten, besterik gabe, ETA.
Erakundeak bere jarrerak formalki erabat ezkerrerantz biratzen zituen garaiaz ari gara. Horrela, 1972ko bere oinarri ideologiko minimoek (sic) hau esaten dute: «hain zuzen ere proletalgoa eta abangoardiak dira burgesia txikiari askapen nazionalaren borrokaren zuzendaritzaz jabetzen utzi behar ez diotenak, horiek prozesu iraultzailea bertan behera utziko luketelako, eta langile-iraultza erreformismo burges txiki bilakatu»[9]. Baina, batez ere, kontraesan handiko garaia izan zen, non aldi bertsuan gertatu ziren Zabalaren bahiketa[10] –enpresaburu euskalduna eta euskaltzalea– eta EGI-Batasunako ehunka militante sartu izana. EGI-Batasuna EAJren disidentzia zen, eta denbora zeraman bere aparatua ETAri eskaintzen.
Horrela iristen gara 1973an Hazparnen izan zen VI. Biltzarrera, eta hori bai, formalki onartu zuen ETA-V.ak. Ondorioetan honakoa baieztatu zen: «ETAk langile-klasearen abangoardia izatera iritsi nahi du, eta, horren bidez, herri osoaren abangoardia»[11]. Biltzar horretan, bestalde, gaur egunetik begiratuta interes berezia duen baina garai hartan nahiko oharkabean pasatu zen testu bat onartuko zen: Por qué estamos por un Estado Socialista Vasco (Zergatik gauden Euskal Estatu Sozialista baten alde). Bertan, borroka «klase ikuspegi iraultzaile batekin lotzen da, ikuspegi kontzienteenetik eta iraultzaileenetik: ikuspegi komunistatik»[12]. Antza denez, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur gaztearen lana izan zen hori.
Orain arte erakundearen ezkerrean daudenen erreferentzia batzuk ezagutarazi ditugun arren, ezinbestekoa da beren paperetik harago duten benetako garrantzia erlatibizatzea. Zer ondorio praktiko izan zituen horrek guztiak? Ba al zegoen benetan hegemonia proletariorik erakundearen barruan? Erakunde komunista bati buruz hitz egin al daiteke? Ondoren izan zuen garapena ikusita, ezezkoa litzateke galdera horien erantzuna. Garai honen ezaugarri nagusiak prozesu kontraesankorrak eta, zalantzarik gabe, nahasmen ideologikoa dira. Agintari militarrek Erakundearen definizio sozialistaren erradikalizazioa edo gutxiengo batzuen zehaztapen teorikoak onartu zituzten–teoriarekiko interes gutxi eta mesfidantza zuten–, betiere praktika armatua oztopatzen eta nazionalismoa ukatzen ez bazuten. Horiek, ordea, ez zituen gehiengoak onartuko, eta ez zuten aplikazio praktikorik izango. ETAk definitze sozialista anbiguoa – modu kalkulatu batean– zuen erakunde herrikoia izaten eta proletarioa izan nahi zuela baieztatzen jarraituko zuen. Ordea, horrelako erakunde bat bihurtzeko prozesua oztopoz beteta zegoen, eta ez zen inoiz gertatu. Are gehiago, hori izan zen haustura berriak eragin zituen arrazoietako bat, eta bide berriak ireki zizkion Alderdiaren auziari ETA sigletatik harago.
Ba al zegoen benetan hegemonia proletariorik erakundearen barruan? Erakunde komunista bati buruz hitz egin al daiteke? Ondoren izan zuen garapena ikusita, ezezkoa litzateke galdera horien erantzuna
LANGILE FRONTETIK LAIA-RA
Behin 1974ra iritsita, frankismoaren amaieraren hasiera ekarriko zuen masa-mugimenduaren gorakadak jarrera desberdinak sortu zituen ETAren barruan. Baina FO jarduera armatuaren mende jartzen zuten planteamendu estrategiko eta antolatzaileekiko erreakziotik harago, sakoneko arazo politiko bat areagotu zen: erakundearen klase-izaeraren auzia bera.
FOko militanteen zati handi batek ETAn «burges-txikien eraginek irabazi» zutela ikusten zuen, eta galdutzat jotzen zuen ETA «euskal langile alderdi komunista eta abertzale» bilakatzea. Izan ere, «ETA barruko indar korrelazioa kontuan hartuta, antolakunde osoa zentzu horretan aldatzea ezinezkoa» zirudiela zioten[13]. Urte hartan bertan Domintxainen egindako biltzar batean LAIA, Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia, sortu zen, eta Gipuzkoako FOko militanteen nukleoari Fronte Kulturaleko, Fronte Militarreko edo Gatazka taldeko beste batzuk gehitu zitzaizkion. LAIA ETAren barruan arrazoi ideologikoengatik sortutako azken zatiketaren emaitza izan zen, hain zuzen independentisten arteko zatiketarena, non komunistek erakundea uztea erabaki zuten, erakundearen barruan eragiteko gai ez zirela ikusita. Bere sorreraren helburua «Euskadiko proletalgoaren interesen alde borroka egitea» izan zen, bertan hutsune nabarmena zegoela iritzita[14]. Zentzu horretan aitzindari izan ziren, lehen mailako euskal erreferente komunista.
Hala ere, LAIAk hasieratik izan zituen egitura arazoak. Horietako bat Gipuzkoako eskualde batzuetan soilik –Debabarrena, Urola, Goierri– kokatzeak zekarren antolakuntza-prekaritatea zen. Beste arazo bat zen barne-koherentzia mugatua zuela, haren militantziaren heterogeneotasun ideologikoaren ondorio zuzen gisa. Horrek laster aztertuko ditugun haustura gehiago ekarri zizkion. Baina denen artean garrantzitsuena ETArekin berarekin zuen harreman sinbolikoa zen. Garai hartan ETAk sortuta edo hauspotuta jaio ziren ezker abertzaleko beste erakunde politiko batzuk ez bezala, LAIA ez zen ETAren luzapen gisa sortuko, harekiko haustura gisa baizik. Horrek LAIAri ospea kendu zion eta bere berezko indar urrietara mugatu zuen. Hori sektore proletarioek jaiotzaz duten benetako ahuleziaren isla besterik ez zen. Hala, zapuztutako aliantzek eta ezker abertzalearen bilakaerak berak gero eta espazio politiko txikiagoa utzi zion, bere behin betiko krisira arte. Laburbilduz, LAIA langileen alderdi txiki bat izan zen, handinahia izanagatik ere, Alderdia izatetik urrun gelditu zena.
LAIA ez zen ETAren luzapen gisa sortuko, harekiko haustura gisa baizik. [...]. Zapuztutako aliantzek eta ezker abertzalearen bilakaerak berak gero eta espazio politiko txikiagoa utzi zion, bere behin betiko krisira arte
MILIEN ETA POLIMILIEN ARTEKO BATASUN ZAPUZTUA
LAIA zatitu eta gutxira, antolakuntzari eta estrategiari zegozkien planteamendu ezberdinek beste haustura bat eragin zuten erakundearen baitan; kausa horien artean ez zen, printzipioz, arrazoi ideologikorik egon. Gauzak horrela, Txomin Iturbe eta Jose Miguel Beñaran Argala –rara avis bat milien artean, zeinaren estratega izango zen gerora– buru zituen Fronte Militarraren zati bat banatu egingo zen 1974an, eta ETA militarra sortu zuen Erakundearen zati handiena ETA politiko-militar moduan ezagutzera pasatu zen.
Bere sorrerako Agiria-n[15], ETA militarrak baztertu egin zituen balizko matxinada bat eta antolakuntza frontista; demokrazia burgesaren etorrera aurreratu zuen eta minimo-estrategia bat planteatu zuen, non borroka armatua izango zen «burgesiak benetan asimilatu ezingo duen elementu bakarra». «Talde eta pertsonalitateen multzo heterogeneo bat» zegoela aitortu zuen, «Euskadi bateratuaren erabateko independentzia eta oraindik ondo definitu gabeko sozialismoa aldarrikatzen» zituena, «identitate ideologikoak» baino gehiago «metodoekiko eta estrategiekiko afinitateak» lotuta egongo zena, beti ere «sozial-humanista eta marxista izanda identifikatutako bi ildo nagusiak». Erakunde militarra zenez, hasiera batean ez zuen politika zibilean esku hartuko, eta ezker abertzalearen eremu osoan fronte popular independentista bat eratzeari begira gertatzen ziren autoantolakuntza-saiakerak babestera mugatu zen. Laster aldarrikatu zuen, ordea, «langile-klaseko alderdi baten beharra»; izan ere, «fronte antioligarkikoaren baitan herri-burgesiako eta langile-klaseko indarrek» parte hartzen bazuten, «bi klaseetako batek borrokaren gidaritza» eraman beharko zuela zioten[16].
Nahiz eta hasierako irizpideak desberdinak izan, ETA (pm) bere antolakuntza-eredua egokitzen joan zen, eta pixkanaka borroka armatuen eta masa-borroken arteko banaketari buruzko milien ulerkerara hurbildu zen. Hori, erdibitze (gaztelaniaz, desdoblamiento; frantsesez, dédoublement) kontzeptuaren eta alderdi iraultzaile baten sorreraren bidez formulatu zuen desagertu berria zen Perturren testamentu politiko moduan geratuko zen Otsagabia ponentzia[17] ezagunean. Testuinguru honetan, 1976ko ETA politiko-militarraren VII. Biltzarrera helduko gara. Han izan zen milien eta polimilien arteko hurbiltasunik handieneko unea, eta ETA militarrak klase-alderdi baten sorreraren alde sekula izango duen jarrera argiena hartu zuen, polimilietako Komando Berezien fakzioaren kezkarako, jokoz kanpo gelditu baitziren. Hain zuzen, Txomin eta Argala bilerara gonbidatu zituzten, eta ekarpenak egin zituzten[18]. Era berean, biltzar horren ondorioak argitaratu eta txalotu egin ziren adar militarraren Zutik argitalpenean bertan[19]. Honenbestez, gertakari posibletzat jo zen bi ETA horiek bat egitea eta ezker abertzalea klase-alderdi iraultzaile baten zuzendaritza pean bateratzea.
Une batez gertakari posibletzat jo zen ETA politiko-militarrak eta ETA militarrak bat egitea eta ezker abertzalea klase-alderdi iraultzaile baten zuzendaritza pean bateratzea
Hala ere, hurrengo urtean bertan azaleratu ziren hainbeste desiratutako batasunak ekarritako arazoak[20]. ETA politiko-militarraren zuzendaritzaren eta Komando Berezien arteko barne gatazkak bien banaketa ekarri zuen, eta bigarrenek lehenengoei –dagoeneko kontrakotasuna adierazia zioten Otsagabia ponentziari– Estatuarekin zituen negoziazioengatik traizioa eta likidazionismoa leporatu zizkieten. Aldi berean, KASen (Koordinadora Abertzale Sozialista) parte hartzen zuten indarren arteko akordioa martxan egon arren, polimiliek hauteskundeetan baldintzarik gabe parte hartzearen alde egindako apustuak erabat hautsi zuen Koordinadoraren batasuna. Egia esan, alde handiak zeuden milien eta polimilien artean, bai borroka armatuaren ulerkerari dagokionez –erasokoa eta abangoardiakoa lehenengoentzat, disuasiokoa eta atzeguardiakoa bigarrenentzat–, bai Erreformaren instituzio berrien aurkako estrategiari dagokionez –miliek horiek ukatzea eta, asko jota, baldintzatutako parte-hartzea planteatzen zuten, eta polimiliek, aldiz, horiek eskaintzen zituzten aukera guztiak aprobetxatu nahi zituzten–, baita KAS ulertzeko zuten moduari dagokionez ere. Horren ondorioz, ezker abertzalearen batasuna zapuztu zen, eta bi eremu finkatu ziren ETAren adar bakoitzaren inguruan. Paradoxikoki, une horretan elkarrengandik gero eta hurbilago zeuden miliek eta bereziek bat egin zuten 1977an bertan. Aldi berean, ETA (m), berriz ere ETA izen hutsez ezagutzen zena, indartu egin zen politikoki eta militarki, eta alderdiaren aldeko jarrera ororengandik urrundu zen.
EIA, LENINISMOTIK SOZIALDEMOKRAZIARA
Behin hona helduta, garrantzitsua de ETA politiko-militarraren banaketaren fruituan arreta jartzea, horrek ondoren EIAren, Euskal Iraultzarako Alderdiaren, sorrera ekarri baitzuen 1977an. Izan ere, Alderdia sortzeko hautatutako bide desberdinen artean polimilienak izan zuen garapen oparoena, teorian behintzat. Otsagabia ponentzian alderdi horren sorreraren beharra aitortu bazen ere, oraindik ez zegoen oso zehaztuta, definitze hori erdibitzearen hurrengo fasean gertatu zen, berrelkartze-fasean («reagrupamiento», dokumentuaren euskarazko bertsioan «reagrupamendu» esaten zaio), zeina termino leninista ortodoxo samarretan egin zen. Arnasa izan zen bere erreferentziazko dokumentua, eta, bertan, egoera berrirako ekarpen interesgarriak egin ziren ezker abertzalearen esparru teorikoan. Hori guztia Gallartako aurkezpenean banatutako EIAren agiria-n osatu zen; bertan, EIA ETAko lerro politikoan beti presente egon zen «populismoarekin» apurtzera zetorrela argitu zen. Euskadiko langile alderdi iraultzaile bat sortzera begira lanean ari zen langile-alderdi abertzale moduan jaio zen, behingoz klase-izaera argi eta garbia bere egiteko helburuz[21].
Arnasa-n, iraultza herrikoiaren kontzeptua eta haren klase-izaera argitu ziren, eta hura nekazaritza masiboa zuten herrialdeen problematikatik bereizi zen, «non langile eta nekazarien aliantza bilatzen den klase ezberdindu moduan». Gauzak horrela, iraultzan protagonista klase herrikoiak izan behar direla esaten zuten; era berean, iraultzak sozialista izan behar zuela azpimarratu zuten, ez langileriak zuzentzen duelako bakarrik, klase herrikoien bloke hori ia osoki langileek osatzen zutelako eta proletarizazio-prozesuan zegoelako baizik[22]. Orduko fasea demokrazia burges gisa sailkatzearekin batera, iraultza egingarri bakarra sozialista zela planteatu zen. Diktaduratik demokrazia formalera igarotzeak koertzio-kontsentsu faktoreen pisua irauli zuen, eta horrek gehiengoak onartutako legezko bideak aprobetxatzera behartu zuen, bere burua «erabat eta esklusiboki» horiei eman gabe, erreformismoak berekin dakartzan arriskuak zainduz eta «herri-botereko» organoak indartuz.
Hala ere, arlo teorikotik praktikora igarota, denek ezagutzen dute sektore horren bilakaera erreformista azkarra, eurokomunismotik gertu zeuden bere erreferentzia hegemonistek porrot egin baitzuten. Izan ere, posibilismoak eta behin betiko instituzionalizazio eta integrazioak ordezkatu zuten Francisco Letamendia Ortzi outsiderrak Euskadiko Ezkerraren izenean entseatu zuen tribuna parlamentarioaren instrumentalizazio leninista, eta horrek Otsagabia-ren printzipioak baztertzea eragin zuen. Ez litzateke bidezkoa izango, ordea, horren erantzule hasierako posizioei eutsi zieten komunistak egitea; bat baino gehiago izan ziren, eta horregatik kanporatuak eta baztertuak izan ziren, hala nola Burgosko Prozesuan epaitutako Gregorio Lopez Irasuegi edo Iñaki Maneros. Azken batean, lehenbiziko EIAn izan zuten pisu politikoa zirkunstantziala izan zen, ez baitzegoen beren aldeko indar korrelaziorik. Tesi komunisten onarpena bigarren mailako kontua zen, eta ez zuen erantzun handirik jaso ETAren ospeak erakarrita gerturatu ziren haien partetik. Era berean, dagoeneko Javier Garayalde Erreka otsagabiarra bertan zen eta Onaindia buru zuen zuzendaritzan ere ez zuen onarpen handirik topatu, beste asmo batzuk baitzituzten. Talde politiko-militarraren noraez horrek EIAk zentzu iraultzailean izan zezakeen balizko bilakaera ez ezagutzea ekarri du. Horrenbestez, ez zen gehiegizko komunismoa izan bidetik atera zuena, bera ez aplikatu izana baizik.
Talde politiko-militarraren noraez horrek EIAk zentzu iraultzailean izan zezakeen balizko bilakaera ez ezagutzea ekarri du. Horrenbestez, ez zen gehiegizko komunismoa izan bidetik atera zuena, bera ez aplikatu izana baizik
AUTONOMIA: ALDERDIAREN AURKAKO KOMUNISMOA
Esparru komunista sakabanatuaren kontrako polo ideologikoan autonomoak kokatu ziren. 1976an, frankismoaren amaierarako irtenbide taktiko gisa zeuden KAS alternatibaren inguruko jarrera desberdinen ondorioz, LAIAren baitako desberdintasun ideologiko eta estrategikoak azaleratu ziren, eta horrek beste zatiketa bat sortu zuen. LAIA (ez)-ek jarrera autonomo bat garatu zuen haren bilakaeran, eta LAIA (bai)-k, aldiz, alderdiaren kontzeptu abandoardistago bat. Kontzeptu hori aplikatzea ezinezkoa egin zitzaion, ordea; bai besteekin elkartzeko ahaleginetan izandako porrotagatik, baita KAS blokearen beraren ulerkera abangoardista berrien aurrean azaldutako egiturazko ahultasunagatik eta bateraezintasunagatik ere.
Esan bezala, LAIAren barruan zeuden desadostasunak sakonekoak ziren, Alternatibaren babesaz harago. LAIA (ez) sektorea, gerora jaso zuen LAIAK izenarekin –komunista hitzaren K letrarekin– ezagunagoa, ezker abertzaleko sektore erradikalizatuena zen. Bere ildoari jarraikiz, frontepopulismoari eta burgesia txikiarekiko konpromiso orori aurre egin behar izan zion, eta aurre egin zion langile-intrantsigentziari eta klase-autonomiari ere. Hala ere, interklasismoaren ukazio hori ez zetorren burgesia txikiaren gehiegizko pisu politikoak eragindako blokeoaren kritikatik, horren gutxiespenetik baizik. Beraz, irakurketa baikorra izan zen, neurri batean bere bertutea izan arren bere porrotaren kausa izango zena.
Ikuskera horien jatorria ez zen bereziki gogoeta teorikoa, horren erreferentziarik ez baitago ia[23]. Jatorri hori garaiko mugimendu asanblearioen eta haien adierazpen erradikalizatuenen eraginean egon daiteke, eta horregatik, erreferentzia libertario edo kontsejista puruak gutxi izan ziren, norberaren esperientziaren eta masak sortzeko bat-batekotasunean jarritako konfiantzaren aldean. Hori dela eta, alderdien aurkako ikuskera hori laster sartuko zen kontraesanean LAIA siglak berak mantentzearekin. Horren ondorioz, 1977an langileen autonomiaren espektro lausoko beste talde batzuekin «konbergentzia asanbleario» batean parte hartu zuten, laster bertan behera geratuko zena. Sektore batzuk ekintza armatura igaro ziren Komando Autonomo Antikapitalisten bitartez, garairik gatazkatsuenean hain zuzen ere. Momentu hartako egoeraren adierazle da autonomoek egoera aurre-matxinadatzat jo izana, frankismoaren amaierako botere burgesaren ezegonkortasuna trantsizioa kolokan jar zezakeen krisi iraultzaile bihur litekeela planteatzeraino. Etapismo oro baztertuta, kontua ez zen Erreformaren alternatiba bat planteatzea, sistemaren beraren alternatiba bat planteatzea baizik.
Gauza jakina da ez zela horrelakorik gauzatzerik izan. Haien apustua azkeneraino eraman eta galdu egin zuten. Langile-klasearen zati handienak bizkarra eman zion iraultzari, eta demokrazia autoritario berria errepresioan eta alderdi eta sindikatuen lankidetzan oinarritu zen. Autonomoen programa bakarra borroka bera zen, eta, beraz, masen gorakada hark behera egin bezain laster egin zuten behera autonomoek ere, eta haien konpromiso militanteagatik oso garesti ordaintzera ere iritsi ziren. Aldi berean, ENAMek gogor tratatu zituen, sektore gogaikarritzat joz. Paradoxikoki, alderdi guztiekin mesfidatia zen eta errepresioaren aurkako borrokan hezi zen magma sozial asanblearioaren zati handi bat, afektiboki, ETAren erreferentzia sinbolikoarekin konektatzera pasatu zen. Bere inguruan sendotuko zen etorkizuneko ezker abertzalea, eta honek laster metabolizatuko zituen sektore horiek, Argalaren ulerkera asanbladazaleetatik abiatuta.
Autonomoen programa bakarra borroka bera zen, eta, beraz, masen gorakada hark behera egin bezain laster egin zuten behera autonomoek ere, eta haien konpromiso militanteagatik oso garesti ordaintzera ere iritsi ziren
ENAM: EZKER ABERTZALE MODERNOA
Esperientzia horiek guztiek porrot egin zuten eta desagertu egin ziren, baina ez zen halakorik gertatu beren ideiekin. Orain artean talde horien esperientzietan zentratu garen arren, orain erreformaren aurkako jarrera armatua eta programa apurtzaile batekin trantsizioan zehar biziraun zuen ezker abertzaleko fakzio bakarra aztertuko dugu. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduan egituratutako mugimendu horren oinordekotzat jo dezakegu ezker abertzale modernoa, eta politikoki umezurtz gelditu ziren askoren jomuga bihurtu zela esan daiteke.
Baina goazen haren sorrerara. Milien eta polimilien porrot egindako bateratzearen ondoren, ETA militarrak, Argala buru zuela, atzera egin zuen klase-izaerako alderdiaren aldeko jarreretan. Ezker abertzaleko indarren sakabanaketari eta nahasmenari erantzuteko, «oinarri sozial horri guztiari aukera politiko serio eta argiak eman behar zaizkiola, alderdien arteko ezberdintasunak eta xurgatze erreformistak alde batera utzita» azpimarratu zuen[24], eta ETA zen hori egiteko moduan egongo zen bakarra, KASen bitartez. Lehen miliek politika zibilean esku hartu ez izanarekin desados, berezien hasiera bateko ikuskera politiko-militarrek –erakunde armatuak berak darama zuzendaritza politikoa, inoren mende jarri gabe– norabide horri eutsiko diote azkenean. Sakonean politikariekiko mesfidantza zegoen, baita alderdiak fusila gidatuz gero hark borroka armatuarekin amaitu eta sisteman integratzen bukatuko duen uste militarista ere, EIAren kasuan gertatu zen bezala.
Aurretik, talde abertzale zibilei Agiria-k 1974an egindako deiari erantzunez, EAS sortu zen lehenengo, EHAS ondoren eta 1977an amaituko zen konbergentzia prozesu sozialista baten ondoren, HASI, Herri Alderdi Sozialista Iraultzailea. Ezker abertzalearen konglomeratu heterogeneoaren ondorioz, sigla horiek nolabaiteko anbiguotasun sozialista partekatzen dute, eta haien osaketan ETAtik kanpo kokatzen diren era guztietako elementuak aurki daitezke, nahiz eta ETA militarraren ildoko jendea zen entzute gehien zuena. Horren eraginez, milien aldeko oinarri sozialak bere zuzendaritza eurokomunista kanporatu zuen –EIA erreformistatik gertu zegoena, ondoren EKIA sortuko zuena eta berekin bat egingo zuena–, ETA militarraren estrategia interbentzionista berriaren harira.
Argalaren oso gertukoa zen Santi Brouarden zuzendaritzapean, HASIk bere egin zuen liturgia leninista guztia, zentralismo demokratikoa barne. Halaber, eredu leninista barrura begira aplikatu zuen, ez kanpora begira. Sekula ez zuen abangoardiako alderdi gisa jokatu, funtzio hori KASi egokitzen baitzitzaion, eta globalizazio lanak egin zituen han. Hala ere, HASIren aparatu alegalaren pisua garrantzitsua zen, bereziki HBn –hori aurrerago gatazka-iturri bilakatu zen–, baina horrek aurrez ETAn egonkortutako klase herrikoi izaerarekiko ez zuen aurrerapauso ideologikorik ekarri, eta politikoki bere menpe zegoen azken instantzian. Behin eredu ortodoxo eta guztiz asanblearioak baztertuta, KASek Gidaritza Bloke gisa zuen ulerkeran, bere kideek ENAM osoaren benetako abangoardiak, ETAk, esleitzen zien abangoardia kolektiboaren funtzioa beteko zuten. Jarrera proletarioak behin betiko urtu ziren. Ondoren, borroka bakarrik geratu zen, «zeinak batu egiten baitu zalantzarik gabe», Zutik 69-n zehaztuta geratu zen bezala. Argalaren azken idazkia zen –milien argitalpen urrien arduradunarena–, eta bera erail ondoren, ez zen gehiago argitaratu, aro baten amaieraren adierazle.
Jarrera proletarioak behin betiko urtu ziren. Ondoren, borroka bakarrik geratu zen, «zeinak batu egiten baitu zalantzarik gabe», Zutik 69-n zehaztuta geratu zen bezala
GARAI BATEN AMAIERA
Zikloaren itxiera porrot historikoa izan zen proletalgo iraultzailearentzat. Hori ez da kasualitatea, eta ez zen ezker abertzalearen balizko zuzendaritzarako barne lehietara mugatu, iraultza sozialistarako aukera errealak maila globalean nola itxi ziren aztertzera baizik. Une horretatik aurrera, Euskal Herriaren borroka behin betiko bakartuta geratu zen, horrek dakartzan ondorio guztiekin.
Ezker abertzale modernoa, ENAM, porrot horretatik sortu zen. Eta are garrantzitsuagoa dena: ez zen alderantziz izan. Proletalgoaren aurreko porrot politikoak ezker abertzalea argitu zuen, eta lehenengoa horretara batu zen menpeko elementu moduan, objektu gisa subjektu gisa baino gehiago, ukatua izan zitzaion nortasun politiko propiorik gabe. Gauzak horrela, hamarkada luzeetako higadura-gerra luze horretan parte hartu zuen, erresistentzia heroiko eta tragiko baten parte izanda, bere klase-independentziari uko eginda. Baina proletalgoa independentea da, izatekotan. Gaur egun, premisa teoriko hau berretsi dezakegu: klase-independentzia eta interklasismoa bateraezinak dira. Hala dela erakutsi du lehenaren ukazio praktikoaren esperientzia etengabeak.
Proletalgoaren aurreko porrot politikoak ezker abertzalea argitu zuen, eta lehenengoa horretara batu zen menpeko elementu moduan, objektu gisa subjektu gisa baino gehiago, ukatua izan zitzaion nortasun politiko propiorik gabe
Gaur egun, garai hartan zabaltzen ari zen zikloa ixten ari den honetan, ezker abertzalea izan denaren behin betiko krisi historikoa amaitzen ari den honetan eta horren paradigma politikoa agortzen ari denean, belaunaldi berriak klase-independentziaren bideari berrekiteko prest agertu dira, proletarizazio-prozesu bortitz batek bultzatuta. Paradoxikoki, beharrezkoa izan da egun batean ezker abertzale historikoa izan zen horren gainbehera oportunistak proletalgoa bere proiektu politikotik kanporatzea azken horrek berriz ere burua altxatu dezan. Borroka amaitu ostean, desagertu egin dira iraganeko batasun hura ahalbidetu zuten baldintzak. Baina horrek ez du esan nahi atzera begiratu gabe ibiltzen hasi garenik. Honaino ekarri gaituen bide guztia aztertu beharra daukagu. Kasu honetan, ezker abertzale modernoaren historiaurrera jo dugu, eta oraindik asko dago esateko.
Kontua ez da, ordea, orain ezker abertzalearen zilegitasun historikoa nork duen esatea. Akats larria litzateke pentsatzea ezker abertzalea guztiz iraultzailea izan zela, egun batean dena okertu zen arte. Era berean, bere baitan betidanik presente egon diren klase-interes kontraesankorrak ere ezin dira ezkutatu. Horregatik, beharrezkoa da gure iragana argitzen saiatzea, ez daitezen beste batzuk izan hura berridatziko dutenak. Mitologia baztertu eta historia proletario bat jarri behar zaio aurrean, eta horrek irakurketa fatalista eta deterministetan ez erortzea esan nahi du, eta ahaleginik ez egitea idealizatzen ea zer gerta zitekeen gauzak beste era batera gertatu izan balira. Ez digute balio modu arbitrarioan eraikitako puzzle eklektikoek. Proletalgo iraultzailearen iraganeko esperientzia guztia laburbiltzeko gai izan behar dugu, ongi egindakoak eta akatsak aztertu, proiektu komunistaren bultzada historikoan gure ekarpena egiteko gaur egun. Iragana ahaztu gabe, oraina eta etorkizuna idaztea dago gure esku.
ERREFERENTZIAK
1. Posiciones ideológicas de la V Asamblea (1967)
2. Ideología oficial de Y (1967)
3. Zutik 51 (1969). Testuan agertzen diren aipu guztien itzulpenak berariaz lan honetarako itzuliak izan dira.
4. Gudaldi 3 (1970) (gaztelaniaz)
5. «A los revolucionarios vascos». Gatazka (1969)
6. «Alternativa de la tendencia marxista de ETA». Zutik 59 (1970) (gaztelaniaz)
8. «Iraultzakin burgeseri abertzaleak duen zerikusia». Zutik 62 (1971)
9. «ETA-ren ideolojiaren oihinarrizko pundu zenbait». Zutik 63 (1972)
10. «Zabala sekuestratu dugu, zergatik?» Zutik 63 (1972)
11. Hautsi 4 (1973) (gaztelaniaz)
12. Por qué estamos por un Estado Socialista Vasco (1973) (gaztelaniaz)
13. Histoire critique d’E.T.A. (1974) (frantsesez)
14. Sugarra 1 (1975) (gaztelaniaz)
16. Zutik 65 (1975)
18. Dos aportaciones de ETAm a la VII Asamblea (1976) (gaztelaniaz)
19. Zutik 67 (1976)
20. Zutik 68 (1977)
21. Arnasa 1. Reagrupamendu taldeetarako aztergaiak (1976)
22. EIAren Agiria. Langileriari eta Euskal Herri osoari (1977)
23. Nazio Arazoa. Beretherretxe (1977)
24. Zutik 69 (1978)
BIBLIOGRAFIA
Almeida, A. (2019). LAIA (Partido de los Trabajadores Patriotas Revolucionarios). Trayectorias políticas de un partido de izquierda abertzale (1974-1984)
Arregui, N. (1981). Memorias del KAS (1975-1978)
Letamendia, F. (1975). Historia de Euskadi, el nacionalismo vasco y ETA
Letamendia, F. (1994). Historia del nacionalismo vasco y de E.T.A: E.T.A. en la Transición (1976-1982)
López Adán, E. (2014). Biolentzia politikoaren memoriak 1967-1978
HEMEN ARGITARATUA