Emilio Lopez Adan 'Beltza' ARGAZKIA / Inhar Iraizotz
2021/04/05

Garai nahasiak izan ziren 1960ko hamarkadaz geroztik Euskal Herrian bizi izan zirenak. Zatiketa politikoek islatzen dituzten adarkatze ugariko zuhaitzez harago, zaila zaigu euskal nazio eta klase borrokaren bilakabidea ulertzea, eta are gehiago, jasandako porrotetatik irakaspenak erauztea.

Ale honetan, Emilio Lopez Adan Beltza (1946, Gasteiz) euskal militante historikoaren lekukotasuna bildu dugu. 1964an hasi zen Lopez Adan Euskadi Ta Askatasunan (ETA) militatzen, eta azken hamarkadetan, hainbat liburu idatzi ditu borroka armatuari, nazionalismoari eta klase borrokari buruz.

Zein testuinguru historikotan hasi zinen militatzen, eta zein izan da zure ibilbidea?

Nire familiaren eragin abertzale eta libertarioa jaso nuen gaztetan, eta 60ko hamarkadan, Arabako talde abertzaleekin —antolatuak ziren bakarrak— harremanak izaten hasi nintzen. Horrenbestez, 1964an ETAn sartzea erabaki nuen, une hartan abertzaletasunaren defendatzaile handiena zelako, baina baita erakunde aski irekia zelako ere, iraultza komunistaren bidean, oinarri sozial anitzen eraginak jasotzen zituelako.

Hortik hiru urtera, erakundearen bosgarren asanblada izan genuen. Prozesu hura oro har behar bezalakoa izan zela uste dut, aski demokratikoa. Urte hartan, Biltzar Ttipiko kide hautatu ninduten; orduan, medikuntza ikasketak utzi eta klandestinitatean sartu nintzen. Komite Exekutibo Taktikoa deituriko buruzagitza sortu zuen BTak eta bertan aritu ginen, besteak beste, Txabi Etxebarrieta, Jose Maria Eskubi, Edur Arregi eta ni. BTko hainbat kide erbesteratu ondoan, KETek hartu zuen erakundearen gidaritza. Hala ere, 1968an erbestera jo behar izan nuen, eta Iparraldeko herrialde buru gisa aritu nintzen, harik eta Belgikara joan nintzen arte.

1970ean, ETAren seigarren asanblada sonatua izan zen, eta erakundea bi talde nagusitan zatitu zen, iraultza Estatu mailan egin nahi zutenen, eta euskaldunon autonomia estrategikoaren alde zirenen artean. Ni azken aukera horrekin lerratu nintzen, ETA-V.aren alde hain zuzen. Gure joera minoritarioa zen momentu horretan, eta gure artean nazionalista sutsuak genituen, zeinentzat ETA-VI.aren estrategia estatalista, estrategia espainolista hutsa zen. Nik ez nuen ikuskera hori partekatzen, baina iruditzen zitzaidan, abertzaletasunak zer indar zuen ikusita, Euskal Herrian iraultza propioa egin beharra genuela, bide estrategiko propioarekin.

Oso garai gogorrak izan ziren, nire bizitzako gogorrenak. Astindu pertsonal eta ideologiko ederrak bildu genituen, baita, hasiera batean, seigarrenaren diziplinaren pean ziren Burgosko auzipetuen partetik ere.

ETA-V.aren barnean nazionalismoa nagusi bazen ere, beste hainbat kide berrirekin nazionalismo iraultzailea aldarrikatu zenuten barnetik...

ETA-V.aren gidaritza miliek zuten baina laster gazte sozialista eta iraultzaile anitz batu ziren erakundera, balio handiko jendea, besteak beste, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur. Gazte horiekin batera gogotik parte hartu genuen Hautsi aldizkariaren erredakzioan, eta miliek onargarritasunez jokatu zuten gurekin. Talde horretan, jada ni nintzen zaharrena. Nire aldetik, urte horietan, eragin garrantzitsua jaso nuen Federico Krutwigen partetik, baina baita komunismo libertarioaren aldetik ere.

1974an, ordea, Fronte Langilearen zati handi batek erakundetik zatitzea erabaki zuen LAIA alderdia sortzeko, horien artean ni. Hilabete batzuk geroago, polimilien eta milien arteko bereizketa ere izan zen. LAIAko kideon iritziz, ETAn eragin burges txikiak —EGI-Batasuna, kabrak, monzonistak— gaina hartu zuen. LAIAko kideak, batez ere, marxista kontsejuzaleak ziren, langileen autoantolakuntzaren aldekoak. Gure ustez, gertatzen ari zen masen garapenarekin lotzeko beharra genuen.

Bi urte geroago, ordea, LAIA ere bitan zatitu zen, KAS Alternatiba taktikoaren aldekoen —LAIA (bai)— eta kontrakoen —LAIA (ez), aurrerago LAIAK— artean. Ni azken hauekin joan nintzen, zeinek Komando Autonomo Antikapitalisten sorreran parte hartu zuten.

Azkenik, 1984aren bueltan, borroka autonomoaren krisi orokorra eta gainbehera etorri ziren, errepresio bortitzaren, mugimendu asanblearioaren beheraldiaren eta ETAk berak eraman zuen autonomoen kontrako ofentsiba politiko-moralaren ondorioz. Hor amaitu zen, nire ustez, autoantolakuntza iraultzailearen protagonismoa.

Ordutik, medikuntzan segitu nuen Iparraldean, baita idazle bezala ere. Kazetaritza lanez gain, hainbat liburu idatzi ditut euskal nazionalismoaren historiaren, klase borrokaren eta Euskal Herriko biolentzia politikoaren inguruan.

Abertzaletasunak eta klase borrokak Euskal Herrian izan duten loturari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke 1967-2011 arteko borroka ziklotik?

Nazionalismoak gaina hartu ziola erabat borroka sozialari.

ETA-V.aren barnean, une historiko zehatz horretan, arazo soziala eta nazionala elkarrekin zihoazela ondorioztatu genuen. Izan ere, euskal proletalgoak bakarrik biltzen zituen auzi nazionalari aterabidea emateko baldintzak, euskal oligarkia espainolista ez ezik frankismoaren sostengatzailea zelako, eta euskal burgesia nazionala —EAJri loturikoa— ikuspegi nazional zein sozialetik erreformista zelako. Euskal proletalgoa une berezian zegoen; industrializazioa fase bete-betean, immigrazio olatu handiak izan ziren Euskal Herrian, eta masa handien proletarizazioa gertatu zen. Horregatik, auzi nazionalari perspektiba iraultzailea ematea ezinbestekoa zela ondorioztatu genuen, eta horrela sortu zen Euskal Herri Langilea izendapena. Horrek, hasiera batean, indar eta koherentzia handia eman zion gure diskurtsoari. Gainera, nazioartean, kolonialismoaren edo inperialismoaren aurkako borroka armatuak emendatzen hasi ziren. Mugimendu horiek maoismoaren nahiz marxismo-leninismoaren eragina izateaz gain, eduki nazional indartsua zuten. Borroka antikolonialista hark eragin nabarmena izan zuen gure herrian.

«Euskal proletalgoak bakarrik biltzen zituen auzi nazionalari aterabidea emateko baldintzak»

Hala ere, ildo soziala eta nazionala batzen zituen ikuskera horrek, bere horretan, ez zuen gehiegi iraun, ez da?

Arazoa da bi borroka ildoen —sozialaren eta nazionalaren— erabateko batasuna, eraikuntza intelektual bat besterik ez zela, une zehatz horretan baliagarri izan zitzaiguna.

Urte batzuen buruan, arazo nazional eta sozialaren arteko kontraesanak nabarmenduz joan ziren, eta hasierako eraikuntza intelektualarekiko haustura gertatu zen. Bestalde, matxinada pizteko ezintasunak gainditu nahian, negoziazioaren eta erakunde gidariaren eredura igaro zen ETA, Argalaren gidaritza pean. Aldaketa horrek ekarri zuen KAS Alternatibaren sorrera 1976an, zeinetan argiki eduki nazionala sozialari gailendu zitzaion. Bere izaera taktikoa zela eta, KAS Alternatiba programa erreformista bat zela esan genezake, eduki sozial lausoa zuena. Iraultza soziala alboratu zen, eta autonomia estatutua eta autodeterminazioa negoziatzea bilakatu zen xede. Hortik aurrera, ETAk gauzatuko zituen egokitzapen guztietan, joera erreformista eta nazionalista hori are gehiago nabarmenduko ziren. Horren adibide da, KASen bost puntuetatik, 1995ean autodeterminazioa eta lurraldetasunaren onarpena ardatz zituen Alternatiba Demokratikora pasatu izana. Horrela, ETA militarrak —gerora, ETA erakundeak— minimo horien lorpenera zuzendu zituen, kasik esklusiboki, borroka armatuaren ekintzak, langileriaren zuzeneko beharrei edo klase gatazkei erantzun beharrean. Haatik, azken aspektu hori, gehiago landuko zuten polimiliek eta autonomoek.

«Iraultza soziala alboratu zen, eta autonomia estatutua eta autodeterminazioa negoziatzea bilakatu zen xede»

ETAk, indar metaketaren teoriaren bidez, solaskide funtzioa hartu du Estatuaren parean, herriaren protagonismoa erakundearen protagonismoagatik ordezkatuz, eta bereziki, eduki nazionalista batean oinarrituz. Noski, eduki nazionalistarekin nor ibiltzen da erosoen? Burges txikiak, hots, euskal burgesia nazionala.

Baina, ezinbestekoa zenez oinarri sozial iraultzailea hurbil mantentzea, hainbat saiakera teoriko egin ziren borroka nazionala arropa iraultzailez janzteko, eta modu horretan, jende askok pentsatu du iraultza sozialista egiten zuela ezker abertzaleko erakundeetan sartuta. Eta zentzu horretan, desbideraketa teoriko oso larriak gertatu izan dira; esaterako, antikolonialismoaren garaian, ekimen iraultzailetzat hartzen zen nazio zapalduen aldeko nazionalismoa sustatze soila, etsai inperialistari min gehien egiten zion jarrera zelakoan. Baina, nazionalismo sutsua aldarrikatzeak ez du zerikusirik iraultza sozialarekin. Euskal Herrian asko zabaldu da ikuskera hori: alegia, gero eta euskaldunagoa izan, orduan eta iraultzaileagoa izanen zarela. Eta hori ez da horrela. Euskalduna iraultzailea izanen da soilik munduko printzipio iraultzaileak bere egiten baditu.

«Euskal Herrian asko zabaldu da ikuskera hori: alegia, gero eta euskaldunagoa izan, orduan eta iraultzaileagoa izanen zarela. Eta hori ez da horrela. Euskalduna iraultzailea izanen da soilik munduko printzipio iraultzaileak bere egiten baditu»

Askapen prozesuan jarraitu beharreko estrategiari dagokionez, zeintzuk ziren ezker abertzale zabalaren baitan zeuden hipotesi desberdinak?

Autonomoek ez zuten baieztatzen iraultza sozialista derrigor etorriko zenik, baina ez zuten aukera hori ukatzen, eta ondorioz, ez zeuden prest demokrazia burgesak onar zezakeen programa taktiko bat babesteko. Hala ere, autonomoen aldetik ez zen antolaketa-batasunik, ezta batasun estrategikorik ere. Askotan, gainera, aski gaiztotu ziren talde batzuen arteko harremanak.

Milien iritziz, argi zegoen erregimen demokratiko burges berria diktadura militarraren jarraipen hutsa zela, eta hori babestu zuten, gutxi gorabehera, Alternatiba Demokratikora arte. Matxinada baztertu, eta negoziazioaren bidea hartu zuten. Zergatik hartu zuten bide hori? Sinpleki iraultzarako baldintza objektibo eta subjektiborik ez zela pentsatu zutelako: Estatuko gainerako lurraldeak ez zeuden Euskal Herriko ­borroka-mailan eta, era berean, gure herrian, gizartea erosotasunean erortzen ari zen. Eduki erreformista negoziatzea bilakatu zen xedea, beraz, jada ez zegoen herriari protagonismoa eman beharrik, aski zen erakunde batek gidaritza osoa hartzea. Baina hori ez zen ETAk unera arte izandako jarrera; izan ere, herriaren zerbitzura zegoen erakunde bezala definitzen zuen ETAk bere burua, eta modu erabat esplizituan gainera.

Polimilien artean jarrera aski desberdina zen. Pertur eta haren lagunen analisien arabera, borroka armatuak zuzendaritza politiko baten pean jardun beharra zuen —milien eskema itzulikatuz—, eta borroka armatua baliatu beharra zegoen Estatuak zituen kontraesanak areagotzeko. Haien analisien arabera, ez zen Estatuan iraultza egiteko aukerarik; alabaina, sektore erreakzionarioenak kolpatuz, uste zuten burgesia progresista behartu zezaketela proletalgoaren iraultza babesten zuten taldeekin bat egitera. Hau da, iraultza egikaritzeko baldintzak sortu eta indar-korrelazioak aldatu nahi zituzten; hori lortuz gero, borroka militarra bigarren planora pasatzeko aukerak egon zitezkeela uste zuten, borroka politikoaren mesedetan. Hori zen polimilien hipotesia, hastapenean behintzat. Gero, Euskadiko Ezkerrak eginen zuena, beste gauza bat da, eta ez da nahasi behar Pertur eta haren lagunen ereduarekin.

80eko hamarkadan gauzak dezente aldatu ziren, ordea...

Bai, hori guztia 1982aren bueltan zapartatu zen, baina zapartatu benetan. Tejerokadak huts egin zuenean (edo agian ez zen huts bat izan, eta behar zena ekarri zuen…) bi gauza gertatu ziren: batetik, 1978ko Konstituzioaren inguruan frankismoa errespetatzen zuen sistema ustel bat ezarri zela, PSOEren gidaritzapean gainera; eta bestetik, Europako demokrazien izaera autoritario eta antiiraultzailea sendotzen ari zela. Aldaketa horiek, aukera iraultzaileak moztu eta borroka armatuaren praktika lekuz kanpo utzi zuten Europa osoan. Hamarkada horretan deseginen ziren polimilien bi adarrak —zazpigarrenak (1982) eta zortzigarrenak (1986)— eta KAAk (1984 inguruan). ETA militarrak, zuen indar handiaren jabe, jarraitzea erabaki zuen Estatua negoziatzera behartuko zuela sinetsita.

Zein balantze egiten duzu, gaurko egunez, joera horien inguruan?

Balantzea egiteko, ezinbestekoa da kontuan hartzea momentuan zer ikusten zen aukera gisa, zer gaitasun zeuden eta zein zen garaiko pentsaera. ETA militarrak egin zituen hautu estrategikoak militarki eta logistikoki oso indartsu zegoen une batean egin zituen. Jende oso trebatua eta sostengu sozial handia zuen, horrela ulertzen da borroka armatuaren bidean jarraitu izana beste taldeak desegiten ari zirenean. Finean, aukera arrazionalak egon bazeuden pentsatzeko posible zela polimiliek erdietsitako amnistia lortzea, duintasun handiagoarekin eta, gainera, KAS Alternatibaren puntuekin batera. Bide horrek eraman zituen 1989ko Aljeriako elkarrizketetara.

«Aukera arrazionalak egon bazeuden pentsatzeko posible zela polimiliek erdietsitako amnistia lortzea, duintasun handiagoarekin eta, gainera, KAS Alternatibaren puntuekin batera»

Elkarrizketa horien hausturak, eta gerora Oldartzen-en —ekintza armatuen jomugen hedapena— garaiek erakundea masengandik aldendu zituztela esan liteke. Etsaia negoziatzera eta amore ematera bultzatzeko xedez, ETAk taktika terroristak baliatu izan ditu, jomuga zibilak kolpatuz. Horrek eragin ikaragarria izan zuen masekiko zuen atxikimenduan.

Ezin zen jakin zer gertatuko zen, baina nire ustez, Aljeriakoa izan zen aukera onena duintasunez bukatzeko, eta hori zen ezker abertzalearen barnean pertsona andana batek zeritzona. Hala ere, horretaz gain, jende askok borroka instituzionala ­lantza-puntan jartzeko abiapuntu bezala ikusten zuen estrategia ­politiko-militarraren amaiera.

Matxinadatik erreformismora salto egin zen orduan...

Ez da ahantzi behar, Herri Batasuna sortu zen unetik abertzale erradikalen batasuna lehenetsi zela ororen gainetik, miliek egin bezala. Ezker abertzaletik jende anitz bota da espainolista zelakoan, baina inor ez da bota sozialista edo komunista ez zelako. Horrek azaltzen du monzonismoak ezker abertzalean hartutako indarra, eta haren eraginari buruzko kritika eskasia. Hala ere, horrek ez du kentzen balio handiko jenderik ez zenik horien artean.

«Ezker abertzaletik jende anitz bota da espainolista zelakoan, baina inor ez da bota sozialista edo komunista ez zelako»

HBren bidez, abertzale erradikalek aukera eta aukera erreformista abantailatsuak lortu zituzten, eta horietan sakontzeko itxaropena zuten. HBk lehen bozetan parte hartu ez bazuen ere, ez zen izan demokrazia ordezkatzailean sinesten ez zuelako, baizik eta berme demokratiko askirik —amnistia, alderdien legaltasuna…— ez zegoelako. Azken finean, pertsona horiek uste zuten erakundeetatik gehiago egin zitekeela euskalduntasunaren eta autodeterminazio eskubidearen alde, eta argi ikusten zuten borroka armatua eta herri mugimendua, borroka instituzionalarekin lotuta emaitza hobeak lor zitezkeela. Ikuskera hori, adibidez, Leitzarango autobidearen kontrako borrokan kondentsatu zen. Praktika hori demokrazia formalarekin eta klase borrokatik aldendutako ekimenei estuki lotua dago, eta badirudi gaur egun ere, borroka armatua baztertuta, hori dela kredoa.

Erakunde armatuak zein eredu babesten zuen horren aurrean?

Erakundean pentsatzen zuten borroka armatua izan behar zela mugimenduaren erpina, masa mugimendua haren inguruan antolatuta eta borroka instituzionala buztanean kokatuta. Baina HBk hauteskundeei begira zuen ahalmena modu errealistan —instituzioetan— baliatu nahi zutenek ere beren aldetik tiraka jardun zuten, noski. Jende hori beti izan da ezker abertzalean; engaiamendu sendoa izan dute eta errepresio latza pairatu dute. Sektore horrek oso kolpe latzak jasan zituen Lizarra-Garaziko eta Loiola-Genevako elkarrizketak hautsi zirenean, bai Estatuaren partetik, baina baita erakundearenetik ere. Azken saiakera horren ondotik, eta Oldartzenen-ek ekarritako desmasia gelditu asmoz, HBko talde horrek hartu zuen egoerari itzulia emateko deliberoa, eta horiek izan ziren, hain zuzen ere, ezker abertzalean jarrera sozialdemokrataren protagonista.

Hala ere, aldaketa hori ezker abertzalearen oinarriarekin hautsi gabe gauzatzea lortu zen, ezker abertzalea errepresioak estuki trinkotutako komunitate bat zelako, eta arduradun politikoekiko diziplina zorrotza eta miresmena zegoelako, 30 urtez ereindakoa. Hori dela eta, naturala da aldaketa kritikoa belaunaldi gazteek ekarri izana egun.

Zure iritziz, zer ekarri du ezker abertzalean ildo sozialdemokrata nagusitu izanak?

Sozialdemokraziaren istorioarekin kontuan hartu behar da, sozialdemokratak ez direla izan infiltratu batzuk, baizik eta bilakaera bat izan duten sozialista iraultzaileak. Haiek pentsatzen dute herriarentzako onena erakundeetan nagusitasuna irabaztea dela, hots, erakundeetatik erreforma sozialak egitea posible dela, eta ez direla soilik langile-klasearen ordezkari izan behar, baizik eta askatasuna merezi duen herri oso batena. Horrek atea irekitzen dio klaseartekotasunari, eta demokrazia ordezkatzailearen onarpenari, demokrazia zuzenaren kaltetan.

Bilakaera pertsonalak ezberdinak izan dira, jakina, baina oro har, zer gertatzen da ildo sozialdemokratarekin? Ba, azkenean, ordenarekin eta boterearekin identifikatzen hasten dela eta une batetik goiti, bide erreformista kaltetzen duten “ameskeria” iraultzaileen kontrako errepresioari bidea irekitzen diola. Eta hori sozialdemokrazia boterera heldu zen lehen unetik gertatu zen, nola hil ziren bestela Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht?

Mende bukaeratik, alabaina, sozialdemokraziak Frantziako mitterrandismoaren edo Ingalaterrako blairismoaren joera jarraituko du, kapitalismoari ekonomia gidatzeko zilegitasun osoa esleituta, eta Estatuan haren zerbitzari bilakatuta: sozial liberalismoa, funtsean. Eboluzio hori gertatu bada mundu osoan, nola pentsatu daiteke Euskal Herrian ezberdin gertatuko denik? Hau da, nola sinets daiteke euskaldunok erakundeetatik eta kapitalismoarekin konfrontazio garbirik izan gabe, iraultza eginen dugula? Beste lekuetan gertatu dena, bada, hemen ere gertatuko da, eta euskalduntasunak ez gaitu horren kontra txertatzen.

Hala ere, ez dut ukatzen pertsona horiek bide hori herriarentzat mesedegarri dela pentsatuz abiatu ez zutenik.

Era berean, aski kritiko agertu zara joera bakezaleekin, eta preso politikoen trataerarekin.

Bai, eta sozialdemokraziarekin lotu daiteke bakezaletasuna, baita borroka armatuaren kondena ere. Urte gutxian, estrategia politiko-militarra baliatzetik, biolentzia orori politika egiteko zilegitasuna kendu diote. Alabaina ezin dira parekatu arma sofistikatu bidezko biolentzia eta kale borroka. Bakezaletasunak edozein jazarpenetik babesteko zilegitasuna ukatzen badu, errepresio indiskriminatuari bidea irekitzen dio. Are larriago izan liteke, delako bakezaleek jarraitxu berriak isolatu eta indar errepresiboen eskutan uzten badituzte, gobernu sozialdemokrata autoritarioak sostengatzen dituzten bitartean. Nik uste, aurreko hamarkadetan borrokan aritu den eta errepresio latza pairatu duen jende zintzo asko dagoela gaur egun kontzientzia arazo larriekin. Baina aurreko borroka fasea eta errepresio gogorra ezagutu ez duten sozialdemokrata berriek, soilik egungo egoera ezagutuko dute, eta errazago emanen dituzte urratsak jarrera autoritarioetara.

Zentzu horretan, bakezaletasuna eta preso politikoen gaia uztartzeko, presoen biktimizazioa izan dela pentsatzen dut, hau da, presoei beren izaera politikoa eta duintasuna ukatu zaizkiela, baita ezker abertzalean ere.

Aldiz, ETAn eta haren inguruko mugimenduetan militatu duten pertsona guztiek askatasunaren alde egin dute borroka: gudariak, gudari dira eta kitto. Horregatik, preso guzti-guztiekin, baita kritikatu dudan azken buruzagiarekin ere, elkartasunez, amnistia aldeztuko dut.

Borroka armatua Euskadin 1967-2011 lana argitaratu berri duzu, 40 urtez Euskal Herrian izan diren ekintza armatu guztien ikerketan oinarrituta. Zein da lan horren asmoa?

Beharrezkoa iruditu zitzaidan gure borroka armatuaren kronika bat egitea, egitateetan oinarrituta, mistifikaziotik eta bertsio ofizialetatik aske: borroka armatua-ekintza armatuak; guk egin ditugunak, eta guri egin dizkigutenak. Horrenbestez, ekintza guztiak banan-banan ikertu ditut, eta bakoitzean honakoa bildu dut: zer gertatu zen, zer esan zen momentuan (agiriak, prentsa, adierazpenak…), zer iritzi eman den ikerketetan eta azkenik, gaur egun protagonistek beren memorietan zer esaten duten.

Dokumentazio lan horren ostean, biharko eguneko borrokari ekarpena egin nahian, arazo estrategiko eta arazo etikoen inguruko hausnarketa plazaratzen da. Zentzu horretan, anitzetan ikusiko dugu nola akats etikoek, akats estrategiko ikaragarriak ekarri dituzten; esaterako, ekintzek zibilak kolpatu dituztenean. Kritika eta hausnarketa guztien asmoa, guk geuk eraman genuen borrokaren zentzua ulertzea litzateke, baita etorkizuneko borrokari ekarpena egitea ere; eta jakina, ikuspegi errepresiboa inola ere elikatu gabe.

Edozein kasutan, Euskal Herrian borroka armatua egin dugun militanteok beti izan dugu helburutzat askatasuna, nazionala zein soziala, eta horregatik, gudari guztiek leku bat merezi dute munduko askatasunaren aldeko borrokaren historian.

«Gudari guztiek leku bat merezi dute munduko askatasunaren aldeko borrokaren historian»

EZ DAGO IRUZKINIK