AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

(Itzulpena)

Ia hilabete igaro da Topagune Sozialista egin zenetik, eta horregatik uste dut beharrezkoa dela gazteen kriminalizazioari buruzko ohar labur batzuk egitea eta prozesu sozialista osotasunetik ulertzeko dagoen beharra azaltzea.

Topagune hau pandemiaren testuinguruan kokatu behar dugu, zehazki, haren gaineko kudeaketan. Bertan, proletalgoaren eskubide zibil eta politikoak –eta horrekin batera, instituzio burgesetatik kanpo dauden antolakundeenak– bertan behera nola gelditu diren ikusi eta jasan behar izan dugu. Azken hilabeteotan gazteria proletarioa izan da komunikabideen fokua, burgesiak, bere aparatu ideologikoen bitartez, iritzi kriminalizatzaile komun bat sortzea bilatu baitu. Hitz gutxitan, burgesiak pandemia hau zein beste edozein bitarteko pribatu zein publikoen bidez –bitarteko burgesak– kudeatzeko duen ezgaitasunak errepresioa, histeria orokortua eta seinalatzeak ekarri ditu, besteak beste. Diskurtso horiek ezin dira klase borrokatik kanpo kokatu, eta horrenbestez, ez liguke harritu beharko Naiz-ek, dagokion burgesia txikiaren propagandistaren papera betez, gazteria kriminalizatzen duten artikuluak argitaratzea. Horietan, «gazteriari mugak jartzeko» zein «zigorraren presio soziala erabiltzeko eta sozialki gaitzesgarria den hori salatzeko» beharra goraipatzen dira (1).

Maiz, kasu honetan bezala, gazteria proletarioari «ez dela antolatzen» leporatzen zaio. Abstrakzio moralista sinple batean oinarritzen den epaia da hori, edozein motatako antolakunde langile klasearen emantzipazioaren alde lerrokatuta dagoela sinestarazi nahi duena. Hori dela eta, diskurtso horien iruditeria kolektiboen atzean azpimarratu behar dugu harreman sozial kapitalistetan arazorik gabe barneratu daitezkeen mugimendu sozialen –adibidez, Fridays for Future mugimenduaren– defentsa dagoela. Hain zuzen, ez da oinarritzen klaseen gaindipenaren aldeko borrokan zein horren aurretik egin beharreko borrokan, non proletalgoak burgesiarekiko indar korrelazioari erreparatu, eta proiektu komunista bereganatzen duen.  

Bestalde, sozialdemokraziak ematen duen konponbidea Alberto Matxainen «Tensión intergeneracional» (euskaraz «Belaunaldien arteko tentsioa») izeneko artikuluan aurki dezakegu (2). Testu horretan klaseen adiskidetzearen aldeko beharraz hitz egiten du, eta prozesu hori estatu aparatu burgesaren ordezkariek (agintariek) gauzatu behar dutela aipatzen du, aparatu errepresiboa, posible den heinean, alde batera utzita. Hau da, burgesia txiki eta proletalgoaren (kasu honetan gazteriaren) artean klaseen adiskidetzea bilatzea proposatzen du –zeina ezinezkoa baita (3)– modu horretan, agintarien borondate on edo txarra seinalatuz, errepresioa erabili behar ez izateko. Horren atzean, proiektu politiko sozialdemokrataren defentsa ezkutatzen da, demokrazia burgesaren interesen bazterretan artikulatzen dena –kapitalaren diktadura–, eta, era berean, baita aparatu hertsatzaileen esentzia errepresiboa eta Estatu Burgesaren neutralitate faltsuaren defentsa ere.

Honekin batera, etengabeko kapital metaketak eta krisi kapitalistek proletarizazioa larriagotzen dutela ikusi dugu, eta horrek proletalgoaren hazkuntza kuantitatiboa dakar. Krisiari ematen zaion konponbide ekonomikoa ofentsiba politiko burges baten baitan proletalgoaren esplotazio indartua da. Bizi baldintzen kaskartzeak eraldaketa sozialaren aldeko antolakuntzarik ez ekarri izanak internazionalki proletalgoa jasaten ari den krisi ideologiko iraultzailean du erantzuna.  Bestela esanda, proletalgoaren baitan kosmobisio burgesa gailentzen da.

Horri aurre egiteko, gizarteko sektore askok berehalakotasunean kokatzen dute beren irtenbidea. Horregatik, berehalako eginbeharrei buruzko ohar batzuk ematen saiatuko naiz eta berehalako eginbeharrei buruz ulertzen denaz eta berehalakotasunaren ulerkera burgesarekin duen ezberdintasunaz hitz egingo dut. Horretarako, helburuen arteko ezberdintasun antagonikoak taktikan eta horiek egikaritzeko analisi politikoan ezinbestean sortzen dituen ezberdintasunei erreparatuko diet.

Batetik, sozialdemokraziak berehalakotasun burgesaren printzipioa bi funtsezko alderdiren baitan markatzen du bere agenda politikoan: alderdi ekonomikoari loturiko sindikalismoa eta partzialtasunei lotutako mugimendu sozialak (1). Sindikalismo horren oinarria langile mugimenduan errotzea da, eta horretarako lehentasuntzat jotzen du langile klasearen arazoetan parte hartzea eta horiei aurre egitea (erlatiboki eta presio espontaneo nahikoa izanez gero), langileen egoera zehatz eta kouinturaletatik abiatuta. Masen espontaneitatean parte hartuz horien babesa bilatzen dute, helburu parlamentaristak erdiesteko. Horregatik, sozialdemokraziak, bere enpresa fetitxismoan, aterabidea langileen soldaten indibidualtasunean kokatzen du, hau da, aberastasunaren birbanaketan, hain zuzen, ordena sozial burgesa legitimatuz eta bertan duen posizioaz harro.

Bestetik, marko kapitalistan, sozialdemokraziak borroka partzialak ere berehalakotasunarekin lotzen ditu. Horiek mugimendu sozialek ordezkatzen dituzte, eta kasurik onenean, erreformen konkista progresiboa dute helburu. Horrela, errealitatea eraldatzeko potentzialtasunaren faltan, paper erabakigarria jokatzen dute, ideologia burgesaren transmisio uhala baitira langile mugimendu erradikalizatuenetan. Horrek proletalgoaren baitan «kontzientzia faltsua» delakoa gailentzea dakar, hots, gazteek euren interes errealak, klase interesak, aseko ez dituen munduaren ikuskera bereganatzea; era berean, «zeregin historikoaren» izate eta kontzientziaren disoziazioa dakar, eta horrenbestez, klase burgesaren interesak asetzen ditu.

Hemendik ezin da langile klasearen baitan estratifikazio eta diferentziazio objektiborik ez dagoela ondorioztatu. Jakin beharrekoa da –Lukácsek zioen moduan– ea diferentziazio horiek ba ote duten indar nahikorik klasearen osotasunaren barnean bateraezintasunik sortzeko. Garrantzitsua da jakitea ea kontzientzia iraultzailea garatzea ezinezko egiten duen balazta efekturik ba ote den. Izan ere, xedea ez da soilik gazte proletarioek sistema kapitalistan funtzionamendu zehatz bat betetzen dutela eta beste subjektuengatik nola desberdintzen den identifikatzea. Kontrara, aztertu beharrekoa zera da: zeintzuk diren martxan jarri beharreko taktika eta estrategiak gazteria proletarioak sozialismoan ikus dezan bere arazoen konponbide bakarra. Berezitasun horiek interes burgesen alde erabili daitezke marxismoa errebisionismora eramanez (Yolanda Diazek aipatzen dituen Marxen marxismo anitzak, horren adibide(5)), edo problematika hori programa komunistara lotuz, kapitalaren errealitate historikoak suposatzen duen osotasunari aurre egitearen bidez.

Horrela, oportunismoan aurkituko ditugu «eskubide berdintasunaren» eta «jardun paraleloaren» teoriak (7). Hau da, sozialdemokraziak, itxuraz, zabaldu eta sinestarazi nahi du, kasu honetan, gazte problematikari modu isolatuan heldu behar zaiola, modu autonomoan, gazteriak sistema kapitalistaren baitan ezaugarri propioak dituelako. Horrekin, gazte problematikaren borroka zehatzei beren indibidualtasunetik heldu behar zaiela justifikatzen dute, beren problematika modu autonomoan landuko duten beste mugimendu batzuen babesarekin. Baina, benetan, mugimendu sozialak izanik erreformismoaren oinarrizko babesa, ideologiazko transmisio uhal modura erabiltzen dituzte, eta horren bidez, burgesia txikiaren alderdi erreformistak menperatzen ditu antolakunde zein mugimendu sozialok.

Laburbilduz, egia da langile klasearen baitan estratifikazio eta diferentziazioak daudela. Estratifikazio horiek funtsezkoak dira diferentziazio horiek autonomizatzeko eta burokratizatzeko; beste modu batera esanda, klase ertainak bloke politiko modura bat eginda, masa soziala langile klasearen partzializaziora orientatzen du, hau da, beren artean subjektu diferentziatuak sortzera (helburu elektoralistarekin bitarteko politiko izanik). Horregatik, estratifikazio horrek balazta efektu erreakzionarioa dakar, harreman sozial kapitalistetan arazoak konpontzea posible delako ideia faltsua garatzen dutelako, horretarako legea aldatuz edo parlamenturako boto gehiago lortuz edo sindikatu burgesean afiliazioa handituz.

Kosmobisio burgesa proletalgoaren barnean gailentzen den bitartean, «kontzientzia faltsua» izango da proletalgoaren gida ideologikoa, hots, (6) historiaren bilakaeran esku hartzeko ezintasun objektiboa. Eta, horrekin, harreman sozial kapitalisten legitimazioaren inguruan biraka dabiltzan antolakundeek, zuzenean edo zeharka, askatasun formak ordezkatzen dituztelako ustea garatzen da. Hau da, proletalgoak bere interes errealak defendatzen ez dituen alienazio modu bat sortzen da.

Oportunisten taktika «errealismo politiko burgesean» oinarritzen dela kontuan hartuta, langile klasearen exijentzia koiunturalak borroka parlamentaristara bideratutako praktizismora murriztuz, eta horrekin, printzipio marxistei uko eginez, mugimendu sozialistak dialektika mantendu behar du azken helburuaren eta ekintza marko bakoitzaren exijentzia zehatzen artean. «Berehalako eginbeharrak» ezin dira helburu soil batera laburtu, baizik eta indar komunisten metaketarako bitarteko izan behar dute, eta horrek, aldi berean, fronte desberdinetako ideologizazio marxistara egon behar du bideratuta, Alderdi Komunista bat sortu aurreko pauso gisa. Horregatik, berehalako eginbeharrek azken helburua lausotu ez dezaten, ezinbestekoa da independentzia politikoa (ideologikoa eta antolakuntzarena). Beste modu batera esanda, aipaturiko helburu komunean oinarrituta egongo den ekintza batasuna bilatu behar du.

Azkenik, lehen mailako garrantzia duen faktorea da bilatzea zein diren langile klaseak bere egoera historikoaren orientazioa, haren ezagutza zuzena, baimentzen duten uneak, eta horiek aprobetxatzen jakitea. Zentzu horretan, Topagune Sozialista antolakuntzaren independentzia horren beharraren erakustaldi bat izan da, eta internazionalki programa komunistak duen garrantzia eta indarra ikusarazteko balio izan du.

 

(1). Ruiz, G. (2021). Botellon, colocón o revolución.

https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/el-botellon-colocon-o-revolucion

(2) Matxain, A. (2021). Tensión intergeneracional.

https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20211004/tension-intergeneracional

(3) Lenin, V. (1917) Estado y revolución

https://www.marxists.org/espanol/lenin/obras/1910s/estyrev/

Testu honen indarra eta artikuluarekin duen korrelazioa Estatua klase kontraesanen izaera konponezinaren produktua dela ulertzean datza, funtsean, klase dominazio organoa, ez duena agente neutral moduan jokatzen. Horregatik, erreformistek izaera hori ukatu eta klase antagonikoen arteko adiskidetzea posible dela uste dute.

(4) Engels, F. (1893). Carta a F. Mehring

https://www.marxists.org/espanol/m-e/cartas/e1893-7-14.htm

(5) Díaz, Y. (2021) Prólogo al Manifiesto Comunista

https://twitter.com/Yolanda_Diaz_/status/1434108400837799936?t=_6DWrVutpJn6bBjLKgQ

ajg&s=19

(6) Lukacs, G. (1923). Historia y conciencia de clase

(7) Rosa Luxemburg. (1906). Huelga de masas, partido y sindicato

Rosa Luxemburgek «eskubide berdintasuna» eskuindar eta (garaiko) sozialdemokraziako  oportunisten diskurtso modura ulertzen zuen, zeinetan sindikatua eta Alderdia antolakunde ezberdinak ziren: batak borroka ekonomikoan jarduten zuen eta besteak borroka politikoan (politika Parlamentura murriztuz). Testuan ikuskera hori sozialdemokraziak borroka partzialen inguruan egiten duen partzializaziora estrapolatzen saiatzen naiz. Borroka horietan kolektibo ezberdinen arteko lotura organizismo eta azaleko babesera murrizten da, antolakundeen zurruntasunera, eta ez, arrazionaltasun politikoaren baitan eta burujabetza helburu izanik, klase gizartea gainditzea bilatzen duten antolakundeak izatera.

EZ DAGO IRUZKINIK