AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gaztelaniazko bertsioa

Klase-antolaketa forma orok bere testuinguruari erantzuten dio. Beraz, kapitalaren garapen mailak bizi duen fasearen, kapitalaren eta lanaren arteko indar korrelazioaren eta jakina, faktore kulturalaren[1] menpekoak dira. Horregatik, hurrengo artikuluetan langile mugimenduak bere berehalako beharrei erantzuteko hartu izan dituen forma ezberdinak jorratuko ditugu. Garai historiko horien eta egungo egoeraren arteko paralelismoak egingo dira, zenbait gako taktiko eta horiek egungo koiunturan izan dezaketen erabilgarritasuna aztertuz.

Lehen artikulu honetan, kapitalismoaren goranzko garaian kokaturiko antolaketa defentsiboaz arituko gara: ekoizpen indarrak ikaragarri eta mundu mailan determinanteak izateraino garatzen diren garaiaz ari gara, aurrez existitzen ez zen klase berri bat (proletalgoa) sortzeko beharrezko oinarriak jartzen diren garaiaz. Horrekin batera, kapitalismoari aurre egiteko hamaika modu eta planteamendu, batzuk gaur egunerako baliagarriak izan daitezkeenak eta, beste batzuk berriz, garai hartatik hasi eta gaur egunera arte iraun dutenak, baina oinarrian erratuak daudenak. Hurrengo idazkietan jorratuko ditugu sindikatuen integrazioa estatu aparatuetan, ongizate estatua eta aurreko mendearen amaieran hasi eta gaur egun jarraitzen duten soldatapeko lanaren antolaketaren baitako aldaketak.

Hastapenean esplotazio kapitalista hain da bortitza, hain latza, ezen miseria absolutuko baldintzetan bizi den proletalgoaren biziraupen biologikoa bera ere zalantzan jartzen duen. Egun egoera horretan ez gauden arren, dominazio kapitalistak forma sotil eta finduetarantz –baina ez horretara soilik- eboluzionatu duelako, tarteka izaten dira gatazkak, batzuetan proletalgoaren benetako amorru leherketa izatera iristen direnak. Horregatik esaten dugu kapitalismoaren esplotazio-baldintzek kontraesan argi batera daramatela: proletalgoa borrokan baieztatzera bultzatzen dute, interes propioak dituela ulertaraztera eta, bereziki, Kapitalaren interesetatik bereiziak diren interesak dituela ulertzera, azken batean, bateraezinak baitira.

Dena den, baldintza horiek ere lehia, atomizazio, alienazio eta pasibotasun egoera bat sortzen dute, eta ideologia zapaltzailearen barneratzea errazten dute, gatazkaren sorrera eta horrek tamaina jakin bateko hedapena izatea oztopatuz. Hortaz, intuizioz eta porroten ondoriozko ikasketaz, langile klasearen hastapeneko antolakuntzak bilatzen duen lehenengo gauza, burgesiak proletalgoaren baitan ideologia dominantearen eta ekoizpen prozesuak berak sortzen dituen banaketen bidez sortzen duen lehia haustea da. Esate baterako, lanaren baitako kategorietan -gaur egun finkoak, aldi baterakoak…-, edo merkatuan bere lan indarra prezio baxuagoan saltzeko "prest" (hobe esanda, saltzera bultzatua) dagoen eskulan berria sartzen denean (izan beste eremu geografiko batekoa edo gazteagoa). Lehia hori da batasunaren kontzientzia hartzeak aurkitzen duen lehen oztopoa eta, beraz, berau hausteak ezinbesteko ataza izaten jarraitzen du gaur egun ere. Kontraesanak gero eta larriagoak bilakatzen dira, baina orain eskala sozialean garatua dagoen eta bizitzaren eremu oro bere gain hartzen duen kapitalismoak, horien ondorioak arintzeko eta bere egonkortasuna mantentzeko mekanismoak garatzen ditu, aurrerago ikusiko dugun bezala.

Hizpide dugun momentu historikoari dagokionean, kontuan hartzeko gako garrantzitsu bat Kapitalak bizi izan duen mutazioa da. Hastapenean bere dominazioa agerikoa eta basatia da, hedatzen doan heinean -desjabetzearen bitartez- bere harremanetan parte hartzera behartzen du biztanleriaren gero eta kapa handiago bat, berau proletarizatuz. Bizirauteko bitartekoetatik bortizki desjabetua den klase berri horrek, aurreko garai historikoetako beste klaseekiko (esklabuak edo jopuak) ezberdintasun argi bat du, legearen aurrean aske eta beste klaseekiko berdintasun egoeran agertzen den heinean. Truke orokortuan askatasunez parte har dezake, baina merkantzia bakarra eskainiz: bere lan indarra, edo beste era batera esanda, lana egiteko gaitasuna[2]. Proletalgoa bere artean lehian aritzera beharturik ikusten da, jada ez dituen bizitzeko baliabideak soldata baten truke lortzeko, itxuraz hori ez egiteko aske den arren, borondatezko erabakia balitz bezala. Hala, harreman kapitalistak lana xurgatzen du eta, horrek, soldatapeko lanaren forma hartzen du, lanaren antolaketaren forma burgesarena, hain zuzen. Prozesu hori ez da berehalakoa, motela eta graduala baizik, bortizkeriaren (fisiko zein juridikoa) eta asimilazio ideologikoaren bitartez gauzatzen dena, horretarako instituzio zehatzak (polizia, erlijioa…) baliatuz. Hemen landu nahi dugunerako, kontu batean jarri behar dugu arreta: dominazioaren forma horretan, gainbalioa soldatak murriztuz eta lan orduak areagotuz handitzen da, hau da, gainbalio absolutuaren erauzketaz.

Lehenengo langile antolakundeak elkar babeserako edo erresistentziarako elkarteak ziren, eritasunen, istripuen zein heriotzen ondoriozko gastuak estaltzeko edota greba garaian euren kideak mantentzeko kutxa komunak zituztenak. Legez kanpo utzi eta jazarriak izatean, euren jardun politikoa elkartzeko eskubidea eskatzean oinarritu zen, eta bi alorretara bideratu zuten berehalako jarduna: lanaldia eta soldata. Modu intuitiboan, euren indarra euren kopuruan zegoela ondorioztatu zuten, banakako babesgabetasunaren antolakuntza kolektiboan. Borrokatuz, porrot ugariren eta garaipen bakanen bidez ikasten joan ziren, eta horrela eman zituzten borroka esperientziaren metaketan lehen pausuak, burgesiarekiko klase interes independenteak zituzten kontzientziarekin. Aurrerago, XVIII. eta XIX. mendeen artean, sindikatuak sortu ziren, hasieran lanbide zehatzen baitakoak eta gerora horietako asko batzen zituztenak (industria sindikatuak[3]). Une horretarako eraginkorrak izan ziren, proletalgoaren interesei erantzuten baitzieten, etekin kapitalistaren goranzko joerari aurre egiteko gai ziren heinean; soldata igotzeko eta lanaldia murrizteko borroka eginez, gainbalio absolutuari aurre eginez, ez zirelako ofentsiba kapitalistari erresistentzia jartzera mugatzen, langileen berehalako baldintzen hobekuntza era aktiboan bilatzen zutelako baizik.

Kapitalismoaren hazkunde garaian, ekoizpen indarrak ikaragarri garatu ziren. Lanaldiak areagotzera mugatu beharrean, metatutakoa berriz inbertitu zuen burgesiak[4], guk egindako lan ordu bakoitzaren produktibitatea handitzeko; garapen teknologikoari, kuantifikazioari, instrumentalizazioari, makinariari eta gizarte osoaren merkantilizazio progresiboari esker, lanaren antolaketaren arrazionalizaziorako beste fakture batzuen artean. Hala, hurrengo egunean lanpostura itzuliko garela bermatzeko beharrezkoa dena ekoizteak askoz kostu gutxiago du eta, osotasunean hartuta, horrek proletalgoaren eta hark ekoizten duen aberastasunaren arteko aldea handitzea dakar[5]. Modu horretan, sindikatuek eraginkortasuna galtzen dute, ez baitute gainbalioaren erauzketa prozesuari bere konplexutasun osoan aurre egiteko ahalmenik, erauzketa forma zaharrak berrien hobekuntzaren bidez hobetu diren heinean. Muga horiek gaurkotasuna dute eta, horregatik, ekonomizismoa, Kapitalaren aurkako borroka soldatapeko lanera mugatzeko joera, ulerkera akats soil bat izatetik harago, arrazoi berdinagatik epe ertainetik harago eraginkortasunik gabe ageri da: momenturen batean, soldata igoera bat edo lanaldiaren murrizketa jakin bat lor ditzake, baina etekin kapitalistaren tasa beste bide batzuen bitartez igoko da.

Neurri batean, komentatzen ari ginen lan indarraren prezioaren defentsarako antolakuntza sindikalak, proletarizazio orokortuaren aurretik antolatzen ziren artisauen gremialismoaren[6]  zenbait alderdirekin antzekotasunak ditu, horiek ere euren merkantzien prezioak defendatzeko elkartzen ziren heinean, nahiz eta hori egiteko posizioak erabat ezberdinak izan: gremioek bizitza aurrera ateratzeko bitartekoak zituzten, lan prozesuaren gaineko kontrol handia ere bai eta, orain berriz, proletarioak munduaren aurrean larru gorritan, desjabeturik, daukan bakarra defendatzen du, hots, lan indar merkantzia[7] (hirugarren bati saltzeko prest dagoen lan gaitasuna). Merkantzia, nolabait, bere burua da, eta ekonomia bere kontroletik kanpo dago.

Gaur egun, gremialismoaren adierazpen batzuek bizirik jarraitzen dute, langile aristokraziaren sektore batzuen borroka korporatibistetan ikusgarri direnak, medikuen edo funtzionarioen sindikatuak, esate baterako. Baina ez hor bakarrik. Bitxia dirudien arren, joera hori prekarietate handiko sektoreetan ere berpiztu da; adibidez, espainiar estatuan lanbideetako sindikatuen adibide dira Kellyak (hoteletako geletako garbitzaileak), etxeko langileak edota azkenaldian (Europako herrialde ugaritan bezala) Deliveroo-rekin borrokan dauden riderrak[8], kasu mediatikoak aipatzearren. Beraz, hein batean, esan daiteke langile antolakuntzaren hastapenera itzultzen ari garela, ofentsiba kapitalistaren aurrean defendatzeko beharrarengatik formula zaharrak berragertzen direlarik: lanbideko sindikatua eta kooperatiba. Bi adibideek erakusten dute, zilegiak izanagatik, borroka esperientziari dagokionean ez dakartela aurrerapausorik. Horiek ere, fisikoki ere sakabanaturik dagoen proletalgoaren baldintzen ondorio dira, sindikaturik ez dagoen sektoreetan garatzen direnak, lantokian ia topo egiten ez dutenen artean. Erdigune inperialistan zerbitzuen sektoreak erlatiboki duen ibilbide laburrak haien absentzia historikoa azaltzen laguntzen dute, baina ez da hori arrazoi bakarra.

Zehazki, Bartzelonako riderren borrokak greba basati batera eraman zuen, legalki autonomo gisa hartzen zituztelako eta ez soldatapeko langile gisa, benetan enpresak azpikontrataturiko langileak baziren ere. Borrokaren garapenak, etxerako banatzaileen kooperatiba propio bat sortzera eramango zuen. Zentzu horretan, bada hemen Kapitalari aurre egiteko, horren barne lehia gainditzeko eta klase kapitalistari lehia orokorra burutzeko langile klasearen elkarteen sorrera proposatzen zuen proudhonismoarekin antzekotasunik.

Edonola ere, antolakuntza forma horren bidez, langile klasea komunitate merkantil gisa mantentzen da, kapitalismoak orokorturiko merkantzien trukearen eremuan mugaturik jarraitzen du. Berriz ere, Proudhonen gisara, irtenbidea trukearen esferan bilatzera mugatzen gara; eremu horretan ez dago pribilegiorik, edonork edozer saldu baitezake beste bat erosteko prest baldin badago eta, beraz, aukera berdintasuna dugu itxuraz. Hala ere, kapitalismoaren kategoria askoren arteko harremana alderantziz agertzen da, hots, begiratu batean modu batekoa dirudienak, benetan beste itxura bat ezkutatzen du; kasu honetan, gainera, determinantea dena, desberdintasunaren (eta berdintasuna eskuratzeko ezintasunaren) jatorria azaltzen duelako. Egiari zor, oraindik ere gakoak ekoizpenean dirau, elkartruke esferara iristen garen modua determinatzen baitu. Riderrek hasiera batean haien lan indar merkantzia norbaiti -Deliveroori, kasu- saldu nahi  (edo hobe, saldu behar) badiote, elkartrukatzeko beste ezer ez dutelako da. Hasierako unetik, kapitalismoaren ekoizpen harreman esentzialak, Kapital-Lana harremanak, harreman horretako parte bakoitzak zirkulazio esferara zein posiziotan iritsiko den determinatzen du. Horregatik, ezberdintasun estrukturala eta klase borroka estalita geratzen dira merkantzien zirkulazio esferan.

Gaur egungo beste adibide bat, geografikoki urrunago duguna, Argentinako berreskuratutako fabriketakoa da. Sarritan, behar hutsez, langileek fabriken kontrola hartzera behartuta ikusten zuten beren burua. Baina zerbaitek huts egin zuen. Proletalgoak (azkenean) ekoizpen bitartekoak beretzat hartu zituenean, agerian geratu zen arazoa ez dela nor den kudeatzailea, langileek beraiek kontrolatzen duten ekoizpenak ere lehia kapitalistaren mugen barruan garatzeko beharra izaten jarraitzen baitu. Lan indarra saltzen zuten soldatapeko langile bakan gisa egin beharrean, kolektiboki egiten zuten, eta prozesuaren gaineko kontrol handiagoa zuten, baina mugak argi geratu ziren. Kontrara, aurreko puntura itzuliz, proletalgoaren borrokaren garrantzia politikoa, eskala sozialeko konfrontazioan, ekintza batasunean, bere burua subjektu independiente gisa baieztatzean dago: klase bat bestearen aurka jarriz, eta ez elkarren arteko harreman gehiago edo gutxiago duten ekoizle talde –edo bakan- modura.

Laburbilduz, hizpide dugun garai historikoari dagozkion gai asko garatu gabe (aurrerago egin ahal izateko esperoan) geratu badira ere, gaurkotasun handikoak diren eztabaidak, borroka ekonomiko eta politikoaren arteko bereizketaren inguruan posizio marxista eta proudhonianoen artean izandakoak kasu, badira proletalgoaren borroka antolatuaren hastapenetik zutik dirauten zenbait gako: langile klaseak kolektiboki antolatu beharra dauka, bere indarra masan baitago. Iraultza sozialistaren aukerarako premisa da hori. Borroka horrek klase zapaltzailearen gaineko presioa dakar eta, horregatik, burgesiaren interesekiko dibergentzian, lanaren antolaketa burgesa den soldatapeko lanaren egituraren kudeaketa hutsa bilatzera mugatu ezin den klase-mugimendu politikoa eratzeko aukera suposatzen du. Gainera, klase batasunaren premisak, proletalgoak bere baitan etengabe erreproduzitzen dituen hamaika zatiketetatik harago, dagoen norgehiagoka haustea bilatu behar du, bere burua ekintza batasunean berretsi. Halaber, dominazioari modu eraginkorrean aurre egiteko eta proletalgoaren berehalako interesak defendatzeko gaitasuna izan behar du eta, horretarako, lanaren esparrua gakoa bada ere, ez da guda zelai bakarra, ez da nahikoa bere baitan borrokatzea, gatazka eskala sozialean gertatzen baita. Egia da ezin dela borroka era linealean ulertu, bat-bateko aurrerapausoak egon baitaitezke, atzerapauso eta ‘bake sozial’ garaiek jarrai ditzaketenak. Baina auzi nagusia honakoa da: borrokak hartzen dituen formek klase independentzia eta batasunaren printzipioen baitako antolakuntzaren hazkunde kualitatiboa errazten duten edo ez.

[1]  Normaltzat hartua dena. Beste era batera esanda, ideologia dominantea.

[2]  Hain zuzen ere, lan bat egiten materializatzen dena. Lanaren eta lan indarraren arteko aldea esplotazio dinamika ulertzeko esentziala da, baina idazki multzo honetan ez gara horretan sartuko.

[3]  Historia del sindicalismo, 1666-1920 (1920) laneko lehen kapituluan Sydney eta Beatrice Webbek zera diote: “Sindikatua ez da instituzio jakin batetik sortzen, baizik eta lanbide bereko soldatapekoek elkartzeko topatzen duten edozein aukeratatik. Maizago, greba jendetsuak izaten dira antolakunde egonkorren sorrera eragiten dutenak”

[4]  Dinamika hauek klase sozialen dinamika gisa ulertu behar dira, bere osotasunean eta ez banakoen arteko harreman jakin baten gisan. Burgesiaren dominazio-botereak -bere funtsa ekonomian datzalarik- jatorritzat duen gizarte kapitalistaren dinamika da, bere osotasunean, determinantea dena, proletargoaren baitan barne lehia dagoen modu berean, burgesak ere haien arteko lehian baitaude.

[5]  Proletalgoa pobrezia egoeraren bitartez ezaugarritzeko joerari jarraikiz, “orain hobe bizi gara” esan ohi da. Nolanahi ere, erdigune inperialistan bizirauteko gutxienekoen pean bizi ez garen arren (oro har, ikasketak ordain ditzakegu, kontsumo maila jakin bat izan dezakegu esfortzu gehiago edo gutxiagorekin), esplotazioa ikaragarri handitu da aurreko garaiekiko, proportzioan sortzen dugun aberastasunera sarbide askoz urriagoa baitugu.

[6]  Sydney eta Beatrice Webb (1920): “Artisauen gremioa ez zen klase bakar baten interesen ordezkari gisa hartua, baizik eta gizarte modernoko hiru elementu ezberdin eta arlo batzuetan antagonikoen interesen ordezkari gisa: entrepreneur (enpresari) kapitalista, esku-langilea eta kontsumitzailea. Sindikatuak gremioak bere gain hartzen zituen funtzio ugarien artean bat betetzen zuen, eta beraz, ez litzateke zuzena bigarren hau protosindikatu gisa hartzea.  Dena den, antzekotasuna da “sindikatuaren helburu nagusia bizi baldintzen babesa dela, hau da, soldatapeko langileak klase gisa kaltetu ditzakeen edozein berrikuntzarekiko erresistentzia antolatua”.

[7]  Hori posible egiten duten baldintza batzuen pean: merkatu orokortu batean parte hartzeko legearen aurreko berdintasuna, prest dauden erosleak eta orain, trukera bere existentzia ez den besterik gabe heltzen diren saltzaileak.

[8]  Giza garraioaren itzulera ere soldatapeko lanaren egituraketa modernoa ulertzen lagun dezakeen beste gai bat da, esate baterako, krisian dagoen kapitalismoaren gainbehera, gainbalio nahikoa erauzten ez duenez bide zaharretan bilatzera behartua dagoena.