Aste honetan, agian, harritu egin zara medikuaren kontsultara joan zarenean ez zaituztelako artatu. "Deituko dizugu, greban daude". Greba horrek eztabaida handia sortu du mediku askoren artean, eta zalantzak sortu ditu mugimendu horrek guztiak izan ditzakeen ondorioei buruz.
Osasun-arloko profesionalok mobilizatzeko arrazoiak sobera ditugu. Joan den astean Torrejongo Ospitaleari buruz izandako albistera jo besterik ez dut. Izan ere, hainbat audio argitaratu dira bertan, non errentagarriak ez diren ebakuntzak egiteari uzteko agindua ematen den, irabaziak handitzeko. Eta hori pazienteen itxaron-zerrendak luzatzearen kontura. Pazienteak zein langileok haserre gaude, gero eta nabarmenago ari baikara bizitzen osasunaren desegitea, eta testuinguru horretan sortu da Esparru Estatutua erreformatzeko proposamena eta Estatutu Mediko Propio baten kontraproposamena.
Alde batetik, esan behar da agerikoa dela egungo Osasun Ministerioak proposatzen duen Esparru Estatutuaren erreforma ez dela inondik inora irtenbidea. Kontrara, begi-bistakoak dira Espainiako Gobernuak krisi kapitalistaren aurrean egungo osasun-sistemari eusteko egin nahi dituen administrazio- eta lege-maniobrak, osasunaren desegitea eta kolapsoa makillatzeko eta zerbitzuak berregituratzeko. Eta horretara garamatza Esparru Estatutuak: lan-malgutasuna handitzera, ordutegi finkoa galtzeko aukerarekin; lanaldia luzatzera; edo gutxieneko atsedena murriztera antolaketa- eta asistentzia-premien arabera, adibidez.
Bestalde, ez dut uste konponbidea denik estamentu medikoaren hobekuntza korporatiboetarako mugimendu batean zentratzea. Ez da egokia fenomeno hori guztia modu berean bizi duten beste estamentu sanitario batzuen aldarrikapen bateratuak alde batera uztea, haiek ere era askotan pairatzen baitituzte osasun-krisiaren ondorioak. Ikus dezakegunez, anbulantzia-langileak anbulantziak publifikatzearen alde mobilizatu dira; izpi-teknikariak, haien prestakuntza arautua hobetzearen alde; Nafarroako larrialdietako langileak, langile gehiago izatearen alde; garbiketako langileak, beren lan-baldintzak hobetzearen alde, eta abar luze bat. Argi dago aldarrikapen horiek guztiek kausa komun bat dutela: osasun-krisia. Beraz, nire ustez, lehentasuna borrokak norabide horretan ipintzea izan beharko litzateke. Medikuen eta gainerakoen artean hesi bat markatzeak zaildu egiten du estamentuen arteko klase-batasuna, ezinbesteko elementua dena sektoreko baldintzen aldeko borrokarako.
Pentsatu nahi nuke estatutu propio bat izateko kontraproposamen horrek ez duela ezkutatzen medikuei soldata igotzeko asmo bakarra, azken batean. Izan ere, osasunaren desegiteari aurre egitea ezin da horretan bakarrik zentratu. Pentsatu nahi nuke, halaber, horrek guztiak ez dakarrela berekin gremioen arteko borrokak isolatzeko asmorik, gure mediku-ontzia salbatu nahian, gainerakoek osasunaren desegitea neurriz kanpo bizitzen jarrai dezaten. Osasungintza noraezean dago, eta osasun-kolapsoa progresiboa eta berehalakoa izango da. Irtenbide posible bakarra langileon arteko elkartasuna eta borroka bateratua da, benetan unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa izango den osasungintzaren alde; eta ez dena egongo irabazien mende, osasunari eta gaixotasunari probetxu ateraz.