AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Egunero haur, nerabe eta gazteekin lan egiten dugun irakasleok aspalditxo ohartuta gaude ideia atzerakoiak zabaltzen ikusten ditugula. Gutako asko arduratzen gaitu gure ikasgeletan ideia zein jokabide misogino, homofobo, arrazista eta, oro har, baztertzaileen presentzia gero eta handiagoak. Ezinezkoa da beste aldera begiratzea. Ikusi nahi duena erraz konturatuko da, ordea, gorakada hori ez dela gazteen artean bakarrik gertatzen ari, gizarte osoan baizik: abortu-kliniken aurrean jartzen diren jazarle erlijiosoak, okupekiko gorroto irrazionalagatik etxegabetze-enpresen jarduna begi onez ikusten duten bizilagunak; segurtasun faltaz arduratuta daudelako aitzakiaz migratzaileen edo etxegabeen aurkako gorroto-mezuak zabaltzen dituztenak... Horren muturrekoak izatera iritsi gabe, erreakzioaren usaina darien iruzkinak gero eta gehiago dira hezkuntzan ere: ikasleria zaurgarriena estigmatizatzen dutenak, ikasle migratuen kopurua hazi ahala "bertako" ikasleen mailagatik kezkatuta daudenak, meritokraziaren eta eskarmentuaren banderak astintzen dituztenak... Horrekin ez diot garrantziarik kendu nahi gazteen artean nagusitzen ari den joera atzerakoiari, inondik inora; alderantziz, ikuspegia zabaltzeak arazoaren dimentsioaz ohartarazten gaitu.

Batzuek moda gisa ikusten dute erreakzioaren gorakada; gure ikasleek eskuin muturreko influencer-ak ikustearen edota helduagoek tertuliano faxisten hitzak irenstearen ondorio. Nahiago nuke neuk ere etorri bezala joango den moda bat dela pentsa baneza! Baina, zoritxarrez, ez dut uste ultraeskuinaren gorakada auzi ideologiko edo kulturala soilik denik. Erreakzioak horren azalekoak eta aldakorrak ez diren arrazoi sakonagoak ditu, bizi dugun krisi-testuinguruarekin eta loak hartuta dirudien klase-kontzientziaren gabeziarekin lotutakoak. Erabateko nahasmendua bizi dugu; orain arte eroso antzean zeudenak, beren bizi-baldintzak okertzen ikustean, azpikoaren beldur dira goitik zapaltzen duenari begiratu beharrean. Noski, nahasmendu hau ez da ezerezetik sortzen; oligarkiari bete-betean interesatzen zaio bere ofentsiba-programa aurrera eramateko, eta beraz baliabide guztiak jartzen ditu joera hori indartzeko.

Auzi honen inguruko galdera eta kezka zintzoaz gain, irakasle-geletan nahi baino gehiagotan entzun izan ditut beste tonu bateko iritziak ere: "gazteak ez dira mugitzen", "belaunaldi honekin jai dugu"... Etsipenetik egin ohi diren kritikak dira, egoeraren ardura osoa gazteen gain uzten dutenak. Gero eta gazte gehiagok ideia atzerakoiak izatea kezkaz hartu beharreko kontua da, noski. Baina belaunaldi horrekiko itxaropen oro galdu beharrean, hobe dugu ohartzea despolitizazio eta desmobilizazio orokortuaren garai honetan badela oldarraldi kapitalistari eta gorakada erreakzionarioari aurre egiteko antolatu den gazte asko ere. Ideia faxistei aurre egiteko kalera ateratzen ari dira, eta deialdi garrantzitsua egin digute hilabete honetarako: GKSk antolatuta, faxismoari eta estatu autoritarismoari aurre egiteko mobilizatzera deitu gaituzte; ikastetxeetara ere iritsi da deialdia.

Egoera ilun honekin arduratuta gauden irakasleok gure buruari galdetu ohi diogu "zer gehiago egin genezake hau galarazteko?". Bada, hementxe daukagu aukera. Ez dezagun egoeraren erantzukizun osoa gazteen gain utzi, ezta faxismoaren gorakadari aurre egiteko eginbeharra belaunaldi berriaren kargu bakarrik utzi ere. Poztekoa da gazteek konbentzimendu eta ardura osoz iniziatiba hartzea; denoi dagokigu orain deialdi horri erantzutea: erraztu diezaiegun bidea lehentasun eta urgentzia larriko lan honetan ari direnei, izan kalean izan ikastetxean, eta mobilizatu gaitezen geu ere beraiekin. Urte berria asmo zein helburuak pentsatzeko unea izan ohi da; hauxe eskatzen diot nik 2026ari: batu ditzagun indarrak faxismoaren eta estatu autoritarismoaren aurrean; urtarrilaren 31n eta urte osoan zehar, erakutsi dezagun Euskal Herrian badela elkar hartuta faxismoari aurre egiteko prest dagoen indarra.

EZ DAGO IRUZKINIK