AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Azken asteotan ezinegona nabari da Sorturen bueltan Mugimendu Sozialistaren presentziagatik eta hartu duen toki mediatikoagatik. Nahi dutena esango dute, baina Vocentok eta enparauek Mugimendu Sozialistaren (MS) inguruan hitz egiten badute, ez da haren bozgorailu-lana egiteko.

Azken hilabeteotan kriminalizazio-kanpaina egin du eskuin mediatikoak. Inoiz baino gehiago ari dira agertzen MSren inguruko berriak El Mundo-n, El Correo-n, Diario Vasco-n, ABC-n eta eskuineko beste hainbat komunikabidetan eta politikarien ahoetan.

Ezker Abertzalearekin zera gertatzen da: urteak daramatzala ezkerretik kontraesanak agerian uzten dizkion mugimendu politiko guztiak gutxiesten, haiei betoa ipintzen eta haiek baztertzen. Izan ere, ez du nahi espazio horretan inor egoterik, eta horretarako, zer hobeto dagoena ukatzea baino? Koexistentzia bat onar zezakeen, baina nahiago izan du politika hori eskuinerantz aplikatu. Hala ere, eta oztopoak oztopo, MS kale-mailako jardun politikoa sustatzen eta aurrera eramaten duen eragile nagusietakoa bilakatu da Euskal Herrian, eta gainera, herri-mugimenduak alderdi instituzionalekiko behar duen autonomiaren bermea da. Jada dimentsio handiegia hartu du alfonbra azpian ezkutatuta jarraitzeko.

Horren aurrean, zentsura-zaleren bati irakurri izan diot MS ez duela "inork bozkatu", argudiatuz ez daukala egunkarietan agertzeko eskubiderik. Pentsaera horrekin adierazten dute, ez bakarrik MS, baizik eta orokorrean kaleko politika osoa gutxiesten dutela, edo esparru instituzionalaren menpe jartzen dutela. Baina politika kale-mailako mobilizazioa, kontzientziazioa eta antolakuntza da, mugimendu iraultzaileentzat. Erreformistek, ordea, ez bada guztiz alderdiaren koordenatu elektoraletan egiten, ez daukate inolako eskrupulurik mobilizazioa seinalatzeko eta hura salduta uzteko, baita beraien sokakoa denean ere, Bilboko Ernairen kasuan ikusi dugun bezala.

Edozein kasutan, faxisten, eskuin mediatikoaren eta politikarien aldetik etengabea da azken aldiko intoxikazio- eta kriminalizazio-kanpaina. Atzo bertan, Urkullu lehendakari ohiak komunismoa eta faxismoa berdintzen zituen diskurtsoa bota zuen. Espainiako komunikabide eta faxista askok malabareak egiten dituzte MS "kale-borroka" izan zenarekin eta ETArekin lotzeko. El Correo-k, Mugimendu Sozialista guztia aurretik eramateko asmoz, iragan idealizatu bati lotuta dagoen mugimendu dogmatiko-ortodoxoa delako ideia zabaltzen du. Ezker Abertzaleko arduradun politikoek, kanpaina hori salatu ordez, beste alde batera begiratu dute, edo are okerrago: Arnaldo Otegiren kasuan, deriba ideologiko eta politiko biolento batekin lotu du GKS.

Asko kexatzen dira MS Vocento taldeko egunkarietan agertzeagatik, baina Vocenton eta antzekoetan esaten dituztenak Ezker Abertzaleak hainbeste urtetan ereindako ideiak dira. Ezker Abertzaleak MSren gainean sortutako irudia da El Correo-n agertzen dena. Aldiz, haiek dira egunero-egunero eta modu konstantean egunkari horietan agertzen direnak, elkarrizketa eta guzti.

Edonork ondotxo daki eskuineko komunikabideek, faxistek edo Segurtasun Sailek kriminalizazio- eta intoxikazio-kanpaina bat daramatela, eta zein ondorio izan ditzakeen horrek. Faxistak kontzienteki ari dira klima kriminalizatzailea sortzen eta hori baliatuko dute sektore iraultzaileen espazioa husteko. Behin etsaia komunista kolpatuta, aurkari berrien kontra joko dute, baita sozialdemokraziaren aurka ere. Ala baten batek uste du Voxen asteleheneko proposamena, antifaxismoa eta hura dinamizatzen duten "ultraezkerreko taldeak" legez kanpo uzteko edo terrorista izendatzeko proposamena alegia, kasualitatea dela?

EZ DAGO IRUZKINIK