Faxismoak bere tokia hartu du. Kapitalismoaren aurpegi ankerrena da; gerra, miseria, autoritarismoa eta gorrotozko diskurtsoak. Demokraziaren maskarak enbarazu egiten dio krisi garaiotan oligarkiari. Erreakzioa zabalduz joan ahala, faxismoari gobernantza-forma autoritarioetan gorpuztea ahalbidetzen dio, gainera; AEBak edo Israel dira horren adibide argienak. Gazteen artean, erdi-mailako klase gloriatsuaren seme-alaben artean, frustrazioa eta amorrua zabaltzen doaz azkar. Faxismoaren diskurtso “erradikala” erosi dute egungo egoera itzulikatuko dutelako sinesmenaren aitzakiapean-edo. Baina diskurtso baztertzaile horien bidez, oinarri ideologikoak ezartzen ari dira irabaziak are jende gutxiagoren artean banatzea posible izan dadin. Eta hainbeste gorroto duten etorkina banaketa horretatik kanpo geratuko da, bai; baina beraien gehiengoa ere bai. Gainera faxismoaren helburua argia da: errealki egoera irauli dezakeen subjektu bakarraren (langile-klasearen) zatiketa egonkortzea eta hari eskubide politikoak kentzea, ez daitezen egon kapitalismoari alternatiba bat eraikitzeko nor eta nola bat.
Gizartearen etorkizuna norabidetzeko gauden bidegurutze honetan, eskubiranzkoan edo ezkerreranzkoan, ortzi-muga seinalatzera dator GKSren manifestazioa. Milaka eta milaka gazterengan kontzientzia eta antolakuntza antifaxista zabaltzeko proposamen politiko bezala ulertu behar baita. Izan ere, Euskal Herrian subjektu antifaxista termino erradikaletan eta konpromiso politikoan eraikitzen ari da, printzipio bezala independentzia politikoa hartuta. Faxismoaren eta erreakzioaren fenomenoa bere konplexutasunean ulertu eta masazko erantzun bat artikulatzen ari da gazteria, hari politikoki eta ideologikoki errealki aurre egitea baimenduko diguna. Faxismoaren hedapena mugatu eta hura sostengatzen duen sistemari alternatiba bat kontrajarri nahi diogu; zapalkuntzarik eta esplotaziorik gabeko gizarte komunista bat.
Mobilizazioaren bidez mahaigaineratutako lau mezu argi laburbildu nahiko nituzke. Lehen mezua, Euskal Herriari: antifaxismoa kaleetan, Gaztetxeetan, lantokietan, herri eta auzoetan zein ikastetxeetan antolatzen dihardute. Faxismoaren susperraldiari antolakuntzaz, konpromisoz eta ausardiaz erantzuteko hautu sendoa dugulako, milaka eta milaka gazte baikara faxismoaren diskurtsoan erori ez eta kapitalismoaren aurkako kontzientzia dugunak. Ateak zabalik ditu batu eta parte hartu nahi duen orok. Bigarrena, mezu internazionalista bat, Euskal Herriko mugaz gaindikoei: faxismoaren eta kapitalismoaren aurkako mobilizazio honekin gure alea jarri nahiko genuke, langile-klasean eta batez ere ezker iraultzailean ilusioa pizteko, eta lurraldez lurralde borroka hedatzeko. Ezker instituzionalak utzitako mortuan, ogi-apurren eta gaitz txikienenaren politikaren promesekin gogaitu diren horiei esaten diegu badagoela alternatiba bat. Eta ezkerreko eragileei eskua luzatzen diegu faxismoaren borrokan bidelagun izateko. Hirugarren mezua faxistei: kaleetan, herrietan gaude asmo argiekin. Erreakzioaren zabalpenean oztopo kontziente eta antolatua gara, ez duzue Euskal Herria zuen espektakulurako musutruk erabiliko; ez dituzue zuen diskurtso arrazista, klasista eta matxistak egonkortuko. Ez behintzat gure erresistentziarik gabe. Laugarrena eta azkena, politikari profesionalei: luze daramazue faxismoa indartsu bilakatzen duen testuingurua elikatzen eta instituzioetatik kanpoko antolakuntza eta borroka oro gutxiesten eta kriminalizatzen, baina gazte langileak gure bidea egiten ari gara.
Horrekin guztiarekin, jaso dezatela mobilizazio honen indarra pertsona migrante, emakume eta gazte langile guztiek; proletalgoak, antifaxistek. Hemengoek eta hangoek. Indartu dadila antolakuntza Euskal Herrian, eta bertako mugez haratago ere bai. Eta jaso dezatela manifestazioaren aldarria euskal faxistek ere; Espainiako eta Frantziako erreakzionarioek, talde faxista eta eskuadristek, eskuin muturreko alderdiek, antolakuntza komunista eta antifaxista gutxiesten eta kriminalizatzen duten alderdi politikoek, AEBak edo Israel zuritzen dituzten horiek, EB eta NATO demokraziaz mozorrotzeko lanean ari diren propagandista guztiek: faxismoari eta estatu autoritarioei aurre egingo diegu!