AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Sarri ez dut jakiten horren gertuko ez ditugunen ahotan zein pluralek hartzen gaituzten beren baitan eta zeinek ez, uste baitut badirela gauzak errotik aldatzera bidean fruiturik eman ezin dezaketen eta batzuetan gu barnebiltzen omen gaituzten gu-ak: gu antzuak. Ezer baino lehen, utz dezadan argi testu honetan zehar emakume komunistei egingo diedala erreferentzia lehen pertsona pluralean, argi izanik sistema kapitalista gainditzeko plural emankor bakarra langile klase osoak osatuko duela.


Egungo gizartearen arauen kontrako alternatiba gisara planteatzen diren mugimendu isolatuei, feministei gehienetan, izenordainean kontraesanak sortu ohi zaizkiela esango nuke, batzuetan gure horren nortasuna zalantzazko bilakatuz: gure plazak, gure ideiak, gure espazioak, gu. Plural hori proposatu ohi da maiz subjektu «iraultzaile» gisara, eta halakoetan behin baino gehiagotan sentiarazi izan gaituzte horren parte emakumeak izateagatik, baina komunista izateak hirugarren pertsona bilakatzen ei gaitu; hor omen kontraesana: emakumea eta komunista. Konplize eta etsai.


[...]

"ale desegokiak,

andre txit gorenak,

konplize ditut eta

maite ditut denak".


Antzeko zerbait gertatzen da ahizpatasunaz eta antzeko kontzeptuez aritzean: emakume guztion arteko saretzea proposatzen da, betiere, komunistak ez bagara; izan ere, kasu horretan, militante emakumeok etengabe infantilizatzen gaituzte, eta gure kritika eta irakurketak modu interesatuan desitxuratzen, askotan zurrumurru matxista zein gezurrak erabiliz gainera. Argiki, ez diot ahizpatasun horren baitan sartu beharko gintuzketenik, ezta horrek ezer aldatuko lukeenik ere, defendatzen den horren egiazkotasuna auzitan jarri besterik ez nuen nahi.


"Markesaren alabak,

neskame gizenak,

[...]

konplize ditut eta

maite ditut denak".

Aipatzekoa da, gainera, kontzeptu hauen baitan saltzen den askatasuna norbere auzi indibidual legez irudikatzen dela, eta horrek klase batasuna oztopatzen duela, zeina ezinbestekoa den zapalkuntzak bere egiten dituen sistema gainditzeko. Hau da, ezin sar ditzakegu zaku berean markesaren alaba eta berarentzat lan egiten duen neskamea; klase elkartasunez jokatu eta emakume langileok lotura horietatik askatuko gaituen antolakuntza politikoa indartu behar dugu, emakume guztion arteko balizko aliantza batetik urrun.


"Lehen munduko emeak,

kapitalistenak,

[...]

konplize ditut eta

maite ditut denak".


Ezinbestekoa da, hortaz, zapalkuntza guztiak gaindituko dituen gizarte bat eraikitzera bidean, langileon batasunean berretsi eta antolakuntzarako hautua egitea, argi izatea zein den plural iraultzailea. Ezin ditugu maite horrenbestean errepikatuak izan zaizkigun markesaren alabak, andre txit gorenak eta lehen munduko emakume kapitalistenak, gu eta gure neba-arrebak hiltzen ari diren horiek; ez al gara sarraskien konplize izango etsaia maitatzen ikasiz gero.